Etxetik erraza dirudi
Aurreko mezuan idatzi bezala atzo goizean egon nintzen Más que palabras irratsaioan.
8:45etan iritsi nintzen Miramonera eta bertan egin nuen topo Txaro Arribasekin. Irundik ezagutzen dut Txaro eta plazera izan da berarekin batera tertulian egotea.
9:05ean ireki du saioa JVk eta aurkezpena egitera gonbidatu nau. Aurrekoan Julen Iturbe-Ormaetxeren estreinako saioa entzun nuen eta lantxo hori prestatuta neraman. Zaila izaten baita norberari buruz hitz egitea boteprontoan.
Txarorekin batera Dardo Gómez, Bartzelonan bizi den kazetari argentinarra. Ondo etorri zait eskarmentudun jendearekin batera egotea, beraiek hitz egiten baitzuten nik zer esana ez nuenean (eta hori askotan gertatu zait).
Bakoitzak bere teknikak erabili behar ditu ahal duen neurria emateko. Kanpotik begiratuta, Dardo edozer gauzetaz hitz egiteko moduko tipoa da eta zu berarekin zaudenean, eskertu egiten da hori. Txarori gustatzen zaio apunteak hartzeko erabiltzen duen koadernotxoa mahai gainean zabalik izatea.
Ez dut esango gustura geratu naizenik, baina, tira, pasa dut lehenengo saioa. Naturaltasuna eskatu zidaten eta horretan saiatu naiz. Txaroren bikotekideak, Iñakik, eman dit urrezko beste arau bat: ez dakizun gauzetaz, hitzik ez.
Bukaeran gusturago nengoen, baina konturatzeke amaitu da saioa. Hori bai, parabien edo boto positiboa emateko aukera izan dut. Kasu honetan, garbi neukan nori: Joxe Aranzabalek emandako datuak oinarri hartuta, euskal blogosferari egokitu zaio. Gehiago zehaztuz, hiru urte bete dituen eibar.org-eko blog komunitateari. JVk esan dit entzulegoak ez zituela nik esandakoak ulertuko. Berdin zait, pixkanaka joango gara pozoia barreiatzen.
Hurrengo asteetan oporretan egongo naiz eta blogean nabarituko da hori. Zaindu.
Entzun dut! Zorionak eta eskerrik asko, tokatzen zaidan parteagatik.
Escolarrena ondo prestatuta zeneukan, ez? Lastima ez duzula bide horretatik jarraitu, pixka bat kaña gehiago ematen. Zuk esaten duzu eskerrak Dardo, baina niri iruditu zait: "jopelas, honetaz ere Dardok hitz egin behar du?"