Donostiako moda berria
Realak Lehen Mailan jarraitzeko arazoak zituela-eta, Administrazio Kontseiluak bazkideen artean Anoetan jokatu beharreko partidetarako gonbidapenak banatzea erabaki zuen. Reala putzura joan da, baina joera berri bat finkatu du hirian.
Ostiral arratsaldean eman zidaten abisua: Donostiako Udala gonbidapenak banatzen ari zela zenbait udal ekipamendutan. Sarrera gutxi batzuk izango zirela uste nuen, baina oker nengoen. Larunbat goizean pieza berri bat gehitu nion puzzleari: Udaletxeko atarian jaso behar zirela sarrera horiek. Eta ondo esan dut: ez ziren gonbidapenak, preziodun sarrerak baizik. Hamarnaka banatu omen zituzten, lehen aipatu zenbait udal ekipamendutako erabiltzaile eta pertsonalaren artean.
Haserretu egin nintzen: ez zait ondo iruditzen sarrerak horrela banatzea (65, 73, 105 euro edo gehiago pagatu duen jendea gozoa egongo da); baina gonbidapenak barra-barra banatu badituzte, nola ez da inor akordatu kontzertuaren muntaia gorabeheratsua sufritu dugunokin? (kultur etxeko langileetaz ari naiz, bai; norbaitek pentsatzen badu haserre nagoela gonbidapenik gabe geratu naizelako, ez nau ezagutzen, baina libre da hori pentsatzeaz, noski).
Halere, sutan jarri nintzen jakin nuenean EGazteak bi mila sarrera (oharra: edo mila izan ziren?) banatu behar zituela Miramongo Estudioetara hurbildutako lehen mila lagunen artean. Kaguenlarrusia!
Webgunean informazio hau aurkitu dut: "Eguerdiko 12:00etatik aurrera Miramongo egoitzan banatu ditu Egazteak Rolling Stones ikustera joateko sarrerak, euren kanta baten izena esate hutsaren truke. Sarrera guztiak agortu dira dagoeneko!"
Albistea atzo eguerdikoa da. Saiatu naiz komunikabide konbentzionaletan honi buruzko informazio gehiago topatzen, baina oraingoz ez dut ezer aurkitu.
Argi dago Rolling Stones taldeak kobratu beharrekoa kobratu duela. Badirudi Euskal Herriko promotorak dirua galduko duela emanaldiagatik, baina jakin nahiko nuke kontzertuak zenbat diru publiko suposatu digun donostiarroi, gipuzkoarroi, euskaldunoi.
Lehen lerroetan aipatu bezala, Realak joera berri bat finkatu du. Ikusteko dago noiz arte bota dezakegun harrika guztion dirua.
Eguneratzea: 17:15. Lok egindako jestioengatik lortu ditut La Máquina de Huesos argazkilari famatuak eginiko zenbait argazki. Eskerrik asko bioi. Webgunean dituzue erretratu gehiago.
Eguneratzea: ekainak 29. 10:00etan. Bihar Ejidon daude lau golfoak. Iaz bertan behera utzi behar izan zuten emanaldia eta hemen barkamena eskatzen dute. Adi Keith Richardsekin.
Eguneratzea: ekainak 29. 18:45etan. Bi langile hil dira Madrilen eszenatokia desmuntatzen ari zirenean. Goian beude.
arratsalde on etxezarreta jauna:
Nik ez duitut bide honak informazioa eskuratzeko, baina jakin nahi dut. Informazioa eskatzeko, onena, iturrira joatea da.
Zergatik eman zituen sarrerak Udalak hain trakets?
Zergatik oparitu behar ziran?
Ez al duzu pentsatzen hori ordaindu zutenei ez zaiela gustatuko?