Oleguer Realera
Gauean irakurri dut Oleguer Presas jokalariak idatzi eta gaurko Berria egunkariak plazaratutakoa. Bartzelona futbol taldeko jokalariak azaldu du Espainiako Estatuak De Juana Chaos presoarekin egiten ari dena gaitzesten duela eta zalantzaz beterik ikusten duela estatu horren jarduera anitz.
Antzeko gauzaren bat irakurri izan diogu kataluniarrari beste batean: duela ia bi urte hau idatzi nuen Kataluniako prentsan Oleguerri eginiko elkarrizketa bat irakurri ondoren.
Kirolariak, normalean, ez dira topikoz beteriko diskurtsotik mugitzen. Ez kirolariak bakarrik, denen gustua egin behar duten negoziodunek berdin aritzen dira. Adibidez, Euskal Herriko puntako sukaldariak: oso basko eta oso tokiko (donostiar, bilbotar…) agertzeaz aparte, pulamentuzko gauza gutxi esatera ausartzen dira.
Kasu honetan, Oleguerrek esandakoa gustuko dugu, baina nola jasotzen ditugu gustuko ez ditugun beste hainbat iritzi? Gogoan dut Valery Karpin futbolari ohiari irakurri niola duela zenbait urte, karrera oparoa Realean amaitzen ari zela, Vladimir Putin presidentearen zale zela. Ez zitzaidan batere gustatu eta inoiz ez dut ahaztuko. Kasu honetan, lehendik atsegin nuen tipoa eta berdin txalotu nituen merezi zuten jokaldiak. Baina, esan bezala, esandakoa ez nuen inoiz ahantzi.
Orain, berriz, Oleguerrek esandakoa ez zaio askori gustatu. Bat esatearren, Laporta jaunari ez omen zaio gustatu jokalariak De Juanari buruzko adierazpenak egitea gaur Bartzelonaren prentsa-aretoan.
Lasai, Laporta: proposamen bat egitera ausartuko naiz. Oleguerrek aurten gutxi jokatu duenez, datorren denboraldian Presas jauna gurera ekartzeko eskaintza luzatuko dizuegu. Arazo bat dugu: horretarako txuri-urdinek Lehen Mailan jarraitu beharko dutela.
Argazkilaria: Jone Unanua, muguruzafm.com webgunetik jasoa.
Otsailaren 11ko eguneratzea: Gehienek jakingo duzue Berriak eta Vilawebek hasi dutela Olegueren aldeko kanpaina bat, Kelme kirol etxeak jokalariarekin zuen kontratua eteteagatik. Hemen sartu eta bidali e-mail bat. Une honetan 16217 lagunek hartu dute parte kanpaina horretan.
Ez dakit egia ote den, baina irratian entzun dut Kelme etxeak Oleguer jokalariarekin zuen kontratua hautsi egin duela azken honek egin zituen adierazpen horiengatik. Ba al dakizue hori horrela den?