Harrikadak
Kirol harrikadak
Reala maldan behera
Reala – Eibar futbol partida ikusten egon nintzen atzo, beste 19.000 lagunek bezala. Eta etxera penaturik joan nintzen. A ze gurutzebidea tokatu zaigun txuriurdinei!
Sarreran Anoeta aldizkaria jaso nuen. Unai Emery bolada ezin hobean dagoen Valentziako entrenatzaileari eginiko elkarrizketa, alde batetik, eta bera bezain ondo ari den Liverpooleko Xabi Alonso jokalariari egindakoa, bestetik. Horrelako jendea behar dugu hemen. Iritsiko ote da eguna biek ala biek Realera bueltako direna? Batek daki.
Utz ditzagun ametsak alde batera, gaur egun Reala noraezean baitago, azken urteetan bezala, eta ez da erraza jakitea nola aterako den klub txuri-urdina ataka gaizto honetatik.
Atzo Edurnerekin eta Aitorrekin egon nintzen zelaian. 1993-1994 denboraldian bost lagun hasi ginen joaten zelaira eta egun hirurak geratu gara soilik. Ez gara beti joaten, baina bai ikusten ditugula partida mordoa elkarrekin. Inguruan zegoen Edu ere gurekin egoten da askotan. Atzo ez.
Eibarren kontrako derbia pentsaezina zen duela urte batzuk. To, orain ezin irabazi Anoetan! Dena dela, gutxienekoa emaitza izan zen atzo, Realaren kirol gainbehera laburbilduta ikusteko aukera izan baikenuen laurogeita hamar minututan: funtsezko jokalari baten lesio larria (animo, Iñigo), ordezko kanpoko jokalari erdipurdikoen lan kaskarra, zalegoaren antsietatea eta erokeria (Lillok hartutako kolpea, botilarena), jokalariei ezer esan gabe aldageletarako bidea hartu zuen epailea. Horri gehitu erakundearen porrota (konkurtso-legea eta jujearen interbentzioa).
32 urte omen ditu botila zelaira bota zuen zaleak. Atletismo pistak tartean izanik, punteria behar da norbaiti buruan jotzeko. Bera da erruduna eta berak pagatu behar du. Baina bera bezalako zenbat jende dago portaera eskasa duena estadio batean? Makina bat.
Triste nago atzokoarengatik. Pasako da.
Amaitu da realzaleen sufrikarioa denboraldi honetan
Bai, amaitu da. Tristea izan da, baina futbola soilik da. Ikusteko dago orain zer gertatzen den gure Realean. Usain txarra harrapatzen diot.
Anoetako harmailetan egon naiz gaur arratsaldean. Joan aurretik pentsatzen nuen talde txuri-urdinak irabaziz gero, Lehen Mailara egingo zuela jauzi. Baina usteak erdi ustel. Gure aurretik zeuden beste bi taldeek etxean jokatzen zuten ere eta irabazi egin dituzte norgehiagokak.
Barruko senari kasu eginez gero, jokalariek maila eman ez dutela da ateratzen den lehenengo erreakzioa. Dena den, badute meritua ikusirik erakunde hau nola dagoen. Hiru presidente eta beste hainbeste entrenatzaile ezagutu ditu plantilla honek denboraldi honetan eta gai izan da azken unera arte igotzeko lehian segitzeko. Badago esaterik, noski baietz, hanka sartze itzela egin zutela Gasteizen aurreko jardunaldian (behintzat Alavés taldeari Bigarren Mailan jarraitzeko balio izan dio).
Okerrena da gure erakunde honek ez duela hondoa jo. Badiola presidentearekin jai dugu (eta honek ez du zerikusia Lehen Mailara igotzearekin edo ez igotzearekin). Gustatuko litzaidake oker egotea, baina ez dut uste horrela izango denik.
Lerro hauek idatzi aurretik, etxean jada Anoetatik bueltan, Antoñana Moraza bozeramaleak egindako agerraldia entzun dut. Harrigarriena izan da Teledonosti telebista lokalean eta Punto Radio irratian duela hiruzpalau aste arte komentarista lanetan egondako abokatu donostiarrak nola defendatu duen publikoki Badiola eta nola egin duen Diario Vascoren aurka (gogoratu behar da aipatu bi medio horiek DVren talde berean daudela). Aipatu bi emisoretan bere jefe izandako Tito Irazustak sartu behar izan du tartean Antoñanak DVko kazetari batekin izandako sesioan.
Jendea bero dagoela dirudi agintea dagoen tokietan. Odón Elorza alkateak berak ere aurreko astean gutuna bidali zuen DVra zalegoari eskerrak emateko, baina Gasteizko partidan zenbait jokalarik izandako jarrera kritikatu zuen bertan.
Datorren asteartean, 17an, Batzarra deitu du Administrazio Kontseiluak. Ea zer gertatzen den, baina itxura txarra du Reala maiteak.
Aupa Real!
Mundu moteletik bueltan
Amaitu dira oporrak.
Abenduaren 29an autobusa hartu genuen Bilbora joateko. San Mamesen Euskal Herria eta Kataluniako bi taldeen arteko futbol partida ikusten geratu beharrean, aireportura joan ginen eta handik Tenerifera. Playa de las Américas-en egon gara astebete hotel batean.
Arraroa izan da gabon giroa: hogeita
lau gradu, hondartza, eguzkia. Arraroa izan zen ere urteari agur esatea
zopa bat, letxuga hosto batzuk, jogurta eta kamamila hartuz, baina gorputzak ez
zuen ezer gehiago nahi. Bide batez, Kanariar irletako ordua dela-eta, ezin
jakin noiz demontre ospatu behar den urte aldaketa.
Gauza horiek alde batera utzita, denbora aprobetxatu dugu lagun eskoziar bat
eta haren emazte espainola zein semea ikusteko. Era berean, Tenerifen oporretan
zegoen beste lagun bat ezagutu dut.
Zazpi urte generamatzan internet bidezko harremanarekin, baina urtarrilaren 4an
Santa Cruz-eko Círculo de Bellas
Artes lokalera hurbildu ginen Samuelek bertan eman
beharreko hitzaldira.
Gustura egon naiz, beraz, osasun kontuak alde batera utzita. Batez ere internet
bidez jarraitu ditut hemengo notiziak, baina paperezko periodikoren bat edo
beste erosi ditut ere. Horrela eta SMSei esker jakin nuen Iñaki Badiola
dela Realaren presidente berria.
Urte hasiera honek aldaketak ekarriko ditu.
Urte berri on.
Sexu erasoak futbolean
23 urteko futbol jokalaria detenitu dute Bizkaian. Bost sexu-eraso egiteaz akusaturik dago Real Unióneko futbolista.
Atzo goizean entzun nuen irratian Real Unión futbol taldeko jokalari bat atxilotu zutela Bizkaian bost sexu eraso egiteaz akusatuta. Egunkarietan ibili naiz albiste gehiagoren bila eta hau aurkitu dut Noticias de Gipuzkoan. Periodikoak dio Ertzaintzak ez duela jokalariaren izen-abizenik eman, baina, Radio Irun aipatuz, jokalari honen izena ageri da artikuluan.
Ez nuen jokalaria ezagutzen, baina aste honetan bigarren aldiz entzun dut bere izena. Lehenengo aldiz bestelakoa zen arrazoia, talde irundarrak Valentziaren aurka jokaturiko Kopa partidan jokaldi ikusgarria egin eta taldekide batek gola lortu zuelako.
Eta orain hau. Azken urtean bost sexu eraso egiteaz akusatua izan da. Hala bada, ederra fitxajea! Antzeko saltsetan ibiliak dira futbolista ezagunak, baina goi mailako kirolariak direnez azkar desagertzen dira istorioak komunikabideetatik. Kasu honetan, berriz, ez da eliteko jokalaria eta gauza asko dago oraindik argitzeko. Hala ere, neskek pasa dutena larria izanik, tristea da 23 urteko mutila horrelako saltsetan nahasita ikustea.
Ezer gutxi dut gehitzeko.
Diru txinatarra Realean
Diario Vascok tarte zabala eskaini dio igandean Realaren ehuneko 35a erosi nahi duen inbertsio talde txinatarrari. Lighthouse Consulting Limited du izena konpainiak. "Joño!" pentsatu dut "hauek ere konturatu dira Vocentoko anaia giputzaren oniritzia nahitaezkoa dela talde txuri-urdina kontrolatzeko". Eta Vocentok jarri du martxan makineria. Eta irakurri dut informazioa. Eta filtrorik eza nabari da bertan. Hau da, Iñaki Badiolak eta enparauek egindako txostenetik egunkariaren paperera edo webgunera ia zuzenean pasa dutela dirudi.
Txinan egon daitezkeen negozio aukerak aipatzen dira, kluba burtsara atera nahia, kudeaketa beste modu batez egitea. Exekutibo eta negozio-gizonen hizkuntza hori arrotza zait.
Futbolari dagokionez, harrobia eta puntako fitxaketak uztartzeko asmoa azaltzen da. El Mundo Deportivon, berriz, Riquelme futbolariaren izena ageri da, balizko fitxaketa gisa.
Nor da Iñaki Badiola? Zer da Lighthouse Consulting Limited?
Joan den astean atera da bere izena. Iñaki elkarrizketatu omen zen María de la Peña eta Administrazio Kontseiluko beste kide batzuekin.
Inguruan galdetu dut eta 40 urteren bueltan dagoen tipoa dela esan didate. Formak zaintzen dituen enpresa-gizona, jatorra. Ezer gutxi, beraz.
Iñaki Badiola Menéndez zein den galdetu diot googleri eta atleta gisa korritutako lasterketak eta markak ageri dira soilik.
Ignacio Badiola Menéndez jarriz gero negozio gizonari dagozkion lotura urri batzuk baino ez dira ateratzen. Periodikoak Grupo Santanderen aritutakoa dela dio.
Irudi bila, argazki txar bat topatu dut Donostiarrak atletismo taldearen webgunean. Lasterketa herrikoietan parte hartzen duen talde handia da hau. Mezuren bat edo beste utzi izan du webgunean, Donosti Cup-en osatutako ekipoaren ibilbideari buruzkoa, adibidez. Beste norbaitek, lasterketa baten kronikan, Torito deitzen dio.
Enpresari dagokionez, azken egunetan kirol prentsan ageri izan diren artikuluak albo batera utzita, informazio gutxi ageri da sarean. Lighthouse Consulting Limited google-n jarrita, bigarren orrialdean ageri da info hau. Atentzioa deitu dit orrialdearen izenak: alibaba.com.
"Lighthouse consulting limited is a consulting and trading company based in spain and hong kong. We provide consulting and trade related services to industrial companies in europe and latin america. We cover sectors such as automovile, construction, machinery, tobacco, toys, etc. We help our customers in areas such as outsourcing, maket penetration, and m&a".
Webgune horri kasu eginez gero, konpainia txikia da: ez ditu bost enplegatu eta negozio bolumena milioi bat dolar inguruan omen dabil. Beraz, badirudi beste norbait dagoela honen atzean.
Ondorioa
Oraindik ez dut iritzirik. Informazioa falta zait. Seguru datozen egunetan albiste gehiago izango ditugula.
José Rolando Ovando, ia hogei urte ondoren
Sorpresa ederra hartu nuen atzo Gaur 8 zabaldu nuenean kiroldegiko bizikleta gainean: José Rolando Ovando txirrindulari ohi guatemalarrari Xole Aramendik eginiko elkarrizketa azaltzen baitzen.
Pista galduta nion Ovandori, baina poztu naiz Zizurkilen bizi eta hiru alabaren aita dela jakiterakoan. Elektrikari lanetan omen dabil Euskal Herrira 80. hamarkadaren lehen urteetan Guatemalako selekzioarekin etorritako mutil atsegina. Hango federazioak hiru txirrindulari ekarri zituen Gipuzkoara eta hemen pasa zuten zenbait hilabete.
Gainerako lagunak juxtu samar ibili ziren eta agudo samar Guatemalara bueltatu zirelakoan nago. Rolando, berriz, bertan geratu eta Gurelesa talde amateurean aritu zen. Handik salto egin zuen profesionaletara: Reynolds, Teka, Once, Tulip Computers eta Wigarma. Elkarrizketan dio, osasun arazoak tarteko, ez zuela mailarik eman, baina zazpi denboraldi egin zituen kategoria horretan.
Gogoan dut Irungo San Pedro karreran podioa zapaldu zuela. Speakerak igoarazi zuen taula gainera eta elkarrizketa egin zion. Bere herriko ohiturari jarraituz, galderari erantzun aurretik, jendearen harrera eskertu zuen: "Antes que nada quiero agradecer a la afición vasca todo el apoyo que me brinda y…".
Garai hartan ez zegoen Euskaltel-Euskadi talderik, baina, gaur egungo irizpideak jarraituz, Ovandok ez luke aukerarik izango bertan korritzeko. Imanol Muruak dioenez, hori gertatzen omen zaio Oiartzunen bizi den Allan Davis karrerista australiarrari.
Makal dago Reala
Larunbat goizean ez nintzen Realaren Ez-Ohiko Batzarrera joan (halere, ana m gogotsuaren esku utzi nituen nire bost akzioak). Batzarraren zati luze bat jarraitu nuen telebistaz (eguerdiko 13:00ak arte) eta irratiz (hogei minutu gehiago Irunerako bidean).
Batzar tranpa
Akzionistei prestaturiko tranpan erori da Administrazio Kontseilua: ez baitzuten espero akzionista txikiek horrela egitea aurre (hitza hartu zuten gehienek errespetu osoz aritu ziren).
Apars-Ezate
Hori al zen dena, lagunok? Kontseilua botaz gero, mahai gainean jarriko dugu lehenengo mailako entrenatzaile baten izena? Tabernako oposizioa zirudien, nonbaiten irakurri dudan bezala.
Jende gaztea
Sorpresa polita izan zen jende gaztea entzutea, lotsagabe eta diskurtso egituratuarekin. Eta hori bai ez dela erraza (1700 lagun bertan, hiru telebista kate zuzenean eta irrati pare bat).
Paperak galduta
Amorragarria iruditu zitzaidan nola galdu zituzten paperak akzionista batzuek María de la Peñak txostena irakurtzen zuen bitartean. Ulergarria izan daiteke, baina pastilla hartuta joatea komeni da. Horrela, gainera, haria galtzen zen.
Administrazio Kontseilua
Negargarri. Bakar-bakarrik utzi zuten María. Ansoaldek konpromisozko zenbait interbentzio egin zituen eta gainerako kideek poker aurpegia jarri eta kitto. Futbolaren negozioa agintariak txikitzeko makina bihurtu da.
Zer puskatu da Realean?
Zer edo zer garrantzitsua, baina barruko inor ez da gai hori konpontzeko. Gela erdiko elefante arrosari erreparatu, mesedez.
Haustura?
Batzuek diote haustura dagoela. Ez nintzen bertan egon eta ezin dut baloratu bertako giroa. Gustatuko litzaidake jakitea nortzuk eman zioten botoa Administrazio Kontseiluari. Itxura guztien arabera akzio pakete garrantzitsuak dituztenak dira, interes handiagoak dituztenak Realaren inguruan.
Ez dut uste akzionista txikia bananduta dagoenik: Administrazio Kontseilu honen aurka dago.
Trantsizioa
Gaur aurkeztuko omen dute kirol zuzendari berria, Salva Iriarte. John Benjamin Toshacken morroi izatera mugatuko da? Badirudi baietz. Eta aste honetan aurkeztuko omen dute Chris Coleman ezezaguna.
Hauteskundeak? Miguel Santos dator?
Gaur egungo liderrak
Atzo arratsaldean Daniel Innerarity idazleari irakurritako lerro batzuk jarriko ditut segidan:
"El líder actual ya no necesita leer demasiado ni pensar mucho. Ni siquiera tiene que argumentar ni resultar convincente; basta con que consiga manejar correctamente los mecanismos de la atención pública. Es alguien que no tiene ideas para convencer, sino procedimientos para distraer".
Adi, beraz.
Azkargorta edo Galeseko hirukoa
Pasa den igandean Xabier Azkargortari eginiko elkarrizketa hau entzundakoan, konturatu nintzen oraingoan ere ez dela etorriko Donostiara.
Gainera, komunikabide ezberdinek argitaratu dute Administrazio Kontseiluak John Benjamin Toshack aukeratu duela Reala bide onean jartzeko. Salva Iriarte izendatuko omen dute kirol zuzendari eta Chris Coleman entrenatzaile.
Baga
Marka da gero, berriro ere JB jarri nahi izatea agintzen. Inor ez al da gogoratzen aurrekoan nola kanporatu zuten?
Biga
Lotsagarria iruditzen zait gizon honi laugarren aukera eman nahi izatea eta Azkargorta azpeitiarrari, harrobikoari azken finean, aukera bakar bat ere ez ematea.
Higa
Larunbatean irakurri nuen nonbaiten Salvak jarraituko zuela Galesekoentzat lanean, baina hemen ezetz diote, full time arituko dela. Dena dela, JBk bai jarraituko duela Galeseko hautatzaile. Ez al da askoz ere logikoagoa egoeraren gordina aintzat hartuz, dagoena buru belarri aritzea?
Tristea da egoera, bai. Eskerrak behintzat Eibar Bigarren Mailara igo den. Zorionak.
Segundan
Lagartija Nick taldearen saioan egon naiz Gazteszenan. Ekitaldi honekin Musikaren Eguna ospatu nahi izan du garagardo marka batek Donostian. 1996an Morente artista flamenko handiarekin grabaturiko Omega gustuko lanen artean badaukat ere, inoiz ikusi gabea nuen zuzenean Granadako talde zaratatsua eta azkar joan da ordubeteko emanaldia.
Egile eskubideak: Jon Iraundegi
Afalorduan Irutxuloko Hitzaren laguntza izan dut. Donostiako egunkariaren bezperako zenbakian Gaztelumendi anaiek idatzitako Primeran artikulua irakurri dut. Bertan Realaren jaitsiera aipatzen dute, futbolak duen garrantzia bere tokian jarriz.
Gaurko gutunen artean, berriz, ekainaren 30ean Realaren Ez-ohiko Batzar Nagusirako deialdia jaso dut. Ez dakit agertuko naizen (agian hauei emango dizkiet nire bost akzioak), baina ezinezko ikusten dut gaur egungo agintariak klubetik joatea.
Asteartean egin nuen topo taberna batean Administrazio Kontseiluko zenbait kiderekin. Anoeta Estadio aldamenean zeuden bilera baten ondoren. Ez zegoen jende askorik, baina lasai aritu ziren solasean.
Ez da lehenengo aldia beraiekin topo egiten dudala taberna horretan. Realak Osasunaren aurka galdu ondorengo astelehenean, lanetik atera eta bertara joan nintzen trago bat hartzera. Han zeuden kontseilu kideak. Buelta eman eta etorritako bidetik joan nintzen etxera. Edozer gauza esateko moduan nengoen-eta.
Ez dut esango direktiboak jipoitu behar ditugunik, baina ezer pasatuko ez balitz bezala ibili nahi izateak, klubaren aginte makilarekin jarraitu nahi izateak, amorrarazten nau.
Bi urteko kudeaketa negargarria egin ondoren, egungo Administrazio Kontseilua ez da gai taldea Lehen Mailan jartzeko. Utikan.
Manque mierda
Garai bateko Betis gustuko nuen; talde atsegina, zalego are atseginagoa (manque pierda). López Ufartek aste honetan kontatu du taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, abonatu eta bazkide kopurua igo egin zela laurogeigarren hamarkadaren bukaeran.
Gaur egungo jabeak boterea hartu zuenetik, gauzak asko aldatu dira. Ez da han bakarrik gertatu, futbola (eta ingurua) asko kakaztu baitira, han eta hemen.
Gehienok jakinaren gainean egongo zarete. Pasa den asteazkenean, otsailaren 28an, Betis eta Sevilla taldeen arteko norgehiagoka jokatu zen lehenengoaren zelaian. Jokoan Kopan urrats bat ematea, finala jomugan. Kanouték kanpoko taldea aurreratu zuenean, bigarren zatiaren hasieran, norbaitek botila bat jaurti eta buruan seko jo zion Juande Ramosi, Sevilla taldearen egungo entrenatzaileari, lehenagotik Betisen prestatzaile izandakoari. Ramosek konortea galdu zuen eta esku-ohe batean atera behar izan zuten bertatik. Partida bertan behera utzi zuen epaileak.
Gau hartan telebista kate ezberdinetan bota zuten irudia. Etxeko taldearen presidente den José León Gómez jaunak komunikatua irakurri zuen kameren aurrean:
"El Consejo de Administración del Real Betis Balompié, sus técnicos y jugadores lamentan el incidente que de forma puntual y aislada ha ocasionado la suspensión del partido de cuartos de final de la Copa del Rey entre el Real Betis Balompié y el Sevilla Fútbol Club".
Hori baino puntu gehiago ditu agiriak, baina hemen egingo dut planto.
Galdera: edozein biolentzia-motaren aurrean, behin eta berriro gaitzespenak eskatzen dituztenek, ahorik zabaldu al dute oraingoan?