Hausnarketa garaia
Atzoko gaua ez zen une aproposa eta gaur egunean zehar ez dut astirik izan pulamentuzko analisirik irakurtzeko ekainaren 26ko zaplastekoari buruz.
Dena den, harritu nau hainbat lagun ikusteak errua zaharrei eta Espainiako "paletoei" botatzen (“Puto pueblo de paletos” esaten zion tipo batek beste bati arratsaldean hondartzatik ateratzerakoan). Errua besteei botaz lasai asko geratu gaitezke eta, gainera, gero zerbeza batzuk hartzera joan Espainiak Italiaren aurka galdu duela ospatzeko. Izorrai! (bai, gu izorratuko gara).
EAEn eta Katalunian Ahal Duguk eta En Comú Podem suertatu dira irabazle, baina gainerako herrialdetan PP atera da garaile (Nafarroan ere UPN-PP).
Norbaiti irakurri diot euskaldunek eta kataluniarrek aldatu nahi izan dutela Espainia atzoko botoarekin, baina espainiarrek ez dutela nahi. Alternatiba gisa, Espainiako erresumatik alde egitea dela erremedio bakarra.
Badirudi “Bagoaz” esanda hori egina dagoela, baina hori jefe kaskarrek bezala jokatzea litzateke: hau da, ulertzea aginduak ahotik irten bezain pronto gauzatzen direla nahiak.
Autokritika jorratu zuten egunean ez nengoen eskolan eta ez naiz batere abila eremu horretan, baina ikusten dut jende asko berdintsu dabilela (ni bezala ez ziren klasean egongo gai hori eman zuten egunean: edo ez ziguten inoiz eskolan halakorik eman?).
Erraza da besteei errua botatzea, baina geure buruari ere erreparatu beharko diogu.
Tira, hobe isilik egotea.
Soinu banda: Black Man In A White World, Michael Kiwanuka (uztailaren 15ean kaleratuko den Love & Hate albumaren aurrerapena. Ea 2012ko Home again diskoa bezain ona den).
In memoriam: gaurko egunez, 1949an, jaio zen Tavernes de Valldigna herrian Rafael Chirbes idazlea. 2015eko abuztuan hil izan ez balitz, 67 urte beteko lituzke gaur.
Tiempo de reflexión, este apunte en castellano.