Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Elurra eta biok

Elurra eta biok

gabiria 2005/01/27 08:44

Azkenean denok berdinak gara. Denborak ez dira hainbeste aldatu ere. Pertsona izan ginen, gara eta izango gara, eta natura izan zen, da eta izango da. Eta tartean agertu dira Spectrumak, Tamagotxiak eta Nintendoak, eta jaioko dira berriak, txikiagoak eta karuagoak. Baina, azkenean, barru-barruan, gauzak ez dira horrenbeste aldatuko.

Gu txikiak ginenean sudurra talo-talo pegatzen genuen ikastolako leihoetara, elurra jausten ikusteko. Eta irakasleek esaten ziguten bueltatzeko mahaietara, ea ez genuen sekula elurrik ikusi. Eta bueltatzen ginen, baina begi-ertzetik zaintzen genuen leihoaz bestaldeko mundu zuria. Jakina mila bider ikusi genuela elurra, baina sentsazio itzela zen, eta dena nahasten zitzaigun buruan:
1) oraindik negua zela pentsatzearen gozamena
2) maluten patxada euri zakarraren aurrean
3) ahoa zabaldu eta elurra irensteko gogoa
4) gora begiratu eta zerua begietara jausten ari zitzaizula sinistearen harridura.

Eta itxaropena, zelan ez: desiratzea arrasti osoan eta gau osoan horrela jarraituko zuela, eta elurrak guztiz estaliko zuela etxetik ikastolara genuen kilometro bateko aldatsa, eta etxean geratuko ginela edo, hobeto esanda, kalean.

Dena nahasten zitzaigun. Sentimendu horietako batzuk oso atzean ditugu jada, esate baterako azkena, pentsaezina zaidalako elurte batek etxetik lanera dudan bidea estaliko duela. Baina beste laurak oraindik gordetzen ditut, batez ere laugarrena: elurra jausten ari dela, kalera irten eta zerura begira jartzea da, oraindik ere, naturak ematen didan oparirik ederrenetakoa. Barkatu kursia izatea, baina horrela da.

Bada, kontua da nik lan egiten dudan lekuan, aurrez aurre, leihoz leiho, eskola bat dugula. Neskato moñoñei begira pasatzen dugu eguna, beraz. Ume txikiagoak ere badaude, eta gaur horiekin fijatu naiz, elurra mara-mara hasi eta sudur-taloak kristalean pegatu dituztenean. Eta euren atzean irakaslea ikusi dut, zerbait esaten. Seguruenik betikoa: inoiz ez duzue ikusi ala?

Irakasleari ere, garai batean, bere irakasleak esaten ziona. Eta irakasleari, haren irakasleak. Eta horrela izan da eta izango da, elurrak goitik jausten segitzen duen bitartean eta umeak harritzeko prest dauden bitartean. Tamagotxi guztien gainetik eta Nintendo guztien azpitik.

etiketak: Lurrekoak
jaio
jaio dio:
2005/01/27 14:21

Horixe bada. Gauzak ez direla hainbeste aldatu. Arrazoi duzu. Elurrak denbora gelditu egiten du. Bizitza azeleratu honetan pausaldi bat da. Zarata adibidez. Ez dago zaratarik. Egunotan Gasteizen ez dabil ia kotxerik, eta isiltasuna da nagusi. Aitona-amonen garaiko isiltasuna. Hau bakea. Izoztutako elurra zapaldu eta kra, kra, kra, entzunez egin dut gaur lanerako bidea eta orain aurreko teilatutik zintzilik dauden izotzezko kandeloi edo estalaktitei begira nago. Metrokoak dira. Ez nuen txikitatik halakorik ikusten.Eta gogoratu dut nola kandeloiak hartzen ibiltzen nintzen nebekin batera ikastolara joan ezin izaten genuen egun zurietan. Eta orain sekulako gogoa dut kandeloi horietako bat esku artean hartzeko. Egia, gauzak ez dira hainbeste aldatu.

Aritza
Aritza dio:
2005/01/28 11:08

Oraindino Txurdinaga edurtuta dago, Bilboko Burdin Gerrikoa edurtuta; zenbat bider lehiora egin neban txikitan ikastetxera ez joateko. Eguaztenean, lehiora hurbildu eta Santo Domingotik gora hamaika kotxe, furgoneta, eta hamaika autobus. Kotxeetan eta kamioietan joan zirenak ikusi ez eta autobustean joiazanakaz akordau nintzen. Ez aurrera az atzera, geldi,danak seguru lehiotik begira. Beharrera joan, metroz, hori bai aldaketa galanta. Metroko lehioetatik ez zan edurrik ikusten, ezpada San Inaziotik aurrera. Etxera ailegau, telebisioa biztu eta hara non hainbat eta hainbat ume etxean geratu behar izan ebela entzun neban. Edurtea dala eta. Eta egia esanda poztu egin nintzen, poztu egin nintzen benetan; Lehen be poztuten nintzen A ereduan ikasitakook etxean geratu eta inguruko ikastolakoek ikastera joan behar izan ebenean, horixe pentsetan neban lehen, ikastolakoek ez dabe autobusik behar, geuk, ordea, bai. Gitxitan poztuten nintzen.

Julen
Julen dio:
2005/01/28 10:44

Zoragarria, Patsy. Ondo gogoratzen dot zure amaren 133a, eta, oso oker ez banago, gogoratzen dot be bai zelan komentau zan hori, kotxea aldats behera joan jatzuela. Holan, laino artean edo, gogoratzen dot zeozertxo. Bitxia da abesti batek, irudi batek, edur maluta batek zelako oroitzapenak ekartzen deuskuzan batzuei eta besteei. Zure kasuan, sano polita oroitzapena.

Julen
Julen dio:
2005/01/27 17:38

Nire ikastola eta zurea, bardin-bardin edurtuten ziran, ez zara gogoratzen ala, Patsy? Nirean goiko patioan egiten baeban, zurean be bai. Nirean euria egiten baeban, zurean be euria. Baina nirean, nagusiek baloia lapurtzen euskuen. Eta zurean, txikiak baloi barik geratzen ziran. Baina ostantzean dana bardin, zurean eta nirean. Eta gaur egun be antzera segitzen dogu, antzeko bideetatik, eta bidegurutzeetan alkar topetan.

gaztelumenditik
gaztelumenditik dio:
2005/01/27 16:01

Jendea zora zora eginda dago elurragaz. Edurregaz gurean. Batzuk mogitu ezin direlako, besteak lehenengoz ikutzen dutelako herrian bertan, urian. Polita dalako batzuk, jasaten ez dutelako besteek.

Nik neuk goiz osoa daroat musika entzuten, eta lanean. Ordenadorea be zuri zuria daukadanez, jaramon askorik ez diot egiten leihoaz bestaldekoari.

Kafe orduan bai, kafe orduan izoztuko dotaz eskuok. Eta plazatik agertzen dan orori, botakotzeguz edurrezko pelotok.

Ostantzean zelan? Zure ikastola hori eguzkibegien egonda, askotan elurtuten zan ala?

eguzki begitik
eguzki begitik dio:
2005/01/27 19:28

Ondo gogoan ditut orduko elurteak. Goian oso goian dago zure ikastola. Nirean aldapa ez zen hain gogorra, ni sukaldariaren 133 autoan joaten nintzelako.

Gogoan dut behin, elurra hasi zuela, eta etxera bialdu gintuzten denok. Sukaldariak aldapa jeisteari ekin zion, baina beldurraren beldurrez, edurraren beldurrez, albo batean utzi zuen. Geldirik.

Barruan zegoen nire arreba. Txikia zen orduan. Handia da orain. Hotzak gorrituta. Eta beste auto batek gureari atzetik jo, eta hara non doan gure 133 zuria Egiako aldapan behera... eta arreba barruan.

Eguzkibegian zegoen ikastola, baina edurra urtu barik, gogortu egiten zen orduan. Arrebari atzetik jarraitu nion, eta kotxea, halako baten gelditu egin zen. Eta negarrez nire arreba. Oihuka nire ama. Eta korrika ni. Ez nuen autoa nik gelditu. Baina arreba zenbat maite nuen orduan konturatu nintzen, edur egun baten.

Patioa, baloia, andereñoen bronkak, jantokia, ikasketa bidaia ez dira ezer, halango goiz baten ostean. Edurra eguzkibegian. Eta gauzak baretu zirenean barriro etxera. Txiri txiri. Noiz helduko zain. Barriro olgetan hasteko. Arrebagaz, zelan ez.

Julen
Julen dio:
2005/01/27 17:55

Lehen ahaztu egin zait, Karmele. Ezin zu aipatu gabe utzi. Hotzikara sentitu dut zure erantzuna irakurtzean, eta ez da izan elurraren hotzagatik. Ederra.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.