Arnasaren soinua duen komunikazioa
Honezkero ez da kontu berria. Ezin originala izan, beraz, hainbeste aipatutako blogei buruz. Norbaitek pentsatuko du teknologia berriei buruzko ataletan agertu beharko litzatekeela kontu hau, eta ez literatura gai duten orriotan. Baina ez: baliabide informatikoa izateaz gain, bloga etorkizuneko baliabide literariorik interesgarrienetakoa ere izango dela uste dut.
Ez zen blog bat, baina, bere garaian, horren antz handia hartu nion Koldo Izagirrek Susaren webgunean hasi zuen nobelari. Atalak idazten zihoan heinean, sarean jartzen zuen, eta jendeak komentarioak egiten zizkion, sortzaile eta irakurlearen arteko komunikazio bizian. Ordura arte Euskal Herrian ikusi gabeko formatua zen, eta atelierra izena jarri zioten bi aldeen arteko komunikazio-txokoari. Hori 2001ean izan zen, martxoan, eta jarri zioten izena da gutxienekoa, ideia blogarena baitzen gutxi gorabehera. Oraindik ere webgune horretan dago:, edonork bisitatzeko moduan. Merezi du: batetik, Izagirreren testuek beti merezi dutelako, eta bestetik, interesgarria delako esperimentu hark sortu zuen jakin-mina gogoratzea (Markos Zapiainen mezuak, adibidez, EuskaraZ posta-zerrendatik hartuta daude, gaia atelierretik kanpora ere ibili zen seinale). Euskal Herrian blogen fenomenoa indarra hartzen hasi zenean, 2004. urtearen erdialdean, Izagirreren atelierrarekin, bitakora aitzindari harekin, gogoratu nintzen.
Orain fenomenoa azkar eta sendo ari da zabaltzen, eta literaturari eskaintzen dizkion bideak imajinaezinak dira. Mass-media Tartaloaren begirada bakarrak ia irentsi gintuenean, gizarteak herri komunikabideetara jo zuen, handiarekin ase eta bertakoaren gosez. Orain bertakotik bertokora goaz, eta komunikazioaren begirada jendearen mailara heldu da, lurtxoaren parera, komunikabide erraldoiek sekula lortu ezin izango duten mailara txikira, arnasa eta arnasestua entzuten den mailara, izerdira. Azken batean, literaturara.