Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak carmen_gurrutxaga

Harrikadak

carmen_gurrutxaga

Infernuan

Astearte iluntzean El Infierno Vasco film dokumentala estreinatu zen Donostian.

Gaur eguerdian Sustaturen bidez enteratu naiz azken balentria lotsagarriaz: Iruñeko Opuseko Unibertsitatearen aurkako atentatua. Gero, bertako ikasle eta irakasle izandako Ander Izagirreren mezua irakurri dut haren blogean. Ondoren, astearte iluntzean Giza Eskubideen VII. Zinemaldiaren lehen saio berezian ikusitako El Infierno Vasco filmaz gogoratu naiz.

Filma

Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainitako pelikula terrorismoaren biktimei buruz Iñaki Arteta bizkaitarrak eginiko filma da. Estrainekoz bota zuten dokumentala Euskal Herrian (Valladolideko Seminci jaialdian estreinatu zen aste bukaeran).

Astearte goizean Udaletxeko Gobernu Batzordearen aretoan izandako prentsaurreak interesa piztu zuen komunikabideen artean. Iluntzean, berriz, 400-500 lagun egongo ginen antzokian.

Artetak lehendik ere tratatu du gaia eta oraingoan Euskal Herritik alde egindako ia hogeita hamar lagunen testigantza erakusten digu: kazetariak, apaizak, ertzainak, irakasleak, epaileak, enpresariak, politikariak... Denek ETAren presioagatik alde egin dute Euskal Herritik (baten batek Jaurlaritzarengatik alde egin zuela zioen).

Niregandik politikoki urrun dagoen jendea agertuko zela banekien. Eta horregatik animatu nintzen filma ikustera. Entzutera joan nintzen, biktima hauen mina entzutera. Batzuek botatako astakeri politikoak kontutan hartu gabe.

Ia bi orduko pelikula da, baina adi egon nintzen entzuten, gustura. Pertsonaia publikoak daude tartean eta horiek baino askoz ere gehiago interesatu zitzaidan niretzat erabat ezezaguna zen jendea. Badaude edozein pertsona ukitzeko moduko kontuak.

Solasaldia

Solasaldian Iñaki Arteta zuzendaria, Cristina Cuesta eta Carmen Gurrutxaga, filmean parte hartzen dutenetako bi, egon ziren. Moderatzaile lanetan Edurne Ormazabal.

Lehenengo galderan pertsona batek GAL talde armatuaren apologia egin zuen. Bereziki Gurrutxagak eta Cuestak isilarazi zuten, baita gainerako ikusleek ere.

Bigarrenak, filma goraipatu ondoren, hutsuneak azpimarratu zituen: nik pentsatu nuen ETArengatik hemendik alde egindako jende abertzalearen hutsuneaz arituko zela, baina galdetzailea ez zegoen gustura Estatuko Segurtasun Indarren ordezkaririk azaltzen ez zelako dokumentalean. Itxuraz, ertzainak ez zituen eremu horretan sartzen. Artetak lehendik egindako lanetan agertzen zirela erantzun zion Cuestak eta zuzendariak berretsi zuen hori azpimarratuz filmak errealitatearen zati bat erakusten duela soilik.

Galdera gehiago egon ziren, baina azkenarekin geratuko naiz. Madrilgo artistek eta intelektualek zergatik ez diren gehiago bustitzen galdetu zuen pertsona batek. Beste gai batzuk erosoagoak direlako, laburbilduz, erantzun zion Artetak: hobe da baleen alde ateratzea, biktimen alde baino.

Zuzendariak zioenez Madrilgo puntako hogeitaka musikariri eskatu omen zien soinu bandan parte hartzea berak eskainitako abestiren bat goiz batean grabatuz. Inork ez omen zuen baiezkorik eman. Hori bai, Artetak azpimarratu zuen horietako batzuk parte hartzen dutela Kepa Junkeraren "Etxea" lan berrian.

Filma asteazkenean bota zuten Bilbon eta azaroaren 7an estreinatuko da Estatuko zortzi zinema aretoetan. Horietako bi sala Euskal Herrian daude: Bilbon eta Gasteizen, oker ez banago.

En el infierno

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31