Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak ander_izagirre

Harrikadak

ander_izagirre

Gora mugalariak!

Ruperren Mugalaris. Muga (digitalaz) bestaldeko Anderren laguna. Mugako gau-lana: kontrabandoa.

Ruper Ordorikarena izan da urteko azken kontzertua. Duela hilabete batzuk berritutako Mugalaris taldearekin igo zen abenduaren 29an oñatiarra Victoria Eugeniako taula gainera. Antzokia lepo eta Ruperrek Hodeien azpian diskoa jo zuen, rupertorioko kantu klasikoak makulu gisa erabiliz. Ia bi orduko emanaldia, batzuentzat hotza, baina nik uste dut hori Victoria Eugeniako solemnitateari eta euskal publikoaren jarrerari egotzi behar zaiola.

Ruper, banda barne, ederto egon zen eta bere musikak nigan duen ebokaziorako joera dela medio, ostiral goizean Ander Izagirreren muga digitalaz bestaldeko lagunarekin gogoratu nintzen.

Anderrek kontatzen zuen aurreko batean mail bat idatzi ziola behin muga digitalaz bestaldeko lagun bati eta hura inprimatu eta korreo tradizionalaz, postaz, helarazi ziola. Amu moduan ere Mi amigo del otro lado apuntea idatzi zuen, baina hobe duzue istorioa haren blogean irakurtzea.

90. hamarkadaren erdialdean-edo, ordenagailua nuen etxean, baina ez Internet konexiorik. Lagun batzuk denboraldiak pasatzea joan ziren atzerrira: Estatu Batuetara, Ingalaterrara, Alemaniara... Garai hartan bidaltzen nituen gutunak Word Perfect erabiliz idazten nituen etxeko ordenagailuan, inprimatu eta postaz bidaltzen nien. Ez da gauza bera, baina tira.

Mugarekin jarraitzeko Rosa Arburua beratarraren Gau lana liburua argitaratu du Alberdaniak udazken honetan. Kontrabandoa eta estraperloa Bidasoaldean ditu hizpide Arburuak. Badaude istorio on batzuk, baina oso gordinki azalduta dago dena.

Istorio on horien artean dago 1960. hamarkadan etorkin portugesak nola eraman zituzten Portugaletik Frantziara. Sarea nola zegoen antolatua kontatzen digu Arburuak eta nola kobratzen zuten egindako lana. Etorkinaren argazki bat bitan zatitzen zen. Zati bat herrian gelditzen zen eta bestea etorkinak berak eramaten zuen soinean. Helmugara iristerakoan, erretratuaren bigarren zatia lana amaitzen zuenari ematen zion emigratzaileak eta poliki-poliki, migrazio-katea erabiliz, jaisten zen haren jatorrira. Herrian bertan lehen zatia zuenak, bigarrena jasotzerakoan, pagatu egiten zuen bidaia.

Ruper izan da abiapuntu eta berarekin bukatuko dut. Euskal herritar asko joan ziren atzerrira pasa den mendearen hasieran. Horietako batzuk Hego Amerikara. Hona hemen Ordorika Zaindu maite duzun hori kantatzen 2009an Buenos Airesen.

Ah! Leire Txargaini dedikatu nahi diot kanta, bideoa eta, batez ere, aurkezpena.

Mugalaris somos y en el camino nos encontraremos, este apunte en castellano.

Donostiako Udalak Josetxo Mayorri eginiko omenalditxoa

Gaur, irailak 29, udalbatzarrak omenaldi txiki bat egin dio Josetxo Mayorri.

Donostiako Udalak omenaldi txiki bat egin dio gaur arratsaldean Josetxo Mayorri, 25 urtez Ulia mendia garbitzen eta txukuntzen ari den gizonari. Alkateak, udalbatzarra bertan zela, erloju bat eman dio Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan. Juan Karlos Izagirrek une hori aprobetxatu du hiriko hainbat txoko eta elkarteetan bere kabuz, bolondres gisa, lanean ari diren hainbat pertsonari bere esker ona agertzeko. Josetxok eskerrak itzuli dizkio udalbatzarrari, baita naturzale guztiekin partekatu ere.

78 urterekin, Josetxo egunero doa Uliara, lanera. Gaur goizean, adibidez, Kutrailako iturritik behera XIX. mendeko bidexkara doan zonaldea garbitu du (Uliako ohikoek "Josetxo hiribidea" gisa bataiatutakoa, plaka eta guzti). Bihar hantxe bertan ikusiko duzue, buru-belarri. Ekitaldian egon diren errainak eta bilobak esandakoaren arabera, noizbait saiatu omen dira Josetxo Intxaurrondotik Uliara egunero egiten duen ibilaldian laguntzen, baina ezinezkoa omen da gizona jarraitzea ("aitona oinez baino korrika baitoa").

Ekitaldi xumea bukatu bezain pronto, 25 urte barru, urrezko ezteiak betetzerako planei buruz galdetzerakoan, Josetxok ez du zalantza izpirik azaldu:

-Hementxe bertan bazegoen ontzi-horniketan espezializatutako denda bat. Soka-biribilki itzelak saltzen zituzten eta nik horietako hiru erosi nituen.

Hau da, adorea ez zaiola falta gure Josetxori. Bejondeiola!

Homenaje a Josetxo, este apunte en castellano en el blog de Ander Izagirre. Argazkiak ere handik hartuak dira.

25 urte

25 urte bete ditu hilabete honetan Altzako Casares Kultur Etxeak. 25 urte eman ditu Ulia garbitzen Josetxo Mayorrek.

Pasa den larunbatean, Altzako Casares Kultur Etxearen 25. urteurrena betetzeko ekitaldi nagusian egon nintzen. 1986. urtean jaio baitzen kultur etxe hau. Aunitz jende bildu zen plazan, baita Tomasenen egin zen ekitaldian ere.

Bertara hurbildu nintzen eta gogoratu nituen 2002ko irailetik 2003ra iraila bitartean etxe santu hartan pasatako orduak. Eta ezagutu nuen Poxpolo, Casareseko lehen arduraduna, egun Eibarko Udaletxeko kultur teknikaria Portalean. Nire memoria oso ona izan da, baina izan jarri beharko diot hemendik aurrera. Agurtu nituen garai hartako hainbat ezagun eta kosta egin zitzaidan aurpegi haiek izenekin lotzea. Adibidez, orain zalantzatan nago ea Poxpolorekin ez nuen beste batean topo egin... Tira.

Larunbat arratsaldean, Ander Izagirrereren Josetxo de plata artikulua irakurri nuen. Josetxo Mayorrek 25 urte daramatza ere Ulia mendia garbitzen. 1986. urteko irailetik, hain zuzen ere. Bere kabuz hasi zen, mendia penagarri zegoela ikusirik. Ez nuen gizon hau ezagutzen, baina Cuidadores de mundos liburuan izan nuen haren berri. Gizon maitagarria egin zitzaidan hasiera-hasieratik. Ez du meritu makala Zemoriakoak! Egunero goizeko 7:00etatik 10:00etara egoten da Ulian. Hilean behin izan ezik... erretiro-pentsioa kobratzera joaten den egunean.

Hori da gaur kontatu nahi nuena... eta 74 urte gaur beteko dituen Ixabeli, nire amari, lerro hauek eskaini.

Mikel Iturria 2011/09/20

Sportingek 2 Realak 2

1981eko partida hura.

Ander Izagirrek idatzitako tuit honen bidez, gero Txomin Jauregik ReTuiteatu duena, futbozale eta zinemazale den Carlos Marañonek idatzitako artikulu honetara iritsi naiz: Sporting-Real Sociedad... ¡Equis!. Artikuluan film laburra ageri da itsatsita: Sporting 2 Real 2. Hamar minutu eskasetan protagonistak, Alzheimer gaitza duenak, behin eta berriro ikusten du Realaren partida bera, txuri-urdinek lehen liga irabazteko balio zuen hura. 1981eko apirilaren 26an Xixonen jokatutakoa.

Ez nuen filma ezagutzen eta gauza asko gogoratzeko eta mugitzeko balio izan dit.

Boliviako haur meatzariei laguntzeko aukera bat

Mineritos.org, Ander Izagirrek eta beste batzuek martxan jarritako ekimena.

Ayuda para los mineritos

Duela hamar bat egun Ander Izagirreren mezu bat jaso nuen gaur zuekin konpartitu nahi dudana.

"Askok ezagutzen dituzue Boliviako meatzeetan lanean ari diren haurrei buruz kontatu ditugun istorioak. Orain, ekimen bat sortu dugu asko gustatzen zaigun proiektu bat laguntzeko (Escuela Robertito), Potosiko Cerro Rico inguruko meatze-ahoetan bizi diren haurrak hartzen dituen eskola, hain zuzen ere. Eskolak ume hauek laguntzen ditu hezkuntza, elikadura eta osasun kontuetan. Eta, batez ere, laguntzen die prestakuntza emanez eta dituzten ahalmenak indartuz autonomo bihur daitezen, beste lanbide batzuk bila ditzaten meatzegietatik at. Gustatzen zaigu ez izatea asistentzia puntuala, baizik eta haurren autonomia etorkizunari begira lantzen duen eskola izatea, haurrek beraien kabuz bizimodua aurrera atera dezaten baldintza duinetan".

Gauza gehiago kontatu zituen Ayuda para los mineritos apuntean.

Egun batzuk pasa ondoren, mezu berri bat jaso nuen. Kasu honetan, Anderrek zioen abian zela jada mineritos.org webgunea.

Atera dituzten kalkuluen arabera ume baten hileko eskolaratze kostua 10 eurokoa da. Eta pentsatu dut agian gaur kontzientzia txarra izan dezakezuela atzo jan eta edandako guztiagatik (ajea ahaztu gabe, noski) eta egokia izan daitekeela urtea ekintza on batekin hastea eta horregatik eskaini diot gai honi 2011ko nire lehen apuntea.

Anderrek dio diru guztia Potosira joango dela, ez dela bidean ezer geratuko. Eta nik sinetsi egiten diot. Sartu, mesedez, mineritos.org webgunean. Eskerrik asko.

Datu bat gehiago: goiko argazkia Daniel Burguirena da.

Mineritos somos y en el camino nos encontraremos, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2011/01/01

Ander Izagirre Broad Peak-en

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendigoizaleekin batera joan da.

Ez dakit noizbait idatzi ote dudan hemen mendi kontuetaz. Egia esan ez dut gehiegi maite mendia. Eta himalayismoa eta zortzimilako mendien karrerak-eta show bussiness-arekin dute antza gehiago.

Zortzimilakoen karrera horretatik aparte bizi da orain Alberto Iñurrategi. Eta uste dut berdin daudela berarekin batera joandako beste bi mendizaleak ere.

Egia esateko, atentzio pizarra jarri diot Broadk Peak-eko espedizio honi beraiekin batera kronista lanetan eraman dutelako Ander Izagirre. Pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen ari dira oinarrizko kanpamentura eta handik izango dugu Anderren berri.

Nairolau, sardina bakalau

Nairolau du izena Nairobitarra berriak. Zigor Aldama kazetariak emandako hitzaldiarekin inauguratu da proiektua.

Badira jada zenbait hilabete Ander Izagirrek kontatu zuela Nairolau bi pisuko autobusa erosi zutela inguruko lurraldetan barna ibiltzeko eta jarduera interesgarriak antolatzeko asmoz. Egoera konplikatu egin da eta bigarren eskuko Scania autobusa oraindik geldirik dago, baina hori ez zen arazo izan pasa den ostegunean Nairolau proiektuaren aurkezpena egiteko.

Autobusa Tolosako Suhiltzaileen eraikinaren aurrean dago eta hara hurbildu ginen Zigor Aldama kazetariaren hitzaldira. Eskuzabal hartu gintuzten Josu Iztuetak eta enparauek. Gaztea da Zigor (29 urte), baina 10 urte daramatza jada Ekialde Urrunean. Orain, Shangain du egoitza, baina jarraitzen du alde batetik bestera mugitzen. Etxean burokrazia kontuak egiten ari zela aprobetxatuz, Tolosara gonbidatu zuten.

Prentsa idatzia jarraitzen baduzue, Zigorren izen-abizenak hainbat tokitan ikusiko zenituzketen azken bolada honetan. Izan ere, komunikabide askorekin kolaboratzen baitu.Txinari buruzko hainbat topiko puskatzeko balio izan zuen solasak, baina Txina erraldoiaren indarra argi eta garbi ikusi genuen (besteak beste, 2010. urtean mundu mailako produkzioaren %50a lortuko omen du).

Lau ordu egon ginen autobusean eserita. Hitzaldiaren ondoren, afari-merienda egin baikenuen bertan. Ander Izagirrek atera zuen goiko argazkia, baita egun hartakoak bere blogean kontatu ere: Cómo viajar a China sin arrancar el autobús.

Ea egin beharreko lanak amaitu, burokraziaren langa pasa eta autobus autogestionatua hortik zehar ikusterik dugun.

Amen.

Nairolau no está quieto-parau, este apunte en castellano

Malalai Joyaren ustez bakeari irain egin diote Nobel Saria Obamari emanez

Sustatun publikatu zuten atzo Malalai Joyak Donostian emandako hitzaldiari buruzko nire lerro batzuk.

Hunkituta atera nintzen atzo arratsaldean Malalai Joyak Donostiako Udaletxean eskaini zuen hitzaldiaren ondoren. Lehen miresten banuen andre hau, orain gehiago. 31 urte dituen emakume afganiarra da. 2005ean aukeratu zuten parlamentari, baina 2007an bota egin zuten Parlamentutik (pisuzko arrazoirik gabe).Geroztik, lau aldiz saiatu dira bera hiltzen eta guztietan onik atera da. Birkarzainen laguntzaz, burkaren babespean (emakumeek pairatzen duten indarkeria-ikurra, paradoxikoki), gauero etxez aldatzen da bizirik jarraitu ahal izateko.

Malalai Joya asko mugitzen da nazioarte mailan eta egun hauetan gure artean daukagu (Donostian, atzo; Iruñean gaur). Goizean elkarrizketa mordoa eskaini ondoren (adibidez, Irutxuloko Hitzari eskainitakoa hemen), berrehun bat lagunen aurrean hitz egin zuen atzo iluntzean Donostiako Pleno Aretoan. Egoera penagarria dela ezagutzera emateko, datu mordoa eman zituen jario handiko andre adoretsu honek.

Publiko artetik, pertsona batek galdetu zion ea zer pentsatzen zuen Obamaren Bake Nobel Sariari buruz:

"Bakeari irain egitea da Obamari Bake Nobel Saria ematea. Gerraren presidenteari eman diote. Zer egin du bederatzi hilabete hauetan Obamak Bakearen alde Afganistanen, Pakistanen, Palestinan...?"

Bi etsai mota dituztela ere gaineratu zuen: barrukoak eta kanpokoak. Azken hauei dagokienez, okupazio indarrek Afganistandik alde egin behar zutela aldarrikatu zuen eta, horretarako, gure laguntza eskatu. Nahi izanez gero, Malai Joyaren aldeko taldearen webgunearen bidez badago berarekin harremanetan jartzeko aukera.

Martin Luther King-en esaldi batekin amaitu zuen ekitaldia, heriotzaren beldur ez dela dioen Malalaik. Izan ere, inoiz itxaropena galtzen ez duen horietakoa baita hezur-haragizko gure heroi berria.

Mikel Iturria. Malalai Joyaren ustez bakeari irain egin diote Nobel Saria Obamari emanez. Sustatu. 2009ko urriak 16.

Bezperan nik hemen bertan ikusgai jarritako bideoa ere ageri da Sustatun. Ander Izagirre ere ekitaldian egon zen eta kronika ederra eta zabala moldatu du. No tengo miedo a la muerte, pero sí al silencio.

Malalai Joya: es un insulto a la paz la concesión del Nobel a Obama, este apunte en castellano.

Giza baliabideak eta andereñoentzako paseotxoa

Meatzarien mundua ez da asko aldatu azken urteetan.

"1970eko azaroaren 4a zen eta sei lagun ginen: Medina, Espainiakoa; Vittorio, Friulikoa; Luigi eta Michelle, Abruzzoetakoak; Luigi eta ni. Berrehun metro luze eta hirurogei zentimetroko altuera zuen tunel batean ari ginen lanean. Lur azpian, 875 metroetara geunden eta, egunero bezala, goizeko 10:00etatik 10:15era ogi puska bat jateko aukera genuen galeria hartan, ikatz zaina jarraituz egindako tunelaren kanpoaldean".

(...)

"1.800 metroetara ere jaisten zen jendea. 450 metroetan oraindik ondo zeunden, baina 500 metroak pasa ondoren, tenperaturak gora egiten zuen, 40, 42, 46 gradu... eta itotzeko zorian sentitzen zinen. Biluzik egiten genuen lan, baina hala eta guztiz ere izerdi patsetan bukatzen genuen. Batzuetan, mila metroak pasata, beroa benetan infernuko sua zenean, galtzontzilloak kendu, ondo-ondo estutu eta berriro jartzen genituen soinean".

Horrelako zerbait ageri da Angelo Ferracuti idazle eta kazetari italiarrak idatzitako Los Recursos Humanos liburuaren 83. orrialdean. Liburua lan munduari buruzko erreportaje ezberdinek osatzen dute.

Paragrafo horiek etorri zitzaizkidan burura atzo Ander Izagirrek idatzitako Un paseo de señoritas apuntea irakurri ondoren. Izagirre Bolivian da eta zenbait erreportaje bistan jarrita ditu jada A topa tolondro blogean. Aurrekoan esan nuen, baina gaur errepikatu egiten dut: oso gomendagarriak dira.

Bukatu da, bukatu da

Bukatu da. Akabo. "Funtzioa" telebista saioaren amaiera kanta gogoan esango diot agur udako oporraldiari.

Ostegunean etxeratu ginen Ibizatik eta jada hankak lurrean ditudala esan dezaket. E-mail mordoxka, apunte eta artikulu asko reader-ean, twitter, facebook... Batzuk irakurri ditut eta beste batzuk, komuna digitalaren barna joan dira. Hona hemen zenbait apunte aipagarri:

1.- Loquillo abeslaria Frankestein da urria-azaroan Donostian ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Astea iragartzeko eginiko kartelean.

2.- Facebook erabiliz, kanpaina hasi du ganberro koadrila batek Rebeca Linares porno-star donostiarra Urrezko Danborra izan dadin 2010ean. Oker ez banago, Larratxon jaiotakoa da, baina aspaldian egin zuen hemendik hanka. Ea PP eta PNVren babesa jasotzen duten.

3.- Fermin Muguruza Palestinan egon zen Check Point Rock filma aurkezten. Gaztelumendirenean ikusi dut ETBk eginiko bideoa.

4.- Real Madridek ez omen du nahi saskibaloian aritu Gipuzkoa Basket taldearekin (orain Lagun Arok babesten duena) partida horretako dirua Zurriola Ikastolarentzat delako (aurtengo Kilometroak festaren antolatzaile). Ez omen dute nahi asmo politikoekin erabiliak izatea. Asmo politiko horietarako izango da.

5.- Ander Izagirre kazetaria Bolivian da eta zenbait kronika idatzi eta jarri ditu jada bere blogean. Jarraitu beharrekoak. ziur.

6.- Ostiral gauean Grosen ospatu zen iraileko Pintxos & Blogs bileran egon ginen. Inoizkorik jendetsua izan zen, gainera. Horrek alde onak ditu, baina baita txarrak ere (ezin denekin egon).

7.- Giorgio Bassmattik, azkenean, baietz, diskoa egingo duela. Ez al zegoen ba gainbeheran diskogintza? Ima Ubedak dioen bezala, noiz ez da izan krisian musika industria? Honek berpiztuko du aipatu industria?

8.- Zer gertatzen da kazetari saltsero bat lehoi baten kaiolan sartzen denean? Galdetu Charles Stamer Smith jaunari.

9.- Amaitzeko, proposamen bat: datorren ostiralean, irailaren 11n, Thomas Canet argazkilariak inauguratuko du Ernest Lluch Kultur Etxean "Retratos / Erretratuak" erakusketa. Ekitaldia 19:30ean izango da. Bertara joateko asmoa daukat. Mostran Espainiako eta inguruko artista ezberdinen erretratuak. Klikatu bere izenaren gainean eta nabigatu haren webgunean barna.

 Se acabó

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31