Iruñan Donostian baino hobeto
Kontua ez da gaurkoa. Hiru hilabete atzera egin beharra dago. Uste baino gehiago luzatu den uda (naturalaren) amaieran. Igande arratsaldea. Lagun talde bat. Betiko kontuak aipatu genituen, baina badago bat oraindik burutik kendu ezin dudana.
Taldeko batek urtebete darama lanean Gipuzkoan, Komunikazioaren esparruan. Aurretik hiruzpalau urte egin zituen eremu berdinean Nafarroan. Eta nazkatuta zegoen hemen topatu duenarekin.
Laguna, agian Stockholm sindromearen menpe, askoz hobeto zegoen Iruñean Donostian baino.
Baga
Askoz ere hobeak omen dira Sanz-ek eta Barcinak dituzten lan-taldeak; kaskarragoak, diferentziaz, Gipuzkoan dauden agintariak (Udala, Aldundia, Kutxa…)
Biga
Iruñako Udalean abertzaleek uste baino botere gehiago dute. Gai dira behar den tokian Barcinari kontuak eskatzeko, batzarretan estu hartzen omen dute.
Higa
Obreroen bi ekarpen azpimarragarri: lehiakortasuna eta lana eta familia uztartzeko aukera gehiago. Kexatzen zen zaila delako Gipuzkoan aurkitzea Nafarroan lansaioak antolatzeko zituen erraztasunak.
Laga
Kutxa eta CAN. Antzeko-parezido. Murtzian gure diruarekin espekulatzen duen erakundeak apustu berritzaileak laguntzeko duen kemen falta aipatu zidan.
Boga
Hau nirea da: Iruñako kontuak ezagutzen ez baditut ere, Gipuzkoako boterea lau teklajole kaskarren esku ikusteak min ematen dit.
Duela hamar urte Napartheid aldizkariaren leloa gogoan ("Soweton, Euskal Herrian baino hobeto"), nire lagunari jarraikiz esan daiteke, berriz: "Iruñan Donostian baino hobeto".
Ea zer dioen Loretxoak
Miguel Sanz eta Yolanda Barcinak dituzten lantaldean Gipuzkoan dituzuenak bainan hobeak omen dira. Ez dut Joxe Juan González de Txabarrik Diputazioan duen lantaldea ezagutzen, bainan ikus ditzagun nafarrak.
Ideologia nabarristari dagokionez, Corellako seme diren Miguel Sanz eta Alberto Catalán dira nabarmenenak, Javier Caballerorekin batera. Triunbirato antiabertzalea esanen nuke. Francisco Iribarren lehendakariordea ukitu neoliberala ematen dio. Perfil teknikoagoa du, ideologikoa baino. Enpresariak gustura daude berarekin, ez ordea sindikatu eta gizarte eragileak.
Komeniko litzateke gogoratzea gobernu hau izan zela EHN, Energía Hidroeléctrica de Navarra, enpresa aintzindaría ACCIONARI saldu ziona jakitea, gero Iberdrolaren ehuneko bat erosteko. Entrecanales familiakoak oraindik deskojonatzen ari dira.
Kulturan eta Hezkuntzan, bi izen zorigaiztoko ditugu. Juan Ramón Corpas Mauleón eta Luis Campoy. Lehena Baluarteak liluratua bizi da, eta Xabierko Frantziskoz ere. Hortik aurrera, kultura? zer da hori? Gizon triste bezain petrala. Eta Campoyz zer esanen dizut... Kazetari askok auzo-lotsa pasa izan dutela haren agerraldi publikoetan, eta 15 milio euro gastatuko ditu Tuterako Kanpusa eraikitzen, Nafarroako Liburutegi Nagusia eraikitzeke dagoenean, edo Pablo Sarasate Kontserbatorioan saguak dituztenean.
Eta euskararekiko duten sentsibilitateaz, hutsaren hurrengoa asko dela uste dut, eta ez da kontsigna. Inbidia handia ematen didate Jazzaldia, Zinemaldia, Beldurrezko Zinemaren Astea, Musika Hamabostaldia... edo Donostian bertan dituzuen auzo Kultur etxeak (Jareño-Egia, Ernest Lluch, Lugaritz...)
Industria, Garraiobide eta Osasun sailburuak, Javier Armendariz, Alvaro Miranda eta Maria Kutz perfil teknikoagoak dituzte. Haiekin lan egin duten pertsonak ezagutzen ditut, eta adibidez, Mirandaz diote "kabroi efizientea dela". Ez dut uste ordea informazioren gizartea bultzatzeko planik egin dituztenik, Industrian, (e-donostia moduko ekimenek inbidia ematen didate) edo kondoiak behar bezala bultzatzen dituztenik, Osasun sailan. Eta monokultibo industriala, erran nahi baita, Wolkswagen, hor dago, "Damostenesen ezpata balitz bezala", Sanz dixit.
Isabel García Malo ongizate sailburu izendatu zuten berriki, haren departamentuaren kaosa bidera zezan, –norbaitek putaetxe batekin konparatu zuen– eta goiz da oraindik nota jartzeko.
Nahita utzi ditut CDNko 2 kontseilari amaierarako. Nekazaritzakoa, Jose Javier Echarte, "el desconocido" gizon ona da. Hark eta egiten duen politika ez ditu inork ezagutzen. Hor dago, baina ez balego ez luke inork nabarituko.
Eta azkenik, Etxebizita eta Ingurugiro sailburua, Jose Andrés Burguete. Etxebizitzak Nafarroan dituen arazoak konpondu ez dakien kontseilari "guapo eta sinpatikoa". Eta ingurugiroaz, ba zentral termikoak, edo Larrako ski-estazioa bultzatu nahi duen gobernu baten kontseilariak ez dakit bere lanak oso ongi egiten dituen.
Yolanda Bartzinari, batzarrak bost. Oposizio osoa bat egin du, eta estu lotzen dute, bai, baina gehiengo osoa izanik, arcodeltriunfotik pasatzen ditu oposizioaren galdera eta eskakizunak. Gehiengo osoak ez du kontrolik, ez Iruñeko Udalan, ezta Sebastopolen ere.
Obreroen ekarpenez, Nafarroan, txanpon bateko bi alde dira. Egia da osasungintzan, edo ikerketa eta hezkuntzan garrantzia handia izan dutela. Jende askok ikasi du haren unibertsitatean, eta ekonomia dinamizatu dutela ez dut uste inork zalanztan jarriko duenik.
Baina aldi berean gizartearen eboluzioa eta progresoa nabarmen geldotu dute. Hauek ez dira katolikoak, hauek ultra-katolikoak dira. Abortorik ezin da egin Nafarroan, adibidez. Eta CIMA delako zentro bioteknologikoan ez dituzte zelula amekin ikerketarik eginen.
Ez ditut ezagutzen lana eta familia uztartzeko haien enplegatuei eskeintzen dizkien aukerak, baina pentsatzekoa da asko eta handiak izanen direla, haien ideologiarekin talka egin nahi ez badute, behintzat.
Kutxaren kemen falta aipatzen duzu. Kontxo, Caja Navarra ez dut uste asko egiten duenik. Civican moduko zentro kulturala bultzatu, eta haren mozkinen zati bat gizarte ekintzei eskeintzen die. Hortik aurrera, Kutxak gobernuz kanpoko erakundeak ez direla gogoratzea ez legoke gaizki. Hala ere, erabili izan dut Tele-kutxa kontzertuetarako sarrerak erosteko eta zerbitzu hori ez dago Nafarroan.
Nik ez ditut sakonean ezagutzen Gipuzkoako boterearen azpiegiturak, baina Nafarrokoak familia, edo akaso Familia batzuen esku, autoegile baten esku eta alderdi baten esku daudela esaten badut... pernandoren egiak, sudurraren atzean begiak.
Eta hau da, dudarik gabe, blog batean utzi dudan erantzunik luzeena, zuk hala eskatuta.
Besarkada bat, kabroi horrek.