Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Metroko irakurrienak

Metroko irakurrienak

gabiria 2005/02/01 09:33

Egunkariek ematen dituzten liburu salduenen zerrendekin ez naizenez larregi fidatzen, neure zerrendatxoa egitea erabaki dut. Ez salduenena, baina bai metroan eta trenean jendeak irakurtzen dituenena. Modu horretan, bide batez, metroan eta trenean noanean ez naiz aspertzen, sekulako ekilibrioak egin behar izaten baititut liburuen izenburuak irakurtzeko. Dagoeneko ikasi dut letrak alderantziz irakurtzen, eta trebezia handia lortu dut leihoetan islatutako portadak identifikatzen.

Horrela, bada, urtarrilaren 1ean hasi eta atzo arte, begiak ondo zabalik joan naiz, ikusteko zer den jendeak irakurtzen duena. Konturatuko zaretenez, zerrenda laburra da. Izan ere, jende mordoa ikusten da liburuak irakurtzen, baina, ulertuko duzuenez, batzuetan lotsabako samar geratuko nintzateke liburu baten izenburua zein den deskubritzeko ahaleginean, esate baterako burua irakurlearen belaunetan jarri eta gora begira geratuko banintz, portada pare-parean izateko. Ez. Oraindik ez naiz heldu holako mailara. Egunen batean.

Zerrenda honek ez du ezertarako balio, baina ez dakizue ze ondo pasatu dudan nik. Beraz, kontortsionismo literarioarekin jarraituko dut, hurrengo hilean ere zerrenda ateratzeko.

Urtarrileko liderra Dan Brown izan da, baina Bernardo Atxaga izan da liburu birekin agertu den bakarra.

Hauek izan dira urtarrileko liburuak: (bestelakorik aipatzen ez den bitartean, liburu bakoitzak irakurle bakarra izan du)

_Euskaraz_:
"Obabakoak", Bernardo Atxaga
"Kolosala izango da", Joseba Sarrionandia

Gaztelaniaz
"El código Da Vinci", Dan Brown (3 irakurle)
"El hijo del acordeonista", Bernardo Atxaga
"Los hijos de Ogaiz", Toti Martinez de Lezea
"Levando anclas", Roge Blasco
"La tempestad", Juan Manuel de Prada
"El amor y la nada", José Luis Ferris
"Desgracia", J.M. Coetzee
"2666", Roberto Bolaño
"Assassini", Thomas Gifford
"Tuareg", Alberto Vazquez Figueroa
"La reina del sur", Arturo Perez Reverte
"El crimen del Padre Amaro", Jose María Eça de Queiroz

etiketak: Hara-honakoak
Julen
Julen dio:
2005/02/01 11:59

Anekdotak mila dira aipatzen duzun gai horren inguruan, eta idazle bakoitzak berea gustura kontatuko luke. Baina egoera horretan sentitzen dudana definitzeko, duela hilabete batzuk artikulu hau idatzi nuen Berrian:

Begira

Eta egin duzu, eman duzu pauso hori, eta kalera irten zara, ausart. Eta trenak zer diren ezagutu duzu, eta zer den inoren altzoan joatea. Irten zara eta ikusi zaitut. Lehengo batean ikusi zintudan trenean, eta poztu nintzen. Zelan ez naiz poztuko, bada. Jendeak galdetzen dit ea gustura nagoen, eta nik erantzuten diet lehengoan trenean ikusi zintudala, eta ezin daitekeela gusturago egon. Beste batzuetan, liburudendetara joan eta, posizio estrategikoa hartuta, argazki-liburu potoloen atzean ezkutatzen naiz, eta ikusten dut jendeak zelan ukitzen zaituen, eta zelan pasatzen dituen zure orriak; eta une horretan gustatuko litzaidake letra artetik eskuren bat irten eta, irakurle hori paparretik helduta, barrurantz egitea tira, orri artean duzun mundu horretarantz. Inoiz edo behin, argazki-liburuetako gotorlekua utzi eta irakurle horren albora joan izan naiz, ni ere zurekin interesatuta egotearen itxurak eginez. Baina ez normalean. Gehienetan eskuetan zaituen horri begiratzen diot, eta pentsatzen dut nor den, zergatik hartu zaituen, zer bilatzen ote duen liburu batean, nahikoa zoroa ote den zure munduan murgiltzeko. Eta gustura nagoen galdetzen didate: zelan ez naiz egongo, jendeak buru txiki honetatik irtendako istorio bat eskuetan hartzen badu! Eskatu daiteke gehiago? Norbaitek esango du kritikarien oniritzia ere behar dela gustura egoteko. Eta bai, gustura egoteko beste motibo bat da, motibo handia, baina nik trenean ikusi zintudan aurreko batean, emakume baten eskuetan, eta emakume hura zure istorioak irakurtzen ari zen, eta irribarre egiten zuen aldian-aldian. Ezin daiteke gehiago eskatu.

Ikusi zintudanean, duda egin nuen zu ote zinen. Emakumea bizkarrez neukan, trenaren zain. Zure azal zuria ikusi nuen, baina ez nengoen seguru, harik eta andreak orri bat pasatzeko keinua egin eta, orduan bai, ondo ikusi zintudan arte. Trenean, andrea jarrita eta ni zutunik, haren aurpegiaren keinuak deszifratzen saiatu nintzen. Eta nire buruari galdetu nion zergatik zu, non izan ote duen zure berri, ze pertsonaiarekin identifikatzen den, zure esaldiak dasta-dasta eginez irakurtzen ote dituen. Galdetu nahi, baina ni begira, isilik. Eta pentsatu nuen gero poltsan sartu eta etxera eramango zintuela, eta apalean jarriko zintuela igual, batek daki ze beste libururen alboan. Eta galdetu nahi nion zeinen ondoan, baina kikildu egiten naiz jende inportantearen aurrean.

Patxi
Patxi dio:
2005/02/01 11:50

Jakinminak pisua balu, nere jakinmin honek izugarrizkoa izango luke.

Zure liburu bat irakurtzen ari dan norbaitekin topo egingo bazenu, zure parean, eta bera konturatu ez...

Zer sentituko zenuke?

Zerbait esango zenioke, bidaiariari, bere destinura iritsi baino lehen?

Patxi
Patxi dio:
2005/02/01 13:47

Hau dek hau...

Benetan, euskal literatura irakurtzen hasi beharko det, zu bezelako gehiagorik badagoen ikusteko.

Barkatu hain temoso jartzea, loreak botatzen. Sentitzen det gehiago lotsaraztea.

Jakin dezazun, zure liburu bat ari naiz irakurtzen, logurez beti, eta lehenengo bi kapituluak bi aldiz irakurri behar izan ditut, logure gehiago ekartzen zidatelako.

Baina hirugarren kapituluan, hemen aurkitzen dedana aurkitu det, eta horra, emozionatuta nago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.