Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... eibar

Lagun batek esan dit...

eibar

Eibar

Azken aldian gertatzen zait ezin dudala Eibar gainetik kendu. Nahi ere ez, egia esan, ze, Eibar izena entzuten dudan guztietan, iruditzen zait lotura birtual eta blogistikoa baino zerbait gehiago daukadala herri horrekin. Iruditzen zait izen hori nire atzetik dabilela, inguratuta naukala, eta, Bagdadeko morroiaren antzera, nik ere Ispahanera alde egiten badut ere, Eibar hantxe topatuko dudala ezinbestean. Eta ni pozik. Konturatzen naiz ez zela kasualitatea txikitan, uda guztien amaieran sentitzen nuen zirrara, izeko eta osabarekin Arratera joaten nintzenean egun-pasa. Eta ez zela kasualitatea unibertsitatean, lagunik onenak, Gasteizko Aitorrekin batera, Balentzi, Groerk edo Elortza eibartarrak izatea. Oroitzapen horiek datozkit, eta blogean jartzeko modukoak ez diren beste batzuk. Horrelako lotura arraro bat daukat Eibarrekin, birtualetik baino harago doana.

Eta oraintsu ere gertatu zait gauza bitxi bat, Argiarako lau elkarrizketa egin ditudanean. Hasieran ez nintzen konturatu, baina elkarrizketa bat eta besteak errepasatu ostean, konturatu nintzen elementu bateratzaile bat zegoela lauretan: Eibar, jakina.

Aukeratu nuen lehenengo elkarrizketatua Bittor Kapanaga otxandioarra izan zen. Esan zidan gazterik joan zela Eibarrera ikastera, eta euskararen iraultza piztu zutela, bertan ezagututako Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri eta abarrekin batera. Esan zidan, halaber, hantxe ezagutu zuela Joxe Migel Barandiaran, eta ze ondo tratatzen zuen ataundarrak.

Bigarren elkarrizketatua Jose Pablo Arriaga markinarra izan zen. Datua ez nuen elkarrizketan jaso, baina esan zidan, Afrikatik zebilela, Gabonak Eibarko misiolari batekin pasatu zituela (ez dut gogoratzen haren izena), eta herri hartantxe geratu zela denboratxo batez, egurrezko eskola bat eraikitzen, Jose Pablo arotza baita.

Hirugarren elkarrizketatua Erramun Landa eatarra izan zen. Hau ere ez nuen elkarrizketan jarri, baina Erramunek luze eta zabal hitz egin zidan 2005eko hasieran Eibarren egin zuen erakusketa handiaz: "Denbora ez da distantzia" deitzen zen, eta bertan bere imaginariorik sakonena erakutsi zuen. Oso garrantzitsua izan zen erakusketa hori Erramunentzat.

Laugarren eta azken elkarrizketatua Angel Zelaieta mallabitarra izan zen, eta kontatu zidan noiz eta zelan ezagutu zuen Gabriel Aresti: "pertsonalki Eibarren ezagutu nuen, Juanito San Martinen etxean. Juanito bisitatzera joan nintzen, eta zoriak nahi izan zuen han egotea Gabriel ere. Hirurok batera afaldu genuen; eurak biak gorbatadunak ziren, eta, afaltzen geundela, diskutitzen hasi ziren, oso bero: "la ostia", "cojones" eta horrela. Sekula horrelakorik entzun gabe nengoen gorbatadun bati!".

Etengabe agertzen zait, eta ni gustura. Berdin dio larunbateko afarian, lagunak esaten duenean Eibarko drogazale-ohi bat ezagutu zuela Bolivian; edo berdin dio Bilborik ilunenean beltz batek esaten dizunean, Senegaletik irtenda, ezagutu zuen lehenengo herria Eibar izan zela; edo berdin dio Amets Arzallusekin komentatzen duzunean bere aitak 1993an Eibarren egin zuen agerpen miresgarri eta ezustekoa. Berdin dio, Eibar beti agertuko zait, eta ni gustura.

gabiria 2006/01/30

Tagzania, inbento ederra

Oin dala astebete inguru, CodeSyntax enpresako lagunek Tagzania inbento barria plazaratu eben.

Irakurri nebazan tresna barriaren onurak, baina ez neban ondo ulertu, edo Ramonek denpora larregi kendu eustan gauza sinple hori ondo ulertzeko, ez dakit.

Atzo, Luistxoren mezu batek guztiz konbenzidu ninduen.

Eta sartu eta erregistrau, eta konturatu nintzan sekulako inbentoa dala. Del.icio.us famatuaren pare-parekoa, nik uste.

Lorik egin ezinda, ordenadorea ixiotu eta gustoko leku batzuk sartzen hasi nintzan munduko mapa horretan. Esate baterako, sartu neban lehenengoa Veneziako San Marco plaza izan zan.

Eta gero Irlandako gida osotzen hasi nintzan, apurka-apurka (oindino piloa falta jat), inork udan hara joan gura badau be.

Asike, atzo gabean, lorik egin ezinda nengoalako joan nintzan ordenadorera, eta ordenadorean ibili ostean lorik egin ezinda geratu nintzan, emozinoaren emozinoaz.

Zorionak CodeSyntax, artistak zarie.

gabiria 2005/07/29

Arestitar eta sorgintxulotar guztiei

Ez neukan honen gainean blogean idazteko asmorik, baina pentsetan dot lagun pare bati, gitxienez horreeri, zor deutsiedala.

Kontua da atzo Zazpikale saria jaso nebala, Bilboko igazko liburu azokan "Han goitik itsasoa ikusten da" liburua izan ei zalako gehien saldu zana.

Eibartarrak zerrendan Leire Narbaizak emon eban sariaren barri, gogora ekarrita apirilaren 20an Azkunari bota neutsazanak. Besteak beste, Leirek hauxe esaten eban: "Eta sari hau ze da, alkatiari gauzak arpeira esatiagaittik? Beste diskursoren bat eukiko dozu prestauta, ezta? Kontau jasotakuan, bale?".

Ezin neban bestela egin: Leirek kontetako eskatzen badeust, nik kontau egin behar dot. Eta holantxe idatzi neban atzo Eibartarrak zerrendan:

Sano polita izan da: ez sariarena, hori txorrada bat da eta. Zoragarria izan da, ze, Azkunaren ekitaldian ez moduan, oingoan Jon Sanchez udaleko Kulturako zinegotzia euki dot alboan. Eta alboan eukite hori, txaparradea jausten jakon bitartean Jon Sanchezek inora ezin alde egitearen detaile hori, horixe izan da zoragarria. Ze, berez, nik guragoko neuke Azkuna bazan nire albokoa, baina Sanchez be ez da pieza makala, ez jauna!!

Jakin daizuen, Sanchez da igazko karnabalak suspendidu ebazan zinegotzia, PPren presinoakaitik. PPkoek inoen Txori Barrote konpartsaren karrozak ezin ebala urten desfilean, presoen argazkiak eroateagaitik: hori iraina zala demokratontzat eta betikoa. Azkenean, Sanchezek espainolen eskubideak babestu ebazan, klaro. Beste konparsek esan eben Txori Barrote ez bazan urtetan, eurak be ez zirala urtengo. Sanchez be piezatxoa dala, labur esanda.

Mahaian, beraz, hiru: Asier Muniategi (liburu azoken koordinadorea), Jon Sanchez zinegotzia, eta ni erdian.

Hasi da Asier eta berba ederrak esan ditu "Han goitik itsasoa ikusten da" liburua dala ta. Benetako berbak ganera, badakit-eta zer sentidu dauen liburua irakurtean.

Segiduan Jon Sanchez hasi da, eta itzelak esan ditu niri buruz (Azkunak "ese joven de Galdácano al que no conocía" esan eban gitxienez, disimulu barik; baina Sanchezek disimulu gehiago hartu dau, eta, seguruenik ezagutzen ez ninduan arren, berba potoloak bota ditu): "sekulako lana egiten dabil", "liburu zoragarria", "euskal literaturaren alde...", betiko tontakeriak. Eta ni, bien bitartean, neure kasa pentsetan: "ez berba lar egin, Sanchez, ze gero txaparradatxue jatortzu...", baina berba asko egin dau.

Esan neutsuen moduan, Sorgintxulokoei gura neutsien eskeini saria. Beste modu baten egin dot azkenean: eskerrak emon deutsiet euskal kulturaren eta euskal literaturaren alde isilpeko lana egiten dabenei, eurei esker lortzen doguz gero guk holako sariak, bidea eginda daukagulako. "Bidegileak" izenagaz ezagutu geinkez, edo "aitzindariak" edo ez dakit. Nik adjetibo barri bi proposatu dodaz:

Arestitarrak, batetik. Kontau dot Arestiren plaken inguruan Bilbon bizi izan diran gertakari estraño biak (eskerrik asko informazinoagaitik, Karmelo):

  • Arestiren jaiotetxean egoan oroimenezko plaka desagertu egin zan.
  • Bilboko Arte Eder Museoaren aurrean, igaz, Bilboko Udalak kendu egin zituan Arestiren omenez bertan egozan aretxa eta harri poemaduna.

Sorgintxulotarrak, bestetik. Aurton zarratu dabe Santutxuko gaztetxea. Bertan egozan, besteak beste: euskera alkarteak, haurtzaindegi bat, musika taldeentzako lokalak, auzoko zinema, ordenagailu gelak, bertso eskola eta Santutxu auzoko liburutegi bakarra.

Adjetibo bi horreek sakon azaldu dodaz, gustora, pozik. Aresti aitatu dodanean, Sanchezek boligrafoa atara dau eta zeozer zirriborratzen hasi da. "Sorgintxulo" berbea esan dodanean, barriz, ia-ia aulkitik salto egin dau. Badakizue horrek (agintariak nerbioso ipintea) adore handiagoa emoten dostela egiak esateko, asike ni pozik, nire saltsan.

Azkunaren kontrako "mitinean", hauxe idatzi neban blogean: "Gioconda Belliri begiratu nion, eta irribarre zabala erakutsi eta buruarekin baietz egin zidan". Gaurkoan ez da izan Gioconda Belli: gaur Irune Berro izan da, Berriako kazetari fina. Hari begiratu eta irribarrez ikusten neban, eta pentsau dot hori seinale ona zala.

Amaitzean, Iruneren ondotik pasau naz, eta esan deust "eskerrik asko esan dozun guztiagaitik". Niretzat, hori nahikoa eta sobera izan da gaurkoa justifiketako.

gabiria 2005/06/10

Gorrotoa kontserban

Blanca Torquemada izeneko andra bat etorri ei zan Aste Santuan oporretan Euskal Herriko kostaldera, eta, bide batez, erabagi eban gida turistiko bat idatzi behar ebala ABCrako.

Literaturaz ondo hornituta, Euskal Herriko bazterrak deskubritzera jatorku Blanca. Gure mundu iluna, gure herrietako kale siniestroak, ikurrina bakartiak udaletxeetan, berdel bila datozen kamioi irlandarrak (nongoak ostantzean?), plenoetan hegaz egiten daben mikrofonoak... azken baten, Euskal Herria. Ondarru, azken reduktoa.

Artikulu antologikoa, Humboldt barri honena. Zer dinot Humboldt? Lancre barri honena!... Lancre? Bai zera! Torquemada! Blanca Torquemada!

gabiria 2005/04/11

Fioreko eskaladorea

Mendigreenek zera idatzi eban aurreko baten bere blogean, Top manta & edredoning mezuan : "Belaunaldi berriei begira, eta ohitura sexualei dagokienez, hau ez dela Espainia esaten segitu ahalko dugu beraz, urte askoan".

Nik ez dakit Euskal Herria Espainiagaz edo zegaz konparau behar dan, baina atzo oso irudi adierazgarria ikusi neban, eta zer pentsau nabideño-festibo bat etorri jatan burura.

Erletxetatik pasetan zarienak (eta besteak be bai) jakingo dozue han bertan, rotondan, Fiore putetxea dagoala. Aurreko baten be euki gendun hemen horren gaineko eztabaida, Kortederrako tunelean egoten diran prostituten ingurukoa.

Fiore putetxe kuriosoa da. Galdakoko San Silbestrean, esate baterako, eurek ipinten dabe podiumaren atzeko publizidaderik handiena, eta apur bat surrealista izaten da ikustea karrerako irabazleak han, euren domina eta lorakaz, eta atzean, munduko letrarik handienakaz, "FIORE". Halanda ze, ez da leku ezkutua edo iluna, Galdakoko (Usansoloko, zintzo jokatuz) Olimpo putetxea dan moduan edo ezagutzen dodazan (kanpotik e!) putetxe gehienen moduan.

Eta gabonetan be kolorinak ipinten dabez eta neoiak eta ZORIONAK erraldoi bat. Ondo ipinitakoa gainera, hara bazoaz zoriona espero dozu eta. Beste kontu bat da bertan lan egiten dabenen zoriona edo zorigaitza.

Kontua da atzo fijau nintzala beste apaingarri bat ipini dabela aurten: Santa Claus edo Papa Noel horreetako bat, balkoitik zintzilik. Ez dakidana da putetxera sartzen dabilen ala putetxetik urtetan, ze ez deutsat arpegia ikusi, eta ezin jakin larri doan ala lasaituta datorren. Baina azkenean sentsazino bategaz geratu nintzen: beti atzerritarrak gu baino lehen. Igual hurrengo urtean Olentzerok eskalauko dau putetxeko balkoia, baina aurrekaria atzerritarrak ipini dau.

Vaya Semanitako esketx baten agertzen zan moduan, ez da gauza bera esatea "Hola, soy Jimmy Carter y vengo a mediar en el conflicto vasco" edo esatea "Hola, soy Jonan Fernandez y vengo a mediar en el conflicto vasco" (kontuan eukinda zer dan "conflicto vasco" hori, VSkoen esketxean Carterrek busti egiten eban eta Fernandezek ez).

Eta ez da gauza bera imajinetea Santa Claus larrua joten edo Olentzero larrua joten. Sinesgarritasun kontua da dana, bistan da. Eta Santa Clausek badauka, bere bizioso arpegi horregaz. Olentzero eta Mari Domingi, barriz, pipa erretan eta gantxilloa egiten imajinetan dodaz.

Neure aldetik, urte barrirako Santa Clausen sinesgarritasun bera desio deutsuet danori, Fiorera joateko beharrik izan barik, ahal dala.

gabiria 2004/12/23

Bertsolari dantzaria

Bagenkian bertsolari idazleak dagozala, bertsolari marrazkilariak be bai, bertsolari musikariak... baina oin espezie barri bat sortu da bertsolaritza hibridoan: bertsolari dantzaria. Martxa honetan, ekitaldi multidisziplinarretarako hombre/mujer-orquesta bakarra kontratauko dabe, eta berak bakarrik egingo dau bertsotan (ofiziotan be bai: berak bota bertsoa eta berak erantzun -eta bera gaijartzaile-), dantzan eta txalapartan. Gainera, bertsolari horrek musika-taldea badauka (seguru badaukala), kontzertua be bai. Euskal kulturaren pack-a!

Martitzenean, Diario Vascon, Arturo Garcia izeneko kazetari-edo batek, perla hau idatzi eban:

"El Plateruena albergó por la mañana los bertsos de Lizaso, Iturriaga y Andoni Egaña, que registró una buena entrada de público. Ya por la noche llegó el proyecto musical que lidera Jon Maia, al frente de la Karidadeko Benta, aventura ecléctica en forma de fanfarria heterodoxa que presentó en directo los temas recogidos en su segundo disco Amore Amore.

Maia hizo ayer doblete porque también ha colaborado, en su faceta de dantzari, en el proyecto a dúo del txistulari Jose Ignazio Ansorena y el pianista Joserra Senperena, grabado en concierto el pasado agosto en Chillida Leku, donde ambos mezclan en directo música tradicional y jazz y que ayer repasaron también en compañía de Kirmen Uribe y Andoni Egaña, quienes aportaron bertsos y poemas."

Harrapazank! Hemen albistea osorik

Julen Gabiria 2004/12/09

Henry Bengoa

Atzo egunkari guztietan agertu zan Pamielak eta Arteolak lau disko-liburu argitaratu dabezala. Seguruenik Durangoko izarretako bat lau horreen artean dago: hain zuzen be "Henry Bengoa Inventarium" disko-liburua. Berrian eta beste egunkarietan be agertu zan, baina Garan azaltzen zan zehatzen, zelan Atxagak-eta Eibarren egin eben "Henry Bengoa"-ren lehenengo irakurketa. Hemen dozue:

«Orain dela ia 30 urte Iturralde, Sarrionandia, Jon Juaristi, Ruperrek eta nik neronek Pott Banda osatu genuen Bilbon, eta aldizkari bat atera genuen gure sentitzeko modua adierazteko», gogoratu zuen idazleak. «Hamar urte geroago, talde hartako batzuek neguak luzeegiak zirela pentsatu genuen eta zerbait egin behar genuela. Orduan ‘Henry Bengoa inventarium’ izeneko irakurketa egitea erabaki genuen». Eta egin zuten, jarraitu zuen Atxagak, zerbaiten aurka. «Batez ere ordu eta giro hartan ohiko ziren kontzertu literarioen aurka egin genuen, oraindik ere egiten dira piano eta ahots biribil batekin. Baina baita garbi geneukalako ez zela Mahoma etorriko mendira eta guk jo behar genuela irakurlearengana». Hala, hartu paperak, hartu lau mikrofono eta bidean jarri ziren. «Eibarren egin genuen aurreneko saioa, oso asaldadurik zeuden 300 bat gazteren aurrean. Pentsatu genuen halako saio bat gainditu eta gero, beste guztiak gaindituta zeudela».

Zuetako nonor izan zan 300 gazte asaldatu hareetako bat? Zelan bizi izan zenduen emanaldi ha? Ze giro egoan?

Julen Gabiria 2004/11/26

Markos Gimeno, marraskillo guru

Eibartar batek zera idatzi deust gaur, Markos Gimenoren gainean:

"Ermura bisitxa ein netsan ta kamiseta bi enkargau. Umetatik eskola laguna, oso mutil argi, injenioso, azkarra da. Ta zerrenda hortaz aparte beste palindromo batzuk asmatu ditxu. Batzuk akojonantiak dira!!! Badao bat Bogart-ena, primerakua, baña eztot gogoratzen. Adi eon, laster modan jarrikoitxu ta. Nik kamisetetarako beste ideia bat banekan ta gustau ein jakon. Hori be erabilliko dauala esaeban."

Loreak Mendian barria Eibarren sortuko ei da! zer eta, gainera, palindromoakaz...

Eta kamixeta horreen barri zelan euki geinke eibartar bihotzez baino ez garenok? Matrallakoren blogean argazkia ipinita igual? Eta eskuratzeko?

Julen Gabiria 2004/11/16

Kokeinomano bihurtu naz

Gaur goizean Kokein taldearen musikagaz izartu naz. Hasikeran lo egon naz, nire irratia berez ixiotzen dan horreetakoa da eta. Eta izara artean kieto geratu naz, erdi lo erdi izarrik, ezagutzen ez neban musika hori entzuten, gozetan. Gero, lokutoreak esan dau Kokein zala, eta erabaki dot dosia handitu egin behar dodala eta, ondorioz, diskoa erosiko dodala. Eguna ondo hasi da eta, momentuz, ondo doa.

Oin Bizkaie! aldizkarian alkarrizketa hau topau dot. Guap@-guap@ urtetan dira danak, Jatsu barne:

Julen Gabiria 2004/11/09

Aleti-aleti klu

Askok ezagutuko dozue Athleticen himno zaharra:

Tiene Bilbao un gran tesoro,
que adora y mima con gran pasión.
Su club de fútbol, de bella historia,
lleno de gloria y mil veces campeón.

Athletic, Athletic Club, de limpia tradición,
ninguno más que tú lleva mejor blasón.
Del fútbol eres rey, te llaman el león,
y la afición el rey del futbol español.

Cantemos pues los bilbainitos
a nuestro club con gran amor,
para animarlo con nuestro himno,
el santo himno del Alirón.

Alirón, Alirón,
el Athletic es campeón.

Egia esan, ez naz bape futbolzalea. Txikitan oso txarra nintzan eta beti portero egoten nintzan, eta igual horregaitik. Kontua da futbola itzelezko tostoia iruditzen jatala. Mundialak eta holangoak ez, horreek gustetan jataz. Kuriosoa.

Eta azken aldian, futbola gustau zein ez, notiziak leidu zein ez, derrigorrez entzun doguz Athleticek Haziendagaz daukan zorraren gaineko albisteak. Batzuen ustez, 12 milioi euro. Beste iturri batzuetatik, 29. Kontuak kontu, kanpotik kontu-ikuskaritzarik egiten ez dan bitartean, benetako datuek jai daukie. Futbola mundu iluna da, eta holako gauzetan oindino ilunagoa.

Ba bueno, atzo gabean Athleticen asanblea egin zan. TeleBilbaok zuzen-zuzenean emon eban, azpian publizitate rotuloak sartuz ("Asador El Puente Colgante", "Lavandería San Mamés" eta horrelakoak).

Bazkideetako bat urten zan berba egitera, Castellanos bat, eta argi esan eban: "...el Athletic ha defraudado ha Hacienda... somos defraudadores..." eta holakoak. Segituan ebagi eutsan direktibako kideetako batek: "no podemos consentir que hable así del club que representa a Bizkaia... ante todo siempre hay que respetar a un club como el Athletic... y no hemos defraudado a Hacienda". Holakoak esan zituan. Buruz nabil, halanda be. Eta Castellanos horrek, trankil-trankil, erantzun eban: "Está bien. No hemos defraudado ha Hacienda. Debemos dinero a Hacienda, pero no hemos defraudado". Ondo egon zan.

Eta gaur goizean, izartu eta irratia ipini, eta kuña publizitario bi entzun dodaz Radio Euskadin, bata erderaz eta bestea euskeraz: Haziendagaz ez badogu kunpliduten, euskerak atzera egiten dauela, pertsona bat lan barik geratuko dala, familia bat etxe barik geratuko dala eta Bizkaiak errepide bat galduko dauela. Moralina hori beti jente txikerrarentzat da, antza. Handiak ez dira defraudadoreak: dirua zor dabe, beste barik.

Ai "Aleti-aleti klu, de limpia tradición"...

Julen 2004/10/29

Internet gaiztoa

Gero eta harrituago geratzen naz, komunikabideek nerabeen gaiak tratetan dabezanean, ikusten dodanean internet beti alde batetik edo bestetik agertu behar dala, txarrerako beti, zelan ez. Eta harrituta, ikustean inoz ez jakola benetako gaiari fundamentuz heltzen, eta bai holako anekdota periferikoei.

Aurrekoan, Japoniako 9 gazte euren buruaz beste egiteko geratu ziran; antza, internet bidez zita eginda (ez dakit posta elektroniko bidez edo beste moduren batez). Eta komunikabideek behin eta barriro azpimarratzen ebena horixe zan, hain zuzen: internet bidez geratu ostean, 9 gazte suizidatu egin zirala.

Atzo beste bullying kasu bat agertu zan, guztiz erlazionautakoa gainera Hondarribiko Jokinen kasuagaz. Jakingo dozue, baina oingoan neska bat da, Jokinen ikasgelakoa. Eta kasu lazgarri ha pasau ostean, Donostiko beste institutu batera eroan eben. Ba oin, Talaia institutuko ikasle batzuek abisua pasau deutsie Donostiko beste institutuko ikasleei, neska horren kontrako presinoa egin dagien. Ba beitu, oingoan be, errua internetena, messenger-ena hain zuzen.

Berrian ez da internetik aitatzen, eta eskerrak. Baina:

1) Garan: "el «acoso» prosiguió en el nuevo centro escolar porque «a través del messenger, están organizados los acosadores» de ambos colegios"

2) Deian, Garako testu bera: "el «acoso» prosiguió en el nuevo centro escolar porque «a través del messenger, están organizados los acosadores» de ambos colegios"

3) Diario Vascon: "Al parecer, éstos habrían sido contactados a través de un chat por los adolescentes de Hondarribia que también le hostigaban, quienes les habrían puesto en antecedentes de la situación y les habrían animado a continuar con el acoso" eta titularrean: "Una compañera de Jokin que también sufrió acoso es hostigada en su nuevo colegio. Ex compañeros de la menor contactaron por un chat de internet con alumnos del nuevo centro y pidieron que continuaran maltratándola La adolescente abandonó el centro de Hondarribia tras el suicidio"

4) Correon gauza bera.

Eta abar.

Esaldi hori, "a través del messenger están organizados los acosadores", makarrada hutsa da. Jakin gura neuke zer pasauko zan Japoniako gazteek edo Hondarribikoek telefonoa erabili izan balebe... edo, txarrago ondino, kalean topo eginda berba egin balebe... "Los acosadores están organizados a través del teléfono"?

Julen Gabiria 2004/10/27

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema