Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak aeb

Harrikadak

aeb

Water boarding-a zer da?

Estatu Batuetako hiritar askok bezala, CIArentzat lan egindako John Radsan abokatuak uste du bi Zuzenbide mota daudela: estatubatuarrena eta gainontzekoena. Tortura ere kontzeptu erlatiboa da.

"Amerikarrentzako Zuzenbide bat dago eta beste bat amerikar ez direnentzat. Honen adibide garbia da Al Qaedarekin izandako loturagatik atxilotutako bi amerikarren kasua. Azalaren kolore desberdinagatik konpondu zen. Bata izen saxoiko kaliforniar txuria zen. Estatu Batuetan epaitu eta hogei urteko kondena jaso zuen. Bigarrena, Luisianakoa, famili eta izen arabiarrekoa, beste modu batez izan zen tratatua. Lege aholkulariek gomendatu eta lortu zuten amerikar naziotasunari uko egitea. Eta Guantanamon sartu ahal izan zuten".

Hitzok CIAko abokatu ohi gisa bere burua aurkeztu zuen John Radsanek bota zituen Diario de Cádiz egunkarian. Andaluzian oporretan nengoela, Cadizko Unibertsitatera etorri zela irakurri nuen aipatu periodikuan. Azalean agertzen den titularra ere politta: "Tortura kontzeptu erlatiboa da".

"Esan genezake gizon bat bi gauez lorik egin gabe edukitzea tortura dela. Edo ez. Hiru beharko lirateke. Edo ez. Lege aholkulariek erabakitzen dute hiru ez dela tortura; krudela da, baina ez da tortura. (Horretarako) lau beharko lirateke. Tortura erlatiboa da. Gauza bera gertatzen da water boarding teknikarekin -atxilotutakoaren burua behin eta berriz ur azpian sartzea (hark) itolarria sentitu arte-: kontsidera daiteke ez dela tortura, simulazio soila baita. Ez dago atxilotuarekin akabatzeko asmorik. CIA praktika hauen kontra agertu zen, baina Cheney Estatu idazkariak kontrako iritzia zuen eta presidenteak baimendu egin zituen. Konstituzioa urratu zen? Ez, estatubatuarrei aplikatu ezean. Beste behin gerra-egoera aipatu zen. Orain, Obamak erabaki du tortura dela water boarding-a. Ondo, egin dezagun, alda dezagun interpretazioa. Ez da torturarik egon ez kasu batean ez bestean, intentsitate gehiagoko edo gutxiagoko galdeketa-teknikak aplikatu ditugu".

Ez dakit zuei, baina niri arraroa egin zitzaidan tipo hau horrela agertzea periodiko espainiar batean.

Amaitzeko: Cadizko Unibertsitateak eta Seguritas enpresak antolatutako Segurtasun Agorara gonbidatua izan zen Radsan.

Amen.

¿Qué es el water boarding? este apunte en castellano

Mikel Iturria 2011/06/16

Erykah Badu-ren bideoa

JFK presidenteak hil aurretik eginiko azken metroak egin ditu bideo batean abeslariak. Striptease eta guzti.

Erykah Badu abeslariaren disko bakarra dudala uste dut. Zuzeneko bat ez dakit non eta noiz erositakoa.

Herenegun ikusi nuen arazoak zituela eginiko bideo batekin. Windows Seat kantari eginiko bideoarekin izan ditu arazoak Dallasko abeslariak. Izan ere, JFK zenak hil aurretik eginiko azken metroak egin baititu Baduk. Baina bidea egin bitartean soinean zituen arropak kentzen ditu. Eta bi nahasketa horiek (JFK gehi biluztea) gehiegizkoa dira AEBetan.

Ez dut nahikoa ezagutzen emakume hau eta susmagarria da bideo hau azaltzea disko berri bat argitaratzen duen une berean (New Amerykah Part Two. Return of the Ankh).

Kanta gustatzen zait eta meritua ematen diot jendaurrean biluzi eta, estetikak hainbeste agintzen duen gizartean, gorputz hori erakusteagatik. Bejondeiola Badu andereari!

;

Mikel Iturria 2010/04/07

Afganistanen bonbak jaurti ondoren, familiarekin afaltzera

Lau minutu pasatxoko bideoa. Aktan jasoa. Sustatu.

Ander Izagirre kazetariaren bidez izan dut bideo honen berri. Berak fogonazos izeneko blogetik jaso du: Bombardeo en Afganistán y después a cenar a casa.

Kontua da bonbak botatzen dituztenak Estatu Batuetan daudela, Las Vegasko iparraldean dagoen Creech basean. Eta hildakoak, berriz, Afganistanen. Urrutiko kontrol bidez maneiatzen dituzte abioiak eta bonbak.

Lau minutu pasatxoko bideo beldurgarria.

 

Afganistanen bonbak jaurti ondoren, familiarekin afaltzera. Aktan jasoa. Sustatu. 2009-10-26.

Mikel Iturria 2009/10/26

25 urte ondoren, presidente hautagai bat Boisen

Bai, badakigu Atxaga dela berriemaile berezia, baina nire lagun bat Boisera joan da sei hilabete pasatzera eta kontatu dit larunbatean Obama hirian egon zela. 25 urte pasa omen dira azken presidente-hautagaia hirira etorri zenetik.

 

Atxagak atzo kontatu zuen bigarren aldiz egon zela Barack Obama ikusten. Igandean, nire lagun batek bidali zidan mezua esanaz bera ere egon zela hautagaiaren mitinean. Uste dut biak toki berean egon zirela, baina laguna ederki sufrituta sartu zen barrura. Bere ustez, Atxagak pase berezia dauka. Horra hemen kontakizuna:

Larunbatean Obama Boisera etorri zen. Kontatzen dutenez, baziren 25 urte hautagairik hemendik agertzen ez zela (4.000 ordezkari demokraten artean, Idahori 22 besterik ez dagozkio), baina Coloradon zuen hitzordua erori eta Idahora etortzea erabaki zuen. Jakina, hemengo jendea eroturik zegoen (Supertuesday-aren aurreko asteburuan hautagai bat etortzea!).

Mitina goizeko 8:30etan zen hastekoa (eguerdian Utah-ra zihoan eta gauean Louisianara). Saskibaloi Arenako ateak goizeko 7:00etan zabaldu zituzten. Badaezpada, goizeko 6:30etan han nengoen ni. Bi kilometroko lau ilara zeuden. Ordu eta erdi zain egon ondoren (-8 gradu kalean), mitina hasi baino bost minutu lehenago sartu ziren azkenetakoa izan nintzen.

Foroak 20.000 eserleku ditu (Donostiako Belodromoaren antzekoa, baina palko, mezzanine eta balcony lau aldeetan) gehi beheko parketa. Ni bezalako tuntunak azken pisuan geunden zutik, aurreko bi lagunen sorbaldaz aparte zerbait antzeman nahian. 10.000 lagun kanpoan gelditu ziren, barruan gertatzen zena pantaila bidez ikusten.

Obamarena baino, jendearen ikuskizuna zen jarraitu beharrekoa. Hemengoek ez dute erdibiderik: suediarrek bezala itxoiten dute ilaran (ezer esan gabe, txintxo-txintxo), baina Euskaltelen Pirinioetako jarraitzaile bihurtzen dira barruan.

Obamak esandako erdia-edo ulertu nuen. Aste honetako diskurtsoa azaldu zuen: Tax (igoera %38-raino), Health (sistema bat osatu) and War (alde egitea). Telebistan egunero debateak eskaintzen dituzte eta hautagai bakoitzak inkesten arabera aldatzen ditu argudioak eta besteekiko jarrerak. Bera eszenatokian oso ondo mugitzen da eta berdin kontrolatzen du ere jendea noiz altxarazi eserlekuetatik.

Nire aldamenekoak Washington Statetik (8 ordu kotxez), Alaskatik (2 ordu hegazkinez) eta Montanatik (4 ordu autoz) etorriak ziren. Zergatik? Estatu hauek demografikoki ezer gutxi direnez, seguru horietara ez doala inor.

Portzierto, ni harrituta nago Atxagak nola azaltzen duen bere blogean zer den Obama eta Clinton kandidatoen mitinetara joatea: joan, sartu eta entzun. Pase berezia izan beharko du horretarako.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31