Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Iñaki Dieguez irundarra Cirque du Soleil-ekin

Mikel Iturria 2007/11/07 06:00

Publiko egin duenez lasaiago kontatuko dut orain txoko honetan.

Iñaki Diéguez akordeonista irundarrak artista askorekin jo izan du akordeioa, besteak beste Pantxoa eta Peiorekin edo Gontzal Mendibilekin batera. Proiektu pertsonalenak, berriz, Ghatusain folk taldea eta Iñaki Diéguez trio jazz hirukotea dira.

Azken honekin grabatu du "Crossing time" diskoa eta aurten kaleratu du katalogo guztia iTunes-en duela iragartzen duen Etxe-ondo diskoetxean (zalantza daukat: gainerako diskoetxeek ez dute?). "Crossing time"n jazzaren mugetatik barrena eraman du instrumentua. Klasikoak jotzeaz aparte, bere zenbait konposizio sartu ditu. Igor Telletxea bateria jotzaile eta Ritxi Salaberria baxu jotzailearekin batera ari dira lan hau aurkezten eta, kostata, baina atera zaizkio zenbait emanaldi Euskal Herrian.

Dena dela, uste dut ezagunagoa egingo dela hemendik aurrera Cirque du Soleil konpainiarekin munduan barrena egingo duen biragatik. Dirudienez, duela zenbait hilabete multinazional horrek musikariak behar zituela esan omen zion norbaitek. Beraiekin harremanetan jarri ondoren, hiru bideo bidaltzeko esan zioten. Hiru pieza horiek grabatu eta bidali egin zizkien.

Dena ahaztuta zuenean, Parisen egitekoa zen casting batera joateko gonbitea jaso zuen. Zirkoak bitan banatzen du mundua horrelakoetan: batzuk Chicagora, besteak Parisera.

Pariseko langa gainditu ondoren, hartu egin dute eta hilabete batzuk barru deituko diote konpainia prestatzen ari den ikuskizun batean pare bat urtez munduan zehar emaztea eta bi semeekin ibiltzeko.

Cirque du Soleil-en ibilitako beste euskaldun bat ezagutzen dut nik: Virginia Imaz pailazoa, Oihulari Klown-ekoa.

Bietako inor ez da egongo Donostiako Antonio Elorza Belodromoan eskainiko duten ikuskizunean. Webgunearen arabera, sarrera guztiak saldu dituzte.

En castellano

Diru txinatarra Realean

Mikel Iturria 2007/11/05 06:00

Diario Vascok tarte zabala eskaini dio igandean Realaren ehuneko 35a erosi nahi duen inbertsio talde txinatarrari. Lighthouse Consulting Limited du izena konpainiak. "Joño!" pentsatu dut "hauek ere konturatu dira Vocentoko anaia giputzaren oniritzia nahitaezkoa dela talde txuri-urdina kontrolatzeko". Eta Vocentok jarri du martxan makineria. Eta irakurri dut informazioa. Eta filtrorik eza nabari da bertan. Hau da, Iñaki Badiolak eta enparauek egindako txostenetik egunkariaren paperera edo webgunera ia zuzenean pasa dutela dirudi.

Txinan egon daitezkeen negozio aukerak aipatzen dira, kluba burtsara atera nahia, kudeaketa beste modu batez egitea. Exekutibo eta negozio-gizonen hizkuntza hori arrotza zait.

Futbolari dagokionez, harrobia eta puntako fitxaketak uztartzeko asmoa azaltzen da. El Mundo Deportivon, berriz, Riquelme futbolariaren izena ageri da, balizko fitxaketa gisa.

Nor da Iñaki Badiola? Zer da Lighthouse Consulting Limited?

Joan den astean atera da bere izena. Iñaki elkarrizketatu omen zen María de la Peña eta Administrazio Kontseiluko beste kide batzuekin.

Inguruan galdetu dut eta 40 urteren bueltan dagoen tipoa dela esan didate. Formak zaintzen dituen enpresa-gizona, jatorra. Ezer gutxi, beraz.

Iñaki Badiola Menéndez zein den galdetu diot googleri eta atleta gisa korritutako lasterketak eta markak ageri dira soilik.

Ignacio Badiola Menéndez jarriz gero negozio gizonari dagozkion lotura urri batzuk baino ez dira ateratzen. Periodikoak Grupo Santanderen aritutakoa dela dio.

Irudi bila, argazki txar bat topatu dut Donostiarrak atletismo taldearen webgunean. Lasterketa herrikoietan parte hartzen duen talde handia da hau. Mezuren bat edo beste utzi izan du webgunean, Donosti Cup-en osatutako ekipoaren ibilbideari buruzkoa, adibidez. Beste norbaitek, lasterketa baten kronikan, Torito deitzen dio.

Enpresari dagokionez, azken egunetan kirol prentsan ageri izan diren artikuluak albo batera utzita, informazio gutxi ageri da sarean. Lighthouse Consulting Limited google-n jarrita, bigarren orrialdean ageri da info hau. Atentzioa deitu dit orrialdearen izenak: alibaba.com.

"Lighthouse consulting limited is a consulting and trading company based in spain and hong kong. We provide consulting and trade related services to industrial companies in europe and latin america. We cover sectors such as automovile, construction, machinery, tobacco, toys, etc. We help our customers in areas such as outsourcing, maket penetration, and m&a".

Webgune horri kasu eginez gero, konpainia txikia da: ez ditu bost enplegatu eta negozio bolumena milioi bat dolar inguruan omen dabil. Beraz, badirudi beste norbait dagoela honen atzean.

Ondorioa

Oraindik ez dut iritzirik. Informazioa falta zait. Seguru datozen egunetan albiste gehiago izango ditugula.

En castellano

XXI. mendean, Europan

Mikel Iturria 2007/11/03 11:30

Ibarretxek bota zuen aurreko batean badagoela jendea zuloan sartuta dagoenean, zuloa handitzea baino ez zaiona okurritzen. Gustatu zitzaidan esaldia.

Handik egun batzuetara, ETBn atera zen berriro. Mexikon zegoela uste dut. Deigarria egin zitzaidan haren ahotan entzutea nola litekeen XXI. mendean, Europan, pertsonak, politikariak, beraien artean hitz egiteagatik epaitu nahi izatea. Hurrengo kortean Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia, atera zen eta antzeko-parezido aritu zen. "A estas alturas del siglo XXI".

Gogoratu behar al zaizkie bi hauei XXI. mende honetan zenbat bidegabekeria gertatzen ari den hemen, Europan? Larria da hiru probintzietako lehendakaria(eta gainerako solaskideak) beste alderdi politiko bateko solaskideekin hitz egiteagatik epaitu nahi izatea, baina XXI. mendean Europara sartzeko kaiuko edo patera batean 56 lagun hil izanak, Realeko David Vaughan jokalariaren pubisaren lesioak merezitako toki bera izan zuen Gipuzkoako periodiko salduenean. Azalean eta azaletik. Porsiakaso.

Max izeneko mutil senegaldarra ezagutu nuen asteazkenean Irunen. Espainiako erreinuaren terrenoetan hiru urte eta piko daramatza bizitza aurrera atera nahian. Azken hilabete hauetan nire herrian dago. Beste hiruzpalau lagunekin hartu du pisua. Gela puta bat izateagatik 300 euro pagatzen omen ditu hileko… XXI. mendean, Europan.

Ez dugu lotsarik. Bakoitzak badugu gure aitzakia ezer egin gabe jarraitzeko. Erlojuak jada ez du tik-tak egiten, digitala delako.

XXI. mendean, Europan. Ez ahaztu.

En castellano

Konplize gehiago

Mikel Iturria 2007/11/01 18:00

Asteazken gauean Irunen egon ginen Jabier Muguruzaren disko berriaren aurkezpenean. Ez zuen aukeratu sarreragile makala: Pablo Guerrero musikari eta poeta beteranoa.

Jabierrek aurkeztu zuen Pablo (toki askotan irakurri genuen Herrero: gero eta espiritu akritikoarekin egiten ditugu gauzak). Gizon lasaia, isila, barnerakoia. Bi laguntzaile apartak ekarri zituen: Luis Mendo (Suburbano) eta Nacho Sáenz de Tejada (El País-en urtetan idatzi izan ditu musika-kritikak). Erreferente bat da Espainiako kantautoreentzat eta bere lanak merezi du nik orain arte egin diodan kasu apurra baino askoz gehiago. Plata da azken diskoa.

Jabier bi musikari konplizeekin azaldu zen: Angel Unzu gitarrista eta Mireia Otzerinjauregi abeslaria. Aurreko diskoan estreinatu zen hirukoa eta elkarrekin egindako bidea nabari da eszenatokian.

Diskoari hasiera ematen dion "Dena bukatzean", Xabier Leteren kantuarekin abiatu zen bidaia, Joseba Sarrionandiak idatzitako "Norbere akaberari buruzko mintzaldia" jarraitzeko. Aurreko laneko "Bizitza bizitza da", Atxagak idatzitako letra puska abestu zuten eta Nosoträsh taldeko bateria eta letragile Covadonga de Silvaren "No quedan tantas tardes" kantari iritsi zitzaion txanda. Zapla dio: "no sólo me interesan las personas / también hay otras cosas en el mundo". Diskoan Luz Casali eskainitako kanta da. Zergatik? Honengatik.

Ama izaten omen da eskusoinua gehiago jo behar duela esaten dioena, baina txantxa egin zuen atzo Jabierrek: "gaur Unzuk eskatu dit". Kanta sorta jorratu zuen akordeioa albo batera utzi gabe: Kirmen Uriberen "Maite zaitut, ez"; Inazio Mujika Iraolaren "Liskar suharra"; "Benino edo Benito" abestu behar zuela azaldu bezain pronto, emakume batek nire atzean, "¡ayquebonita!". Izugarri ondo, hemen ere, Mireia Otzerinjauregi.

"Antxillesko arkupean" aitaren heriotzaren ondoren konposatutakoa da. Letra berehala atera omen zitzaion, ez ordea musika. Abisatu zigun amonaren jaiotetxean elkartzeko ohitura duela familiak, Antxilles baserrian. Jabier eta Angel geratu ziren bakarrik kanta egiteko. Duquendek egin du introa diskorako.

"Irene" kantarekin bideoklipa egin dute Barbara Goenaga aktoresarekin. (Azaroaren 5eko oharra: letragilea Leire Bilbao dela ez dut jarri). Gero, txantxa egin zuen Jabierrek, jakin nahi baitzuen bis eskaerarik egongo ote zen (Pablori ez genion eskatu-eta). Nartzisismo erasotzat jo zuen ateraldia, baina barreak nagusitu ziren publikoaren artean. Muguruzaren lanetan ezinbesteko bihurtu den Iñaki Irazuren "Ertz maitea" izan zen azkena, diskoan Martirio ikonoklastarekin grabaturikoa.

Bisa, berriz, Atxagaren "Mazisi Okeita Denbele". Musikari guztiak txalo artean eszenatokira ekarriaz bukatu zen emanaldia.

"Zenbat lan, Jabier, zenbat lan" apuntatu nuen libretatxoan. Eta talentua gehitzen dut hemen. Eta aurrera jarraitzeko derrigorrezko egoskortasuna. Eta gauza on asko gehiago.

Uste dut konplize gehiago egongo direla azaroaren 6an, Madrilen; 8an, Donostian; 9an, Bilbon (bietan Kiko Venenorekin); 16an, Bartzelonan; 17an, Zaragozan; 30ean, Zornotzan…

Eguneratzea, azaroak 4: igandero Noticias de Gipuzkoan sinatzen duen kolaborazioa aprobetxatu du Jabierrek Irungo elkarte batean egindako kontzertuaren osteko afarian, kanpotarren harridura nabarmentzeko.

En castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter