Lagun batek esan dit...
zinema
Zer da euskal zinema?
Blog honetan eta Xabierrenean nahikoa lore bota dizkiogu Jose Mari Goenaga zinegile ordiziarraren "Sintonía" laburmetraiari, ondo merezita gainera.
Aurrekoan, elkarrizketa egin zioten Berrian, eta hortik ataltxo bat aukeratu dut, interesgarria iruditu zait eta. Sarritan galdetu izan da zer den euskal zinema, edo, beste modu batez esanda eta zinemaren esparrutik irtenda, kultur produkzioan zeri jar dakiokeen eusko labelaren etiketa eta zeri ezin zaion jarri.
Bada, Goenagak argi dauka, zinemari dagokionean:
"Zinema-sormen bakoitza gauza askoren isla da, eta gure lanetan bizipenen arrastoa geratzen da. Hortaz, gure-gurea den ingurunearen isla ere badago. Euskal zinema hemen ekoizten den guztia da nire ustez. Hemen gertatzen dena erakusten ez duen zuzendari baten lana ere hemengoa da, Euskal Herrian ekoiztua bada betiere, erakutsi nahi ez izate hori ere zerbaiten isla baita. Batzuetan euskaraz sortzen da, eta besteetan beste hizkuntzatan, baina hori ere hemengo errealitate baten isla da".
Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak
Bistan da Zinebiko epaimahaikideek eta ikusle soilek ez dugula bat egin gustuetan. Ezagun batzuekin eta besteekin berbetan ibili naiz, palmaresa ulertzen ote duten, eta gehienak apur bat harrituta geratu dira Zinemaldiko Sari Nagusiarekin: Txileko Obreras saliendo de la fábrica lanak irabazi du sari hori.
Atzo ez nintzen sari-banaketara joan eta, ondorioz, ezin izan nituen pelikula sarituak berriro ikusi. Beraz, filmok eragin zidaten lehen eta azken inpresioarekin geratu naiz, pelikula horiek erredimitzeko aukerarik gabe.
Esan egingo dut: Obreras saliendo de la fábrica pelikularekin lo seko geratu nintzen. Zer zen hura aspergarria! Langile batzuk lanean, langile horiek fabrikatik irteten, eta langileak hondartzan, itsasoari begira: 21 minutu berbarik egin gabe, makinen zaratekin eta itsasoaren soinuarekin. Oraindik ez dut pelikula hori gustatu zitzaiola esan didan inor aurkitu.
Fikziozko pelikuletan, sari nagusia Jyu-go hun okure no heimon japoniarrak irabazi du. Pelikula sinpatikoa, baina, nire ustez, ez dena batere nabarmendu zinemaldiko beste faborito askoren artean. Sinpatikoa, hori bai.
Bigarren saria, berriz, Solace filmak irabazi du, baina ez dut ikusi produkzio estatubatuar eta britainiar hori.
Dokumentaletan, lehenengo saria Hladanie ilúzií eslovakiarrak lortu du. Faboritoen artean sartu nuen, eta pozten naiz, ezagutu beharreko gaia delako eta filmaren estetika ere ederra zelako.
Bigarren saria Rising tide estatubatuarrarentzat izan zen, eta hor ere bat nator epaimahaikideekin. Estatu Batuetako herri aberats bateko komertzio txikiek aurrera jarraitzeko dituzten estuasunak kontatzen da dokumental honetan.
Animazioan, lehenengo saria Zero degree irandarrarentzat. Esan nuen luzetxo egin zitzaidala bere 8 minutu eskasetan, baina, egiaz, ideia inteligente eta originala du filmak, eta merezi du saria.
Bigarren saria, berriz, Jam session fim poloniar eta alemaniarrak lortu du. Ez dut ikusi, ezin ezer esan.
Horraino sari nagusiak. Ondoren, sari-apurrak datoz:
Espainiako Zinemari emandako Sari Nagusia: El gran Zambini (pelikula hori euskal zinemaren gauean eskaini zitzaigun baina...). Niri ez zitzaidan gustatu, baina badakit jendeari sinpatikoa egin zitzaiola.
Euskal Zinemari emandako Sari Nagusia: La gallina ciega, Isabel Hergueraren animaziozko filma (...eta El gran Zambini euskal zinemaren gauean eskaini bazitzaigun eta Espainia mailako saria irabazi badu, zelan ez du irabazi, bada, Euskal Herri mailakoa?). Bisualki polita da pelikula hau... baina mundu guztia ados dago zinemaldi honetako pelikularik onenetakoa eta, duda barik, edizio honetako euskal zinemako pelikularik onena Sintonia izan dela.
Latinoamerikako Pelikularik Onena: Dalva pelikula brasildar loarazlea.
Aipamen berezia: Oh my God estatubatuarra (ez dut ikusi).
Publikoaren saria: La apertura britainiar-argentinarra (ez dut ikusi).
Interpretazio onenaren saria: Sintonia filmeko Josean Bengoetxea eta Tania De la Cruz aktoreei.
Euskal gidoirik onenaren saria: Jose Mari Goenagaren Sintonia eta Ugo Sanzen Los ojos de Alicia.
Zinebi (4. eguna)
Zinemaldia amaitzeko puntuan dagoen honetan, faborito gehienak gure aurretik pasatu dira, eta kinielak ere hasi dira ikusten Arriaga antzokiko butaketatik. Gero eta gutxiago falta da: gaur emango dira sail ofizialeko azken pelikulak, eta bihar sari-banaketa egingo da. Larregi aurreratzen ari gara, baina; goazen apurka-apurka, atzoko pelikularik onenak errepasatzera (gaueko pelikulak ez nituen ikusi, ez nintzen-eta saio horretara joan).
Atzoko onena, eta Zinebiko punta-puntako faboritoen artean sartu zena, Antebody estatubatuarra izan zen, 16 minutuko fikziozko filma, James P. Gleason zuzendariarena. Gizon bat hilda agertu da errekan. Hartu dizkiote hatz-markak eta Morty izeneko gizon bat dela jakin da. Joan dira Mortyren emaztearengana, eman diote albiste lazgarria... baina Morty etxean dago, bizi-bizirik. "Ez da posible", diote poliziek, "hilda zaude". Joan dira denak hilotza ikustera, eta bai, Morty da: berak ere onartu behar izan du. Hemengo marka hau, hango tatuaje hori... bera da. Aurrerantzean, Mortyk heriotzatik ihes egiten saiatu beharko du, gauza jakina baita atzetik jarraika duela. Bernardo Atxagaren "Bagdadeko morroia" ipuinaren ildotik doan filma da, biribila eta irekia. Zirraragarria.
Era berean, oso onak izan ziren beste hiru pelikula ere: Svetlonos animaziozko film txekiarra, 25 minutukoa, Vaclav Scankmajer zuzendariarena. Hemen ere, gaia antzekoa da: gerlari batek hamaika froga pasatu beharko ditu gaztelu batean gertatzen ari den zerbait argitzeko, baina gaztelu horretako estatua bizidunek ez dizkiote gauzak erraz jarriko. Azkenean, oztopo guztiak gainditu ostean, helmugara heldu eta konturatuko da helmuga heriotza bera dela, eta, garaipena lortu duen arren, galdu ere egin duela.
Hye-Jee Kim zuzendariaren Przytul mnie 14 minutuko film poloniarrak neska errebelde baten gorabehera emozionalak kontatzen ditu, modu hurbilekoan baina tonu melengan erori gabe, errebeldiarekin baina nerabetasunari egotzi ohi zaion degradazioan erori gabe, irudi ederrekin eta interpretazio txukunarekin.
Azkenik, animaziozko beste film bat: God on our side holandarra, 7 minutukoa. Michal Pfeffer eta Uri Kranot zuzendariak Picassoren "Guernica" koadroan oinarritu dira, Israel eta Palestinaren arteko gatazkan sakontzeko. Picassoren eragina dudaezina da, eta irudiak gogorrak eta sinbolismoz beteak dira.
Gaur azken hiru saioak ditugu, guztira 27 pelikularekin. Eta bihar jakingo dugu nortzuk izan diren irabazleak.
Zinebi (3. eguna)
Atzokoa arratsaldeko saioa izan zen, horrek dakarren guztiarekin (edo ia). Ez, exajeratu egin dut: atzokoa ez zen hain txarra izan. Egia da ez zela egon punta-puntako obrarik, baina Arriagatik nahiko gustura irteteko moduko lanak ikusi genituen, hori bai.
Atzo eman zituzten 6 filmetatik, lau nahiko interesgarriak izan ziren. Proiekzioaren ordenean joanda, hauek, hain zuzen:
Milk, 10 minutuko film britainiarra, Peter Mackie Burns zuzendariarena. 20 bat urteko neska bat bere amama garbitzen ari da urez betetako baineran. Euren artean sortzen diren konbertsazioek osatzen dute istorioaren haria: amamaren atzetik dabilen sagu bat, neskaren mutil-laguna, amamaren umetako fobiak eta oraingo filiak... eta amaiera dibertigarri eta ausarta, zeinetan konplexurik gabe erakusten baita atsoaren gorputz biluzia.
Viva volta, 15 minutuko dokumental brasildarra, Heloisa Passosek zuzendua. Raúl de Souza munduko tronboi-jolerik onenetakotzat zegoen hartua 70eko hamarkadan; gaur guztiz ahaztuta dago, baita Brasilen ere, bere sorterrian. Gainbehera joandako musikari itzelaren hitzak jasotzen ditu dokumentalak, bossa-novaren musika ederrak lagunduta. Filmaren amaierako eszena luze eta ederrean, Raúl de Souzak sekulako pieza jotzen du Maria Bethania kantari ezagunarekin batera.
Zero degree, 8 minutuko animaziozko film irandarra, Omid Khoshnazarrena. Soldadu batek gizon bat fusilatzen du, une hori bideokamera batek jasotzen duen bitartean. Bideokamera horren bisoretik ari gara pelikula osoa ikusten, eta enkoadrea horma bihurtzen da eszena barruan dagoen soldaduarentzat. Horrela, soldaduak eszenatik irten nahi badu, ezin izango du, bisoretik ikusten dugun irudiak horma imaginario batzuk dituelako. Azaltzeko konplikatua da, baina ikusteko erraza eta interesgarria, nahiz eta, aukeran, 8 minutu horiek luzetxo geratzen diren, ideia errepikatu eta errepikatu egiten baita.
Blindgangare, 21 minutuko film suediarra, Pernilla August zuzendariarena. Azken aldian Suedian egiten diren pelikula askoren antzera, laburmetraia honetan ere, pertsonen arteko harremanetatik abiatuta, mila gai ukitzen dira: fideltasuna, bakardadea, traumak, irudi sinbolikoak, patua... Hala ere, pelikula hau ez da ur handiegi horietan galtzen, eta orekaz aurkezten ditu aipatutako gaiak.
Edozelan ere, gogoratu lan hauek ez direla, nire iritziz, aurreko egunetako punta-puntako filmen artean lehiatzeko modukoak, koxka bat beheragokoak baino.
Atzo pelikula gutxi izan bagenituen, gaur gehiegi: hiru saio daude, eta azkena 00:30ak baino beranduago amaituko da. Kritikatzeko moduko puntu bat, kontuan izanda bihar laneguna dela. Gaur 26 pelikula emango dira, horietako 10 azken saioan. Pelikula horiek, beraz, komentatu gabe geratuko dira, ze ni lotan egongo naiz desordu horietan. Ea Zinebira joaten diren beste hiru blogarietakoren bat (bat, bi eta hiru) animatzen den saio hori kubritzen...
Zinebi (2. eguna)
Atzoko egunak gazi-gozoak eman zizkigun arratsaldeko eta gaueko saioetan: arratsaldean gazia, gauean gozoa. Arratsaldean aurkeztutako 8 pelikuletatik, bakarra ere ez zen salbatu. Gaueko saioan beste 8 film eskaini ziren, gehienak interesgarriak.
Beharbada Zinebiko antolatzaileen estrategia izango da: badakite arratsaldeko saiora oso jende gutxi joaten dela (atzo 50 bat egongo ginen), eta, aldiz, Arriagak beste kolore bat hartzen duela gauetan, eta butaken patio ia osoa beteta egoten dela. Kalitatea, eskaintzekotan, jende asko dagoenean eskaintzea erabaki dute? Akaso.
Gaueko saiotik, beraz, lau pelikula aipatuko ditut, onenak nire ustez.
Lehenengoa, Dawn, Britainia Handiko 10 minutuko filma, atzoko lanik erakargarriena izan zen, proposatzen zuena proposatzen zuen moduagatik. Shreepali Patel zuzendariaren pelikulak neba-arreba biren goiza kontatzen du: goizeko 6ak dira, ama eta haren maitalea ez dira oraindik esnatu, eta umeak etxeaz jabetu dira. Aita-ametan jolasten dira, elkar orrazten dute, batak errieta egiten dio besteari, gosaria prestatzen dute, bazkaria prestatzen dute, etxea askatasun eremu bihurtzen dute, ama lotan dagoen bitartean. Kanpoan, esne-partitzailea lanean, trenak pasaeran. Eta ama denbora larregi ari da lotan. Ez baitago lotan.
Bigarrena, 26 minutuko Krooli dokumental finlandiarra da, Pv Lehtinen zuzendariarena. Dokumentala esan dut eta dokumental gisa agertzen da Zinebiren egitarauan ere, baina fikzioa da, edo dokumental faltsua: Sirja Luomaniemi igerilaria da, munduko errekorraren jabea 50 metro libreetan, 23:59ko markarekin. Egia izan zitekeen, errekor horren jabea Inge de Bruijn holandarra ez balitz, 24:13rekin. Edozelan ere, dokumental faltsu honek kirolari eta benetako bizitzari buruzko hausnarketa interesgarria planteatzen du, eta gizakiek geurea ez den medio bat (ura, kasu honetan) konkistatzeko egiten ditugun ahaleginei buruzko ideia eskaintzen du. Gainera, zalantzarik gabe, orain arteko proposamen bisualik ederrena izan da pelikula hau.
Hirugarrena, benetako dokumentala, HlŽadanie ilúzií eslovakiarra, 26 minutukoa hau ere. Zuzendaria Sahraa Karimi da; bistan denez, ez oso izen eslovakiarra: izan ere, Sahraa Karimi afganiarra da, ez eslovakiarra. 2001ean, Agfanistandik irten eta, Bratislavako Zinemaldian parte hartzeko aitzakiarekin, hantxe geratu zen, asilo politikoa lortuta. Eta, hain zuzen ere, asiloa lortu ezinean dabiltzan errefuxiatuen arazoari buruzko dokumentala ekarri du Bilbora: Gabcikovoko (Eslovakia) errefuxiatuen esparruaren berri ematen digu, hango txetxeniar, afganiar, irandar, afrikar eta abarren bizimodua erakutsita. Filma soil-soila da, baina Karimik ez du gehiago behar izan gugandik hain gertu dagoen errealitate ezezagun hori fideltasunez erakusteko.
Laugarrena, At the Quinte Hotel, Bruce Alcock zuzendariarena. 3 minutuko animaziozko film kanadiarra da, eta, egia esan behar badizuet, ezin izan nuen behar bezala jarraitu, narratzaileak oso arin egiten zuelako berba eta irudiak ere borborka zihoazelako. Hitzezko mezua jaso ala estetika bisualarekin gozatu, hori izan zen nire barne-borroka pelikulak iraun zituen 3 minutuetan. Baina, edozelan ere, denbora labur horretan sumatu nuena ona izan zen, orain arte animazioan ikusitako onena, nire ustez.
Gaur egun laburra dugu, 6 pelikula baino ez dituzte emango eta.
Zinebi (1. eguna)
Atzo eman zitzaion hasiera aurtengo Zinebiri, dokumental eta laburmetraien nazioarteko zinemaldiari. 47. edizioa du aurtengoa, nire kasuan hirugarrena, duela hiru urte hasi bainintzen joaten saio guztietara.
Aurten ere, akreditazioa lortu dut, eta hemen egingo dizuet egunero-egunero sail ofizialean ikusitako pelikularik onenen zerrenda partikularra.
Atzokoan 17 pelikula eman zituzten, eta, denen artean, lau nabarmenduko ditut:
Lehenengoa, Sintonía: dudarik gabe, Jose Mari Goenagaren film laburra atzoko onena izan zen. 9 minutu eskasean, itzelezko istorioa kontatzen zaigu, Julio Cortázarren La autopista del sur ipuin ederraren antza apur bat ere badaukana, fondoan baina ez forman. Autopista bateko peajean, gizon bat alboko kotxeko emakumearekin fijatu da. Emakumea kantuan ari da, eta, kotxeko leihoen atzetik, gizonak dantzan ikusten dizkio ezpainak. Orduan, gizonak kotxeko irratia jarri eta, bila aritu ostean, emakumea entzuten ari den irrati-sintonia aurkituko du. Hortik aurrera, eta gizonak irratsaio horretara egindako dei baten bitartez, nolabaiteko harremanetan jarriko dira gidari biak. Istorioaren amaiera irekia eta perfektua da, eta pelikulak, bere 9 minutu horietan, dena du ederto neurtuta, ezer ez sobera eta ezer ez faltan.
Bigarrena, Infrahabitante, 14 minutuko dokumentala, Javier Aspiazu eta Carlos Idirinena. 20 metro karratu inguruko etxe batean bizi den bilbotar baten komeriak kontatzen zaizkigu, irribarrea beti ahoan (batzuetan algara ere bai) baina gai garratz baten aurrean gaudela inoiz ahaztu gabe. Dokumentaleko protagonistak egia ederrak botatzen ditu, eta Surbisa, Etxebide eta antzeko erakundeak ondo larrututa irteten dira. Apunterik hartu ote zuten atzo palkoetan zeuden agintariek?
Hirugarrena, Endspiel alemaniarra, luze egiten diren 12 minutuko filma, Mara Eibl-Eibesfeldt zuzendariarena. Neska batek umea egin behar du ezustean, asteburuan eta karabana batean, bakar-bakarrik dagoela. Zuri-beltzean dago filmatuta, krudela da oso, eta angustiak hartzen zaitu goitik behera, ikustean neskaren eta ume jaioberriaren destinuak zelako bidea hartzen duen.
Laugarrena, baina ez aurrekoak baino eskasagoa, Malenkaya Katerina dokumental errusiarra, 24 minutukoa eta Ivan Golovnevek zuzendutakoa. Katerina umea eta bere familia Siberian bizi dira, mutur-muturreko klimaren erdian eta oinarri-oinarrizko bizimoduarekin. Pelikulak urte bi dituen Katerinaren bizimodua erakusten digu, eta, horrekin batera, kontuan hartzeko moduko heziketa klase baten berri eta progresoak oraindik irentsi ez dituen pertsonen filosofia naturalaren berri. Hausnarketa horien erdian, hitzik gabe, soilik naturaren eta umearen soinuen bitartez, pelikulak zer pentsa ematen digu, eta, bide batez, nahiko barre ere egiten da, eta zelan gainera.
Gaur 16 pelikula ditugu. Bihar kontatuko dizuet.
Bat eta zero, dio Ramonek
Ramonek dio ziklista hauek politikariak bezala ari direla. Dio politikariek jada ez dutela politikarik egiten, telebistako showa baizik. Politika egitea da, hori dio berak, mahai baten inguruan elkartu eta eztabaidan aritzea, baina orain Raxoik kameren bitartez botatzen dizkio mezuak Zapaterori, eta Zapaterok kameren bitartez erantzuten dio, hori dio Ramonek. Ez zaio arrazoirik falta. Eta ziklistak antzera dabiltza, dio Tourra ikustera joaten naizen tabernako ugazabak.
Esan dit zelan lehen, kontrarioari beldurra sartzeko, Tourra baino lehenago ekin behar zeniola, aurretik Vuelta eta Giroa irabaziz adibidez (duela gutxi arte Vuelta baitzen hiruretatik jokatzen zen lehenengoa). Gogoan du Lonbardiako Giro baten aurretik italiar karrerista bi zirela lasterketa irabazteko hautagai nagusiak (izenak ere aipatu dizkit, baina hasieran Marco Garduccio zena gero Andrea Hof bihurtzen zen, eta horrela etengabe), biak ere sekulako denboraldia egiten ari zirenak, elkarren inbidiarik ez izateko modukoak. Eraso psikologikoari ekin zioten, beraz: bata bonboiak hasi zitzaion bidaltzen bestearen emazteari. Bigarrena, berriz, egunero hasi zen joaten bazkaltzera bestearen amaren etxera. Amorratuta eta jelosiak jota heldu ziren Lonbardiako Giroaren hasierara. Etapa guztietan, bataren erasora irteten zen bestea, eta bestearenera bata. Hain ibili ziren elkarren zelatan, azkenean ez baitzuen euretako batek ere irabazi: bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren. Hori bai: denbora berean berdinduta. “Bueno”, esan dit Ramonek, “uste dut horrela izan zela”.
Kontuak kontu, Ramonek dio aurtengoak bezalako eraso psikologiko estrainiorik ez duela sekula ikusi: lehenengo, liztorrak zirikatuta, Armstrong lurrera jausi zen. Begia ubelduta agertu zen gero, esanez inoiz baino indartsuago zegoela. Ullrich kikiltzeko modua omen zen. Baina eraso psikologikoak ez ziren hor geratu: Tourra hasi baino egun bat lehenago, Ullrich bere taldeko kotxearen atzetik entrenatzen zihoala, kamioi baten erruz kotxeak nahi baino bortitzago frenatu behar izan zuen, eta Ullrich kotxearen atzeko leihotik sartu zen. Ospitalera zaurituta eraman zuten arren, saman tirita soil batekin irten zen, txantxarako gogoz. Ebaki hura, ordea, karotida arteriatik hiru milimetrora geratu zitzaion, eta Ramonek dio hori eraso psikologiko ona izan zela, heriotzatik hiru milimetrora geratzea eta liztor batek heltzea ez delako gauza bera. Eta dio, errepidetik kanpoko lehiaketan, Ullrich bat eta zero ari zaiola irabazten Armstrongi.
Sekula Betiko Lurraldearen bila
Gaur eguerdian aurkeztuko dugu "Peter Pan" liburuaren itzulpena, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Horrekin batera, Toni Morrisonen Maitea ("Beloved") ere aurkeztuko da, Anton Garikanok itzulita.
Itzuli dudan lehenengo liburua da, eta zein izango eta horrelako klasiko bat. Orain irakurleek esan beharko dute sinesgarritasunez dagoen itzulita, liburua eurena baita. Zuona. Hala izan da liburu hori ia 100 urtez, irakurleena. Horregatik heldu da guganaino hain fresko, klasiko bat delako eta, hain zuzen ere, horixe delako liburu klasikoen ezaugarria: denborak denbora, garaiak garai, gizarteak gizarte... leku eta garai guztietako jendearengana heltzen dakitela, ez direla sekula zahartzen. Badute zerbait, denbora, errealitate soziala eta gustuak gainditzen dituena.
Eta "Peter Pan" ere mota horretako liburua da. Baina, zorionez edo zoritxarrez, zama bat dauka, eta zama hori da jendearen aurreiritzia. Jendeak uste du goitik behera ezagutzen duela istorioa, eta irudi estereotipatu batzuk ditugu barneratuta, Disneyren azukre-fabrika dela eta. Baina gero, liburua erakusten duzu, jendeak ikusten du liburuak 300 orri dituela, eta harrituta geratzen da. Oraindik gehiago harrituko zarete liburua irakurtzen baduzue, barruan dagoen mundu harrigarri horretan sartuz gero. Ni ere harritu nintzen moduan liburua itzultzean. Baina luzatzen ari naiz: beharbada aurrerago ere egin beharko dut berba gai zoragarri honi buruz.
Kontua da atzo Finding Neverland pelikula ikusi nuela, eta gustura egon nintzen gainera. Sentsazio arraro batekin, hala ere: bi begirada nituen pelikula harentzat. Alde batetik, egia ari nintzen bilatzen, eta bestetik ikusle arrunta nintzen.
Ikusle arruntari gustatu egin zitzaion filma, amaiera kenduta, ze amaiera ez zitzaion gustatu ez ikusle arruntari ez itzultzaile egiazaleari. Musika ederra, emozioz negar egiteko aukera... baina, batez ere, ezaugarri bi: oso ondo kontatutako istorioa, oso ondo harilkatua, erritmoan eta neurrietan egokia, pasatu gabe edo labur geratu gabe. Eta, bestetik, ondo tartekatzen ditu errealitatea eta fantasia, muga lauso samarrak sortuz ikusten ari garen traman. Eta "muga lauso samarrak" diodanean, hori ona da, ze "Peter Pan" liburuaren mugak, errealitatearen eta fikzioaren artekoak, guztiz lausoak dira, eta ez da erraza muga horiek lortzea, ez literaturan ez zineman. Hala ere, duda barik, muga lausoen kontua mila bider hobeto dago lortuta liburuan, baina eskertzekoa da Marc Foster zuzendariak alde horretatik egin duen ahalegina. Oro har esateko, beraz, ikusle arruntari oso ondo egindako pelikula iruditu zitzaion, txukuna baino txukunagoa, gustura ikustekoa.
Baina beste begian, maltzur, kabroi, itzultzailea zegoen, pelikulan egia aurkitu nahi zuen tiranosauroa. Guztiari ateratzen zion punta, guztiari ari zitzaion bosgarren hanka bilatzen... izan ere, pelikula honetan errealitatearekiko fideltasuna ez da gehien errespetatu dena, prexixamente. Jakingo duzuenez, pelikula ez da "Peter Pan" obran oinarritzen, baizik eta James Mathew Barrie idazlearen bizitzan eta, zehatzago esateko, "Peter Pan" idatzi zuen garaian. Garai hartan ezagutu zuen Llewelyn Davies familia, eta, eurekin inspiratuta, gaur hizpide dugun klasiko hau idatzi zuen. Horri buruzkoa da filma.
Eta, esan bezala, egiaren bila doanak jakin beharko du pelikulan kontatzen denak antz handia duela errealitatearekin, baina ez dela errealitatea, inondik inora. Hemen ere, azukre kantitate handi samarrak erabili dira. Disneyk azukrea jarri zion fikziozko obrari, eta Fosterrek errealitatean oinarritutako istorioari. Kontua da filma lerratzen dela zuzendariak nahi izan duen bideetatik, bazekielako ikuslea harrapatzeko bidea hori izango zela. A! Baina Marc Foster zuzendariak ez zekiena zen Bilbon, martxoaren 17an, arrastiko 17:15ean, itzultzaile egia-bilatzaile bat egongo zela Mikeldi zinemetan, bere pelikula ikusten. Esate baterako, itzultzaile gaizkilea konturatu zen Foster asko zentratzen zela Peter Llewelyn Davies umearengan, gehiegi. Llewelyn Davies umeak bost ziren, eta pelikulan Peter agertzen da protagonista nagusi gisa, baina errealitatean ez zen horrela izan. Truko bat da, ikuslearen atentzioa hasieratik harrapatzeko. Tranpa bat. Egia da Barriek Peter Llewelyn Daviesen izena erabili zuela Peter Pan pertsonaia sortzeko, baina izena baino ez zuen erabili, ze, Barrieren gusturako, "Michael zen Peter Pan", berak geroago esango zuenez.
Bestetik, pelikulak guztiz ukatzen ditu inork baztertu ez dituen zenbait hipotesi, esate baterako, Barrieren ustezko pedofilia. Hipotesi bat baino ez da, eta ni ez naiz inor hori baieztatzeko, baina ukatzeko ere ez. Eta pelikulan, berriz, Barrieren irudi onbera ematen da, une batean lagun batek esaten dionean "zurrumurru batzuk" daudela, eta Barriek erantzuten dionean ea "jendeak zelan pentsa dezakeen horrelakorik", aztoratuta. Ukatu egiten da aditu askok sendotzat ematen duten hipotesia. Baina hori ez da asko inporta zaidan kontua, hala ere.
Azkenik, egia-bilatzaileak ezin du ziurtatu zenbait gauza errealitatean oinarritutakoak diren, baina, hala ez badira ere, ondo jasota daude. Sinesgarriak dira eta itzultzailea ere gustura geratu zen. Pelikularen amaiera aldera, berriz, badago eszena polit bat, azukre puntutxo batekin hasten dena eta, azkenean, Azucarera del Ebro enpresaren esponsorizazioa jaso duela ematen duena: Llewelyn Davies andrea gaixorik dago eta "Peter Pan" obraren saio bat antolatu diote etxean. Dena goxo eta polit doa, harik eta... ala! azukre-feria! ñoñokeriaren piroteknia!! tira, ez dizuet gehiago esango. Amaiera ere eskasa da.
Itzultzaile egia-bilatzailearen aholkuari kasu egiten badiozue, ez sinistu pelikula honek kontatzen duen guztia. Ikusle arruntak, berriz, lasai-lasai esango dizue: ondo egindako pelikula bat ikusi nahi baduzue, joan trankil, pelikula ona aurkituko duzue eta. Tranposoa, baina ona. Karteldegian hobeak dauden arren.
Erosotasuna eta epeltasuna
Duela larunbat bi Zinegoak jaialdira joan nintzen, 16:00etako saiora, aldez aurretik egitaraua gainbegiratu eta ikusi ostean ordu horretan ematen zutela "Wild side" pelikula frantziarra, iazko Berlinalen ere sariren bat jasotakoa. Pelikula horren bila joan nintzen, beraz, eta bai aurkitu ere! Ez zen ordurik egokiena pelikula bat ikusteko (hobea siestarako), lekua ere (Bilborock-Mesedetako Eliza) ez da lar erosoa zinema patxadaz ikusteko, baina, ze arraio, Zinegoak jaialdian ematen dituzten pelikulak ere ez dira erosoak, eta, azken batean, eroso egoteko sofan geratuko nintzateke.
Bada, joan, pelikula bakarra ikusi, eta asmatu: berak irabazi zuen Zinegoak-en sari nagusia. Ez da zinemaren historiara pasatuko, baina interesgarria eta sentsibilitate handikoa da, edozelan ere. Zatika oso ona ere bai. Zinegoak jaialdian hiru dira gai nagusiak: homosexualitatea, lesbianismoa eta transexualitatea. "Wild side" filmaren gaia azken hori da, hain zuzen ere.
Protagonistak hiru dira: Stephanie, Jamel eta Mikhail.
Stephanie Frantziako herri txiki batean jaio zen, eta Pierre izena jarri zioten. Flash-backak erabiliz, jakingo dugu Pierre zelan doan apurka-apurka Stephanie bihurtzen, eta zer den atzean utzi duena eta zer bidean galdu duena. Eta zer bidean irabazitakoa, oso gutxi bada ere.
Gero Jamel eta Mikhail daude. Jamel gazte magrebtarra da, Parisko geltokietako komunetan prostituitzen dena. Mikhail, berriz, Ukrainarra, Odessakoa, Parisera heldu berria. Hirurak etxe berean bizi dira, maitasuna eta sexua hiruren artean konpartituz. Lehen esan bezala, sentsibilitate handiko eta isiltasun luzeko filma da, gogorra batzuetan eta samurra besteetan.
Hirukote horren kontrapuntua Stephanieren amak jarriko du, eta hori izan zen niri gehien interesatu zitzaidan gaia: ama hiltzear dago, eta Stephanie zaintzera joan zaio. Amak ez zekien bere Pierre neska bihurtuta dagoela, eta haurtzaroko oroitzapen ugari etorriko zaizkio kolpean. Amaren ikuspuntu hori benetan izan zen ederra, pelikulako gauzarik onena.
Bada, eszena labur batean, amak oso gauza esanguratsua egiten du. Detailetxo bat baino ez da, eta pelikulan ez dauka inongo jarraipenik ez aparteko garrantzirik. Benetako garrantzia duten gauzen moduan, beraz. Ni eszena horrekin geratu nintzen.
Ama hiltzear dago. Denak egiten dio min. Hotzak dago. Ez du apenas jaten. Eta holako batean, besaulkian jarrita sutondoaren aurrean dagoela, patxada handiz, isilik eta inor konturatu barik, kojina hartu eta sutara botatzen du. Gero, jertsea kendu eta sutara botatzen du. Eta hortxe amaitzen da eszena, besterik ez.
Bakoitzak bere moduan ulertuko du, baina nik beti miretsi izan dut amek isilik sufritzeko duten gaitasuna eta joera. Amak kapaz dira erosotasunari eta epeltasunari (kojinari eta jertseari) isilik eta oharkabean uko egiteko, badakitelako euren benetako arazoa ez dela ezerosotasuna eta hotza, baizik eta kojinez eta jertsez epeldu ezin daitekeen beste min bat. Eta oharkabean jasango dute euren mina, inori ezer esan barik, inorekin konpartitu barik, alferrik konpartitu barik, eta, deskuidatzen bazara, irribarrez. Baina horretarako, beharbada, ama izan behar da ezinbestean. Akaso arrazoi dute emakumeek, esaten dutenean gizonezkoak edozergatik kexatzen garela.