Marmotaren Urteak
Barikuan izan zen Santa Ageda bezpera, eta irten ziren taldeak abestera, eta dena beti bezala izan zen beste behin ere. Santa Ageda bezperako gaua hori da niretzako: etxeko patxadatik, etxepera abestera datozen taldeen kantuak eta eskeak entzutea. Nire herrian ere zenbait talde irteten da, hiru edo lau. Agertzen diren azkenak, eta niretzako onenak, beti dira Amnistiaren Aldeko Batzordeetakoak eta Andra Mari dantza taldekoak (aurten, egia esan, azkenak zapatuan irten ziren, konfundituta). Gainontzeko guztia, eszenatokia, kantuak, giroa... beti da berdina, eta, era berean, espeziala. Urteak baditu horrelako mugarri batzuk, espezialak, bereziak. Niretzat, denetan espezialena San Juan gaua da, baina badaude beste gutxi batzuk ere bai, eta Santa Ageda bezpera da horietako bat.
Eta otsailaren 4an beti izaten dut sentsazio txar bera ohera joatean. Egun osoan ez naiz gogoratzen, ez goizean, ez arrastian. Baina gauean, Amnistiaren Aldeko Batzordeetakoak kantuan agertzen direnean, orduantxe gogoratzen naiz egoera errepikatu egingo dela, eta txarto sentituko naizela. Beti da berdin, urtero. Gogoratzen Marmotaren Egunari buruzko pelikula hura? Gogoratzen zelan dena errepikatu egiten zen modu obsesiboan? Bada, niri ere antzera. Eta orduan gogoratzen naiz: "iaz ere gauza bera pentsatu nuen", eta denboraren zurrunbiloa sentitzen dut, iaz ere berdin pentsatu nuelako eta aurrekoan ere berdin eta aurrekoan. Eta denbora aurrera doalako eta Marmotaren Eguna beti errepikatzen delako Santa Ageda bezperan.
Izan ere, talde hori kantuan hasten da, bi edo hiru ahots egiten dituzte modu ederrean, eta gustura egoten naiz entzuten. Baina, orduan, pasarte hori heltzen da:
Lortuko dogu, nahi dogu
anaiak geuganatzea.
Dauden lekua ez da eurena,
badute euren etxea.
Eta bertso bera kantatzen dute aurten eta iaz eta aurrekoan eta aurrekoan, eta horrela beti. Eta Marmotaren Eguna. Eta sentsazio txarra etortzen zait, pentsatzen dudanean hurrengo urtean ere gauza bera kantatuko dutela, ez dutelako "anaia geuganatu", gauzek berdin segitzen dutelako. Eta "lortuko dogu, nahi dogu" hori urtero entzuten dut, beti "nahi dogu", beti "lortuko dogu", baina ez da ezer aldatzen.
Gero ahaztu egingo zait hau dena, eta hurrengo urtean berriro etorriko da Santa Ageda bezpera. Eta orduan konturatuko naiz Marmotaren beste Urte bat bizi izan dugula.
Aupa Jozulin! ointxe momentuan ez dakit nor zaran, baina seguruenik bistaz ezagutuko gara. Jakingo dozu ni despistau totala nazela, eta hurrengo baten, kaletik gurutzatzen bagara, esan zu zarala, eta egingo dogu berba luze eta lasaiago. Eta ondo etorria blogera!