Reala eta Biarritz Olympique Anoetan
Anoeta inguruan bi kirol ikuskizun potolo egon dira aste bukaera honetan. Larunbatean Realak Osasuna 2-0 hartu zuen mendean. Igandean, berriz, lehenengo aldiz hurbildu naiz errugbi partida bat ikustera. Gehienek jakingo duzuen bezala, Heineken Cupeko final laurdenak jokatu dira eta Miarritzeko taldeak Irlandako Munster kanporatu du. 19-10.
Realak ez du gehiegi jokatzen, baina Nihat lesionatu denetik, Atlético Madrid-en kontrakoan izan ezik, bi gol sartzen ditu norgehiagoka bakoitzeko. Emaitzei dagokionez behintzat, taldea hobeto ari da. Amorrortuk izango du zerikusia.
Harrobiko gazte asko dago taldean. Reala Bren partidak ikusten nituenean, jokalari hauenak hain zuzen, berdin gertatzen zen: ez zuten asko jokatzen, baina taldea ondo zegoen kokatua zelaian eta kontrarioa konturatu gabe, gola(k). Ikusiko dugu zer gertatzen den datorren larunbatean Bilbon. Karpinek ez du jokatuko, portzierto.
Igandean, berriz, lagun batzuekin etxean bazkaldu ondoren, autobusa hartu behar genuen Antiguatik Anoetara joateko. Ernesto Gasco zinegotziari entzun nion Realaren futbol partidetan bezala autobus bereziak egongo zirela. Bai, egon ziren, baina ez Antiguatik: erdigunetik Anoetara.
Hala ere, garaiz iritsi ginen estadiora. Egun batetik bestera zelaia nola aldatu zen! A zer nolako giroa! Bezperan Osasunako zaleek girotu zituzten bazterrak, gu nahiko zozoak baikara. Igandean iparraldekoak eta irlandarrak aritu ziren animoso. Gorria eta txuria dira Biarritz Olympique taldearen koloreak. Irlandarrek, berriz, gorria dute kamiseta.
Lehenengo zatian ondo aritu dira lapurtarrak. Diferentzia polita hartu dute markagailuan. Bigarren zatian alde hori kontserbatzera atera dira eta hori aprobetxatzen saiatu dira irlandarrak. Hala ere, ondo agoantatu du talde euskaldunak eta final-erdiak jokatzeko aukera izango du.
Zeozer gehiago ikasi dut errugbiaz. Antzeko-parezido zebilen Julen Gabiria. Atzo ezagutu nuen: nire eserlekutik zortzi lerro beherago zegoen bera. Ni baino zeozer gorago Manolo Saiz, Liberty-Wurth txirrindulari taldeko managerra, Benito Urraburu kazetariarekin batera. Etxerako bidean beste ilustre bat agurtu dut: Unai Elorriaga idazle eta errugbizalea.
Beno, hemen amaituko dut, zeren eta bestela Miguel Vidaurreren moduan hasiko naiz eta...
Biarritztik eta Bilbotik etorri behar jendea Anoeta bete dadin...
;)