Aldaketa
Aste nahasia izan dut hau: lan asko fabrikan eta etxeko ordenagailua izorratuta (medikuarengana eraman dut: ordenagailuek badute medikurik, baina ez dira Osakidetzakoak). Gainera, Javier Ortiz kazetariak apunteak idazteari utzi behar diola jakin dugu (espero dezagun bolada batez izatea soilik) eta Hasier Etxeberriak ere larunbatero El Mundo periodikoan idazten zuen zutabea idazteari utzi dio. Okerrena atzo gertatu zen: Reala txapeldunean aritutako Genaro Celayeta beratarra hil baitzen.
Etxeko ordenagailurik gabe, igande arratsalde honetan etxe azpian dagoen lokutoriora jaitsi naiz niri dagokidan albiste baten berri emateko. Izan ere, gaurkoa dut azken lan-eguna Ernest Lluch Kultur Etxean. Bihartik aurrera, Donostia Kulturan jarraituko badut ere, Komunikazio eta Irudia departamentuan arituko naiz.
Lau urte t´erdi izan dira Amaran (beste urtebete Casares Kultur Etxean, Altzan), eta bada beste zerbait probatzeko garaia. Asko ikasi dut, asko eman dit lanpostuak (nik ere eman diot), ezagututako jende jator mordoa, langile-lankide batzuk tartean, ekitaldi piloa. Eskarmentua, hitz batean... baina bada gauza berriei ekiteko tenorea.
Ez naiz Komunikazio mundukoa, "stricto sensu", baina ikusiko dugu zelakoa den mundu hau, nolakoa den B aldea. Espero dezagun hemen idazteko gogoarekin jarraitzea eta horretarako denbora izatea. Amen.
25 urte ondoren, presidente hautagai bat Boisen
Atxagak atzo kontatu zuen bigarren aldiz egon zela Barack Obama ikusten. Igandean, nire lagun batek bidali zidan mezua esanaz bera ere egon zela hautagaiaren mitinean. Uste dut biak toki berean egon zirela, baina laguna ederki sufrituta sartu zen barrura. Bere ustez, Atxagak pase berezia dauka. Horra hemen kontakizuna:
Larunbatean Obama Boisera etorri zen. Kontatzen dutenez, baziren 25 urte hautagairik hemendik agertzen ez zela (4.000 ordezkari demokraten artean, Idahori 22 besterik ez dagozkio), baina Coloradon zuen hitzordua erori eta Idahora etortzea erabaki zuen. Jakina, hemengo jendea eroturik zegoen (Supertuesday-aren aurreko asteburuan hautagai bat etortzea!).
Mitina goizeko 8:30etan zen hastekoa (eguerdian Utah-ra zihoan eta gauean Louisianara). Saskibaloi Arenako ateak goizeko 7:00etan zabaldu zituzten. Badaezpada, goizeko 6:30etan han nengoen ni. Bi kilometroko lau ilara zeuden. Ordu eta erdi zain egon ondoren (-8 gradu kalean), mitina hasi baino bost minutu lehenago sartu ziren azkenetakoa izan nintzen.
Foroak 20.000 eserleku ditu (Donostiako Belodromoaren antzekoa, baina palko, mezzanine eta balcony lau aldeetan) gehi beheko parketa. Ni bezalako tuntunak azken pisuan geunden zutik, aurreko bi lagunen sorbaldaz aparte zerbait antzeman nahian. 10.000 lagun kanpoan gelditu ziren, barruan gertatzen zena pantaila bidez ikusten.
Obamarena baino, jendearen ikuskizuna zen jarraitu beharrekoa. Hemengoek ez dute erdibiderik: suediarrek bezala itxoiten dute ilaran (ezer esan gabe, txintxo-txintxo), baina Euskaltelen Pirinioetako jarraitzaile bihurtzen dira barruan.
Obamak esandako erdia-edo ulertu nuen. Aste honetako diskurtsoa azaldu zuen: Tax (igoera %38-raino), Health (sistema bat osatu) and War (alde egitea). Telebistan egunero debateak eskaintzen dituzte eta hautagai bakoitzak inkesten arabera aldatzen ditu argudioak eta besteekiko jarrerak. Bera eszenatokian oso ondo mugitzen da eta berdin kontrolatzen du ere jendea noiz altxarazi eserlekuetatik.
Nire aldamenekoak Washington Statetik (8 ordu kotxez), Alaskatik (2 ordu hegazkinez) eta Montanatik (4 ordu autoz) etorriak ziren. Zergatik? Estatu hauek demografikoki ezer gutxi direnez, seguru horietara ez doala inor.
Portzierto, ni harrituta nago Atxagak nola azaltzen duen bere blogean zer den Obama eta Clinton kandidatoen mitinetara joatea: joan, sartu eta entzun. Pase berezia izan beharko du horretarako.
Hitzorduak
Ostegunean Mikel Erentxun abeslariak bere bigarren bizitza musikalari (ustez) adio esateko abiatu duen hiruko seriearen lehenengoan egon nintzen Victoria Eugenia antzokian. Beteta zegoen aretoa eta Erentxun erdian, gitarren alarde amaiezinean (kanta bakoitzeko bat, María Dolores Praderak xalekin egin bezala), Fran Iturbe eta Rubén Caballero gitarristak ezker-eskuin; atzerago, bajista (izena ahaztu egin zait), Rufo Urbina bateria jolea eta Joserra Senperena pianista handia.
Alfonbra baten gainean aritu zen Mikel. Etxean bezala egon nahiko zuen, baina urduri zegoen. Publikoa, berriz, hotz. Noski bazeudela Erentxun zaleak, baina iruditu zitzaidan publikoa gehiago zela Victoria Eugenia zaleago. Jarreragatik diot.
Erreforma egiteko itxieraren aurretik, Antonio Bartrina tango-kantari madrildarra etorri zen Malevaje taldearekin duela hamar bat urte. Harrituta zegoen jendearen hoztasunagatik. Amaiera aldera esan zigun arrazoia topatu zuela: antzokiaren belusa. Horregatik jarriko zion agian "Aterciopelado" Juan Luis Etxeberriak ostiralean dvn agertu zen kronikari. Meritua dute Etxeberria bezalakoek, ordu erdi eskas izan baitzuen lerro horiek idazteko.
Osteguna propina izan zen, ostiraleko eta larunbateko sarrerak agortu zirela ikusirik. Filma grabatuko du Jose Mari Goenagak (are urduriago egongo da asteburuan, ea Goya sariren bat jasotzen duen Moriarti etxeak ekoitzi eta Aitor Arregirekin batera eginiko Lucio filmagatik). Ostiralean gonbidatuak egon dira, baita gaur ere. Bakarra egon zen ostegunean: Rafa Berrio. Detailea izan zuen Erentxunek eta ondo bete zuen papera Rafak.
Bi kanta berri eskaini zituen Mikelek. Horietako batean, blues doinuen artean, "tengo una cita en el Boulevard a las nueve y diez" abestu zuen. Silveira bertsolariaren hitzorduaz ("A las ocho en el Bule") eta Sabino Ormazabal bakezaleak hitz egiteko bultzatutakoaz gogoratu nintzen. Desberdinak denak, baina toki berean guztiak.
