Zapatismoa Diego Enrique Osornoren eskutik
Abenduaren 8an kasualitatez harrapatu nuen Diego Enrique Osorno kazetariari «A vivir que son dos días» irratsaioan eginiko elkarrizketa bat. Javier del Pinok aurkeztu eta zuzentzen du Cadena Ser-en irratsaioa. «A vista de Lobo» izeneko atalaren barruan emititu zuten, gaur egun El País egunkariaren Berlingo korrespontsala den Marc Bassetsek gidatzen duena igandero.
Diego Enrique Osorno nos acerca al zapatismo, este apunte en castellano
Ez nuen inoiz ezer entzun ezta irakurri ere Osornori buruz, baina igande hartan entzun nituenak itxura ederra zuen. Audio honen 23 minutu 45 segundutik aurrera entzun dezakezue nahi izanez gero, mexikarraren aurretik beste egile bat gonbidatu baitzuten.
Hiru partaideek berriki Anagrama argitaletxeak kaleratutako En la montaña liburuari buruz aritu ziren berbetan. Liburuaren muina da 2021eko maiatza eta ekaina bitartean zapatistek Mexikotik Europara eginiko itsas zeharkaldia. Duela egun batzuk erosi eta aste honetan bertan amaitu dut irakurraldia: liburua asko gustatu zait eta haren irakurketa erabat gomendatzen dut.
Maiatzaren 2an 4-2-1 eskuadroia zeraman La Montaña belaontzia Mexikotik (Isla Mujeres) atera zen. Ekainaren 21ean iritsi ziren Galiziara, Vigoko portura. 4-2-1 izenak zapatista maien generoarekin du zerikusia: 4 emakumezko (Lupita, Carolina, Ximena eta Yuli), 2 gizonezko (Bernal eta Darío) eta pertsona 1 ez bitarra edo otroa (Marijose). Zazpi horietatik inork ez zuen itsasoaren berri.
Ontziko tripulazioa, gehienak alemaniarrak, bai bazekitela zer zen ozeanoa: Ludwig Hoffman Lulu kapitaina; Gabriela Lange Gaby, Nabigazio Klasikoaren Hedapenerako Fundazioko presidentea, belaontziaren jabe zen elkartea; Ehrfried Jaretzke Ete; Carl Reiner Carlitos, praktikak egiten ari zen marinela; eta kolonbiar bat, Edwin Bayuelo Edwin.
Bi bide gurutzatu ziren une eta toki berean: alde batetik, Europara nabigatzeko proiektu zapatista; bestetik, Stahlratte ontzia Europan saltzeko egitasmoa.
Slumil k’ajxemk’op —tzotzil hizkuntzan Lurralde Intsumitua edo Etsitzen ez den Lurraldea— izeneko eremurantzko ia bi hilabeteko itsas zeharkaldia dokumentatzeko asmoz, zapatistek Diego Enrique Osorno (Monterrey, 1980) kazetari eta dokumentalistarengana jo zuten. Diegorekin batera María Secco María argazki zuzendari uruguaitarra joan zen. 4-2-1 eskuadroiaren laguntzaile moduan, Javier Elorriaga Javier historialari eta aktibista mexikarra.
Ez dut filma ikusi, baina hona hemen trailerra. Bai ikusi zutela 2023ko abenduan Mexiko hegoekialdera joan zirenek, altxamendu zapatistaren 30. urteurrena gogoratzeko ekitaldien barruan.
Liburua hasi eta berehala, 23. orrialdean hain zuzen ere, groggy utzi ninduen esaldi batek:
2006 eta 2023 urte bitartean, batezbeste egunero laurogeita hamabi lagun erail eta hogeita sei desagerrarazi zituzten. Denbora tarte horretan, Mexikoko elizaren eta erakunde akademikoen txosten zehatzen arabera, hiru mila hobi klandestino topatu dira.
Hau da, Osornok ondo baino hobeto adierazi bezala, XXI. mendeko demokrazia mexikarrak txiki uzten du alor horretan Latinoamerikako XX. mendeko edozein diktadura. 700.000 pertsona hil edo desagertu dira hemezortzi urte hauetan, gaizki izendatutako narkoaren kontrako gerra piztu zenetik.
Ismael El Mayo Zambada
Anagrama argitaletxeak duen Kronika saria jaso du liburuak eta hainbat genero nahasten ditu: kronika, elkarrizketak, egunerokoak, testigantzak... Gainera, bidaia dokumentatzeko enkargu zapatistarekin batera iritsi zitzaion Osornori Mexiko mafioso nagusietako bat elkarrizketatzeko aukera. Hasiera batean, Ismael El Mayo Zambadarekin ordu erdi egon behar bazuen ere, azkenean hiru orduz aritu ziren solasean. Horren emaitza ere liburuaren lehen zatian azaldu du idazleak.
Gero, buruzagi zapatistekin izandako elkarrizketen txanda da, Osornok 2003tik baitu harreman zuzena beraiekin. Honela, egungo buruzagi nagusi den Moisés subkomandantea agertuko da, baita hildako Marcos subkomandantea, Galeano subkomandantea eta gaur egun Marcos kapitaina dena. Izan ere, azken hiru hauek pertsona bera dira eta Marcosen beharren arabera aldatu egiten da izena, hura holograma bat baita.
Diegok idatzitako egunerokoa, Diario del naufragio, dator segidan. Egunerokoa tripulazioaren bitakora kolektiboarekin nahasi egiten da. Ahots zapatistek ematen dute aukera jakiteko nola antolatu den mugimendua azken urte hauetan. Eta ezagutuko dugu 1983ko azarotik datorren EZLN zertan dabilen, ahaztu gabe beraiek bost mendeko biziraupen historia aldarrikatzen dutela.
Atentzioa eman dit ez kontatzea 2021eko ekainaren 21etik aurrera zapatistek zer egin zuten Europan. Ematen du Diego jada ez zegoela beraiekin, eta hori izango da arrazoia. Hori bai, Osornok bai kontatzen duela Berlinen geroago eginiko egonaldia eta hauxe aprobetxatuz eginiko hainbat bisita. Adibidez, Sachsenhausengo kontzentrazio esparrura egindakoa.
Liburuan zehar ikusten dugu nola eraldatzen den armada zapatista gaur egun den mugimendu zibil eta bakezale bihurtzeko. Bitartean, Mexikoko presidenteen eraginez edo haien eragin ezaz (Salinas de Gortari, Zedillo, Fox, Calderón, Peña, López Obrador) eta AEBetako atzeko patioa dela aintzat hartuz, odolusten ari den herrialdea bilakatu da Mexiko.
Hainbeste dago esateko, ezen zaila baita zerbait azpimarratzea. Hala eta guztiz ere, hiru erreferentzia nabarmenduko ditut hementxe:
- Javier Sicilia, poeta eta aktibista, Movimiento por la Paz con Justicia y Dignidad izenekoaren bultzatzailea.
- Sergio González Rodríguez idazlea, Ciudad Juárez-eko feminizidioak ikertzeagatik ezaguna.
- Julio Scherer idazle eta kazetaria.
Propina
Propina gisa, Diego Osorno eta Juan Villororen arteko solasaldi bat. Azken hau idazlea da eta Luis Villoro filosofoaren semea, indigenismo gaietan aditu nagusietako bat eta zapatisten aholkulari. 2014an zendu eta zapatistek kontrolatuko lurraldean lurperatu zuten.
Bukatzeko, Osornok berak berriki plazaratu duen zutabe batean esandako hitzak utziko ditut: «La Montaña me insufló contemplación, escucha e imaginación que traté de compartir en un libro que, contra viento y marea, reivindica la esperanza».