Harrikadak
egia
Olentzero eta Espainiako erregea
Josu Goikoetxeari entzundako pasadizo batetik abiatuta.
Ostiral iluntzean Maialen Lujanbio egon zen DOKAn Bertsolaria bere bakardadean izeneko programako hileko saioan. Bertsolariak gai-jartzailea behar eta lan horretan Josu Goikoetxea aritu zen.
Gaur hemen kontatu behar dudanak ez du zerikusi zuzena bertsoarekin, gai bat aurkezten ari zela Goikoetxeak berak kontatutako pasadizo bitxiarekin baizik.
Hiru alaben aita da Josu eta, duela gutxi, 8 urteko alaba hurbildu omen zitzaion galdezka: "Aita, ikastolan esan didate gurasoak direla Olentzero". Alabak esandakoari zer erantzun pentsatu ondoren, Josuk bota omen zion: "Egia jakin nahi duzu?". Eta alabak, tinko: "Ezzzzz".
Zein goxo bizi garen gezurrezko mundu honetan, eh?
Hartu gai bat eta egin galdera. Zure buruari ere bai, noski.
Nik Espainiako erresumako hiritarrei botako nieke: Espainiako erregeari buruzko egia berdaderoa jakin nahi duzue?
Uste dut Josuren alabaren erantzunak balio duela ere gaur egungo Espainian.
Babiloniako loreak
Larunbatean eta igandean egon zen FTIko troupe-a Egiako Gazteszenan. Babiloniako loreak emanaldian, aretoa lepo bi egunetan.
Larunbatean Babiloniako loreak antzezlana ikusteko aukera izan genuen Egiako Gazteszenan, Antzerkiola Imaginarioaren obra berria. Hor nonbait irakurri genuen Ander Lipus antzerkilariak amonari eskainitakoa zela obra hau. Antzerki prestakuntzarekin jarraitzeko, Lipusek Madrilera jo zuenean, gaizki hartu omen zuen amonak bilobak alde egitea. Geroztik, ez omen zen etxetik atera eta ordu asko ematen omen zituen ohean.
Argiak oraindik piztu ez direnean, gaztelaniazko esaldi bat entzuten da. Gero jakingo dugu Nikosia dela oihu egiten duena. Argiak piztu eta Lipus bera ageri da amona Inesen paperean, eszenatokiaren erdian obrak irauten duen bitartean dagoen ohe handian. Zortzi armairu zutabe inguratzen dute ohea. Nola zen Rafaela Aparicio aktorearen hura? Mamá cumple cien años? Hori, baina ohean.

Miren Gaztañagak jokatzen du amonaren bilobaren papera, Hegoa narratzaile, aktore eta kantaria. Espe López aktoreak (Legaleon T) amonaren zaintzailearena, soilik gaztelaniaz hitz egiten duen Nikosia da, laismoz eta loismoz beteriko herri xumearen diskurtsoarekin jotafuego. Alex Gerediaga, berriz, politikari, apaiz eta mediku lanetan dabil. Politikariarena ez zaio politikari askori gustatuko, batez ere agintean egon diren abertzaleei. Azken aktorea Mirian Martxande da, enterradorea eta zamaltzain beltza.
Gauza on asko ikusi genituen: Lipus denen gainetik eta Gaztañagaren elegantzia natural hori azpimarratuko nituzke aktoreen artean; gogoan izateko eszenak (biloba eta amonarena, adibidez, izango da hunkigarriena); euskara da nagusi, baina gaztelania oso era naturalean txertatzen da obran zehar; bi egunetan aretoa betetzea ez da meritu makala (500 lagun)…
Baina obra gehiegi luzatu dutela uste dut eta amaiera horrek… ez dakit ba. Ez dut gehiago kontatuko, baina lehendik amaitu behar zela uste dut eta amonaren agur-dantzarekin nahikoa delakoan nago.
Orokorrean, oso kontutan hartzeko lana da. Ahal baduzue, segi ikustera.
Flores de Babilonia, este apunte en castellano
Eguneratzea. Gaueko 21:00etan. Mandrágora telebista saioak eskaini zien tartea jarriko dizuegu paragrafo honen azpian. Gainera, antzezlan honi buruz idatzi zuen Gorka Bereziartuak astelehenean eta, Jonek erantzunetan dioen moduan, mezu truke polita sortu du : Antzerkiolaren arrakastaz pentsamendu erraz eta arin batzuk, mundu guztiak ulertzeko modukoak.
Donostialdeko rapa: 100 % Gourmet
Larunbatean egon zen Donostialdeko kolektibo hau Nach rapero españolaren kontzertua zabaltzen Egiako Gazteszenan.
Esan bezala, larunbatean egon zen kolektibo hau Nach raperoaren kontzertua zabaltzen Egiako Gazteszenan. DVn publikatu duen A pelo erreseinan, Juan Luis Etxeberriak dio aretoa lepo bete zela. Haur asko joan omen ziren gurasoekin. Gainerakoek ez omen zuten 25 urteren langa gainditzen.
100 % Gourmet kolektiboak diskoa publikatu berri du eta webgunean dago entzungai. Oker ez banago, badago ere kantak jaisteko modua.
Pedradas blogean, JLk idatzikotik lehenengo bi parrafoak itsatsi ditut. Hau da gaur egun gaztetxo eta gazte askok entzuten duten musika. Bere ustez, 70. hamarkadan punkak zuen papera betetzen omen du egun.
Honekin loturik lehengoan irakurri nuen Kiko Amat (Sant Boi, 1971) idazle katalanak eleberria argitaratu duela. Bi liburu ditu aurretik eta Rompepistas nobelan 1987ko Bartzelonako ingurune langilea agertzen omen da. Musikazale porrokatua da Kiko, komunikabide ezberdinekin kolaboratzen du eta La Escuela Moderna fanzinea zuzentzen du. Fermin Muguruzak Mirant al cel soinu banda egin zuenean, Kikok sinaturiko promozio orrialde beroa zekarren.
Bukatzeko, Donostiklubako blogean jarri dituzten bi bideotako batekin utziko zaituztet. 100 % Gourmet kolektiboak eskainitakoaren zati bat da.
Egiatik erakusketa Tabakaleran
Atzo inauguratu zen Tabakaleran "Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna" erakusketa. Bertan egon ginen.
Badira jada zenbait hilabete esan zidatela Iñigo Royo ari zela, bideo-kamera lagun, Egia auzoko auzotarrak elkarrizketatzen. Royok badu eskarmentua alor horretan, Tolosa 750 urte ospatu zutenean antzeko proiektua eraman baitzuen aurrera bertako zenbait bizilagunekin.
Okupgraf elkartearen bigarren partaidea Marian Larzabal da. Berak ere parte hartu zuen Tolosako aipatu ekimenean eta bera da Tabakalerako erakusketa honen bigarren hanka. Emakume hau duela hamabost bat urte ezagutu nuen, artista batek Marianen etxeko armairu batean erakusketa egin zuenean. Oraindik gogoan dut nola ostiral arratsalde batez Loiola edo Martuteneko etxe batera hurbildu ginen inaugurazio hartara. Ingurua jendez beteta zegoen eta ezin izan genuen ataritik pasa.
Atzo ere jende asko zegoen "Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna" erakusketaren inaugurazioan. Auzoko jendea, gehiena, Tabakalerak bere etorkizunean integratu beharrekoa nahita nahiez aurrera egin nahi badu behintzat. Politikari gutxi, esku bateko behatzekin kontatzeko moduan (bakarra ikusi nuen nik...), kultur teknikari batzuk, artista jendea...
Joxean Muñoz zuzendariak egin zigun denei ongi etorria. Gero Iñigok eta Marianek banan-banan aurkeztu zituzten erakusketan ikus eta entzungai dauden 12 bideoak. Bideo bakoitzean auzoko bizilagunekin (batekin edo gehiagorekin) eginiko elkarrizketak ageri dira. 20 minutuko iraupena du bakoitzak.
Aurkezpenaren ondoren, Tabako fabrika izandako eraikinaren tripetan barna sartu ginen. Bideo bakoitzak egurrezko palletez osaturiko etxaldea du aterpe eta hiruzpalau kasko elkarrizketak entzuteko. Bakoitzaren kanpoaldean garai bateko argazkiak. Labur bazen ere, baten bat entzuten egon nintzen, baina atzokoa ez zen horretarako egunik aproposena.
Kalkulatu genuen bizpahiru arratsalde behar zirela hura guztia behar den bezala ikus-entzuteko. Ostegunero ekitaldi bat egongo da abenduaren 20ra arte, Santo Tomas bezpera arte (Joxeanek aipatu zuen txistorrada batekin emango zaiola bukaera erakusketari).
Irteeran, bertako langile batek esan zidan badaudela oraindik ere aste bukaeratan eraikina ikusteko bisita gidatuak eta deitzeko telefonoz. Nik oraindik ez dut bisita gidaturik egin eraikina ezagutzeko eta ea oraingoan ez zaidan txanda pasatzen.
Egitarautik bi ekitaldi aipatuko ditut: urriaren 30ean,Tabakalerako Soinu Maparen aurkezpena egingo dute Xabier Erkiziak, Iñigo Telletxeak eta enparauek. Azaroaren 6an, berriz, Joxean Muñozek Tabakaleraren etorkizunari buruzko aurkezpena egingo du herri xehearentzat, horrela esaterik badago behintzat.
Ezagun batzuk agurtu, pare bat baso ardo hartu, beste hainbeste pintxo eta Egiako tabernetan barna ibili ginen gero: Le Bukowski, Sustrai kreperia, Kino Kafe…
Eguneratzea: 22:15ean. Oraintxe konturatu naiz webguneak baduela lekukotzak izeneko atala. Bertan entzun eta ikus daitezke bideo zatiak.
Gazteszena 10 urte festaren kronika
Asteartean hasi ospatzen eta batzuk asteazkenean bukatu genuen. Nork aurreratu zuen nire ordularia, kopon?
Gaur Topaguneak Kultur Errota 1.500 saioa ospatzeko ekitaldi berezia egingo du Eibarren (zorionak). Eta asteartean guk Gazteszenak 10 urte bete dituela ospatu genuen.
Ekitaldiak iluntzeko 20:00etan zuen
hasiera-ordua eta programan aurreikusi bezala hasi zen betetzen.
Gazteszenako ateak zabaldu zirenean, areto ponpoxo batekin egin zuen topo bildutako jendeak. Mahai altuak eta baxuak, kabaret moderno batean egongo bagina
bezala.
20:10ean hasi zen Biarritz Ballet Junior-aren hamar minutuko saioa. Maite Martínez
de San Vicente Garaialde pianistaren laguntzaz aritu ziren. Amaitutakoan, Ramon Etxezarreta
Kultura delegatua igo zen eszenatokira. Hamar urte hauetan bera nola aldatu den
aipatu zuen, besteak beste. 1998an txaketa guztiak hartzen omen zioten gerri buelta, baina
gaur egun hori ezinezkoa dela. Alkatearen enkargua aipatu zuen (ez egiteko
beste teatro bat Donostian) eta hori bete egin dela. Guneari bizia eman dion jendea agurtu nahi izan zuen bereziki.
Agur instituzionalaren ondoren, kamareroek edariak eta janariak banatu
zituzten. Horretan aritu zen ere Dico Bar malabarista. Kopekin oreka ariketak
egin zituen.
Guille Milkyway disko jartzaileak aurreikusitako ordua iritsi baino lehen hasi behar izan zuen
musika banatzen. Berau dastatzeko aukera gutxi izan nuen, baina entzundakoa dotorea eta
gustu handikoa izan zen. Eguerdian irakurri nion DVn Mikel
Gurpegik eginiko elkarrizketa. Merezi du La Casa Azul proiektuaren
bultzatzaileak musikaz eta Eurovision jaialdiaz dioena irakurtzea.
Protokolo minimoarekin eta betiko maitasunarekin egindako ekitaldia izan zen. Musikari eta musikazale batzuk agurtu genituen: Joserra Senperana, Rafa Berrio, Joshe Mari Huarte, Cruz Larrañeta, Thee Brandy Hips taldeko jendea (beren musika webgunetik debalde jaisteko flyer-ak banatzen), Sergio Cruzado, Jorge Primo. Antzerki munduko jendea ere ikusi genuen, Ana eta Patxi Pérez, Lourdes Merino, Pili Guerra, besteak beste. Filgi Claverie mugalari eta dantzaria, Dantzaz elkarteko jendearekin. Egia auzoko jendea. Lokalean hainbat ekitaldi egin dituzten elkarteak eta, zer esanik ez, Egia Kultur Etxeko langileak, baita Donostia Kulturako batzuk ere.
Ausartenak, gainera, jaia Le Bukowski tabernan jarraitu genuen. Ah! Kontatu zidatenez Le Bukowski lokalak arazoak ditu Udaletxearekin. Ez nuen oso ondo ulertu zergatia, baina Europako kultur hiriburu izan nahi dugun honetan, hiriko gau eta kultur giroa zaintzen duten lokalei ezin diegu soka lepoan jarri. Diot.
DJ Milkyway Gazteszena 10 urte festan gaur
Gaur da festa. 20:00etan. 21:30ean musika jarriko du La Casa Azul taldeko guru burutsuak. Doan. Debalde.
Aurreko batean idatzi nuen hemen Gazteszenak 10 urte bete dituela 2008ko maiatzean. Hori ospatzeko gaur festa antolatu da Egiako Kultur Etxean.
20:00etan, Ballet Biarritz Junior.
20:45ean, Dico Bar.
21:30ean, Guille Milkyway DJ.
Milkyway disko jartzaile, abeslari eta produktorea da. La Casa Azul taldearen arima, artista eta banda ezberdinekin egin du lan, batez ere Elefant Records zigiluaren eskutik. Publizitate kanpainetako sintoniak ere egin ditu, besteak beste MTV Españako Amo a Laura
Duela gutxi jakin dugu Vull saber-ho tot de tu kanta egin duela TV3ren 25. urteurrena ospatzeko.
Sarrera doan da. Eta ez da gonbidapenik behar sartzeko.
Hona hemen La revolución sexual kantaren bideo-klipa.
Gazteszenak 10 urte beteko ditu maiatzean
Antzerkia, musika eta dantza zaletasuna hedatzeko toki enblematikoa bihurtu den Egia Kultur Etxeko gunearen hamargarren urteurrena.
Maiatzean 10 urte beteko ditu Gazteszena espazioak eta zoriontzeko modukoa da horrelako gunea izatea Donostian. Gehiago beharko genituela, dudarik ez, baina goazen poztera horrelako gune bat behintzat badugulako.
Zenbat ikuskizun pasa da urte hauetan guztietan toki horretatik? Makina bat. Antzerkia eta dantza ikustera baino musika emanaldiak eraman naute Jai Alai maldatik gora normalean. Batzutan ez nau gehiegi interesatu areto barruan gertatzen zenak eta gehiago erreparatu diot barra ondoko solasari, baina beti izan da aberasgarri bertako atetik sartzea.
Hamargarren urteurrena dela-eta, pasa den astean aurkeztu zuten urtemuga dela eta bereziki prestaturiko programazioa. Apirilaren 26an hasi zen La vida de un piojo llamado Matías, Fernando Aramburu idazle donostiarraren liburuan oinarrituriko haur antzezlanarekin eta Tr´Espace taldearen emanaldiarekin amaituko dira kontuak ekainaren 1ean. Bitartean Nats Nuts taldearen haur dantza, Teresa Iturriozen Single proiektuaren emanaldia (Gaztemaniak.net programaren barruan), Berri Txarrak, Al Kooper & The Funky Faculty, Peter Hammill, Asa, etab. pasako dira. Gainera, maiatzaren 27an festa antolatuko da.
Hau guztiau ezagutzera emateko, Gazteszena 10 urte folletoa egin du Donostia Kulturak eta diseinua José Luis Lanzagortari eskatu dio. 10 ikuskizunen berri emateaz aparte, eta agintarien agurraz gain, zenbait kazetari, artista eta antolatzaileri eskatu zaio bere iritzia: Sergio Cruzado, Ander Lipus, Xabier Portugal, Maite Agirre, Nats Nus Dansa, Juan Luis Etxeberria, etab. Testigantza argazki batzuk ere jarri dira, besteak beste La Máquina de Huesos eta Jon Iraundegi fotografo rockeroenak.
Lerro hauek aprobetxatu nahi ditut Egia Kultur Etxeko gune hau posible egin duten guztien lana eskertzeko, egunero bertan beharrean jardun dutenei bereziki.
Ah, portzierto!
Toki hau jaio berritan hil zen Poch jaunaren hamargarren
urteurrena ere beteko da irailean. Badakit musikari batzuk omenaldi xumea egiteko asmoa dutela, baina oraindik ez dakit pulamentuzko ezer. Ondo iruditzen zait, Poch herriarena baita eta uste dut
omenaldi hau herriak egin behar diola Ignacio Gasca zenaren barruan ezkutatzen ei zen jenioari.
Rafagak
Pilatu egin zaizkit zenbait apunte eta denborarik ez denak ateratzeko. Batuko ditut apunte batean.
Rafa Berrio
Ostegun gauean ezin izan nuen Rafa Berrio musikariaren emanaldira joan eta gainera lista pasatzen zuten. Kaka zaharra! Eskerrak lista pasatzen zuen pertsona berak (Cruz Larrañetak) grabatu zituela kanta batzuk. Hemen jarri du "La senda del olvido" bikaina, behin eta berriro entzuten ari naizena lerro hauek idatzi bitartean.
Elnako amaetxea
Eta ez nintzen Rafaren emanaldira joan, Elnako amaetxearekin nuelako zita Ernest Lluch Kultur Etxean. Inaugurazioa ez zen oso jendetsua izan, baina aukera berri bat duzue apirilaren 9an. Egun horretan pasako baita “El legado de la maternidad de Elna” dokumentala. Hona hemen hiru minutuko mokaua.
Thee Brandy Hips
Amaratik aterata, berandu bazen ere, Egiara igo ginen Sorkun abeslariaren kontzertua ikusteko asmoz. Ederra izan zela diote Etxeberriak eta Leozek. Ni, berriz, beste frekuentzia batean nengoen ostegunean. Tabernan geratu nintzen. Aldiz, ondoren bai gozatu nuela Le Bukowski aretoan zegoen Thee Brandy Hips bandarekin. Kontuz, zer esana emango du-eta laukoteak.
Txuma Murugarren … eta ragafas
Ostiralean ere bazegoen zer entzuna Donostian. Rosendo, Barricada eta Aurora Beltran? Bai, hori ere bai, baina guk Txuma Murugarren jaunarengana hurbildu ginen. Ados nago Etxeberriak diarioan idatzitakoarekin. Halere, nik gaur Txumaren pianistarekin geratuko naiz. Rafa Acevesen bideo bat baitago youtuben hona ekartzeko modukoa. Fernando G. Tolak ETB2n egiten zuen programatik pasa zen Rafa gaztetxoa:
Sariak
Ostegunean jaso zuen Jabier Muguruzak Musika Akademiak emandako euskal kanturik onenaren saria Valladoliden. Hirugarren aldia da Jabierrek sari hau jasotzen duela eta pozten naiz berarengatik. Azken diskoak ere merezi baitu.
Atzo, berriz, Espainiako Kritika Saria eman diote Rafael Chirbes idazleari. Izugarria da Crematorio eleberria eta merezitakoa jaso du valentziarrak. Chirbes ezagutu nuen egunean ere enfant terrible bat ezagutu nuen: David de Jorge sailkaezina. Berarekin egin dut topo kiroldegian gaur goizean. Bai, kiroldegian irakurri baitut Berriako azken orrialdea .
Euskaraz, berriz, Jokin Muñoz eta Jon Gerediaga idazleek jaso dituzte sariak. Muñozena ere irakurri dut eta handia iruditu zait ere. Portzierto, apirilaren 24an Donostian egongo da Jokin hitzaldi bat ematen: Antzararen hizpideak (lumajearen azpian).
Zorionak saridunei.
Kanposantuan
Ostegunean hil zen nire amautxia. Aspaldian ikusi gabe nengoen, baina atzo eman genion lur Irunen. Horrek aparteko apunte bat merezi du.