Lagun batek esan dit...
Lurrekoak
Airean
Ostegunean idatzi nuen moduan, duela gutxi bota dute Boluetako fabrika (Tagzanian oraindik ere oso-osorik ikus daiteke), bertan etxebizitzak egiteko. Horren berri izan nuenean, argazkiak egitera joan nintzen (gauza bera gertatu zitzaidan "airean doazen beste mundu" batzuekin ere: San Anton zubiaren muturrean zeuden Bilbo Zaharreko etxeekin edo Ideales zinemekin, esate baterako).
Egia da esan nuena: emakume bat etorri eta sekulako historia kontatu zidan. Eta, besteak beste, hitz horiek esan zizkidan: mundu bat doa airean.
Hau zen Boluetako Santa Ana fabrika, erabat bota baino lehen.
Lehen...
Eta orain.
"Hemen jaio nintzen, fabrikan bertan. Orain zelan kontatuko dut hori, etxerik eta fabrikarik ez badago?
---------------------------------------------------------
Oharra: Goiko testu xume hori lehengo astetik daukat idatzita. Testu hori argitaratzeko asmoa nuen, beste barik, baina atzo hunkituta oheratu nintzen, Larrabetzuko hiru gazteren heriotzaren albistearekin. Horren berri izan nuenean, gogoa sartu zitzaidan eurei idazteko blog honetan, hunkiduratik. Baina ez, holakoetan askoz ere gehiago esaten baitu isiltasunak. Goiko testu eta argazkiek ez dute inongo zerikusirik atzoko istripuarekin, baina gazte horiei eskaintzen diet, eurekin ere mundu bat joan zelako airean.
Ramona
Ostiralean hil zen Ramona komandantea, gidarietako bat izan zena 1994ko urtarrilaren 1ean zapatistek San Cristobal de las Casas hartu zutenean.
Richard Weeks pintorearen "Comandanta Ramona" lana.
Hitz potolo asko aurkituko dituzu egunotan han eta hemen Ramonari buruz, ez naiz ni denak biltzen hasiko. Elena Poniatowskak motzean laburbildu zuen Ramonaren figura: "existe o casi no existe, es intangible. Ramona tiene el encanto de su falta de rostro y de su estatura de zacatito tierno, de musgo al pie del árbol, de niño de la calle". Izan ere, txikia zen Ramona, bai: diotenez, negoziazio mahaian jarrita, hankekin ez zuen lurra ukitzen. Negoziazio mahai hartan lurra gehien sentitzen zuena bera zen baina.
Borrokan sartu aurretik, jostun ona zen, eta berak egiten zituen soinean zeramatzan huipilak. Zapatismoa indarra hartzen hasi zenean, galdetu zioten zergatik sartu behar ziren borrokan, gizonez gain, emakumeak eta umeak ere. Tzotzil hizkuntzan erantzun zuen, eta gogoratu zuen zelan, jostuna zenean, hiru urte ematen zituen huipil eder horietako bat egiten, eta zelan, basotik San Cristobalera jaisten zenean soineko horiek saltzera, lau sos miserable ordaintzen zizkietela hangoek.
Ramonaren jostun garaia aipatuta, Evo Moralesekin gogoratu naiz, eta bere jertsearen inguruan esan direnekin, kontrako beste argumenturik ez dutenek horrelakoak nabarmendu behar dituzte eta.
Zorionez, atzo Manuel Rivasen artikulu bat aurkitu nuen El Paisen, eta, bertan, esaldi bat: "En lugar de camuflarse, Evo Morales va vestido de Evo Morales y al mismo tiempo de presidente electo de una democracia con NBI (Necesidades Básicas Insatisfechas)".
Politikariek itxura hori ematen dute gaur egun: bat eta bakarra direla ematen du, kamuflaje hutsean dabiltza denak. Arropetan, hitzetan eta jokaeretan dute kamuflajea. Eta eskertzen da, noizean behin, euren identitatea jertse batekin edo huipil batekin erakusten duten pertsonak agertzea eszenan. Izan ere, ez dute arrazoirik diotenek Ramona pasamontañas baten atzean ezkutatzen zela: Ramona ez zen ezkutatzen. Erakutsi egiten zen.
Poltsikoak euriz beteta
Jendea kexu da, aste honetako euri zaparradak direla eta.
Bart iluntzean, Andoni Aizpuru ikusi nuen eguraldiaren berri ematen. Esaera zahar bat ere eman zuen, maiatzeko euriaren gainean:
Maiatzeko euria,
urria baino hobia,
urte osoko ogia
Gaur ez gara bizi lurrari hain lotuta. Gaur ez zaigu iruditzen maiatzeko euria urrea baino hobea denik, ogia urte osoan dugulako etxepeko panaderian, zentimo batzuen truke. Euri zein sikate, ogia ziurtatuta dugu. Aspaldi altxatu genituen hankak lurretik, jada ez ditugu oinak zikintzen, eta umeei ez zaie azazkalen artean lurrik sartzen. Aspaldi urrundu gara lurretik. Esan zigutenetik ekaitzen kontrako lekurik seguruena kotxe barrua dela, hortxe bizi gara, kotxe barruan, lurretik metro erdira eroso jarrita, ziztuan.
Eta gogoratu naiz Botswanarekin. Afrikako hegoaldeko herrialde horretan, maiatzean eta beste edonoiz, euria urrea da, eta badakite. Euria bizi-iturria da, oinak lurrean dituztelako eta ez dutelako panaderiarik etxepean. Ez izateagatik, ez dute etxeperik ere. Nahikoa dute, etxea badute.
Botswanan izen polita jarri zioten euren monetari, eta oraindik ere izen bera dauka: pula deitzen da, "euri-ura" hango hizkuntzan. Euroa ehun euro-zentimo diren moduan, pula ere ehun unitatetan dago banatuta: thebe deitzen zaio unitate horietako bakoitzari: "euri-tanta", alegia.
Botswanan, norbaiti diru apur bat ematen diozunean, euri apur batez ari zara betetzen bere poltsikoak, urre apur batez.
Bwana eta biok
Ez naiz gogoratzen nork idatzi duen bere blogean, duela egun batzuk, "esploradore bat naiz" esaldia. Horrela amaitzen zuen testua, eta oso ona iruditu zitzaidan amaiera, baina ez naiz gogoratzen nor izan zen.
Edozelan ere, esaldi horrek balio dit duela aste pare bat gertatu zitzaidana azaltzeko. Mendira gozatzera joaten naiz, baina aurrekoan esploradore kolonizatzaile sasijakintsuaren sentsazioa izan nuen.
Markina aldeko mendietan gertatu zen. Etxetik irten baino lehen, orritxo batean apuntatu nuen ibilbidea (mendiko ibilbideen liburua ez eramatearren), ingurua ezagutzen ez dudanean egiten dudan moduan. Kontua da ibiltzen hasi eta denboratxo batera horreo edo garai baten albotik pasatu behar nintzela, orriaren arabera.
Hasi nintzen ibiltzen eta, denboratxo baten ostean, hantxe ikusi nuen, aldats baten goiko aldean: baserria eta, ondoan, garaia.
Horren ostean, beti ere apuntatutakoaren arabera, eskumatara egin behar nuen. Baina han ez zegoen modurik eskumatara egiteko.
Zorionez, hogeita hamar urte inguruko baserritarra ere inguruan zegoen, lanean jo eta fuego. Bere ondora joan eta esan nion:
-Eup! Egun on!
-... -erantzun zuen.
-San Martin ermitara nundik juten da? -hori baitzen orritxoan neukan erreferentzia nagusietakoa.
-... -tematu zen.
Ez zuen ezer ere esaten, baina begira-begira neukan.
-Hemen dekot apunteta: San Martin -bota nion, hain isilik ez egotearren.
-Eta hemetik jun bizu derrigor? -galdetu zidan kolpean.
-Bueno. Hori dino orriek -eta erakutsi egin nion bloketik moztutako orri kuadrikulatuko letra nanoa.
-Hemetik San Martina?
-Beitu: hemen ipinten dau. "Llegar a un hórreo y torcer a la derecha por una pista con roderas".
Morroia isilik.
Ni begira.
Morroia isilik.
-Eta horreue hortxe dau, baina ez dakit nundik ein eskumatara... -esan nion azkenean, baserriaren ondoko horreoari begira.
Tipoa ingurura begira hasi zen, eta galdetu zidan:
-Horreu?
-Bai, hori -berriz ere horreoari seinalatuz.
-Hori horreu? -tipoa, irribarrez.
-Bai.
-Horreu, garaixe?
-Bai.
Joder! Horreo bat zen! Bere lau hankatxoekin! Pagoda bat behintzat ez zen!
Baserritar gazteari irribarreak irten zion:
-Hori horreu?... Hori korti re! -bota zidan.
Bai, egia da: baserrikoek arrapalatxo bat jarria zioten eraikinari, hormak ere berritu egin zizkioten eta kortarako erabiltzen zuten. Baina horreoa zen, inguruan beste batzuk ere badaude eta. Ezagunena Etxebarri eta Barinaga arteko Ibargueneko garaia da. Baina hasi zaitez azaltzen. Klaro korta zena! nor nintzen ni baserriko mutilari esateko zer zen hura eta zer ez zen?
Ni mendizalea naiz, ez esploradorea, ez antropologoa, ez indigenak "artezten" doan misiolaria. Baina nire burua, zoritxarrez, ikusi nuen Zaldi Eroak marrazten duen Gizon Jakintsua bezala, eta nire ondoan baserritarra, Bwana. Nazka eman zidan neure buruak, eta San Martin ermitarantz egin nuen, pentsatzen nuen bitartean arrazoi zuela baserritarrak: hura ez zela horreoa, hura korti zela, eta ni ez nintzela asfaltokume ziztrin bat baino, indigenen lurretarantz jo behar duena asteburuero, asfaltoak kentzen didan arnasa hartzera.
Lehenengoz mikrofonoaren aurrean
Aurrekoan, institutu batean, engainuaz aritu ginen. "Connemara gure bihotzetan" liburua dela eta, institutuetan beti planteatzen dut joko hori, eta batzuetan saltsa sortzen da. Aurreko hartan ere eztabaida piztu zen, eta 15-16 urteko gaztetxoak suelto-suelto hasi ziren barkatzeaz eta ahazteaz. Batek esan zuen "barkatu daiteke, baina ahaztu ez", eta beste kontzeptu bi horiek irten ziren mahai gainera. Traizionatu, barkatu, ahaztu... berba potoloak.
Atzo bertan, irratian, albistea entzun nuen. Gerran frankistek fusilatutakoen seme-alabak ziren hizketan ari zirenak. Euretako batek esan zuen sekula ez zuela gorrotorik sentitu, bere ama hil zuten arren: "sekula ez dut gorroto izan". Berriz ere, berba potolo bat, gorrotoa. Maitasuna, gorrotoa, barkamena, ahaztura, oroimena. Hori esan zuen, gorrotorik ezetz.
Gero, irratirako luzeegi geratu zen segundu baten ostean, esan zuen: "hori bai: ez dut ahaztu, eta barkatu ere ez dut egin. Ze, barkatzeko, norbaitek barkamena eskatu behar dizu, eta niri inork ez dit barkamenik eskatu".
Hotzikara sentitu nuen sorbaldan. Ahoa bete dezakegu berba potoloz, eta inoiz engainatuak izan gabe hitz egin dezakegu engainuaz, edo heriotzaz hitz egin dezakegu inoiz heriotza gertu sentitu barik, edo errealitatea telebistatik baino ezagutzen ez duenak bizitzari buruzko lezioak eman ditzake. Beharbada lar ohituta gaude lau haizeetara hitz egiten, baina badago jendea behin egiten duena berba, behin jarri diotelako mikrofonoa aurrean, eta behin horretan munduko egiarik handiena esaten duena, egia bizi izan duelako, jakin duelako zer den gorrotoa, zer den gogoratzea eta zer den ez barkatzea. Horrelako sinplea da bizitza, horrelako konplikatua. Agertzen da gizon bat irratian eta zeure lekuan jartzen zaitu: kostatuko zaigu gutako askori horrelako egia bat esatea, hamar blog eta hogei mikrofono izan arren gure eskuetan. Niri, behintzat, kostatuko zait, aitortzen dut.
Bitartean, jarraituko dut literaturari buruzko hitzaldiak ematen institutuetan, ez naizelako gai barkamenari buruzko hausnarketa txikirik egiteko lagun artean.
Los nadies - Ezdeusak
Asteartean, Luistxok mezu bat bidali zuen Eibartarrak posta-zerrendara, Diario Vascon agertutako albiste bat hizpide hartuta.
Gero, Luistxok horri buruz egin zuen berba bere blogean, oso izenburu argigarriarekin: "Hizkuntzak ahaztea, euskal eskolaren helburu". Nik ez dut ezer gehiago esango horri buruz, artikuluak berak salatzen baitu kazetariaren pentsamoldea eta, hedaduraz, gizarte honen estiloa.
Kontua da gero, Eibartarrak posta-zerrendan, erantzun batzuk izan zirela, tartean Leire Narbaizarena. Hala zioen pasarte batean: "Guriak ez dira hizkuntzak, dialetuak baiño. Eta Afrikan? Hor berbarik be ez. aitzen ez diran soiñuak beste barik".
Ezaguna egin zitzaidan esaldia: "Guriak ez dira hizkuntzak, dialetuak baiño". Zuei ez? Eduardo Galeanoren obra irakurri baduzue, duda barik buruan geratu zaizuen testuarekin gogoratuko zarete, Leireren esaldi hori irakurtzean.
Hauxe da aipatutako testua:
------------------------------------------------------------------------------------
Los nadies
Sueñan las pulgas con comprarse un perro y sueñan los nadies con salir de pobres, que algún mágico día llueva de pronto la buena suerte, que llueva a cántaros la buena suerte; pero la buena suerte no llueve ayer, ni hoy, ni mañana, ni nunca, ni en lloviznita cae del cielo la buena suerte, por mucho que los nadies la llamen y aunque les pique la mano izquierda, o se levanten con el pie derecho, o empiecen el año cambiando de escoba.
Los nadies: los hijos de nadie, los dueños de nada.
Los nadies: los ningunos, los ninguneados, corriendo la liebre, muriendo la vida, jodidos, rejodidos:
Que no son, aunque sean.
Que no hablan idiomas, sino dialectos.
Que no profesan religiones, sino supersticiones.
Que no hacen arte, sino artesanía.
Que no practican cultura, sino folklore.
Que no son seres humanos, sino recursos humanos.
Que no tienen cara, sino brazos.
Que no tienen nombre, sino número.
Que no figuran en la historia universal, sino en la crónica roja de la prensa local.
Los nadies, que cuestan menos que la bala que los mata.
------------------------------------------------------------------------------------
Eta testu hori bidali nuen atzo Eibartarrak zerrendara, promesa batekin: gaur, nire blogean, testu bera euskarara itzulita argitaratuko nuela. Ausart samar nire aldetik, gaztelaniaz hain ona den testu bat euskarara pasatzea, baina tira. Promesa egin genuen eta aurrera. Aldez aurretik, txarto esandakoak barkatu eta ondo esandakoei kasu handirik ez egin. Esan barik doa denon ekarpenak eskertuko direla, itzulpena hobetzeko.
Ezdeusak
Arkakusoen ametsa txakur bat erostea da, eta ezdeusen ametsa txirotasunetik irtetea, zorioneko egun batean zori ona eurika jaustea, suerte onaren euria uholdeka jaustea; baina suerte onaren euririk ez da ez atzo, ez gaur, ez bihar, ez inoiz, ezta zirimirian ere, ezdeusek erreguka eskatzen duten arren, eta ezkerreko eskuan azkurea sentitu arren, edo eskumako hankarekin altxatu arren, edo urtea erratzez aldatuz hasi arren.
Ezdeusak: deusen semeak, deusen jabeak.
Ezdeusak: ezerezak, ezereztuak, suertearen atzetik beti, bizitza hilez, izorratuak, mila aldiz izorratuak:
Ez dira, izan arren.
Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik.
Ez dute erlijiorik, superstizioak baizik.
Ez dute arterik, artisautza baizik.
Ez dute kulturarik, folklorea baizik.
Ez dira gizakiak, giza baliabideak baizik.
Ez dute aurpegirik, besoak baizik.
Ez dute izenik, zenbakia baizik.
Ez dira historia unibertsalean agertzen, baizik eta herriko prentsako kronika gorrian.
Ezdeusak, akabatzen dituen balak baino gutxiago balio dutenak.
Fatima
Azken egunotan asko ari gara berbetan Joxe Aranzabali buruz. Merezita, inork merezi badu. Gaur bertan Etiam ere aritu da Joxeri buruz, ohi duen goxotasunarekin.
Nik ere asko dut esateko Joxeri buruz, eta denak gauza onak. Durangoko Azokan etorri zitzaidan, ni Elkarreko estandean liburuak sinatzen ari nintzela, eta orduan ezagutu nuen. Gero, Gabonen bueltan, egun-pasa egin genuen Elorrion, egun ederra zinez. Paseoa Elorrioko auzoetatik, bazkaria Espaloian, ibilbide literarioa Intxorta ingurutik, tertulia goxoa Esteñibarren, eta, amaitzeko, basurdea ikusi genuen Kanpazarren. Joxek galdetzen zuen ea zeren premonizioa ote zen basurde hura. Elkarren zerikusirik ez daukaten arren, adiskidetasun on baten premonizioa izango zen, duda barik. Biok dakigu hori horrela dela.
Joxek Sustatun mezu haiek idatzi zituenean, nik ere pantailaren beste aldetik irakurri nituen, hunkituta. Kikilduta. Isilik. Artean, mezu haietako batean, irakurri nuen Fatima arrebak hezur-muina eman ziola, mini-alotransplantea eginez. Garai hartan hunkitu egin nintzen, betiko moduan. Eta Fatima izena hortxe geratu zen, baina ahaztu ere egin zitzaidan gero.
Harik eta Joxe ezagutu nuen arte. Gabonetako egun hartan Elorriora joan nintzenean, arrastia Esteñibarren pasatu genuen, Mikelekin eta Fatimarekin batera. Eta ez nintzen konturatu. Ez nintzen gogoratu Fatima hura zela hezur-muina eta bizitza eman ziona Joxeri. Geroztik, Joxek arreba txikiaren odola dauka. Lehen A+ zeukan eta orain O- dauka.
Joandako ostegunean, Elkar argitaletxeko Lander Irizarrek Medikuak esan dit minbizia dudala liburua bidali zidan etxera. Afalostean irakurri nuen, di-da. Ez gara ezkutatzen hasiko malkotan izan nituela begiak denbora luzez. Baina kontua da orduan gogoratu nintzela nork eman zion dena Joxeri: Esteñibar etxeko andreak. Konturatu nintzen berari esker ari garela orain denok liburu honi buruz berba egiten, eta berari esker ari garela Joxeren liburu aurkezpenetara joaten. Berari esker eta Begori esker eta Mireni esker eta Mikeli esker eta Aitorri esker eta Idoiari esker eta... zenbat eta zenbat jenderi esker izan dudan aukera Joxe ezagutzeko! Ez baita dena medikuntzaren miraria, ez baita dena odol kontua: hor daude Joxeren adorea eta emaztearen irribarrea eta alabaren arnasa beroa Joxeren lepoan, eta mahastiak eta senideen babesa.
Horregatik, ostiralean, Elorrioko liburu aurkezpenean, Joxeri sinadura eskatu nion, baina Mireni ere bai, alabatxoari. Iruditzen zitzaidalako berari esker eta beste jende askori esker dagoela Joxe hemen, eta ez zaidalako bururatzen eskerrik asko esateko beste modurik. Modu bakarra bururatzen zait: eurei denei eskerrak ematea, benetan.
Den-denei, egin duten guztiagatik, bihotzez, eskerrik asko eta besarkada handi bat.
Afrika
Inoiz entzun duzue afrikar batek zelan ahoskatzen duen Afrika hitza?
Entzun duzue zelan ebakitzen duen lehenengo aaa luze bat, Somaliako adarretik gora garamatzana, tribuak kantuan hasten direnean bezalako aaa luze bat?
Entzun duzue, arnasa ematen duen aaa horren ostean, zelan datorren efffffe bat, Kameruneko trenak etortzen diren bezala urrunetik, zerura kea botatzen, efffffffe eginez?
Entzun duzue, Somaliatik gora barkuz eta Kamerunetik behera trenez ibili ostean, ia igarri ere egiten ez den errrre hori, danbor urrunen batekoa dirudiena, haizeak eramaten duenean?
Entzun duzue iii hori, aire berria ematen diona hitzari, eta euria Nigerreko lur idorrari? Entzun duzue inoiz afrikar batek zelan ebakitzen duen bere kontinentearen izena, zelan luzatzen duen iii hori, notarik altuena letra horretan jarriz, baobaben adaburuak konkistatu nahiko balitu bezala?
Entzun duzue inoiz Cabo Verdeko muino leunen antza duen k txiki hori, gainditu eta itsasoak eta lur berriak erakusten dituena?
Entzun duzue, finean, Madagaskarreko zabalak gogorarazten dituen aaaa luzea, hare zuri eta finez egindakoa, barruan karramarroak eta mende luzetako karakolak gordetzen dituena? Entzun duzue aaaaaaaa hori aaaaa entzun duzue Aaafffffrriiikaaaa?
Entzun duzue zelako doinu goxoz esaten duten afrikarrek Afrika? Saiatu gauza bera egiten Europarekin, edo Amerikarekin, edo Asiarekin, edo dauden kontinente guztiekin, baina labur geratuko zarete, beti, beti.
Elurra eta biok
Azkenean denok berdinak gara. Denborak ez dira hainbeste aldatu ere. Pertsona izan ginen, gara eta izango gara, eta natura izan zen, da eta izango da. Eta tartean agertu dira Spectrumak, Tamagotxiak eta Nintendoak, eta jaioko dira berriak, txikiagoak eta karuagoak. Baina, azkenean, barru-barruan, gauzak ez dira horrenbeste aldatuko.
Gu txikiak ginenean sudurra talo-talo pegatzen genuen ikastolako leihoetara, elurra jausten ikusteko. Eta irakasleek esaten ziguten bueltatzeko mahaietara, ea ez genuen sekula elurrik ikusi. Eta bueltatzen ginen, baina begi-ertzetik zaintzen genuen leihoaz bestaldeko mundu zuria. Jakina mila bider ikusi genuela elurra, baina sentsazio itzela zen, eta dena nahasten zitzaigun buruan:
1) oraindik negua zela pentsatzearen gozamena
2) maluten patxada euri zakarraren aurrean
3) ahoa zabaldu eta elurra irensteko gogoa
4) gora begiratu eta zerua begietara jausten ari zitzaizula sinistearen harridura.
Eta itxaropena, zelan ez: desiratzea arrasti osoan eta gau osoan horrela jarraituko zuela, eta elurrak guztiz estaliko zuela etxetik ikastolara genuen kilometro bateko aldatsa, eta etxean geratuko ginela edo, hobeto esanda, kalean.
Dena nahasten zitzaigun. Sentimendu horietako batzuk oso atzean ditugu jada, esate baterako azkena, pentsaezina zaidalako elurte batek etxetik lanera dudan bidea estaliko duela. Baina beste laurak oraindik gordetzen ditut, batez ere laugarrena: elurra jausten ari dela, kalera irten eta zerura begira jartzea da, oraindik ere, naturak ematen didan oparirik ederrenetakoa. Barkatu kursia izatea, baina horrela da.
Bada, kontua da nik lan egiten dudan lekuan, aurrez aurre, leihoz leiho, eskola bat dugula. Neskato moñoñei begira pasatzen dugu eguna, beraz. Ume txikiagoak ere badaude, eta gaur horiekin fijatu naiz, elurra mara-mara hasi eta sudur-taloak kristalean pegatu dituztenean. Eta euren atzean irakaslea ikusi dut, zerbait esaten. Seguruenik betikoa: inoiz ez duzue ikusi ala?
Irakasleari ere, garai batean, bere irakasleak esaten ziona. Eta irakasleari, haren irakasleak. Eta horrela izan da eta izango da, elurrak goitik jausten segitzen duen bitartean eta umeak harritzeko prest dauden bitartean. Tamagotxi guztien gainetik eta Nintendo guztien azpitik.
Zelan irteten da hemendik?
Blog hau inauguratu genuenean, urtarrilaren 1ean, zapatistak aipatu genituen.
Itzulpengintza literarioko eskoletan erabiltzen dugun materialetik, bada testu bat bereziki ederra dena. Unai Elorriagak aurkitu zuen 2001eko martxoaren 25eko "El Semanal" aldizkarian, eta geroztik eskola horietan erabiltzen dugu. Bertan, Marcos komandanteordeak kontatzen du zelan heldu zen mundu indigenara. Horixe da gaur blogerako berreskuratu dudan elkarrizketaren hasiera.
Gaur sail berri bat inauguratuko dut: “Lurrekoak”, Gotzon lagunaren iradokizunez. Gozatu, beraz, lurreko jendearen jakituriarekin.
-------------------------------------------------------------------------------
Zelan heldu zinen mundu indigenara?
Mozkortuta.
Ideologiaz mozkortuta?
Ez, benetan nengoen mozkortuta eta autobusez nahastu nintzen. Nik Acapulcora nahi nuen, eta autobusak Chiapasera eraman ninduen. Mozkortuta segitzen nuenez, eta mozkorra kentzeko modurik onena beste mozkor bat hartzea denez, berriro nahastu nintzen lineaz eta Ocosingora heldu nintzen. Han, itsasoa non zegoen galdetu nion indigena bati, eta Miramar urmaelera bidali ninduen, Lacandona oihanean; beraz, han erabiltzen dituzten kamioi horietako batera igo eta, oraindik mozkortuta, errepidea amaitzen den lekura heldu nintzen. Berriz ere itsasoaz galdetu nuen, eta esan zidaten "hoa harantz", eta oihanean sartu nintzen baina inoiz ez nintzen urmaelera heldu: komunitate indigena batera heldu nintzen eta mozkorra pasatu zitzaidan, eta, orduan, Acapulcon ez nengoela konturatuta, Antonio zaharrari galdetu nion ea zelan irteten zen handik, eta, labur, erantzun zidan: borroka eginez.
Oso kontu ederra da. Oraintxe asmatu duzu?
Ez, ez, bai zera! Egia hutsa da: beste dena propaganda da.