Harrikadak
eibar
Urtainen itzulera
Animalario taldeak taularatuko antzezlanean, bikain betetzen du Urtainen rola Roberto Álamo aktoreak.
Gaur iluntzean ikusi berri dut Urtain antzezlana Donostiako Victoria Eugenian (bihar Eibarko Coliseon egongo da; birari buruzko informazio gehiago Animalario taldearen webgunean). Antzokira sartu eta butaka-patioaren lehenengo zazpi lerroak okupatzen zituen ring-arekin egin dugu topo. Hori gutxi balitz hamabi round-etan Zestoan jaiotako Jose Manuel Ibar Urtain-en bizitza kontatzen da atzekoz aurrera. 1943an jaiotakoa, jubilatu berria izango litzateke Urtain herrian geratuz gero. Baina berak ez zuen horretarako balio. Aitak erakutsitako bidetik jo zuen.
Roberto Álamo aktorea bikain ageri da taula gainean. Gainerako zazpi aktoreek ere ondo laguntzen diote. Urteko antzezlan onentsuenen artean izateko hautagaia bada ere, faltan botatzen da euskara obran. Ez baita sinesgarria Urtainek lehenengo andrearekin edo aitarekin gazteleraz aritzea. Edo boxeoaren mundura eraman zuen Lizararazu izeneko enpresari donostiarrak Marianico el Cortoren azento mañoa edukitzea.
Nik apenas ezagutu nuen Urtain. Jostailu puskatu gisa ezagutu nuen, komunikabideetan, Bartzelonako Joku Olinpikoen atarian bere buruaz beste egin baino lehen (1992ko uztailean; egun batzuk lehenago hil zen ere Camaron de la Isla).
Gogoan dut Diario Vascon agertzen zela udako gehigarrian "El verano de..." atalean. Hil baino urte gutxi lehenago, gogoan daukat elkarrizketa bat. Betiko kontuak esaten zituen: ondo zegoela, negozioak zituela Sevillan eta Madrilen, uda pasatzera etorri zela Euskal Herrira....
...baina gure etxe inguruan pasa zituen abuztuko egun haiek, Ventasko koartelaren aldameneko langile-etxebizitza batean. Nik ez nuen ikusi, baina nire senide batek bazuen N-1 errepide ondoan txabola bat. Bi lagun zeuden uda hartako iluntze batean afari-merienda egiten. Sobran geratu zitzaiena bota beharrean, errepidetik oinez zihoan pertsona bati eskaini zioten. Eta ezezagun hura Urtain zen.
Gaur egun jostailu puskatu izateko bidean dauden zenbait kirolarik edo zabor telebistatik pasatzen diren hainbatek ikusi beharreko erretatu dekadentea. Zenbat aprobetxategi izan zituen gizon hark aldamenean eta nola izorratu zuen bere bizitza eta hurbilekoena.
Reala maldan behera
Reala – Eibar futbol partida ikusten egon nintzen atzo, beste 19.000 lagunek bezala. Eta etxera penaturik joan nintzen. A ze gurutzebidea tokatu zaigun txuriurdinei!
Sarreran Anoeta aldizkaria jaso nuen. Unai Emery bolada ezin hobean dagoen Valentziako entrenatzaileari eginiko elkarrizketa, alde batetik, eta bera bezain ondo ari den Liverpooleko Xabi Alonso jokalariari egindakoa, bestetik. Horrelako jendea behar dugu hemen. Iritsiko ote da eguna biek ala biek Realera bueltako direna? Batek daki.
Utz ditzagun ametsak alde batera, gaur egun Reala noraezean baitago, azken urteetan bezala, eta ez da erraza jakitea nola aterako den klub txuri-urdina ataka gaizto honetatik.
Atzo Edurnerekin eta Aitorrekin egon nintzen zelaian. 1993-1994 denboraldian bost lagun hasi ginen joaten zelaira eta egun hirurak geratu gara soilik. Ez gara beti joaten, baina bai ikusten ditugula partida mordoa elkarrekin. Inguruan zegoen Edu ere gurekin egoten da askotan. Atzo ez.
Eibarren kontrako derbia pentsaezina zen duela urte batzuk. To, orain ezin irabazi Anoetan! Dena dela, gutxienekoa emaitza izan zen atzo, Realaren kirol gainbehera laburbilduta ikusteko aukera izan baikenuen laurogeita hamar minututan: funtsezko jokalari baten lesio larria (animo, Iñigo), ordezko kanpoko jokalari erdipurdikoen lan kaskarra, zalegoaren antsietatea eta erokeria (Lillok hartutako kolpea, botilarena), jokalariei ezer esan gabe aldageletarako bidea hartu zuen epailea. Horri gehitu erakundearen porrota (konkurtso-legea eta jujearen interbentzioa).
32 urte omen ditu botila zelaira bota zuen zaleak. Atletismo pistak tartean izanik, punteria behar da norbaiti buruan jotzeko. Bera da erruduna eta berak pagatu behar du. Baina bera bezalako zenbat jende dago portaera eskasa duena estadio batean? Makina bat.
Triste nago atzokoarengatik. Pasako da.
Berrogei urte
Akabo! Ezin esan jada hogeitaka urte ditudala. Zer egingo diogu bada! Beti esan izan dudan moduan, alternatibak are gutxiago asetzen nau: hau da, urteak ez betetzea.
Bueltak ematen egon naiz gaur arratsaldean. Zer nuen buruan hamar urte bete nituenean? 1978ko uztaila. Frantziako Tourra hasita zegoen jada eta Bernard Hinault izan zen irabazle betiko bigarrenaren aurretik, Joop Zoetemelk. Argentinako futbol mundiala bukatuta, Kempes eta enparauek osaturiko futbolari koadrilak irabazi zuen txapelketa Videla diktadorearen aurrean. Lekunberri baserrian egongo nintzen, udako bakazioak pasatzeko asmoz.
Eta hogei urte egin nituen egunean? 1988ko uztailaren 2an Juan Pablo II.ak eskumikatu zuen Lefebvre artzapezpikua. Zuzenbidea estudiatzen ari nintzen jada, bigarren urtea amaitu nuen eta Irungo Montero hiltegian hirugarren udaldia lanean betetzeko prest nengokeen, jakin gabe hura izango zela azkena eta, gainera, bruzelosia harrapatuko nuela finikito gisa.
Eta hogeita hamar urte bete nituenean? Euskara Patronatuan ari nintzen lanean eta Sorkunekin bizi nintzen jada, Donostian. Uda hartan egun politikaz bezain gogaituta nengoela dut gogoan. Oporretan egon ginen Katalunia aldean. Oraindik Internet zer zen ez nekien, baina eibartarrak posta zerrenda martxan zen jada.
Internet izan da azken hamarkadako deskubrimendua: Irungo zerrenda, eibartarrak zerrenda, patera zerrenda eta Javier Ortiz handiaren inguruan eginiko lagun guztiak, Javier Vizcaíno eta MQP inguruko blogosfera, Love of 74 eta beste hainbat lagun…
Non egongo naiz/gara eta nola 2018ko uztailaren 2an? Ideiarik ere ez, baina ahal badut blogeatzen egongo naiz, azken lau urte hauetan bezalaxe.
Tomtom GPSa euskaraz
Atzo irratian egon nintzen honetaz hizketan.
Apirilaren 18an egindako grabazioaren ondoren, eibar.org webgunean daude prest edonork jaisteko moduan TomTom GPSa euskaratzeko fitxategiak. Bertako instrukzioak jarraituz gero, di-da izango duzue euskaratua zuen GPSa.
Nik oraindik ezin izan dut probatu, baina probatu duten zenbait lagunek diote ondo dagoela. Uste dut multinazionalari eskatu beharko dizkiogula sei aparatu grabazioan parte hartu dugun guztiok, TomTom bana izan dezagun (eskatzen ez bada, ez dugu ezer lortuko). Iazko urtebetetze-oparia izan nuen nik GPSa, baina beste marka batekoa da.
Atzo egon nintzen honetaz berbetan, Joxe Aranzabal lagunak deituta, Arantxa Kalzadak Euskadi Irratian duen Amarauna saioaren 8. probintzia tartean. Eskerrik asko bioi gutaz oroitzeagatik.
Hona hemen, Joxeren kortesiaz, aipatu tartea entzungai:
boomp3.com
GPSa euskaraz laster
Bai, laster zure autoko GPSa euskaraz jartzeko aukera izango duzu.
Dena berriki hamar urte bete dituen eibartarrak posta zerrendan sortu zen. Gari hasi zen esanez GPSa euskaratu nahi zuela. Ideia ona iruditu zitzaidan eta horregatik izena eman nuen Garik galdetu zuenean ea nor zegoen prest laguntzeko. Jende gehiagok ere eman genuen izena eta horrela jarri genuen hitzordua pasa den barikuan, apirilaren 18an, Eibarren.
Jatsu teknikariaren aginduetara, Iban, Amatiño eta Leire ere arrimatu ziren. Gari egon zen dena kontrolatzen.
Ni iritsi nintzenerako, itzuli beharreko esaldien erdia baino gehiago euskaratuta zituzten. Geratzen zirenak itzuli, soinu-frogak egin eta grabaketa-lanak egin genituen.
Leirek argazki kamera eraman zuenez, frogak daude. Horietako batzuek Txargain flickr kontuan dituzue ikusgai.
Ondorengo urratsak, lana amaitzerakoan kontatuko ditu Garik, baina lasai zeren eta denen eskura egongo dira doan.
Nik orain dudan arazoa da, arrazoi teknikoak direla medio, Tomtom-erako egin dugula eta nik Michelin dudala etxean.
