Ez, @LABORALkutxa-k ez du erantzuten
2004tik 2006ra gurasoek Laboral Kutxako konfiantzazko aholkulariei kasu eginez Fagor eta Eroski enpresetako hainbat finantza ekarpen erosi zituzten.
Jakingo duzuenez, bidean Fagor Etxetresnak pikutara joan zen 2013-2014an eta geroztik ekarpen horiek ere bidean geratu dira.
Eroskik arazo latzak izan ditu, baina oraingoz betetzen ari dira tratuaren zati bat (ez osoa, baina tira).
Gauzak dauden bezala egonik, pasa den maiatzean hitzordua egin nuen gurasoen bulegoko zuzendariarekin. Egoera zail honi irtenbidea bilatu nahian konponbide bat planteatu nahi genion kutxari. Idatziz egiteko esan zidan eta hala egin nuen. Posta elektroniko bidez bidali nuen idatzia 2015eko maiatzaren 8an. Handik egun batzuetara bidali zidaten posta jaso zutenaren baieztapena. Geroztik ez dut albisterik izan.
Bi hilabete pasata inolako berririk ez nuela ikusita, telefonoz jarri nintzen harremanetan uztailaren 17an. Pasako ziotela abisua zuzendariari.
Deia bueltan jaso ez nuenez, uztailaren 20an idatzi nien jakiteko ea zeintzuk diren beren asmoak. Ez dut ezer jaso bueltan.
Oraingoz, beraz, gauza bat argi daukat: Laboral Kutxak ez du erantzuten.