Badatoz
-Gero eta jende gehiago dator kanpotik.
-Bai, horrela da, baina oraindik oso gutxi dira.
-Hemengoei ematen ez zaizkien laguntzak jasotzen dituzte beraiek.
-Ez dut uste horrela denik.
-Bai, gertutik ezagutzen dudan kasu bat kontatuko banizu...
-Noski, beti egongo dira salbuespenak.
-Hemengo jende askok ez du eskatzen laguntzarik.
-Lo daudelako.
-Lotsa dutelako.
-Berdin zait. Mundu globalizatuan bizi gara. Onerako eta txarrerako.
-Nik ez ditut gauzak horrela ikusten. Hemengoei esku bat bota behar zaie.
Nahikoa zela erabaki dut. Hemengoak vs. kanpokoak sailkapena ez dut nik ulertzen.
Hau da, lagun batek dio Kovacevic bertakoa dela, hemen bizi eta lanean ari delako.
Atzo, Mataróko lagun batek esan zidan 116.000 biztanleko herri horretan % 20etik gertu dela etorkin (datu ofizialak). Mariak dio bere auzoan % 30etik gora.
Badatoz, badatoz, tse-tse; badatoz, badatoz, tse-tse.
Kasu hauetan geure "bestefobia" edo "kanpofobia" azaleratzen da, azpian bildur eta izu kolektibo guztien amak jotzen gaituela.
Bildurturik bizi gara. Eta honeri buruz idatzi dau JL Zabala-k gaur: "Orain, ordea, ez naute lehen adina beldurtzen mehatxu horiek guztiek. Beldurtzeaz ere nazkatu naiz."
Horixe.