Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak Besteen harrikadak

Harrikadak

Besteen harrikadak

Irakurle mantsoa

Patziku Perurenaren “Dakiguna ikasten” liburutik.

"Neronek ikasia dut irakurketa atsegina patxadakoa izan ohi dela beti. Ni irakurle arretatsu bihurtu banaiz, irakurle trakets eta mantsoa naizelako da. Irakurle ona banaiz, irakurle azkarra ez naizelako da. Irakurlerik onenak, irakurle txarrak dira. Ezagutu dut jendea, nik orri erdi bat irakurtzen nuen bitartean, orriak eta orriak irakurtzen zituena, eta ez prezisamente irakurtzen zuenaz ohartu gabe. Baina, gauza bat da irakurtzen duzuna entenitzea, eta beste gauza arrunt diferentea, irakurtzen ari zaren pasartean adimena trabatu eta gelditzea. Ongi irakurtzen duenak gaizki irakurtzen du beti: hartzen ari dela uste duen hartan, utzi egin behar baitu berea".

Patziku Perurena, Dakiguna ikasten liburutik

En castellano

Xapre, euskal hippy bitxia

Herenegun aipatu nuen nahi duen bezala bizi den gizaseme bat, Mikel Urmeneta. Gaur, berriz, beste bat: Xapre trikitilaria.

"Aitari garai batean esaten nion: ikusten duzu, zuek alferraren fama aitatuz gero gaizki hartzen duzue. Munduan dagoen onena alferraren fama izatea da eta! Niri ez dit inork lanerako deitzen, denak jan eta edan egiteko. Eta bizitzeko inportanteagoa da jatea; jan gabe ez da inor bizi, lanik egin gabe asko".

"Atzo? Siesta pixka bat egin eta ama ile apaindegira eraman nuen. Zazpiak aldera etorri eta joan nintzen Galarretara [pilotalekura]. Partiduak bukatu zirenean lagun batek esan zidan etxera eramateko, Mirakruzera [Donostia]. Eta Josean Tolosak: 'deituko diat nora goazen afaltzera sagardotegira edo, Zepakoa ere hemen dago eta'. Bale. Beste hura utzi nuen etxean, eta artean ez zidaten deitzen. Ba Juan Mariri [Arzak] bisita egingo diot. Sagardotegian zegoela nagusia, baina esertzeko, sukaldean. Deitu zidan Joxeanek Zepara joateko afaltzera. Baina ez zidaten altxatzen utzi. Atera zizkidaten dozena bat platera eta bertan afaldu nuen. Eta gero handik kafea hartzera Zepara".

Nahi izanez gero, jarraitu irakurtzen Irune Lasak Xapreri eginiko elkarrizketa, otsailaren amaieran Berrian agertu zena. Lehenengo parrafoa berdintsu errepikatzen da duela ia hiru urte Argia aldizkarirako Amets Arzallusek eginiko elkarrizketan. Orduan ere ondokoa esan zuen:

"Nik, orain ere ez dut sekula etxean afaltzen, aurten (oharra: elkarrizketa 2005eko apirilaren hasieran publikatu zen) oraindik egun bakar batean ere ez dut etxean afaldu. Iaz hiru aldiz. Aldiz, egun bakarrean hiru sagardotegitatik pasa naiz aurten. Eta iaz izan nuen bolada bat, sei egunetan zortzi sagardotegitan izandakoa. Horregatik, kontrolatuta ibiltzen naiz. Zenbat eta gehiago ibili orduan eta zintzoago eta kontrolatuago ibili behar duzu. Orduaren kontrolik ez, goizeko bostak, seiak, berdin zait, baina edanaren eta diruaren kontrola bai. Bestela modako kantua bezala zara, urtebetean ibiliko zara, baina gero gehiago ez, desagertu egingo zara".

Bi kontu:

Baga: Zalantza bat (edo bi): hainbeste parranda bota ondoren, noizbait ibili ote da Mikel Urmenetarekin? Biak hain parrandero izanda, zenbat probabilitate dago biek topo egiteko parranda berean? Tik-tak, tik-tak, tik-tak.

Biga: Xapreri hippy deitzea bitxia izango da. Ados. Punky deituko diot orduan.

En castellano

Urmenetak La Dolce Vita oparitu zion Imanol Retari

Gaur kontatu nahi dudanak Mikel Urmeneta du abiapuntu. Lagun bati eginiko opari bitxia hain zuzen ere: La Dolce Vita.

Kukuxumusu enpresako sortzaileetako bat beste inguru batean jaio izan balitz, agian tenore honetan zoroetxean egongo litzateke. Zortea izan du Mikelek eta New York-en bizi da. Natural Born Julai blogean kontatzen duenari erreparatuz gero, argi dago nahi duena egiten duen elitearen partaide dela. Adibidez, gaurkoan aipatzen du Andreu Buenafuente telebisiboarekin egon dela.

Dena den, duela egun batzuk ikusitako gauza bat kontatu nahi nuen gaurkoan. Orduan ez nion arreta berezirik jarri, baina Aste Santu honetan berriro egin dut topo La Dolce Vita proiektuarekin.

Imanol Reta lagunari medikuek albiste txarra eman omen zioten: gaitz degeneratiboa zuela (edo endekapenezko gaixotasuna, pedante jarrita). Urmenetak umore beltza eta aldrebesa duenez, opari xelebrea egin zion: hil-auto batek tiraturiko txalupa, gehien gustatzen zaizkion bi gauzarekin hil arte gozatzeko: nabigazioa eta bidaiatzeko zaletasuna. Imanolek, hasiera batean, ez omen zuen oso ondo hartu ateraldia, baina gero buru belarri sartu zen paperean eta ARCO feriara eraman du La Dolce Vita instalazioa .

Imanolen blogean irakurri dugu martxoaren 13an ebakuntza egin behar ziotela. Espero dezagun onik atera izana kirofanotik. Bitartean hona hemen ARCOn izandako abenturaren berri bi bideotan.


En castellano

Jo encara no parlo català dio Peri Rossik

Baga

Cristina Peri-Rossi idazlea kanporatu dute Catalunyà Radiotik.

Biga

Kataluniako telebista eta irrati publikoaren Administrazio Kontseiluak (CCRTV) onetsitako printzipioen arabera, (3.2 puntua):

"Els locutors, conductors, entrevistadors i col•laboradors fixos, així com persones contractades per les empreses de la CCRTV (amb contracte laboral, mercantil o per obra determinada) utilitzaran sempre la llengua catalana quan estiguin en antena. L’ús d’altres llengües serà excepcional i motivat, recomanant sempre que sigui possible la traducció simultània".

Higa

Ez dakit zehatz-mehatz noiztik dagoen testua indarrean (webguneak dio 2006ko martxoan aldatu zituela printzipioak Administrazio Kontseiluak). Dirudienez, orain arte beste aldera begiratu dute, baina aurtengo uztailaren 17an katalanez mintzatzera derrigortzea berretsi zuen aipatu kontseiluak.

Laga

Peri Rossi solaskidea, beraz, kalera. Manifestu bat atera dute eta nahi duenak sina dezake helbide honetan. Kontutan hartzeko datua da Cristina 1974tik bizi dela Katalunian.

Espainiako erreinu pluralean gazteleraz jakitea derrigorrezkoa da, baina hizkuntza ko-ofizialak ez daude maila berean. Beraz, epaitegietara joz gero, Peri Rossik irabaziko du.

Boga

Jose Mari Pastorek erreportaje luzea sinatu zuen Berrian Kataluniako egungo egoerari buruz irailaren 22an. Berpiztu den burujabetzaren gaia zela-eta, Anna Gabriel Sabatek, CUP-aren bozeramaileak zera zioen: "Hauteskundeei begira sortutako maniobrak direla iruditzen zait, oihartzun mediatikoa lortu dutenak".

Sei

Begoña Erraztik bota zuen aurreko batean desobedientzia zibilaren bidea ez zuela baztertzen. Barrez hasi nintzen. Jaitsi zaitez lehendabizi auto ofizialetik, neska! Hauteskunde giroa hemen ere. Are gehiago Ibarretxek pasa den ostiralean esandakoarekin.

Zai

Gaur egungo Euskal Herrian halakorik ezinezkoa litzateke, euskararen egoerak ez duelako horrelakorik ahalbidetzen. Euskara eta gaztelera dira nire hizkuntzak, biak. Berdin maite ditut, gainera. Halere, ulertzen dut katalanek hartutako neurria.

Zoi

Jo encara no parlo català, parla-m’hi! Cristina, ez zaitut ulertzen.

En castellano

Mikel Iturria 2007/10/01

Assumpta Montellàren proiektu berriak

Bitan idatzi dut blog honetan Assumpta Montellàri buruz (bat eta bi) eta hirugarrenez nator gaur.

Mataróko idazlea Katalunian ezaguna egin zen La maternitat d´Elnarengatik. Ale asko saldu ditu Elisabeth Eindenbenz maistra suitzarraren istorioa kontatzen duen liburuarekin eta memoria historikoaren (katalanek memoria demokratikoa deitzen dutenaren) zati garrantzitsu bat errekuperatzeko balio izan duen emozioen kutxa bilakatu da lana.

Manuel Huerga zinema zuzendaria buru belarri dabil filma egin nahian. Udazken honetan zen errodajea egitekoa, baina negura atzeratu dute. Produktorea, Roures da, Público periodikua atera duena.

Elnako amaetxearen argazkia udan atera genuen.

Proiektu horrekin jarraitzen du oraindik ere Assumptak (eta espero dezagun Donostiara etortzea berriro kontu honengatik datorren udaberrian), baina jada iragarri du urriaren 26an El Setè Camió, el tresor perdut de la República liburuaren aurkezpena egingo duela Granollers-en.

Sapiens aldizkariaren urriko zenbakian erreportaje bat aurreratu dute. Ezin da sarean ikusi, baina horrela aurkezten dute: "Febrer del 1939. Un comboi de camions surt de la Vajol en direcció a la frontera francesa. Són carrabiners a les ordres de Negrín que tenen la missió de salvar el patrimoni artístic de l’agònica República".

Beldur da Assumpta ez ote den urrearen sukarra piztuko, baina istorioak merezi duenez aurrera jarraitu du.

"No m'agradaria que la Vajol es convertís en un segon Dorado. Les persones que vulguin conèixer aquell territori s'ha d'apropar perquè allà es va decidir el darrer tram d'una guerra ja perduda.

En Companys, l'Azaña, l'Aguirre, en Negrín...tots caminaven per aquells carrers estrets mentre esperaven passar a França. I els vajolencs coetanis d'aquells dies se'n recorden d'ells i expliquen la seva visió dels fets històrics.

Això si val la pena, i caminar pel coll de Lli fins a França, el mateix corriol per on va passar el President Companys, i sentir a la pell la tristesa de l'exili de tanta gent... els quals molts ja no han tornat mai més.

L'or el deixem pels buscadors de tresors, que també n'hi han".

Eta nola enteratu naizen guzti honetaz? Txoritxo batek aipatu berri didalako sarean txoko bat ireki duela Assumptak. Sentiments a flor de pell du izena.

En castellano

Mikel Iturria 2007/09/26

Gerra ondorengo kontrabandoa Irunen

Atzo goizean, gosaldu bitartean, Irunero Irungo euskarazko aldizkariaren azken zenbakiaren ale batekin aritu nintzen gora eta behera. Halako batean, Unai Garin antropologoari eginiko elkarrizketari erreparatu nion.

Aldizkariak dioenez, Daniel Fernandez, Unai Garin eta Gelaxi Goikoetxea antropologoek 2003an Irungo Udalaren Serapio Mujika beka irabazi zuten "Kontrabandoa Irunen (1936-54)" izeneko ikerketa historikoa egiteko. Lana amaituta, horren emaitza publikatu berri dute. Udalaren webguneak dio, 300 ale argitaratu dituela Udal Artxiboak. Liburua Hiritarra Atenditzeko Zerbitzuan (SAC) eta Artxiboan bertan eros daiteke 6 euroko prezioan.

Aita gaztetan kontrabandoan ibilitakoa da. Gutxitan aipatzen ditu garai hartako kontuak, baina behin animatu egin zen eta hiruzpalau aldiz ibili omen zen gauez Lesakatik Hernanira (oker ez banago). Norbaitek esan zidan baserria ere erabiltzen zutela estraperloan ibiltzeko ezkutaleku (amona alargundu eta seme-alabak aurrera atera behar nola edo hala). Pena informazio gutxi izatea. Gehiago tiratu beharko diot hurrengo batean aitari.

Hona hemen aipatu elkarrizketako zenbait zati:

Gosea

Gerra Zibila hasi zenean mugak itxi zituzten; Espainia isolatuta geratu zen eta gerraren ondorioz eskasia handia zen. Testuinguru hartan kontrabandoa goseagatik egiten zen (…) Bi mota zeuden: kontrabando txikia, hau da, soinean eraman zitezkeen familiarentzako produktuak eta, bestetik, sarean sartu eta saltzen ziren gaiak (motorrak, gurpilak, industriarako piezak…)

Ez zegoen gaizki ikusia

Familien ekonomian izugarrizko pisua izan zuen (…) Kontrabandoa ez zen lapurretatzat jotzen, ez zen gaizki ikusia.

Karabineroak, guardia zibilak eta kontrabandistak

Karabineroak eta Guardia Zibilak sare haren funtsezko elementuak ziren. Konfiskatzen zituzten gaiekin ofizialki zer egiten zen ez dakigu, ez baitugu horren inguruko dokumenturik topatu. Jakina denez, ustelkeria guztiz zabaldua zegoen (…) Guardiek eta kontrabandistek elkar ezagutzen zuten, gehienak Bidasoaren inguruko herrietan bizi zirelako.

Emakumeak ere bai

Ikerketari ekin genionean kontrabandoa gizonen kontua izan zelako aurreiritzia genuen; haatik, emakumeen papera funtsezkoa izan zen. Kontrabando handia gizonen esku zegoen, txikia edo biziraupenekoa, ordea, emakumeenetan.

Zigorrak

Gauza txikiengatik zigor ekonomikoa, handiengatik kartzelara eramaten zituzten. Pertsonekin ere egiten zen kontrabandoa. Naziek Frantzia okupatu zutenean Irungo mugatik hegoaldera kontrabandistek judutarrei pasatzen laguntzen zieten. Halaber, portugaldarrek iparraldera joateko muga zeharkatzen zuten (…) Pertsonen kontrabandoak heriotza-zigorra zuen.

Komunikazioa

Bilera egitea beharrezkoa izaten zuten, merkantzia nondik pasako zuten erabakitzeko, besteak beste (…) Baserri jakin batean maindire zuria agertzen zenean kontrabandistek bilera egingo zuten seinalea izaten zen.

Hitz egitea kosta

Errudun sentitzen dira batzuk. Beste kasu batzuetan garai latz haiek ez dituzte gogora ekarri nahi.

Ondorioak

Egileok ez genuen uste kontrabandoa Irunen hain kontu zabaldua, antolatua, finkatua eta oinarrizkoa izan zenik.

En castellano

Mikel Iturria 2007/07/19

Taberna bat erosi nahi Bartzelonan?

Bartzelonako tabernari fin bati eskua bota behar taberna saltzen. Benetakoa da iragarkia.

Harremanetarako

Mikel Iturria 2007/07/17

Gay edo lesbiana? Lasai, sendatuko zara

Nabari da gay eta lesbianen harrotasun eguna ospatzeko gutxi falta dela. Toki ezberdinetan azaltzen dira aipamenak, baita sarean ere. Interesgarria da, adibidez, Luis Foncillasek bere blogean idatzitako apuntea.

AEBetako kazetari gay eta lesbianen NLGJ elkarteak egun horren berri emateko eginiko zenbait aholku aipatzen ditu Luisek. Foncillasek elkarte honek duela zenbait urte ateratako manual baten berri ematen du ere. Bi lotura daude: ingelesez eta gazteleraz.

Esan bezala ondo dago apuntea, baina txundituta utzi nauena lehen komentarioa izan da.

"La homosexualidad es un trauma del que se puede salir, muchos médicos trabajan en este sentido y la pagina www.esposibleelcambio.com. Animo!!! dejad de ser gays y realizaros plenamente como personas, no obliguemos a todos los que tienen tendencias homosexuales de vivir infelices toda la vida Publicado por: lucas - 12.06.07 09:05:19”

Horrelako komentarioa irakurri ondoren, bertan aipatutako webgunera jo dut zuzenean. Taldearen izena Grupo Juan Pablo II da. Eta laburbilduz, Aquilino Polaino eta Palentziako gotzaina den José Ignacio Munillaren tesiak jarraitzen dituzte.

Baten batek pentsatuko du hobe dela horrelako ekimenei kasu askorik ez egitea. Eta igual arrazoia dauka. Baina gaur ezin izan dut paso egin.

En castellano

Mikel Iturria 2007/06/13

Xabier Sánchez Erauskini Pello Zubiriak eginiko elkarrizketa

Maiatzaren hasierako igande batean Pello Zubiriak Xabier Sánchez Erauskin kazetariari 2006ko bukaeran eginiko elkarrizketa honekin egin nuen topo Argian.

Igande euritsu hartan hasi nintzen 18 folioko elkarrizketa gazteleraz jartzen eta maiatzean zehar joan naiz gaztelerazko blogean atalka zintzilikatzen.

Hona hemen zati guztiak (zati bakoitzaren titulua nik jarritakoa da, adi):

Periodista de trinchera

La política

Sacerdote en Terranova, periodista en Madrid

De Madrid a Egin

Bergamín y el futuro del periodismo

Espero dut jatorrizko bertsioak duen onena pikutara ez bidaltzea nire ahaleginarekin. Asko gozatu dut, behintzat, itzulpenarekin.

Mikel Iturria 2007/06/05

Kaliforniatik bihotzez

Joan den astean jaso nuen etxean Postmodernitateari buruzko jardunaldien berri emateko Koldo Mitxelena Kulturuneak bidalitako txarteltxoa. Atentzioa deitu zidan Joseba Gabilondo irakaslearen izenak.

Michigango unibertsitatean ari da lanean Joseba. Izena ezaguna egiten zitzaidan, baina ez nuen zergatia gogoratzen. Curriculuma begiratzerakoan, berriz, honekin akordatu naiz:

Liburua ez dut irakurri, baina mamia Diario Vasco egunkariaren garai bateko Zabalik gehigarrian idatzitako artikuluek osatzen dute. Gustura leitu nuen 80. hamarkadaren bukaeran edota 90. hamarkadaren hasieran argitaratutako Kaliforniatik bihotzez gutun sorta. Hasierako esaldia kenduta ez dut beste ezer gogoratzen: oker ez banago, Dear Marijo ziren beti lehenengo berbak. Estimu handitan nituen artikuluak, niretzat urrunekoak ziren kontuak azaltzen baitziren bertan.

Liburua aurkitu eta irakurri beharko dut. Bitartean, maiatzaren 3an eta 4an izango da Gabilondo zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera Donostiako KMKn. Ea ostegunean joaterik dudan, ostiralean Elgetako Espaloiara igotzeko asmoa baitaukat.

En castellano

Mikel Iturria 2007/05/02

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31