Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak bertsoa

Harrikadak

bertsoa

Amets Arzallus eta Ortzi Oihartzabal Erakusleihoan

Gaur egongo da Ernest Lluch Kultur Etxean "Bertsu eta biolon" ikuskizuna. Bertsoa eta musika.

Pasa den hilabetean izandako Metro koadro bat emanaldiaren ondotik, Amets Arzallus bertsolariaren eta Ortzi Oihartzabal musikariaren txanda izango da gaur Erakusleihoan. Izan ere, Ernest Lluch Kultur Etxeko zuzendari berriak, Xabier Cañasek, Erakusleihoa programarekin jarraitzea erabaki baitu.

Prentsa oharrak dioen moduan "bi artista hauek hitza eta musikaren arteko bat-bateko bidai batera eramango gaituzte (...) Bibolinaren lau kordak eta ahots baten bi kordak korapilatuak, sormen bide ezberdinak jorratuko dituzte; musika, bertsoa eta idazkiak elkarrizketan. Esperimentazioa zuzenean".

Gehienok ezagutuko duzue Amets Arzallus, baina ezezagunagoa izango zaizue Ortzi Oihartzabal, Euskadiko Orkestrako lehen bibolina.

 

Ezagutu nahi izanez gero, gaur, azaroak 27, duzue aukera bikaina. Arratsaldeko 19:30ean da hitzordua Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian (sarrera Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean). Dena uste bezala ateraz gero, bertan egongo naiz gaur iluntzean.

Informazio gehiago, Donostia Kulturako Arte Eszenikoen atarian, victoriaeugenia.com webgunean: Amets Arzallus eta Ortzi Oihartzabal Erakusleihoan.

Amets Arzallus y Ortzi Oihartzabal en Erakusleihoa

Urumeak eta Mississippik bat egin zutenekoa

Inprobisazioa lege: bertsoa eta jazza bidelagun.

Ostegun gauean trago batzuk eta mokadutxoa hartu ondoren, Jazzaldian murgildu ginen. Bobby McFerrin abeslariak eta Donostiako Orfeoiak Zurriolako hondartzan eskaini zuten kontzertura hurbildu ginen lehenengoz. San Joan bezperako berbena mediterraneo baten antzeko itxura zeukan hondartzak. Toki txarrean jarri eta musika, publikoaren zurrumurru eta hotsen artean, ez zenez behar den bezala entzuten, aio McFerrin eta Orfeoia.

Groseko taberna bateko barran zerbeza garestia eta kaskarra hartu ondoren, Pupkulies & Rebecca hirukotearen musika dantzagarria entzun genuen Kursaaleko terraza batean. Gero, Mikel Azpiroz pianista lanetan zuen Australiako The Waifs taldea ikustera mugitu ginen. Kontzertuaren lehen zatia ikusi genuen soilik eta, ordu haietan eta toki hartan, folk-rock estatubatuar kutsukoa geldoegia zela iritzita, etxerako bidea hartu genuen.

Ostiralean, berriz, Bertsoa & Jazza ikuskizunak bete zuen gure egitaraua. Bertsolaritza ez zait bereziki gustatzen, baina bai puntako bertsolariei arriskua tonto bati baino gehiago gustatzea (Maiak antzeko zerbait esan zuen). Victoria Eugenia Teatroa bete egin zuen bost bertsozaleren (lau bertsolari + gai jartzailea) eta bost musikariren artean eginiko proiektuak. Emanaldiak iraun zituen bi ordutan apenas begiratu nion erlojuari eta hori seinale ona izaten da. Jendea ere gustura atera zen, baita eszenatoki gainean aritutakoak ere (hori esan zidan baten batek, bederen).

Oso gertu egon ginen eta bertatik bertara ikustekoak dira, adibidez, Ametsek kantatzeko unea iritsi baino zerbait lehenago, bertsoa prestatzen duen bitartean, egiten dituen keinuak. Barrutik ez dakit, baina kanpotik erlaxatuta zegoen Maialen eta gozatu egin nuen haren bertsoekin. Maia eta Egaña ere ondo. Laurak ibiliak dira bertsoa nahasten beste zenbait diziplinekin eta hori nabaritu zen. Unai Elizasu aritu zen gai-jartzaile lanetan.

Musikariak ere bere tokian egon ziren. Hasier Oleaga bateriajolea, Jon Piris kontrabaxujolea eta Bixente Martinez zuzendaria zeudela banekien. Sorpresa hartu nuen sartu aurretik Asier Ituarte tronboijole ondarrutarrarekin topo egindakoan eta Julen Izarra, berriz, ez nuen ezagutzen. Nire belarriak, aldiz, kanta klasiko-klasikoenak ere ez zituen atzeman. Benitoren Zenbat gara, Marleyren No woman no cry edota Kiko Venenok idatzi baina Camarónek famatu zuen Volando voy kanta, adibidez.

Azken honetan, bertsolariek mikrofono aurrean egin zituzten koruak (Volando voy / volando vengo / por el camino / yo me entretengo), baina Marleyren kantuarekin, berriz, No woman no cry ahopeka kantatu zuten. Hori eta eszenarioan mugitzeko euskaldunek dugun zailtasun atabikoa hobetuz gero, Euskal Herrian barrena ikusteko primerako ikuskizuna da.

Oharra: izenburua Maialenek amaieran abestutakoa da. "Urumeak eta Mississippik hementxe egin zuten bat".

De cómo se juntaron el Urumea y el Mississippi

The Waifs

Argazkia Yosigok egin zion The Waifs taldeari

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31