Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak dear_jor

Harrikadak

dear_jor

Ordóñez (54) eta Ortiz (64)

Beste gutun bat Ortizi. 64 urte beteko lituzke gaur, urtarrilak 24.

Dear JOR,

Hamazazpi urte bete ziren atzo ETAk Gregorio Ordóñez, Donostiako zinegotzi popularra, erail zuela. Orduan ere, aurten bezala, astelehena zen. Aurten bezala, Sansebastianetako ajea pasa berritan geunden. Aurten ez bezala, orduan ETAk hil egiten zuen.

La Cepa jatetxean izan zen eta bertan egon ginen afaltzen egun batean Josemari, zu eta hirurok. Biekin afaldu nuen azken aldia izan zen. Gero, Artesana kafetegira joan ginen eta argazkia egin zigun Josemarik.

Izan ere, Ordóñez aipatu eta La Cepa etortzen zait gogora. Eta zu ere bai, noski. Oker ez banago, Egin Irratian egona zinen Ordóñezekin hainbat eztabaidatan, ezta?

64 urte, tio! Ez dakit Jamaikara iritsi ote zaizun Público gaizki dabilenaren albistea. Ikusteko dago ea zer gertatzen den, baina itxura txarra dauka auziak.

La Tuerkan egin zuten aurreko batean Público-ri buruzko saio berezia eta gauza interesgarriak entzuteko balio izan zuen. Aurretik Bilbon izandako euskal presoen aldeko manifestazioaz ere aritu ziren eta Juan Carlos Monederok ederki bota zuen ezin diogula terrorismo biktimen auzia eskuinari soilik utzi.

Ez nuen Ordóñez ezagutu. Bere alderditik oso urrun nago, baina bera erail zutenean demokratikoki aukeratutako zinegotzia akabatu zutela ezin dut burutik kendu.

Haren hilketak, eta beste askorenak, gorrotoaren gurpila ederki koipeztatu zuten. Eta nire galdera da zertarako?

Alde horretatik, behintzat, panorama argitu da. Baina uste dut, berriro ere, elastikoa soinean eramateko garaiak bizi ditugula eta ni ez naiz inoiz gustura sentitu kamiseta jantzita. Are gutxiago, jantzi arazten nautenean.

Ah! Fraga ere hil da. 1976ko martxoaren 3koa ere ezin burutik kendu. Hori eta beste hainbat injustizia. Estatu-gizon gisa saldu digute. Demokrazia Espainiaratu zuena. Lotsa pizarra izango balute bederen.

Besarkada handia, Javiertxo.

P. S.: 64 urte beteko zenituzkeen gaur; Ordóñezek 54 uztailean.

Ordóñez (54) y Ortiz (64), este apunte en castellano.

Bi urte bete dira, Javier

Javier Ortiz 2009ko apirilaren 28an hil zen. Gugan bego!

Dear JOR

Oraintxe irakurri dut zuri bidalitako azken gutuna. 2010eko azaroaren 20koa da. Egun hartan ere Oiartzunen ibili nintzen goizean, aitarekin. Gaur bezala. Gurasoekin kasu honetan.

Bi urte joan zaizkigu bai, Jamaikarako heriotz bidea hartu zenuenetik. Tamalez. Eta begiratzen diozu gaurkotasunezko gaiei eta badirudi dena berdin-berdin dagoela.

Den-dena? Tira, den-dena, ez. Adibidez, ETAren bide odoltsua amaitzear dagoela dirudi, nahiz eta batzuek, betiko Espainiaren seme-alaba, ez egon oso gustura. Lerro hauek idazten ditudan bitartean, Auzitegi Gorenaren 61. aretoko epaileen esku dago maiatzaren 22an Hegoaldean izango diren hauteskunde autonomiko eta lokalak demokratikoak izatea edo ez izatea.

1990. hamarkadako zure hainbat artikulu irakurrita, Felipe Gonzálezen bukaera garai haiekin konpara daiteke Espainiako gaur egungo egoera. Ditxosozko GALik gabe, hori bai. Baina burbuilaren garaiko ustelkeria puri-purian dago, 45 milioi biztanletik 5 milioi langabeziaren putzu beltzean bizirauten duten bitartean. 90. hamarkadako Alemania batuko datuak kopuru horretara iritsi zirenean, egoera oso larria ei zen; eta haiek 80 milioi biztanleko herria ziren.

Krisi latza bizi dugun bitartean, futbola da gaur ere herriaren opioetako nagusietako bat, baina orain ez da giro Barça eta Madrid erraldoiago bihurtu dituztenetik. Eskerrak atzo zure (gure) Realak mendean hartu zuela Barça ustez garaiezina. Eta horrela bi helburu lortu zituzten gipuzkoarrek: datorren urtean Lehen Mailan egoteko aukera eskuarekin ukitzea eta txapelketa berean 32 partida galdu gabe egotearen marka oraindik ere 80. hamarkadan liga irabazi gabe geratu zen talde txuri-urdinak mantentzea.

Seguraski ez zinatekeen hurbilduko Anoetara eta Alacanteko etxetik egongo zinen atzoko partida ikusten. Gustura. Ikusi behar ninduzun atzo Estadioan. Errealzale asko bildu ginen, baina baita Barçaren zale asko ere. Inoiz baino txistu gehiago jaso zituen talde kataluniarrak. Hausnarketa bat merezi du gaiak, baina beraiei dagokie hori, Barçaren direktiba eta zaleei.

Tira udaberria bada, behintzat. Neguaren amaieran abiatutako aldaketa giroa bizi da Ipar Afrikan eta gurean, azken bolada honetan, Haserretu zaitezte Stéphane Hessel-en liburuak astindu ditu bazterrak. Zu bezalako erretxindu baten Diario de un resentido social hura ezin ahaztu titulua leituta.

Ea gai garen lapur koadrila honi aurre egiteko. Kontatuko dizut.

Besarkada bat gero eta jende ezagun gehiago biltzen duen Jamaika horretara.

Iturri

Mikel Iturria 2011/05/01

Sakramenturik eta bedeinkapenik jaso gabe

2007ko azaroaren 19an hil zen Josemari Ortiz.

Dear JOR.

Gaur goizean aitarekin egon naiz Oiartzungo Ergoien auzoan. Autoa Olaizola tabernako aparkalekuan utzi dugu eta buelta bat ematera joan gara. Gero, pintxo bana jan ditugu aipatu jatetxean.

Josemarirekin gogoratu naiz. Izan ere, hura despeditu genuenean Aritxulegiko gain hartan, Oiartzungo taberna horretan bertan bazkaldu genuen. Berandu, oso berandu.

Josemarirekin gogoratzean, gainera, konturatu naiz garai honetan hil zela. Zure webgunean begiratu dut eta atzoko egunez zendu zela egiaztatu dut: hain zuzen ere, 2007ko azaroaren 19an hil zen Josemari.

Gaurko egunez, zuk nik baino hobeto dakizu, jende ezagun asko hil egin zen (edo akabatu egin zituzten). Oraindik ere bada Franco eta Jose Antonio gogoratzen duen jendea. Baita Santi Brouard edo Josu Muguruza

Inork gutxik izan du, hala ere, zure anaiak izan zuen hil berria. Hasiera harrekin: "Josemari Ortiz Estévez murió ayer en Donostia, a los 70 años, sin haber recibido ni sacramentos ni bendiciones apostólicas".

Besarkada bat.

Sin haber recibido ni sacramentos ni bendiciones apostólicas, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2010/11/20

Gobernu aldaketa Felipek egina dela dirudi

Rubalcaba, Jauregui...

Dear JOR:

Atzo, Zapaterok gobernu-aldaketa egin behar zuela jakin nuenean, zutaz oroitu nintzen. Burutik pasa zitzaidan, beste behin, zer pentsatuko zenukeen Zapaterok gobernu-krisia egin zuela jakiterakoan. Hau da, ministro eta ministerio batzuk kendu eta boterea zure lagun Rubalcabari eman ziola ikusitakoan. Twitter-en galdetu nuen ea zertaz idatziko zenukeen gaurko egunez eta Samuelek erantzun zidan agian Rubalcabaz idatziko zenukeela.

Jordi Barbetak La Vanguardian argitaratutako analisian dio: Zapatero se rinde al felipismo (Zapaterok amore eman du felipismoaren aurrean). Ez da gutxiagorako: Kantabriakoaz gain, Jauregui sartu da eta hortxe darrai Chavesek ere.

Periodiko berean, Montserrat Domínguezek zioen, kargugabetutako ministroez eta Leire Pajínez gain, bidean geratu den beste bat Patxi López lehendakaria dela. EAJrekin loturiko akordioaz ari zen, noski.

Eta lehendakaria aipatzen dugula, ez zaizu iruditzen EAJko hurrengo lehendakarigaia izateko aukera asko dituela Josu Erkorekak?

Duela gutxi ikusi dut telebista kate batean, ministerio ezberdinetan egindako kartera-aldaketetan jendetza zegoela. Harrigarria iruditu zait datu hori.

Beno ba, Javier, ikusiko dugu zer eragin duen aldaketa honek gure herri ttiki honetan. Otegik, behintzat, gauza interesgarriak bota zizkion Carlini El Paísek pasa den igandean publikaturiko elkarrizketan.

Jaso ezazu nire besarkada tristea, lagun. Faltan botatzen zaitugu.

Parece que el cambio de gobierno lo ha hecho Felipe, este apunte en castellano

Mikel Iturria 2010/10/21

Hirurogeita bi

Javier Ortiz jaunaren urtebetetze egunean.

Dear JOR:

62 urte. Azkar esaten da. Joan egin zinen, bai, baina gure artean jarraitzen duzu. Zure artikuluek, apunteek eta zutabe bikainek idatzitako egunean bezain bizirik segitzen baitute gaur egun ere.

Gaur goizean Javier Vizcaínok Más que palabras irratsaioan egindako keinuarekin esnatu naiz. Emmylou Harrisen kanta jarri dizu, hainbeste miresten zenuen Emmylouren musika. Gero, bi entzuleek irratiko telefono-buzoian utzitako mezua entzun dut. Zurekin gogoratzen ziren haiek ere.

Eta zu Jamaikan. Whisky botila inguruan, musika entzuten, ordenagailu aurrean lanean, tinko, irribarretsu, bainujantzia soinean, Ricardo eta Nacho bikoteak eginiko marrazki gogoangarri hartan bezala.

Hemen gauzak berdintsu segitzen dute. Atzo hamabost urte bete ziren Gregorio Ordóñezen hilketaz. Kursaalen egindako ekitaldian Aznar egon zen eta irratian entzun ditut haren hitz minduak. Daniel Porteroren berbak ere bota dituzte. Dignidad y Justiciako bozeramaileak lo egin dezake lasai Euskaldunon Egunkarian auzipetutako bost gizon zuzen horiek aulkian eseriz? Ariman tatuaturiko gorrotoa bidaide txarra da.

Ez dira gauzak gehiegi aldatu, diot. Korapiloa askatu ezinik gabiltza. Ea ETAk armak albo batera uzten dituen. Zapaterok egun bezala jarraituz gero, badirudi ez duela 2012an boterean segituko. Baina batek daki. Ez da gure negoziatua hori.

Gurea da zu ez ahaztea, zure eredua jarraitzea. Gaur, kopa bat hartuko dugu. Elkarrekin, fisikoki ez bada ere.

Musu handi bat.

Mikel Iturria 2010/01/24

Tokiz kanpo

Errege-erreginak Donostira ekarri dituzte Aquariumak eta Diario Vascok. Kontutan hartzeko modukoa.

Dear JOR:

Gaur bertan kontatu izan bazenit bezala gogoratzen dut duela urte batzuk erregeak Donostiara egindako bisita batean gertatutakoa.

Miramar Jauregian zaude. Erregea (edo errege-erreginak) etorriak dira Donostiara ez dakit oso ondo zertara, baina El Mundo (del País Vasco) egunkariaren ordezkari gisa bidali zaituzte harrera ofizialera. Halako batean, zigarroa erretzera atera zara Miramarko lorategira. Lorategian ezezagun batekin egin duzu topo. Eta ezezagunari esaten diozu ea nolatan etorri den Borboia Euskal Herrira. Zuen talaiatik ondo baino hobeto ikusten dira manifestazioaren ondorioz sorturiko keak, baita entzun ere polizi autoen sirenak. Ezezagun horri esaten diozu ea zergatik etorri behar zuen halako istiluak sortzeko arriskua zegoenaren jakitun.

Ezezagunak ez dizu erantzun eta zu barrura zoaz, zigarroa itzali ostean. Barruan zaudela, zure taldeko batek galdetzen dizu ea zertan zenbiltzan Sabino Fernández Camporekin.

Biak jada joanak zarete, baina errege-erreginak Donostiara datoz gaurkoan, ongizatearen nekaezinak baitira hauek (Monacoko Carolina ere badator). Kasu honetan, Aquarium bisitatzera eta El Diario Vascoren hirurogeita hamabosgarren urteurrena ospatzera. Ze popopoza! Are gehiago, Ertzaintzak herri xumeari gomendatzen dio garraio publikoa erabiltzea (hau da, beti bezala).

Irabazten ari dira.

Herritarrok galtzen ari gara.

Hurrengora arte, JOR.

Fuera de juego, este apunte en castellano

Jamaika da bidea

Sei hilabete joan zaizkigu jada JOR hil zenetik.

Dear JOR:

Gogoratzen Oier potolitoa? Haren amak, Elenak, idatzi berri du blogean semeak gelakide berria duela eskolan. Amak galdetu zionean ea nongoa zen mutila, semeak ez zekien erantzuten. Berarentzat galdera garrantzitsuena beste bat baitzen: portero edo jokalari.

Lehenengo galdera helduen mundukoa baita. Jakin nahi dugu nongoa den bestea, nire garai bateko jefe baten moduan “nirekin edo nire aurka” maxima aplikatzeko ondoren. Berarekin ez nengoenez, haren ustez kontra ari bainintzen.

Hemen gauzak ez dira asko aldatu. Beti bezala jarraitzen dugu, gizona. Batekin bazaude, malo; bestearekin, okerrago.

Baina guri bost axola. Zaletasun gutxi ditugu, baina egungo Javier Vizcaínoren zale izaten jarraituko dugu  (erreparatu elkarrizketa honetako komentarioen mailari), inorekin ezkontzen ez den horietakoa delako.

Ezkontzak aipatzen ditugula, aurrekoan irakurri genuen Iñigo Alonsori eginiko elkarrizketa hau. Euskalmet agentziako buru berria da Iñigo eta senarra, Ernesto Gasco, da departamentuko sailburuordetako bat. Baina zu lasai, ez baitio senarrak deitu, Arriolak baizik. Gauza jakina da Geografia lizentziatua izanik eta autobus gidari lanetan ibili ondoren, asko ikasten dela eguraldiaz (igogailuetan gehiago, izenda dezatela hurrengo zuzendari aszensoristaren bat). 

Hauei tokia egin dietenak ere, ez pentsa. Aste honetan bertan El Mundok publikatu du EITBko zuzendaritzako sei kidek jasotako kalte-ordaina, nahiz eta lagun horiek etxean bertan jarraitu beharrean. Tonto aurpegia geratzen zait horrelakoak irakurrita.

Noticias taldean ere sumatzen da saltsa. Pentsa, Iñigo Camino izendatu dute Deiako zuzendari. No comment!

Amaitu baino lehen: Rubalcaba bezalakoentzat ez dago tokirik Jamaikan? Esango didazu.

Besarkada bat, JOR.

Jamaica es el camino, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2009/10/28

Galtzeimer (XXII) Urtebete

2008ko ekainaren 5ean egin zioten aitari ebakuntza belaunean.

Dear JOR:

Gogoan izango duzu nola kontatu nizun duela urtebete, aitari eskuineko belaunean protesi bat jarri ziotela.

Gogoan dut goiz hartan nola geunden ospitaleko gelan, ebakuntza bukatu arte zain. Periodikoak, liburuak, aldizkariak, solasaldiak, denak dira gutxi horrelako uneetan.

Gogoan dut gero, iluntzean, nola esan genion agur attari ospitaleko zaintza bereziko gelara sartzen utzi ziguten bisita laburrean. Rafael Reig eta Iban Zaldua ziren Donostian beren liburuak aurkezten. Ez ginen iritsi ekitaldira, baina bai ondorengo afarira. Gustura egon ginen elkartu zen koadrilarekin.

Gogoan dut. 2008ko ekainaren 5a.

Zaindu, JOR.

Heroi berria

Aste bukaeran Irunen gertatukoaren harira.

Dear JOR:

Pasa den asteburuan, goizaldean, kabroi batek bikotekide ohia erail zuen Irunen. Malamaneran. Betiko moduan. Auto istripua eragin zuen aurretik, kotxetik aterarazi eta labana sartu ondoren haren biziarekin bukatzeko. Ez da gertatzen den lehen aldia eta, tamalez, ez da azkena izango.

Kontatzen dutenez, pertsona batek aurre egin zion hiltzaileari. Zenbait komunikabide eta agintarik heroi tratamendua eman nahi diote gizon honi. Are gehiago, "heroi bat dugu lantegian" lelodun kartela jarri omen dute fabrikan. Jesús Neira berria ere irakurri nuen igandean.

Gogoan izango duzue Bartzelonan, duela hilabete batzuk beste tipo tontolapiko batek metro-bagoi batean neska gazte bat jipoitzen harrapatu zutela bertako kamerek. Mutil bat ageri da eszenari begira, geldi. Koldartzat hartu zuten askok.

Baina unea iritsitakoan, auskalo zein dagoen plazara ateratzeko pronto: barruko koldar handia edo barruko heroi ttikia? Batek daki!

Zuk idatzita utzi zenuen "Todos no somos Marta" artikulu zentzuzko eta egokia. Komunikabideetan oihartzunik ez duen zenbat injustizia dagoen munduan eta a zer nolako beharra duen gizarte eri honek heroiak sortzeko.

Zaindu!

Javier Ortiz in memoriam, Bilboko Hika Ateneoan

Hona hemen maiatzaren 8an egin zen ekitaldiaren kronika. Pertsonala, noski.

Dear JOR:

Ez naiz ni pasa den ostiralean Bilboko Hika Ateneoan Josu Torrek, Juan Zubillagak eta enparauek antolaturiko omenaldiaren kronika egiteko pertsonarik egokiena seguruenik (ekitaldian parte hartu nuen eta horrek begirada distortsionatzen du).

Ane, Charo eta lagun piloa hurbildu zen lokalera (eta ez ditut izen-abizenak aipatuko, asko eta asko kanpoan geratuko direlako). Taula gainera igo zirenen aipamen soila egingo dut.

Norbaitek zure argazkien muntaia egin zuen, eszenatokiko atzeko aldeko pantailan botatzeko. Gainera, Jamaikarako bidaian eramandako botikinean sartuko zenituen musika kantu ezinbestekoak jarri zituzten ekitaldia girotzeko.

Josu Torre aritu zen aurkezle eta gidari lanetan. Gero, Javier Vizcaíno gonbidatu zuten hitza hartzera. Mikrofonoa oraindik entxufatu gabe zegoen eta ez nituen haren hitzak behar diren bezala entzun, baina tripetatik hitz egin zuelakoan nago. Ez ote zuen bere etorkizun profesionalaz zerbait garrantzitsua esan? Hori iruditu zitzaidan, baina gero ez nion ezer galdetu horri buruz.

Gero ni igo nintzen, zu bezala: papera beti gertu. Bukaeran begiak busti egin zitzaizkidan eta ahots dardartiaz amaitu nuen.

Pedro Garcia Larraganek sentsazio hori areagotu egin zuen Ez nau izutzen negu hurbilak kantaren bertso batzuk abestu zituenean eta ekitaldiaren amaiera Juan Zubillaga aka Zubi handiak egin zuen. Honek kontatu zuen zenbat erokeria egiteko gai zinen gustuko musika eskuratzeko.

Bukaeran, nahi zuen orok izan zuen mikrofono aurrean berba egiteko aukera. Bi lagunek erabilera zuten aukera hori: lehenaren izena ahaztu egin dut, barkatu, eta bigarrena Martin Barriuso izan zen.

Bertan zerbait jan eta edan ondoren, bildutako batzuk Bere Bar tabernara joan ginen: oso ondo hartu gintuzten, nahiz eta esandakoa baino jende gehiago hurbildu. Ezin izan genuen Khalid Amzir agurtu, baina hurrengo batean lehenago abisatuko dugu.

Kronikatxo hau Rafa Berrio lagunaren kanta batekin amaitu nahi dut, ekitaldiak iraun zuen bitartean burutik kendu ezinik izan nuena. Abestiaren izenburua Absolución da. Zuregatik, Javier, baita guregatik ere.

Agur, JOR

Maiatzaren 31ko eguneratzea: aste honetako egun batean konturatu nintzen, kronika honetan ez nuela aipatu Josuk Verónica Portellek bidalitako testu bat ere irakurri zuela, Portellek ezin izan baitzuen joan ekitaldira. Barkatu, Verónica.

Mikel Iturria 2009/05/10

Agur Ibarretxe, kaixo López

Jamaikara bidaliko dut lehen gutuna.

Dear JOR:

Atzo gertatu zen denok espero genuena: Ibarretxek agur esan zion lehendakari karguari (baita, bolada batez, gutxienik, bere karrera politikoari ere) eta Patxi López izendatu zuten haren ordez. Ez dut astirik izan atzokoa behar bezala jarraitzeko, baina, gauean, egunean zehar gertatukoaren berri izandakoan, burutik pasa zitzaidan lehen gauza izan zen: zer idatziko luke gaur honetaz, Ortizek? Hau da, aurrekoan Jose Saramagok zu agurtzeko idatzitako testuan izandako burutazio bera.

Gero, Ibarretxek politika utziko duela jakiterakoan, pentsatu nuen ea zurekin gogoratu ote den azken egun hauetan. Ez dut ezer idatzita ikusi inon, baina igual niri pasa egin zait eta Juanjo zutaz oroitu da nonbaiten.

Patxi López, lehendakari. Bale. Sustatun irakurri dut Sarrionaindia, Saizarbitoria eta Onaindia aipatu zituela diskurtsoan. Ederki. Garan irakurri nuen, noizbait Kortaturen Sarri, sarri kantarekin dantza egin izan duela. Ondo da.

Pena hartu nuen Ibarretxeren agur hitzak entzundakoan, baina Eneko Olasagastik eta Joserra Garziak Argian azken aste hauetan idatzi dutenarekin bat nator: ez dela munduaren akabera izango. EAJk utzi behar zituen Ajuria-Eneako alfonbrak eta beste bati tokia utzi. Bai, badakigu nola gertatu den hau dena, baina orain esateak ez du balio. Lehenago egin behar zen zerbait.

Portzierto, zure webgunea berritzen ari gara. Bi atal berri sortu ditugu:

"Desde Jamaica", egunero zure testu zaharren bat errekuperatzen ahaleginduko gara.

"Tributos": zutaz jendeak idatzitako testuak jartzeko asmoa dugu, (nahiz eta zuri, agian, izen hori ez gehiegi gustatu).

Besarkada bat, JOR.

Mikel Iturria 2009/05/06

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31