Josetxo Mayorren omenez
Homenaje a Josetxo Mayor, este apunte en castellano.
27 urte baino gehiago pasa ditu Josetxok Uliako bideak garbitzen eta konpontzen. Hasiera batean aste bukaeratan, baina erretiroa hartu zuenetik egunero joaten zen bertara goizeko 7:00etatik 10:00etara. Hilean behin egiten zuen kale: pentsioa kobratzeko egunean.
Josetxo Mayor nor zen Ander Izagirrek kontatu zuen Cuidadores de mundos liburuan. Ulian 25 urte bete zituenean, erlojua oparitu zion Donostiako Udalak (lehendik emana zion herritarrei ematen zaien merezimenduzko domina).
Total: gaur goizean abiatu garela Uliara ekitaldia ikustera. Bizikletan lehenengo partea, oinez bigarrena. Ander Izagirrerekin joan gara lagun batzuk eta berak bertan esplikatu dizkigu Josetxoren hainbat istorio. Eta han bueltaka genbiltzala hara zein agertu den.
Ez esan ez dela polita protagonista eta kronista biak batera horrela ikustea! Iloba batek oparitutako Realaren intsignia zuen jertsean eta Donostiako Udalak emandako erlojua eskumuturrean ("el reloj de Bildu" esaten dio berak).
Eta hona hemen Avenida Josetxo famosoa (argazkia David González Ketarirena da, ekitaldian egon zen beste bat). Atzo jakin genuen badagoela Josetxo Bidea esaten dion jendea (avenida ez zaielako gustatzen).
Gero Ulia Interpretazio Zentrora hurbildu gara eta hantxe egon gara ordubetez Josetxoren istorioak entzuten. Bost bat minutuko bideoa bota dute hasieran eta gero jendearen galderak erantzun ditu omenduak. Anekdota mordoa kontatu du eta solasaldi polita egin dugu lagunartean.
Hilabete batzuk daramatza Josetxok Uliako bazterrak garbitu eta konpondu gabe. Aldakan egin ziotela ebakuntza ulertu diot, baina ari da bizkortzen gizona.
Erakusketa ekaina arte egongo da Uliako Interpretazio Zentroan. Argazki batzuk eta bideoak osatzen dute. Xumea bezain zintzoa, omendu nahi duen protagonista bezalakoa.
Oharra: bihar egongo omen da sarean bideoa. Horrela bada, nik hementxe jarriko dut.