Babou Dioufen gorpua etxeratzeko laguntza eske
Atzo eguerdian, Ondarroara iritsi berritan, bi senegaldar (afrikar) ikusi nituen autobus geltokian paper bat itsasten.
Handik gutxira bertatik pasa eta argazkia atera nion. Bi gauzek deitu ninduten atentzioa.
1.- 28 urteko mutil gazte baten eskela zen.
2.- Euskaraz zegoen idatzita.
"Babou Diouf. Donostian hil zen, 2013ko uztailaren 19an, 28 urte zituela". Hondarribiko Senegaldarren Komunitateak sinatzen zuen eta gorpua etxeratzeko diru-laguntza eskatzen zuten. Kutxabank-eko kontu bat: 20955039931072497125 (Guztion Artean elkartearena da: kontzeptua Babou-rentzako laguntza / Ayuda para Babou).
Interneten egon naiz bilaka eta ikusi dut Diario Vascok argitaratu duela testu labur bat gaur bertan: Babou Diouf Senegalera etxeratzeko laguntza eske. Albisteak dioenaren arabera, 7.000 euro behar dituzte (Hondarribiko Tanatoriora deitu dut eta hori horrela dela baieztatu didate).
Bi telefono ageri dira albistean: Osman-ena (ez deitu: itsasoan da) eta Famara-rena. Babakar Diouf-en telefonoa ere lortu dut.
Osmanek ez du deia hartu, itzalita zuen mugikorra, baina bai hartu duela Famarak. Babou-ren lehengusua zela esan dit Famarak eta arrantzale gisa aritzen dela Hondarribian. Galdegin diot ea zer gertatu zaion lehengusuari.
Duela lau bat hilabete etorri zela esan dit. Senegaletik abiatu eta Marokon pasa omen zituen hilabete batzuk. Algecirasetik Espainiaratu zela eta hilabete pasa zuela Malagan lagun batzuekin, Famara Senegalen zegoen bitartean. Oporretan.
Famara Hondarribira etorri zenean, hona ekarri zuela Babou, baina gaixo zegoela jada. Bidasoa Ospitalean hartu zuten, analisi batzuk egin, baina ez zuela hobera egin. Azkenean, ospitaleratuta egon da bertan hilabetez eta handik Donostia Ospitalera eraman zutela.
Oso gutxi egon dela berarekin; arrantzalea izanik 40 egun pasa zituela itsasoan.
Babouk ez omen zuen paperik.
Ondo legoke esku bat botatzea.
Se necesitan 7.000 euros para repatriar el cuerpo de un senegalés, este apunte en castellano
Uztailak 29. 9:45. Guztion Artean Elkartearen komunikatua.
Uztailak 29. 13:00. Pertsona batek Menéamen jarri du.
Uztailak 29. 23:00. Hondarribiko tanatorioko gerentea, Iñaki Garrido, elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko Faktorian.
Abuztuak 2. 17:55. Prentsaurrekoa egon da gaur goizean Hondarribiko Udaletxean. Besteak beste, jakinarazi dute Udalak gastu batzuk hartuko dituela bere gain eta zinegotzi guztiek dirua jarriko dutela. Hondarribiko Udalaren komunikatua.
Abuztuak 9. 22:00. Gaur eraman dute Senegalera Babou Diouf-en gorpua. Familia eta lagunek eskertu nahi izan dute jasotako laguntza.
Geure ekarpentxoa egin genuen aurrekoan. Badakizu diru bilketa nola doan?