Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Ijitoak Euskal Herrian

Ijitoak Euskal Herrian

Mikel Iturria 2025/01/06 21:00
Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak, Aniztasunaren II. Foru Planaren barruan, enkargatu zion erakusketa Juantxo Egaña argazkilariari. Egaña bera eta David Martín dira «Pindro Dantzariz» izeneko erakusketaren komisarioak. Aiete Kultur Etxean dago ikusgai martxoaren 2ra arte.

Jakin nuenean Juantxo Egaña eta David Martin zirela komisarioak, ohar mental hau egin nuen: «hau bisitatu beharra dago». Handik egun batzuetara, abenduaren 23an, Alberto Moyanok Diario Vascon sinatutako kronikak gogoa areagotu egin zidan: Los gitanos en el país de los vascos. Bide batez, begiratu ere Aldundiak kaleratutako oharra.

Abenduaren 28an, arratsaldez, igo nintzen Aiete Kultur Etxera Pindro Dantzariz ikustera. Ni bezala beste lagun batzuk zeuden bertan.

El pueblo gitano en Euskal Herria, este texto en castellano

Agifugi elkartearekin batera eman omen ditu urratsak Egañak. Hori kontatu zion Moyanori elkarteko presidente Rafa Giménezek. Eta alde horretatik pozik geratu dela dio.

Ia sei mendeko historia du ijito herriak gurean. Ibilbide horren berri ematen duten testu gehienak David Martín Sánchezek idatziak dira. 2017an Txalaparta argitaletxeak Daviden El pueblo gitano en Euskal Herria liburua kaleratu zuen. Nik ez dut irakurri, baina inguruan badut liburu hori gomendatu didan jendea.

Gainerako testuak Iñigo Alberdi, Mikel Lertxundi (euskal pinturan nola azaldu diren ijitoak), Karlos Zurutuza (erromintxelari buruzkoa) eta Palmira Dualek (emakumeak eta gazteei buruzkoa) sinatu dituzte. Diseinuaz Cheli Lanzagorta arduratu da.

Argazkiei eman die Egañak garrantzi berezia. Eta hor Eulalia Abaitua, Isabel Azkarate, Jesus Uriarte, Jose Usoz, Gari Garaialde, Mariví Ibarrola eta beste hainbat argazkilarien lanak daude.

Garaialdek Irungo Uranzu frontoian egindako argazki bat etorri zait gogora lerro hauek idazterakoan. Duela urte batzuk kanpoko frontoian jokatutako ijitoen pelota txapelketa bati dagokio.

Mariví Ibarrolaren bi erretratu aukeratu dituzte: batean Rafael Berrio ageri da, kantatzen; bestean, Iñaki Berrio anaia, Arrasateko RIP taldekoak elkarrizketatzen. Rafa eta Iñakiren aitonetako bat ijitoa baitzen.

Bitxia da ere 1990eko hamarkadako erreportaje bat. Hernaniko Antxon Etxeberriari eginikoa da. Argazki batean 92 urteko gizon hau ageri da (itxuraz) etxeko atarian, emaztearekin batera. Erretratua Jesus Uriarterena da. Tratantea zen, euskalduna eta bertsozalea.

Astebete baino gehiago pasa da jada erakusketa ikusi nuenetik eta detaile batzuk eskapo joan zaizkit. Beraz, interesa baduzue, onena izango da zuek Aietera hurbiltzea eta bertan ikustea Egañak eta Martinek ze lan ona egin duten.

Bertara joateko hartu kontuan Aiete Kultur Etxeak ordutegi bereziak dituela. Bereziak Donostia Kultura sareko gainerako kultur etxeekin konparatuz gero: astelehenetan itxita egoten da; asteartetik ostiralera, arratsaldez dago irekita; larunbatetan goiz eta arratsaldez zabaltzen ditu ateak eta igandeetan goizez bakarrik. Paragrafo honen hasieran dagoen loturan ordutegien eta bertara iristeko autobusen berri ematen da.

Telefonoarekin egindako argazki txar batzuk igo ditut Flickr-era eta hemen azpian itsatsi.

Pindro Dantzariz

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter