Nola esaten dioten agur aitari bi lagunek
Atentzioa deitu dit Jon Iraundegik aitaren heriotzaren berri nola eman dion bere koadrila digitalari. Gizonaren argazkia paratu du bere fotologean, eta hiru esaldi labur lotu ditu: "Muchas gracias por todos los ánimos recibidos. El Aita falleció el jueves 11. Agur Aita".
Agur hori irakurri, aitaren erretratuari erreparatu eta ez dakizu zer esan (sentitzen duzula eta animo mezuak bidaltzeaz aparte).
Jonen aita hil zen egunean, urriaren 11n, aurkeztu zuen azken diskoa Irungo beste bizilagun batek, Jabier Muguruzak. Lanaren titulua "Konplizeak" da eta aitaren heriotzak utzitako hutsuneak markatu du grabazio prozesua.
Bertan badago Jabierrek idatzitako letra bat, honela dioena:
"Antxillesko arkupean
Eta hantxe nengoen ni
bakarrik, Antxillesko arkupean
aita gogora ekartzen
baita egun horretan ere
guztietan bezalaxe
hil zenetik, hain
bat batean, hain
latza izan zelarik guretzat,
ezustean izateagatik
eta hainbeste
maitatzeagatik
eta hainbeste
maitatzeagatik.
Eta trinketean gogoratzen nuen
pilotan, elkarrekin
eginak genituen
hogeita lau urte haietako
edozein egunetan
kantxan oldartzen,
berak zekien latzean. Ondoren
dutxan xaboia ematen
mugimendu delikatuan
indarra eta samurtasunaren
osatze harrigarri hura,
indarra eta samurtasunaren
osatze harrigarri hura.
Orduan, oroimenaren baitan
osorik sartua nintzela
berarekin bat egiten saiatu nintzen
artean aipatu gabe nizkion
kontu batzuk esaten: lehendabizi,
zenbat gogoratzen naizen berarekin
zein gaitza zaidan
haren hutsa, utzi gintuenetik,
baina bera, joanda bezala zegoen
egiazki urrun, beste nonbait
eta bapatean negarrari eman nion
baina aspaldi egiten ez nuen bezala,
ume abandonatuak egiten duen eran".
Ederrak. Baiña aitta bateri esan leikixo iñoiz agur esan? Ez, beti dago presente. Berak laga daben hutsunia hor dagualako.