Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Oyarzundik Oiartzunera

Oyarzundik Oiartzunera

Mikel Iturria 2014/04/09 23:10
Giza Eskubideen Zinemaldian bota zuten astearte iluntzean Ander Iriarte zinemagile oiartzuarraren “Echevarriatik Etxeberriara” filma. Ezker abertzalea nagusi den herri baten kronika (1975-2014).

ETAk agur esan zuenean aipatu nuen AmaiETA apuntean the organizationen inguruko nire lehen oroimena 1975eko azaroaren 24an Antonio Echevarria (Etxeberria) alkatearen hilketa izan zela. Ume moko bat nintzen eta ez nekien horrek burrunba sortu zuela Oiartzunen. Hainbesterakoa izan zen burrunba Ander Iriartek une jakin hori baliatzen duela filmari izena emateko. Baina gero alkate ohia ez da apenas ateratzen Echevarriatik Etxeberriara filmean.

Zergatik? Oiartzungo ezkertiarrak eta abertzaleak direlako dokumentalean agertzen direnak. Tartean bigarren Etxeberria bat, Rufi, ezker abertzaleko buruzagi historikoa. Baina jende ezezagunak kontatzen duena egiten zait interesgarriagoa niri.

Ixiar Galardik 19 urte zituela eraman zuten kartzelara 1982an eta 20 urte pasa ondoren askatu zuten 2002an (Pareak bai honetan ageri da laburrean haren historia; zeharka 1998ko tregua garaian Las razones de Itziar honetan ere). Dokumentalaren hasieran tinko agertzen da, gogor, baina kamera aurrean pasatako denboraren eraginez edo, eragindako minaz hitz egiten du, baita berak eta ingurukoek pairatutakoaz ere. Zerbaiterako balio ote zuen min horrek guztiak? Zergatik onartzen da orain Espainiako legeria? Zergatik ez ziren urrats horiek askoz ere lehenago eman?

Ixiarrek kontatzen du Joseba Errekalde txikitako lagunarekin harremanak eten zituela hau Aralarko zinegotzi aukeratu zutenean (ezker abertzale tradizionala legez kanpo zegoela uste dut).

EAko zinegotzi izandako Mitxelenari katu beltza jarri zioten etxeko atarian. Ez omen du ezagutzen inor herrian horrelako abisua izanda bizirik dagoena (Echeverria alkateari ere jarri omen zioten hil aurretik, baita hil zuten beste zinegotzi bati ere). Prest dago gizona garai haiek aparkatzeko (ez ahazteko) eta aurrera egiteko.

Parentesia ireki. Ez da filmean agertzen, baina Xanet Arozenaren izena etorri zait gogora. 90. hamarkadan Egan taldeko musikari izateaz gain, EAko zinegotzia. Udaletxea utzi behar izan zuen 1996an taldearen kontrako boikota zela eta. Itxi parentesia.

Bikilaren semea da Ander eta agertzen da Bikila filmean. Makina bat gauza izango zituen kontatzeko ba zaharrak, baina ez zituen kontatu nahi edo semeak ez zuen ateratzen asmatu.

Martiarenaren alaba izandakoa da Lide urte luzez. Preso baten bikote beste hainbat urtez. Bera izaten saiatu da beti Lide Martiarena. Prentsaurrekoan eta jendaurrean agertu da oraingoan, nahiz eta berak ez zuen agertu nahi. Baina beharrezkoa da enpatizatzeko gaitasuna duen jendeak hitz egitea eta jendaurrean azaltzea.

Gazte jenderik ez da agertzen dokumentalean. Aurpegia ez dute ematen behintzat, baina bai jartzen duela ahotsa gazte batek izandako torturak kontatzerako orduan.

Bi teoriko ere azaltzen dira: Joseba Zulaika (bideo-konferentziaz) eta Ludger Mees.

Chema Herzog zegoen jende artean. Esango nuke semearekin joan zela filma ikustera. Meritua badu tipoak ezker abertzaleari buruzko film bat ikusteko interesa izateagatik. Anderrek gogoratu zuen proiekzioaren ondorengo solasaldian ondo ikusten dugula horrelako pertsonen ahotsak PPn, baina toki guztietan behar-beharrezkoak direla ahots diferente horiek.

Periodiko batzuetan agertu da Anderrek berak gaur egungo Oiartzungo alkateari botatako galdera. Ea Antonio Echeverriaren aldeko oroigarririk ikusteko aukera izango ote dugun egunen batean herrian. Baietz Aiora Perez de San Romanek, beharrezkoa dela min guztiak aitortzea.

Irakurri ditut hortik zehar hainbat komentario filma oso alde batekoa dela eta ezker abertzale anitza agertzen duela. Nire ustez horiek biak dira ba interesgarri egiten dutenak dokumentala. Luzeegia dela? Tira. Inperfektua? Bai, lehen lana du Anderrek eta.

Lagun batek, Joserra Senperenak, esan zidan pelikulak Asier ETA biok filmaren freskotasuna zuela. Agian zuzendariak kanpoan pasatako urteen eraginez.

Espero dezagun Oiartzun bezalako herri batean pelikula honek mingainak eta gerriak askatzeko balio izatea.

De Oyarzun a Oiartzun, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter