EH 2.0 (III) Vicent Partal: "Euskaldunek ez duzue zuen burua gehiegi estimatzen"
Arratsaldeko 19:15etan hasi zuen bere jarduna Vicent Partalek. Arazo tekniko batzuk egon ziren eta ezin izan genuen pantailan ikusi berak prestatutakoa. Dena dela, komunikatzaile aparta da eta ez zuen batere arazorik izan nahi zuena behar den bezala adierazteko. Aurrekariak
Domeinuaren lorpena, 11 urteko lanaren ondorio da, kultura eta hizkuntza baten errekonozimendua.
Baga, Unibertsitatea
Tim Berners-Leek, World Wide Web-aren asmatzaileak (eskerrik asko e-gor), lehen webgunea 1991ko abuztuaren 6an jarri zuen sarean. Handik gutxira, 1992an, etorri zen lehen webgune katalana. Castellóko Jaume I Unibertsitateak moldatu zuen. Webgune hori mundu mailan sortu ziren lehen ehun webguneen artean dago. Katalanez eta ingelesez egindako unibertsitatearen oinarrizko aurkezpena zen.
Hiru unibertsitateren paper garrantzitsua aipatu zuen: Castellóko Jaume Ia, Universitat de Illers Balears eta Catalunyako Politecnica.
Internet 1995 urtean ailegatu zen etxeetara. Bitartean, unibertsitatea izan zen interneteko sarbidea eta ohitu egin zuten jendea internet katalanez erabiltzen.
Gainera, unibertsitate hauek Pangea bezalako proiektuekin unibertsitatea gizarte mugimenduetara zabaldu zuten.
Biga, sare lokala
Urte horretan ere, 1995ean, sortu ziren interneteko lehen enpresa katalanak.
Munduan globalak agintzen duenean, Kataluniako sarea lokala bihurtzen da. Sare lokal horiek sendoak dira eta hurrengo hamar urteetan proiektua bermatzen aritu ziren lanean.
Bitartean, ikuspegi global horren porrota gertatzen da. Hau da, .com fenomenoaren leherketa, Amerika Latinoa konkistatu nahi zuten enpresa espainiar haiek guztiak. Terra.com eta enparauen porrotak, dortokaren ereduari irekitzen dio bidea: hau da, komunitate lokalak, eredu jasangarri bakarra.
Gaur egun, fenomeno hau hobeto ulertzen da, baina urte konplikatuak bizi zituztela esan zuen Vicent-ek. Eskerrak katalana identifikatzeko oinarrizko lan sendoa eta ona egin zen.
Higa, kanpoko bisibilitatea
Arazoa kanpoko bisibilitatea zen eta horretarako kanpaina ezberdinak egin zituzten, besteak beste webguneak katalanez indexatzea: hau da, html-n jarri hura katalanezko edukia zela. Kanpaina hau arrakastatsua suertatu zen.
Lluís de Izaguirre informatikariak lortu zuen katalana zer den adieraztea formula matematiko baten bidez. Kosta egin omen zitzaien errumanieratik eta okzitanieratik desberdintzea, baina lortu egin zuten.
Hori lortu ondoren, Google erraldoiak bere interesa agertu zuen. Gaur egun bilatzaile handi guztiek katalanezko bilaketak egiten dituzte.
Une hori, kanpoko errekonozimendua lortzearen unea, garrantzitsua izan zen: guri begiratu, asmo sendoak ditugu-eta.
Katalanezko edukiak sortzerakoan, hizkuntza hori modu masiboan erabiltzen dela demostratzen duzu. Horrela, netscape bezalako enpresa batek, katalanez atera zuen haien produktua.
Aipatzekoa ere hizkuntz bolondresek eginiko lana, batez ere softcatalá elkartearen bidez, beraiek itzuli baitituzte guztiak.
Hori da bidea, software librearena, eta ez Microsoft-i dirutza ematea.
Beste urrats garrantzitsua Yahook eman zuen: katalana ohiko hizkuntza gisa sartu baitzuen. Honela, Californiako Yahoo-ren egoitzan, badago katalanez lanean diharduen pertsona bat.
Bilatzaile espainiarrek, bitartean, katalanari ez-ikusiarena egiten diote, baina inkesta handietan interneteko 18. tokian ageri da hizkuntza hori.
Honek guztiak ondorio biderkatzailea du: enpresa eta erakunde ez kataluniarrek kasu egiten diete. 20 hizkuntza erabilienen artean dago eta Hamburgoko Udalaren webgunea , Ryanair, etab. katalanez daude.
.cat mugimendua
Hau guztiau adierazi ondoren esan zuen: "eta orduan hasi ginen .cat mugimenduarekin". Hori 2001 urtean gertatu zen.
Kataluniako parlamentua saiatu zen .ct domeinuarekin eta ez zuen lortu.
Iratxe Esnaolak esplikatu zuen ondorengo mahainguruan, pantaila baten laguntzaz, ICANNek TLD (Top Level Domain) edo lehen mailako domeinuak bi taldetan banatzen dituela:
cc-TLD, estatu-kodeak.
g-TLD, orokorrak: hiru multzotan banatuak:
Historikoak: .com, .net, .org, gov…
Ez babestuak: .biz, .info, .pro…
Babestuak, komunitate bati lotutakoak: .museum, .aero, .coop…
.cat elkarteak, Amadeo Abril abokatuaren lidergoaz, erabaki zuen domeinu babestuen bidetik jotzea. Hau da, bide politikoari uko eginez, hizkuntza eta kultura kataluniarra ordezkatuko lukeen .cat domeinuaren bila joan ziren.
Bide politikoari uko egiteak (estatu kodeen ataka itxita dauka ICANNek) lurraldea ez aipatzea esan nahi du. Eta honela, katalana hizkuntza global gisa aurkeztu zuten.
Kanpaina 2002 urtean abiatu zen, 98 elkartek eta 68.000 hiritarrek bultzatuta. Negoziazio prozesu luzea eta gogorra izan zen, baina 2005eko irailaren 16an ICANNek onetsi zuen .cat domeinua.
ICANN erakundearekin sinaturiko kontratua 1.000 orrialdetik gorakoa da. Edozeinek du domeinu horren baitan katalanezko webgunea erregistratzeko eskubidea, salbuespenak salbuespen (delinkuentzia antolatua), beti ere hizkuntza eta kultura horrekin duten harremana frogatuz gero.
Ondoren, .cat fundazioa sortu zuten, kontratuak hala aginduta. Bertan, enpresa, elkarte eta norbanakoak daude ordezkatuak. Ez omen da zaila fundazioa gobernatzea.
ICANNek baimendutako enpresek egiten dituzte erregistroak eta bide hori 2006ko otsailaren 13an abiatu zen. Hasiera batean, usurpazioak ekiditeko, lehentasunezko eskubideak eman ziren, baina apirilaren 13tik atea zabalik dago edonorentzat. Gaur egun 15.000 domeinutik gora (18.000 eskabide) daude.
Laburpena
Katalanera benetan erabiltzen den hizkuntza da, era masiboan gainera.
Gainera, informazioari dago lotuta (hizkuntza modernoa) eta horrek sinesgarritasun plusa ematen dio.
Gizarte zibila, unibertsitateekin batera, gai izan da ingurune arrakastatsua eraikitzeko, enpresa eta gobernuen gainetik pasatuz.
Garrantzitsua da esatea ere kataluniera hizkuntza globala dela: globalizazioa eta kanpoko bisibilitatea.
Kanpoko errekonozimendua: argi eta garbi dago honek barruan ondorio onak dituela (harrotasun puntua).
Bidea zabaldu edo itxi
Galdera: .cat lortzeak bideak zabaldu ditu edo gaur egun atezain hobea dago eta zailagoa da bide hori jorratzea?
Vicent-en ustez, bidea ireki du. ICANN 10 domeinu berri emateko prest egon daiteke (Eskozia tartean). Oso erakunde zurruna da, gogorrak dira, baina garbi jokatzen du. Bidea ez da erraza (ezin da bertara bi orri eta power point batekin joan), atzean proiektu sendoa erakutsi behar da.
ICANN-eko ordezkariek amesten zutena zen katalanek beren eskabidea erretiratzea. Arazo larriak izan ditzaketelako hemendik aurrera (adibidez, .islam balizko eskabidea).
Hizkuntza globala, glokala
Patxi Gaztelumendik zoriondu zuen, lehenengo aldiz entzuten zuelako hizkuntza minorizatu bateko kide bat bere hizkuntza globala dela esanez, negarrik egin gabe azalduz. Hori eta glokal terminoa esplikatzea eskatu zion.
Vicent-ek esan zuen glokalak direla, begirada lokala eskaintzen diotelako globaltasunari. Errorik gabeko globaltasuna arriskutsua da. Eta begirada lokalak, bakarrik, ez du ezer aportatzen. Gai global guztiak interesatzen zaizkie. Jendeak haiek entzutea bilatzen dute.
Joan Fusterren esaldia (valentziarra izatea katalana izateko gure modua da) bereganatu zuen: "katalana izatea globala izateko gure modua da".
Argi du Vicent-ek global izateak ez duela zerikusirik demografiarekin. Ingelesa eta frantsesa kenduta gainerako hizkuntza guztiek ez dute balio munduan ibiltzeko, global izateko.
Haren ustez, hiztunaren jarreraren baitan dago: norberaren hizkuntzak ez du balio behar etxean bakarrik erabiltzeko. Adibide gisa, Barcelona futbol taldea aipatu zuen ("mes que un club"). Bitxia izan zela pasa den urtean Txina eta Japonian izandako biran bertakoak katalanez kantatzen entzutea. Mentalitatea da gakoa.
Noski daudela mugak, baina ez duzu zure identitatea ezkutatu behar. Edozein hizkuntza izan daiteke globala nahi izanez gero (erabili internet, komunikabideak, unibertsitatea).
Bultzatzaileak eta finantzabideak
Eneko Astigarragak galdetu zuen .cat kanpainaren bultzatzaileak zeintzuk ziren eta zer nolako finantzabideak izan zituzten.
.cat elkartea sei lagunek osatzen zutela esan zuen, Amadeo Abril abokatuaren gidaritzapean. Erakunde ezberdinetako pertsonak bildu ziren, baina pertsona horiek ez zituzten erakunde horiek ordezkatzen, indibidualki zeuden bertan.
Sei lagunez osaturiko talde horren inurri lana isilpean egin zen, era diskretoan. Vicent-ek esan zuen herrialde guztiak ondo funtzionatu zuela, bakoitzak bere papera betez: banketxeek dirua eman zuten, politikariak isilik egon ziren, elkarte ezberdinek babesa eta konfiantza eman zieten, Montilla ministroak ere, nahiz eta ez egon alde, ICANNek galdetu zionean, Espainiako gobernuak ez zuela ezer esateko adierazi omen zuen, gai pribatua zela. PPri ez zioten ezer esan, zertarako?
Lana egiterako orduan erraztasun hauek izan zituztela, besteak beste, inork ez zuelako uste helburua lortuko zutela. Gero, fundazioa sortutakoan bai egon direla sesioak, baina eramangarriagoak dira helburua lortuta.
Vilaweb
Partal kazetaria da eta atari horren fundatzailea. OJDk dio 250.000 irakurle dituztela eta EGMk herrialdeko 6. egunkari jarraituena dela.
Horretan funtsezkoa da Vilaweb-ek produktu ttikiekin duen harreman ona: "ez dago Kataluniako internet-en Midas erregerik".
Hamaika urteko kazetaritza proiektua da, prentsa tradizionalarekin deseroso, ez oso pozik, zeudelako. Komunikabide alternatiboa da, baina baita masiboa ere. Garai bateko Liberation periodiko frantsesaren espiritua aldarrikatu nahi zuen, ez oraingoa. "Ezkerreko periodikoa gara, baina eskubiko irakurleak izatea poztekoa da. Lider papera nahi dugu".
Hau da, ez dute Letiziaren haurdunaldiaren berri eman haien medioan, Danimarkako edozein printzesaren haurdunaldiaren berri ematen ez duten bezala.
Konfidentzialen moda horren kontra daude: kalitatezko kazetaritza nahi dugu.
Atea zabalik dago edonorentzat: parte hartzeko gonbita da, komunitatea(k) sortzeko gonbita.
Kazetariaren profila eta papera aldarrikatzeko proiektua da. Periodiko bat besterik ez gara, baina berrikuntzarako joera eta ahalmena baloratzen dugu: aukerak bilatu behar dira, ero moduan, gainera. Adibidez, otsailean, internet bidezko telebista abiatu dute. Eduki horiek eMulen, iTunes-en, youtube-n jartzen dituzte ere. Ez dakite zer egiten ari diren, baina frogak egiten ari dira, ea zer atera daitekeen ikusteko.
Aupa Patxi:
Konponbidea baino, koponbidea dugu.
Interesgarria zure hausnarketa.
Gauza bat: bi liga horietan (konplexurik gabekoak eta besteena) badago play-off edo antzekorik?
Izan ere, nik konplexurik gabeko herrien liga horretan jokatu nahi dut eta.