Eraikuntza nazionala beste zerbait da
Iñaki De Juanak hilabete baino gehiago bete du jada gose greban. 93 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak Garan plazaratutako bi artikuluengatik. Merkeagoa dirudi norbait akabatzea iritzia ematea baino. Erabaki horren atzean agertzen den estatuak justiziatik gutxi dauka, mendekua baino ez du gustuko, heriotza zigorra du maite.
Iñaki Bilbaok urteak daramatza preso, baina Joxe Aranzabalek blogean azaltzen duen sentimendu bera izan nuen nik ere Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean izandako agerraldia telebistan ikusi nuenean.
Aste Nagusian Uliatik Zorroagara doan mikrobusa erre zuten. Igande arratsaldean, berriz, istiluak egon ziren Donostiako Bulebarrean. Autobus bat kiskalita ikusi dut argazkitan. Asko haserretzen naiz horrelakoetan ere. Herritarraren ipurdiak jasotako ostikoa baita Gobernuari begira emandako abisua.
Presoek jasaten duten tratua ez da zuzena, baina kosta egiten zait ezker abertzaleak deitzen dituen ekitaldietan agertzea. Eta horrelako jende asko ezagutzen dut.
Anoetako espiritua eta prozesua blokeatuta daudela dirudi. Espainiako Gobernuak ez du mugitzeko asmo handirik eta ezker abertzalearen inguruko jendea urduri dago.
Agur esateko azken aukera duina du ETAk oraingoan; Espainiako Gobernuak hartzen duen jarrera aparte utzita, erakundeak herri honi zor dio agurra. Min asko egin diolako eta sufrimendu gehiago sortzearekin ez goaz inora.
Eraikuntza nazionala beste zerbait da.
Batzuk oraindino ez dira enteratu su-etenean gagozala, edo ez dabe gustuko egoera hau, edo lehenaldira itzuli nahi dabe. Ezker abertzale zati handi batek ilegalizauta segitzen dau, arrazoi barik. Epaile batzuk jo eta ke dihardute batailatxoak asmatzen eta uritarrak atxilotzen arbitrarioki. "Euskal gazteriak" tinko jarraitzen dau kalean suagaz jolasten. ETAkide horrek epaile horreri egindako mehatxuak ikusi eta entzun ahal izan ditugu...
Lehengo egunean, Jokin Muñoz idazle beti zorrotzak Bolañoren autogola nahiago izeneko artikulua argitaratu eban "Berria"n. Joseba Zulaikaren "ETAren hautsa" liburuaren harira etorren artikulua, eta zehazki Zarraren ez-gola famatuaren harira: Telmo Zarraonaindiak Atletikegaz Malagari parkatu eutsan gola gogorarazten dau Zulaikak bere liburuan eta eredutzat hartzen dau bake prozesuari begira, Malagaren atezain hura lurrean minez egoanez Zarraren eskuzabaltasuna eta parkatzeko gaitasuna azpimarratuz.
Muñozeri, baina, Zarraren keinua harroputzarena iruditzen jako, eta beste bide bat proposatzen dau: Golak parkatu baino, geure buruari gola egin, geure erabakitzeko gaitasuna muturreraino eroanez, independentzia keinu moduan. Bolaño dalako horren berbetan: "Mi experiencia como jugador de fútbol nunca fue del todo comprendida ni por los espectadores ni por mis compañeros de equipo. A mí siempre me pareció más interesante marcar un autogol que un gol. Un gol, salvo si uno se llama Pelé, es algo eminentemente vulgar y muy descortés con el arquero contrario, a quien no conoces y no te ha hecho nada, mientras que un autogol es un gesto de independencia."