Enrique Morente
Enrique Morente (Granada, 1942) flamenko kantari handiak elkarrizketa eman dio gaur Berriari, eta gauza interesgarriak esan ditu:
Errealitatea eta artea
Ez dut ulertzen errealitatetik urruntzen den musika. Lan artistikoki polita baino, nahiago dut panfleto bat egin, maitasuna, adiskidetasuna eta gizatasuna artearen aurretik daudelako.
Mendeurrenak eta omenaldiak
Beldur hori bera dut orain Cervantesekin; hau da, ez ote garen nazkatuko mendeurrenarekin. Orain dela hiru urte inor ez zen oroitzen hartaz, eta orain egunero izango dugu platerean. Duela hamalau urte, El Quijote-ren egokitzapen bat egin nuen, baina diru faltagatik ezin izan nuen aurrera eraman; ez nuen laguntzarik izan. Aurten, aldiz, Grec-ek eta Teatro Españolek berriro egiteko eskatu didate. Ziur aski egingo dut. Baina ikusiko dugu ez ote dugun Cervantes denon artean akabatuko.
Enrique Morente, zein gizon handia (tamainaz halakoa ez bada ere)! Orain dela urte batzuk Euskalduna Jauregian ikusteko aukera izan nuen, benetan hunkigarria izan zen kantaldia, ez naiz inondik ere flamenkologoa, baina Morenteren kantatzeko modua, sentimenduz gainezka, barruraino sartzen den horietakoa da. Gainera gure artistarik handienarekin igo zen oholtza gainera On MIKEL LABOArekin. Amaiera ikustekoa izan zen: Mikelek Haika Mutil-en zatitxo bat kantatu, eta Morentek koplatxo batez erantzun, eta horrela Euskalduna txaloz lehertu arte. Camaron eta Xalbador baino ez ziren falta koruak egiteko. Horrek biak bai direla monstruoak eta ez pelikuletakoak!!!!!!!!