Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Bernardo Atxaga blogari eta Joxe Aranzabalen zergatik gara bakarrik

Bernardo Atxaga blogari eta Joxe Aranzabalen zergatik gara bakarrik

Mikel Iturria 2007/10/23 06:00

Gaurkoan kontatu digute Sustatun Bernardo Atxagak webgune berria duela. CodeSyntax enpresa eibartarrak egin du lana eta jada jaso ditu kritika on batzuk. Ez naiz ni kontrakoa esaten hasiko: ederra da, bai.

Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago webgunea, baina Atxaga blogaria euskaldun jendeak ulertuko du bakarrik: euskaraz aritzekoa baita Asteasuko semea. Renon omen dabil ikasturte hau pasatzen, liburu berriren bat idazten, bloga astean behin elikatzen.

Gaur goizean mezu bat bidali didate 2003ko otsailaren 26an argitaratu zen Atxagaren artikulu bati buruzkoa. Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Entzutegi Nazionaleko epaile batek eta gauza asko idatzi ziren garai hartan. Horien artean Atxagaren "Bertan goxo?". Egunero izeneko egunkarian publikatu zuten eta sarean ere egon zen ikusgai. Ez dakit zergatik, baina kadukatu egin da egunero.info. Eskerrak Sustatun gorde zuela Luistxok.

Artikulu hura irakurri nuenean, korrika eta presaka itzuli nuen gaztelerara. Hemen jarri zuen Javier Ortizek eta handik hartu zuten Rebelión-ekoek. Horrelakoak nik Pedradas-en jartzen ditut, baina hau pasa egin zitzaidan. Eta ez da makala. Oraintxe jarri dut.

Sustatuko erantzunetan, badago Joxe Aranzabalen bat oso ona. Sustatu kenduta orduan ez zegoen blogarik euskaraz. Hona hemen Joxeren hitzak. Zoritxarrez, ez dute batere gaurkotasunik galdu.

Zergatik gara bakarrik?

Benetan ederra Atxagaren artikulua eta, betiko legez, zer pentsatua ematen duten horietakoa. Guztiz bat nator berarekin, baina aukera aprobetxatu nahiko nuke haritik tiraka egiteko.

Jende asko mobilizatu da Egunkariaren alde egunotan. Baina nabarmena izan da, oso, nola askok beste alde batera begiratu duten, ezikusiarena eginez, Egunkariaren inguruan bidegabekeriarik egin izan ez balitz bezala.

Eta neure buruari galdetu diot behin eta berriro zergatik egiten duten beste aldera, zeren horietako guztiak ez baitira fanatikoak. Eta erantzun bat aurkitu uste dut, erantzun bat, izugarri kezkatzen nauena.

Uste dut orain ezikusiarena egiten duten horietako asko zapuztuta daudela euskalgintzan gabiltzan askorekin, gure babesa behar izan dutenean, gu beste inora begira jarri garelako, ez dugulako argi eta ozen aldarrikatu hemen eta bakean bizi izateko duten eskubidea eta ez ditugulako gaitzetsi jasan dituzten erasoak eta hilketak. Hitz batean esateko, ez ditugulako behar beste babestu.

Zurtz utzi genituen eta, ordainetan, bakarrik utzi gaituzte. Konturatu garenerako, amildegi bat egin da gure artean, zulo ikaragarri bat. Eta horrela nekez aterako dugu euskal kultura aurrera, zer esanik ez herri hau.

Bai, beharbada 2003ko otsailaren 20an aldi, denbora eta garai baten bukaera izan da gure artean. Gerora begira hausnarketa egin beharko dugu eta egiteko modu berriak landu, non ikusmolde desberdinetako jendeak elkarren errespetuan eta elkar hartuta egiten duen aitzina.

En castellano

etiketak: Sareko harrikadak
Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2007/10/24 01:10

Eskerrik asko, Mikel! Gogoratu ere ez nintzen egiten hori idatzi nuenik, baina halaxe da. Eta arrazoi duzu: hor esandakoak ez du gaurkotasunik galdu. Besarkada handi bat, eta zaindu!

ptx | larrabetzutik
ptx | larrabetzutik dio:
2007/10/27 10:52

Autoedizioa al da enpresa bat kontratatzea zure webgunea egin dezan? Pott aldizkariak zer du ikustekorik atxaga.org gunearekin.

Pott aldizkaria osorik ere badago Interneten, atxaga.org horretan zenbat liburu irakurri al izango ditu atxagazalea den irakurle teenager horrek?

Ez ditzagun gauzak nahastu. Egia da, Interneti begira gutxi daudela ohiko komunikabideak, interesatzen zaienean. Baina hortik, maxima ezberdin batzuk egitera... aldea dago.

Do your self, punk espiritua, eta webguneak egiteko enpresa bat kontratatzeak ez dute zerikusirik, nire uste apalean.

iturri
iturri dio:
2007/10/27 21:38

Kaixo Patxi:

Atxagak, blogaren bidez, harreman zuzena izango du irakurleekin. Beraz, autoedizioa.

Eta hori da gainerako blogari guztiek egiten duguna sarean: autoedizioa.

Luistxo
Luistxo dio:
2007/10/25 12:54

Eskerrik asko webgune horretan egin dugun lana aipatzeagatik. Gaur azkenean ikusi dut ohar bat paperean inprimatuta: lau lerro, labur bat esaten duten hori. Entxufeei esker lortutako labur bat. Autoedizioa da erantzuna, Pott Bandaren garaian bezala.

iturri
iturri dio:
2007/10/27 01:44

Aupa Luistxo:

Arrazoi duzu honekin. Punk revival.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter