Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Urruzuno 2004

gabiria 2005/02/04 08:33

Iazko irailean Irlandan egon nintzen, Urruzuno literatura lehiaketako irabazleekin. Suerte hori izan nuen.

Ezagutzen ez duzuenontzat, Urruzuno da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero antolatzen duen lehiaketa literarioa, EAEn Bigarren Hezkuntza egiten ari diren ikasle guztiei zuzendutakoa. Iazkoarekin, 19 urte dira lehiaketa hori antolatzen ari direla, eta emaitzak hortxe daude, lehiaketa horretako irabazleen izenei erreparatzen badiegu:

Nagore Amondarain, Mikel Ayllon, Jon Benito, Gari Berasaluze, Harkaitz Cano, Igor Estankona, Arkaitz Estiballes, Jose Luis Padrón, Fredi eta Xabi Paia, edo Urtzi Urrutikoetxea, besteak beste. Irabazle guztien zerrenda, hemen duzue, excel orri batean.

Bada, irabazleek diru apur bat jasotzen dute sari gisa, eta, batez ere, benetako saria, hamar eguneko bidaia bat da, Europako txokoren batetik. Urtero leku batetik. Hori da benetako saria, ez leku berriak ezagutuko dituztelako, ez beste hizkuntzetara ohituko direlako... ez. Benetako saria bidaia izatearen arrazoia da irabazleetako bakoitzari aukera ematen diola hamar egunez bere moduko pertsonekin elkartzeko, eta konturatzeko bera ez dela literaturarekin maiteminduta dagoen "bitxo arraro" bakarra. Kontuan izan, gainera, ikasle hauetako bakoitza irla bat dela bere ikasgelan: beste denek burua nesketan (edo mutiletan) eta Athleticen (edo Errealean) dutenean, hauek nesketan (edo mutiletan) eta literaturan (edo literaturan) dute. Ez dira besteak bezalakoak, eta zail dute euren parekorik aurkitzen, zaila delako pertsona bi elkartu eta literaturaz edo enparauez berba egitea. Baina bidaia horrekin, hamar eguneko elkarbizitza horrekin, antzeko jendea aurkitzen dute, eta hamar eguneko eztanda izaten da: esate baterako, batak besteari esaten dio ze idazle gustatzen zaion, eta, berehala, autore hori ahotik belarrira dabil, eta deskubrimendu eta konpartitze prozesu itzela da. Gauza handia da, benetan. Kanpotik ikusteko ere ederra.

Hala bizi izan genuen guk, iazko 20 ikasleekin joandako hiru arduradunek: Fernando Morillo, Patxi Gaztelumendi eta hirurok. Inbidiaz eta pozez ibili ginen eurekin. Inbidiaz, guk halakorik ez genuelako ezagutu, eta irla izaten jarraitu genuelako askoz ere denbora luzeagoan. Eta pozez, ikusten genuelako zelan erlazionatzen ziren, zelan deskubritzen zituzten idazleak (Eduardo Galeano izan zen izarra), zelan interesatzen ziren eurek egindako lanekin, zelan zeukaten neurriz kanpoko sentsibilitatea.

Bidaia, guretzat ere, iniziatikoa izan zen alde horretatik. Ez soilik eurentzat.

Hauek izan ziren irabazleak, atalez atal (euretako batzuen azalpen eta guzti):

A maila (Batxilergoa)
Prosa:

1- Jon Fernandez (Ondarroa): "Spaghetti bihurriak tomatetan"
2- Juan Atxutegi (Zornotza): "Herdoildutako izkinek ez dute sentipenik"
Metroan otu zitzaidan 2004ean Urruzunora bidali nuen lana. Herri batetan bizi naiz, eta hirira noan bakoitzean, hango anonimatoak liluratu egiten nau. Jendea behatu eta bakoitzaren istorioa eraikitzen saiatu ahal izatea... Bestalde, New York dago. Ez da izango hiririk ederrena, ezta literarioena (agian bai, batek daki) baina han lehenengoz izan nintzanetik bere milaka alde ezberdinetako batzuk isladatzen saiatu naiz, eta, Moyuako Metro estazioan derrepentean aurkitutako begiradari jarraituz, hiria deskribatzera ekin nion, alde onak eta txarrak erakutsiz: kosmopolita alde batetik, inpertsonala eta basatia bestetik. NYC, besterik gabe.
3- Manex Berzosa (Ordizia): "Puritanical Euphoric Misanthropia"
4- Olatz Urkia (Donostia): "Saminaren gatibu"
5- Izarne Oiarzabal (Ondarroa): "Antipodetako bikia"
Nik bakarrik esan dezaket buruan milesima batez bi kablek kontaktu egingo balute bezala dela, korrontea pasatzean. Sekula eman dizu zerbaitek kalanbrea? ba horixe gertatzen denean bezala da, hasieran sustoaren antzera, derrepentekoa, eta gero milesima hori pasatu eta denbora baterako sentsazioarekin geratzen zarela, eta hortik jarraitzen du beste guztiak.
6- Leire Telletxea (Bera): "Ulertu ezinean"

Poesia:

1- Josu Martinez (Bilbo): "Bihotz urdinak kale grisetan"
Auzokide ex-urruzunotarrei entzuteaz aspertuta eta Urtzi Urrutik animatuta bidali nituen testu biok. Berak iritzi-aholku zenbait eman zizkidan gainera. "Bihotz Urdinak kale grisetan" oso oso arin idatzia da, egun bitan edo; eta Etiopiak eragin zidan zirrara pixka bat, (baina pixkatxo bat bakarrik e!) igartzen dela uste dut.
2- Jon Fernandez (Ondarroa): "Heriotzari ongietorria"
3- Josu Martinez (Bilbo): "Barrutik itxitako ateak"
"Barrutik itxitako ateak" lan landuagoa eta dispersoagoa, gai aldetik eta denbora aldetik. Txarragoa ere bai (niretzako). Halan da be danetik entzun dut. (batez ere, ez kezkatzeko; bestea hau bezain txarra dela).
4- Xabier Perez de Mendiola (Igorre): "Bakarrizketa"
5- Amaia Gezala (Hondarribia): "Zorionaren patua"
Andre batek zoriontsu egiten zuen guztia galdu du. Ez du bizitzeko arrazoirik. Izan denaz oroitzen hasten da. Eta azkenean, dituen sentimendu guztiak hiltzen zaizkio.
6- Olatz Ibarluzea (Mungia): "Hutsa"
7- Julene Sagarna (Bilbo): "Huts, min, urrun..."

B maila (DBH 3 eta 4)
Prosa:

1- Jon Iraola (Hernani): "Isiltasunaren bakardadean"
Esperimentatu egin nahi nun ta ondo atera zitzaidan. Nire nobelak maitasun txotxolo bat erabiltzen du aitzakia bezala bakarrizketak eta abar tartekatzeko.
2- Esti Vivanco (Bilbo): "Miranderen itzalpean"
3- Alots Arregi (Azkoitia): "Gaur, berandu sartu zait beltza hartzeko gogoa"
4- Oihane Zelaia (Ondarroa): "Zurekin eta zu gabe"
5- Olatz Mitxelena (Oiartzun): "Negar malkotan bihotza"
6- Garazi Ugalde (Lezo): "Malko gaziak"
7- Raquel Moreiro (Urretxu): "Soriako botijoa"

Poesia:
1- Olatz Mitxelena (Oiartzun): "Munduaren koadroa"
2- Alots Arregi (Azkoitia): "Gasolindegirik baldin bada"
3- Ainhoa Mendibil (Elgoibar): "Itsas eraso gaiztoa"
4- Garazi Etxeberria (Ataun): "Zurekin, baina zu gabe"

Bidaia

Irailaren 12ko gauean irten ginen Loiuko aireportutik, eta 22an bueltatu ginen. Tartean, Irlanda:

  1. eguna (13): Dublin
    2. eguna (14): Galway
    3. eguna (15): Connemara
    4. eguna (16): Donegal
    5. eguna (17): Donegaleko iparraldea
    6. eguna (18): Inishowen penintsula eta Derry
    7. eguna (19): Derry
    8. eguna (20): Ipar Irlandako kostaldea eta Belfast
    9. eguna (21): Belfast
    10. eguna (22): Buelta

Tartean, James Joyceren estatua, Galwayko kostaldea gauez, Connemarako bizikletak, Donegaleko taberna dantzan jarri genuenekoa, Derryko Bogside auzoa, Bloody Sunday pelikula, Erraldoiaren Galtzada, Belfasteko Falls auzoa, Là egunkaria... eta poesia errezitaldiak, eta autobuseko solasaldiak, eta Là egunkariko portadan agertu ginenekoa, eta guk baino gogoratuko ez ditugun beste mila une.

Taldeak izena ere hartu zuen: aldez aurretik Berriarekin hitzartuta geneukan egunero-egunero zutabetxo bat idaztea, Fernando Morillok eta nik, txandaka; bada, lehenengo egunean, Dublinen geundela, Joyceren estatuaren aurrean, Juan Luis Zabalak deitu zigun, galdetzeko ea ze izen jarriko genion zutabe horri. Eta zutabea guk idatzi arren, gazte hauei buruzkoa izango zenez, hasi ginen galdezka euren artean, ea euren "bandarako" ze izen nahi zuten. "Pog mo thoin", esan zuen norbaitek (apustu egingo nuke Olatz Ibarluzea eta Ainhoa Mendibil izan zirela), izan ere, justu apur bat lehenago postal batean ikusi zuten esaldi hori idatzita eta, dendariari galdetu ziotenean zer esan nahi zuen (gaelikoz baitago esaldia), dendariak erantzun zien "Kiss my ass". Horrela sortu zen "Pog mo thoin banda", nahiz eta, gero, izen hori Mungiako rok talde batek hartu zuen, eta, jakina: rokeroak ezagunagoak egin direnez (Euskadi Gaztea maketa lehiaketa irabazi dute), izen bereko idazle gazte hauen ipurdia orain ez du inork musukatzen, koitaduok. Baina gaur blog honetako protagonista dira, ondo merezita gainera!

Bide batez, eta blog kontuak aipatzen hasita, esan dezagun eurek ere badutela asmoa horrelako zerbaitetan hasteko, baina kosta egiten zaie, kosta! Hala ere, euretako batek, Jon Fernandez ondarrutarrak, badauka bere blog pertsonala, eta seguru nago etekin ederra aterako diola, irakurle izango gaituen guztion atseginerako. Ea banda ere animatzen den eurena sortzera.

Izan ere, gazte hauek behar dutena da akuilu on bat atzetik. Gauza bera gertatu zitzaigun Irlandan ere: egunero esaten zuten manifestu bat idatziko zutela, baina egunak bata bestearen atzetik joaten ziren, eta ezertxo ere ez. Azkenean, justu azken egunean, Belfasteko Culturlann zentroan bilduta, idatzi zuten manifestu dontsua, eta argitaratu ere bai, hurrengo eguneko Berrian. Gazte hauetako bakoitzak "tanta bat" idatzi zuen, eta Fernandok eta biok beste bana: guztira 22 tanta, nahaste borrastean, tanta bakoitza norena den jakiteko ere zail. Hona hemen:

Manifestua

Belfasten, euri berdea. Badator eta badoa; tanta batzuk, berriz, betiko geratzen dira oroimenaren estoldetan galduak.

1. tanta. Iluntasuna ikusteko, argia piztu nuen, eta armairu barruan ezkutatu zitzaidan, berriro.

2. tanta. Gizon ezezagun batek, «aitaren» egiteko esan zidan, Belfasteko eliza katoliko parean.

3. tanta. Liburuak Pub-etan idazten direlako, bizitzaren pasarteetan, ez urrezko kartzeletan, aparientziaren mundu nazkantean.

4. tanta. Idazle denak ez du soilik itsasoaz idatziko, ur tanta bakoitzaz idatziko du.

5. tanta. Parrandak kendu bagenizkio / banda bat izango zen / ta ez zen desegingo. / Baina horrela / ez zen gehiago Póg Mo Thóin izango / eta nik Pog Mo Thoin nuen maite.

6. tanta.

7. tanta. Hasten den guztia amaitzen da, hau, hasi bakarrik egin da...

8. tanta. Irlanda gure poesia ederrenen / hitza besterik ez da.

9. tanta. Passport sir, galdetu zidaten. No, erantzun nien. Hala ere, algara berdeetako lurra berdeetako lurra zapaltzera iritsi nintzen, maite ditudan hogeitalau irribarreekin batera.

10. tanta. Antzokian antzezleak antzezlanak antzezten: antzokia mundua / antzeztea izatea / antzezleak izakiak / antzezlanak bizitzak / IRLANDA GURE BIHOTZETAN / maite dut egunsentia / eta irlandar ilunabarra /maite dut guinnessa ta / maite dut kafe irlandarra / maite dut gure giroa / gure arteko indarra / maite ditut hotelak ta / baitabe juerga beharra / maite ditut irlandesak / eta euren irrifarra / maite dut paisaia hemen / itsaso zeru zein larra / maite dut hemengo historia / berria izan zein zaharra / Poesia ez da irlandara / lotzen gaituen bakarra.

11. tanta. Doinu irlandarren erritmo sarkorrak, bere paisaien edertasunak, bertako biztanleen irribarre samurrak, irlandaren bihotzeraino eramanarazi gaitu.

12. tanta. Hitzaren fereka sentitzean, artisten senak biziraunen du.

13. tanta. Errekak itsasoan hiltzen diren bezala / bidaia hau ere heldu da bere bukaerara. / Hala ere, bertan sortutako laguntasunek ez dute inoiz / itsasoaren amaierarik ezagutuko.

14. tanta. Oroimen zaharkitu eta higatuenak ere ahantzi ezin ditzakeen oroitzapenak melankolia jasangaitzenaren iturri.

15. tanta. Eta esnatu zenean, dena guzurra zen.

16. tanta. Zuhaitz hotzen karrikek berotu digute bihotza.

17. tanta. Bertigoa dute Paristik datozen haurrek.

18. tanta. Gaur Leireri ez diote ile-adatsek batere izorratuko, zinta gehi koleta jarri baititu. Hala, toma!! Bitartean, gainontzekoak isiltasunaren oinaze itsuetan galdurik daude La egunkari gaelikoa helburu dutela, ahazturik gure trip-aren amaiera iristear dagoela.

19. tanta. Che Guevararen kamiseta zeraman gazte iraultzaileari non erosi zuen galdetu nion. El Corte Ingles-en, erantzun zidan.

20. tanta. Atzo, giltza galdu genuen. Gaur, zerraila aurkitu dugu. Jada ez ditugu behar. Txoriak gara. Berriro.

21. tanta. Bidaia amaitzear dago / baina beti gogoratuko dugu.

22. tanta. Badoaz beleak, badoaz. / Badatoz kaioak, kaioak.

Azkenik, gauzarik inportanteenetakoa: gogoraratu idazle gazte hauen emaitza argitaratuta dagoela, eta pdf formatuan ere eskura dezakezuela, hemen klik eginda. Merezi du: jaitsi, irakurri eta gozatu etorkizuneko idazleekin.

etiketak: Hara-honakoak
John o Brian (edo Paul)
John o Brian (edo Paul) dio:
2005/02/04 11:44

Txo, Milhaus!!

putos amos horrek irlandarrak!!

presentau behar dostezak!!

Josu
Josu dio:
2006/04/26 14:03

josulito@gmail era idatz diezadakezu.

Osasuna.

Ainhoa
Ainhoa dio:
2006/04/20 17:58

Norbaitek al daki Josu Martinezen helbidea, e-mail bat bidaltzeko? Mila esker!

Julen
Julen dio:
2006/03/01 09:52

Eskerrik asko, Maialen.

Maialen
Maialen dio:
2006/03/01 00:29

Irlanda hitza irakurri eta idazteko erantzuteko sartu zait. Gaztea naizen arren, ez dut inoiz Connemara gure bihotzetan bezalakorik irakurri. Hiru bider. Lehena Irlandara eginiko bidaian. Ondoren, Irlandan egon ondorengo udaran eta azkenik, ikastolan bidali zigutelako. BENETAN APARTA DA!! Primeran deskribatzen dituzu eszenak eta Irlandarrak. ZORIONAK, bikaina da.

patxaranmusa
patxaranmusa dio:
2005/02/08 19:25

artista! artista bat einda zaude! badakat zurekin ta beste danekin batzeko gogua eeh.. a! ta gustau jata kontautakua zelan kontauta dauan, ta kontau baekua zlan geratu dan. patxo bat!!

Aiora
Aiora dio:
2005/02/05 17:37

Eta maila ematen ez dutenak? Irla galdu diren hoiek? Idaztea, irakurtzea, literaturaz hitz egitea... maite izan arren inoiz saririk irabaziko ez duten hoiek? Urruzuno literatur lehiaketako saridunek behintzat izango dute norekin hitz egin, norekin elkartu eta lan txukun bat egitearen poztasuna... Ez ordea gustoko duten horretan murgilduta egon arren maila ematen ez dutenek...

Julen
Julen dio:
2005/02/06 21:42

Baina hori betiko kontua da. Epaimahaikideek baino ez dute jakingo zeintzuk ziren benetan lanik onenak. Akaso idazle gazte hauen lanak bezain onak egongo ziren hortik, edo hobeak ere bai. Hori nik ez dakit. Baina lehiaketek hori dute, batzuek irabazi egiten dutela, eta, ondorioz, irla izateari utzi ahal izango diotela. Horrela izan da beti eta horrela izango da. Hori da lehiaketak duena. Denok izan gara irla inoiz edo behin. Gero, beharbada, suertearekin, aukera izango duzu penintsula bihurtzeko, edo agian ez. Hori bilatu ere egin behar da, ez? Edozelan ere, Aiora, nahi duzun guztietarako, hementxe duzu blog bat, irlak batzeko balio dezakeena. Zure irla eta beste guztiena. Blog honek funtzio hori beteko balu, ni gustura.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.