Harrikadak
Kolosala da
Nahi baino gutxiago joaten naiz Bilbora. Larunbateko bisitaren aurretik, udaberrian izan nintzen azken aldiz. Orduan, autoa Pio Baroja aparkalekuan utzi eta oinez abiatu nintzen Guggenheim museorantz. Paseoan, inguruari begira, dena kolosala zirudien, handia, erraldoia.
Atzo itxura berdintsua jaso nuen EITB digitalaren egoitza berria bisitatu ondoren. Zer da hori?
Goizeko 11:00ak izateko hamar minuturen faltan genuen hitzordua eraikinaren atarian. Justu-justu iritsi ginen gu, Indautxu plazatik gertu autoa aparkatu ondoren (Atletixaren partida zegoen arratsaldean eta, badaezpada, San Mameseko inguruan ez aparkatzeko gomendioa egin ziguten). Goizane Gernika zen gidaria.
Taldea JVren blogean parte hartzen dugun lagunok osatzen genuen, baita horien adiskide, senide etab. Blogoentzuleak, laburbilduz (nahiz eta etiketa arraro samarra izan: funtsean idatzizkoa den bloga entzun al daiteke?).
Estudiora sartu ginen halako batean eta mikrofonoa sartu zidan JVk. "Eres un cabrón" esan nion bat-batean. Hori atera zitzaidan barru-barrutik. Larunbat gau guztia pasa nuen ordenagailuan: "No dirás nunca más cabrón en la radio" idazten (copy-paste egin gabe).
Esan bezala, Goizaneren atzetik ikusi genituen munstroaren barrualdeak. Aste bukaera izanik ez zegoen jende asko bertan. Gidariak esan zigunez, 600 bat lagun joaten omen da bertara lanera.
Bisita amaitu, kafe makinan denbora luze egon, irratsaioaren bukaeran Cociditoaren bertsio hiperra abestu eta bertako jatetxean bazkaldu genuen.
Traperoari esan behar diot aldameneko mahaian zeudela bazkaltzen ETBko kiroletakoak. Eguerdiko Gaur eguna amaitu ondoren gehitu zen taldera Estitxu Fernandez (ez gurera, kiroletakora).
Kafea, goxua, San Mamesetik gertu dagoen taberna batean hartu genuen. Etxerako buelta Hiper modelistarekin egin genuen.
Eskerrik asko denoi. Hurrengo batean elkar ikusiko dugu.
Oharra: argazki gehiago hemen. Pena ez izatea kalitate nahikorik.
Eguneratzea: 17:45. Hona hemen pasa den larunbatean egon ziren beste zenbait lagunen kronikak edo argazkiak:
Sarituaren ikuspegia, aspaldiko apunterik onena.
Re: Kolosala da
Iturri, eta ez zenuen erortzen utzi kutxarilaren bat edo, haren ondora, disimulatuki? Hori da hori aukerak alperrik galtzen uztea... ;-)
Ez dezu aipatu ze giro arnastu zenuen bertan. Nik nere irudipenarekin segitzen det, oso hotza iruditzen zait holako egoitza kolosala, holako lan baterako.
Re: Kolosala da
Kaixo: 20 bat lagun hurbildu ginen larunbatean bisitan eta MQP irratsaioko lan-taldea ezagutu genuen. Hauek lan giroa ona zutela ikusi nuen. Gainerakoena? Ideiarik ere ez.
Nire ustez, etxea handiegia da gauza onerako. Baina hori inpresio bat besterik ez da.
Re: Kolosala da
Eta ze berogaillu erabiltzen dabe hori guztiori berotzeko? Zenbat gastatzen dabe?
Re: Kolosala da
Ondo egindako galdera. Ederra izango da gastua.