Lagun batek esan dit...
Bertan Bilbo
Mariaren Bihotza plaza (IV)
Duela hamar bat urte Mariaren Bihotza plazarako arkupeetara joan nintzen, kamera zintzilik eta objektibo handiak zorroan neramatzala. Esan zidaten larunbat arratsaldeetan aisialdi talde bat aritzen zela ijito gazteekin, eta hara joan nintzen. Argazki asko ateratzen nituen orduan, batez ere kontzertuetan, baina banituen beste gai kutun batzuk ere, eta konturatu nintzen, ausardia bilduz gero, ijitoak ere interesgarriak izan zitezkeela erretratatzeko. Zoritxarrez, ausardia ez da sekula izan nire dohainetako bat, eta horregatik egin nintzen idazle, nahiz eta denborarekin konturatu honetarako ere gero eta ausardia gehiago behar dela.
Egun horri buruzko oroitzapen batzuk dauzkat, esate baterako, kamera ateratzen nuenean ume ijitoak protagonista sentitu eta nabarmenkeriak egiten hasten zirela: kotxe baten gainera igo eta zakila ateratzea izan zen horietako bat. Ume haietako bati, jatorra iruditu baitzitzaidan, objektibo bat utzi nion, baina hara non, haren eskuetan utzi eta segundo batera, ume arraioak ziztuan egin zuen alde, eta desagertu nire bistatik. Hamar bat minutu izan ziren, eta azkenerako seguru nengoen betiko galdua nuela ia 20.000 pezeta kostatu zitzaidan objektiboa, baina ez: bien bitartean auskalo zer egin zuen umeak traste harekin, baina hamar minuturen buruan hantxe agertu zen, eta eskura eman zidan objektiboa, ezer gertatu ez balitz bezala.
Oroitzapen hori etortzen zait burura plaza honetako arkupeetan sartzen naizen guztietan, adibidez, Sarea tabernara noanean. Horrelakoetan, beti etortzen zait burura egun hura. Ez dakit oraindik ere badagoen aisialdi talderik ijito gazteekin aritzeko, eta mingarriena da ez dakidala zerbaitetarako balio izan ote zuen duela hamar bat urte ijito txiki haiekin jolasean aritzea larunbat arratsaldeetan. Ez dakit objektiboarekin alde egin zuen ijito hura zertan ote dabilen orain, eta ez dakit zer egingo zukeen orain, hamar urte geroago, objektiboa hamar minutuz utziko banio. Zalantzan egon nahi nuke, baina zalantza luxu bat da.
Mariaren Bihotza plaza (III)
Handia zen lehen autobusean ibiltzea, inguru hau debekatua iruditzen zitzaigunean bertatik oinez pasatzeko. Ibaiaren beste aldetik begiratzen genion auzoari. Hori baino lehenago, txikia nintzenean, nire lehenengo beltza ikusi nuen Bilboko Areatzako zubian. Eta handik urteetara jakin genuen zubiez bestaldeko auzo honetan pilatzen zirela baztertuak eta urrunekoak: orduan beltz gutxi eta ijito asko zegoen, txinatar eta hegoamerikarrak ere bi edo hiru baino ez.
Prostitutak bai, horiek bazeuden. Orduak putak esaten genuen, baina gero, Bilbori buruz ari ginenean eta Atxagari esker, errazago irteten zitzaigun "prostituta" hitza "puta" baino, eta hori esatearekin batera ia-ia kantuan hasten ginen Ruperren ahotsa jarriz, "beste zubi bat, prostitutak". Aspaldi utzia genion hiztegietan "puta" hitza bilatzeari: orain autobuseko leihatiletatik ikusten genituen, baina errealitateak zapuztu egin gintuen: kitzikagarriagoa zen hiztegien kontua, definizioaren hamar hitzek askoz ere giro erakargarriagoa ematen zigutelako, Mariaren Bihotza plazan autobusetik ikusten genuen munduak baino. Edozelan ere, aukerarik txikiena aprobetxatzen genuen autobus hura hartzeko, jakin arren ez zuela biderik laburrena egiten, eta acuariumeko leihoen kontra bezala itsasten ginen leihoetan, hango andre zaharrei begiratzeko, sinistu ezinda. Neska politagoak zeuden gorago, Gorte kalean, edozer baitzen politagoa atso haiek baino. Baina Gorteko nesken berri geroago izango genuen, eta han ere txakurrak ortozik.
Naja ere existitzen zen orduan. Jonkiak hantxe bizi ziren, ibaiaren alboko arkupeetan. Beste ertzetik ikusten zenituen txutatzen edo txortan, igandeetan izan ezik, merkatu txikia egiten zelako orduan. Gero alkateak hesia jarri zion Najari, paretik tranbia pasatu behar zelako eta ez delako txukuna kanpotarrek den-dena ikustea.
Orain, Mesedeetako zubiaren amaieran pintada bat dago: "A ultima vez que te vi, tinhas as patas abertas". Eta garai haiekin akordatu naiz, Bilbo Zaharretik pasatzen zen autobusarekin, eta geure buruekin, acuariumean bezala begira hiztegiko definiziotik haragoko putei.
San Frantzisko (IV)
Zazpi Kaleetan aurkitu ginen gero, arratsaldean eta albistea oraindik bolo-bolo zebilenean, eurak trago bat hartzen eta gu paseatzen. Berehala irten zen sutearen gaia, ezin zen bestela izan. Ferminek esan zuen etxeko zapatiletan irten zirela kalera, eta denok barreka jarri gintuen, zehaztu zuenean San Frantziskoko biztanle petoak horrelaxe ibiltzen direla hara eta hona, etxeko zapatiletan kaletik. Algara ederra izan zen, barre sano horietakoa. Baina segituan gogorarazi zigun albistearen pisua: "barreka ari gara, baina ez ahaztu lau hildako egon direla". Kopuruak gauza objektiboak badira ere, kopuruen neurriez ohartzea ez da erraza izaten sarritan: hildakoek izenak dituzten edo ez dituzten, horren arabera egon daiteke tragediaren samin beti subjektiboa, eta gu barreka ari ginen, Fermin etxeko zapatiletan irten zelako kalera, gero Zazpi Kaleetako etxe bateraino joateko babes bila, dena etxeko zapatiletan, eta barre algaraka gu.
Baina gero hormaren kontua aipatu zuen Ferminek, esan baitzuen bere gelako hormaren beste aldean ari zela sua dena kiskaltzen eta lau pertsona hiltzen, zentimetro batzuk harago besterik ez. Eta hori esan zuen, ez soilik hausnarketa egiteko heriotzaren hurbiltasunaz edo suertearen gerri meheaz (hogei bat zentimetro edo adreilu pare bat, beste modu batez esanda), ezpada hausnarketa zirraragarria egiteko hogei zentimetro horien neurri soziologiko edo psikologikoaz: "hau Oñatin gertatu izan balitz", esan zuen, "sekulako tragedia izango zatekeen. Baina Bilbon izan da, tartean horma bat egon da eta hildakoak hormaren beste aldean geratu dira. Eta inoiz baino gehiago konturatu naiz hirian bizi naizela". Ez zituen hitz horiek erabiliko noski, baina esaldi sakona eta mingotsa iruditu zitzaidan. Eta agian horrelako keinuak behar ditugu konturatzeko hirian gaudela: hildakoek izenik ez duten lekuan, eta gerri meheko horma batek erabakitzen duen lekuan nork hil behar duen eta nork ez.
Mariaren Bihotza plaza (II)
Gustatzen zaigu aniztasuna, gustatzen zaizkigu koloreak, hizkera arrotzak eta ñabardurak. Gustatzen zaizkigu, eta urrun badaude, askoz ere gehiago gustatzen zaizkigu.
Eman paseo bat San Frantziskon behera, San Anton zubiraino. Bitxia da: paseoa amaitzerakoan, 800 metro inguruko jaitsiera horren ostean, berdin-berdin esan dezakezu sekulako aniztasuna ikusi duzula edo sekulako homogeneotasuna ikusi duzula. Aniztasuna, bidean ikusi dituzulako beltzak, marroiak, horiak, jonkiak, ijitoak eta zuriak. Homogeneotasuna, talde horiek guztiak behin edo behin baino ez direlako elkarrekin nahasten, eta, hala egiten dutenean, tabernetan izaten da, benetako aniztasunerako gogoz. Esate baterako, Bere-bar zoragarrian, zeinetan berdin aurkituko baituzu Meirelle musulmanei barreka, atso bilbotarra mutil argentinar batekin hizketan, zaharrak tutean eta tabernari berberea euskaraz.
Gutarrekin egoteko beharra dugu beti, ulertuko gaituenaren alboan. Azaleko kolore bera badugu, edo antzeko lapurretak egin behar baditugu txuteak hartzeko, edo urte luzez fabrika berean egin badugu lan, edo tabernetan sartzen uzten ez badigute, edo Mekara begira hildako arkumea jaten badugu, gutarrak gara. Paddy Rekaldek idatzi zuen, Bilbori buruzko poema batean, "Nire zauriak / nire ametsak / dituztenak / dira / nire aberkideak". Eta ametsik ez baduzu ere, aberkideak erraz topatuko dituzu hemen, zauri berekoak bazarete. Eta, azken batean, zauri berekoak zarete, batek daki ze ilusioren atzetik heldu zaretelako honaino, ametsak bidean ahaztuta, lehenengoa dela dioten mundu puta honetako auzorik bazterrekoenean agertu arte.
Mariaren Bihotza plazako tabernara sartu naiz gaur ere, etorkin espainiarren artera. Santiagok Erandion egin du lan bizitza osoan, tailerrean. Gaur karta onak etorri zaizkio, errege bi. Beranduegi, hala ere. "Hobe hamazazpi urte nituenean etorri izan balitzaizkit", esan dit, eta azaldu dit beti buruan daukan Zamorako herritxo hori nolakoa den, ze ondo bizi zen han txikitan. Anisa eskaini dit eta eskuarekin ezetz egin diot. Trago batean edan du anistasun osoa.
Mariaren Bihotza plaza (I)
Harritu egiten zara jendearen hitzekin, konturatu gabe egiten dutelako berba, esaten ari direna poesiatik oso hurbil dagoela pentsatu gabe. Ohartarazten badituzu, esaten badiezu euren ahotik irtendako hori poesia izan dela, betiko lotsatu eta ez dizute gehiago berbarik egingo, poesia bizimodu erosoaren emaitza iruditzen zaielako, bizimodu alferrikako, urrun eta bizizaleegiaren emaitza. Hori gertatu zitzaidan Boluetan, iaz, botatzen ari ziren fabrikari argazkiak egiten ari nintzela. Andre bat etorri zen ni nengoen lekurantz, etxeko zapatiletan errepidean gora. Nire alboan jarri zen, eta jakin nuen poesia sortuko zela lehenago edo beranduago. Gero berbetan hasi zen; edadekoa zen, badakizu nolakoak diren. Esan zidan fabrikan jaio zela eta fabrikari itsatsitako etxe batean bizi izan zela beti. Hemen jaio eta hemen bizi, esan zidan, eta gehitu zuen: orain zelan kontatuko dut non jaio nintzen, etxerik eta fabrikarik ez badago? Zutik utzi duten tximinia bakarrari begira, eta agur esaten duenaren naturaltasun berberaz, "mundu bat doa airean" bota zidan, eta nik ezin izan nion esan poesiaren kontu hori, bestela atzera joango baitzen etorritako bidetik, etxeko zapatilak arrastatuz, irainduen sentsazio berarekin.
Andreak burdinazko hesiaren kontra jarri zituen eskuak, eta hesira hurbildu eta zuloetatik begiratu zien obrei. Argazki bat atera nion bera konturatu gabe, bere izena esan zidan, Felisa edo. Kontatu zidan, ez baneki bezala, zenbat jende zetorren Espainiatik sasoi hartan. Bere gurasoak ere Ebrotik beherakoak zirela, baina bera bertakoa, eta lanean zeuden beharginei esnea eramaten ziela txikitan, eta berak ere orduan bazekiela basko apur bat, orain ahaztuta daukala dena.
Inongo arrazoirik gabe gogoratu naiz gaur emakume harekin, Mariaren Bihotza plazaren izkinan dagoen tabernara sartu naizenean. Bolueta, Etxebarria, Euskalduna, Labe Garaiekin gogoratu naiz. Gizonak dominoan jolasten ikusi ditut gaur. Gogoratzen ote dira airean joandako munduaz?
San Frantzisko (III)
Garai batean hau zer izan ote zen ezin da erraz asmatu. Gaur ikatza baino ez da, ilinti gutxi dago azpian. Alferrik begiratzen diezu San Frantziskotik beherantz, Ibaizabalerantz doazen kaleetako etxeei, hango koloreei. Alferrik, halaber, San Frantzisko kalean, Bilbo Zaharrerantz hurbiltzen zoazela, sozialistek antzina beltzean hartu zuten etxeari, jarri zizkioten apaingarri eta harrizko loreei, atariko beirateko inskripzio zaharrari, jada inork ere begiratzen ez dien horiei. Zelan imajinatu zer ote zen San Frantzisko monasterioa, grabatuen arabera izugarria zena, parean jarri eta begirada-kolpe bakarrarekin osorik ez harrapatzeko modukoa.
Apenas gogoratzen dudan zer izan zen 83ko uriola Bilbon. Nire herrian bai, gogoratzen dut: jaitsi Plazakoetxera eta erreka errepideraino heldu zela akordatzen naiz, lurrazpiko pasagune osoa urak hartuta, eta harantzago txaletetako teilatuak, gainean jendea. Antza, orduantxe etorri ziren ijitoak San Frantzisko ingurura, uholdearekin batera. Herrietako erreka bazterretan jartzen zituzten kanpamenduak urak eramango zituelakoan, hona etortzeko baimena jaso ei zuten. Arturok kontatu dit garai zaila izan zela hura auzoarentzat, ijitoak Gorte kalean instalatu zirenean eta etxe-sail osoak erabiltzen zituztenean droga saldu eta txutatzeko. 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera, zenbait urtez, legerik gabeko kale bihurtu zen hura. Drogak ez zeukan inongo presentziarik kalean, ez zen ikusten, dena etxeetan egiten zen eta.
Gero magrebdarrak etorri ziren, gero beltzak. Eta orduan, Urtzi Urrutikoetxeak "Auzoak" liburuan dioen moduan, "afrikarrak heltzen hasi... eta konturatzerako, akabo arazoa". Bai: orain, drogak presentzia handiagoa dauka kalean, baina saltsak gutxiago dira. Afrikako iparraldekoak arduratzen dira haxixaz, eta Afrika beltzekoak kokainaz eta heroinaz. Ijitoak beherago bizi dira, ez dira asko hala ere. Gazteenek, arraza edozein dela ere, pegamentu-potea daramate sudurrean itsatsita, eta etorkizuna beltza da beti. Inesek, beti bezain zorrotz, izen berria eman dio etorkizun beltzeko auzoari: Negruri.
San Frantzisko (II)
Turkiarrak boliviarrari galdetu dio ea lanean ari den. Boliviarra turkiarraren kebabera joan da bazkaltzera; aspaldiko ezagunak dira, bistan denez. Baietz erantzun dio, baietz, lanean ari dela. Turkiarrak harritu aurpegia jarri du, eta zorionak eman dizkio gero. ¿En qué? galdetu dio segituan. Birritan pentsatu barik erantzun dio boliviarrak, erantzun bera behin baino gehiagotan ematera ohituta edo: trabajo buscando trabajo.
Zabalburuko plaza baino metro batzuk beherago gertatu da hori, Fernández del Campo kalearen amaieran, eta zikin sentitu naiz bat-batean. Inpresioa izan dut pareko begetarianoan egon behar nuela, jendea trajez doan jatetxe horretan, eta ez hemen. Lan erosoa daukat, eskuak ez ditut apenas zikintzen, eta ez da nire errua. Une batean sentitu dut ez nintzatekeela hau guztia entzuten egon behar, hobeto egoten dela egunerokotasun ordainduan, trabajo buscando trabajo entzun behar zikinean baino.
Gaur Arkumearen Eguna izan da musulmanen egutegian. San Frantzisko kalean behera, harategiak musulmanez beteta zeuden, Mekara begira hiltzen dituzten arkumeen bila denak. Eta tabernak itxita. Kalean ere jende gutxi arrastiko lehen orduetan: ijito batzuk eta jonki asko. Taberna txiki-txiki bat baino ez dut aurkitu zabalik. Beltz bat hizketan ari zitzaion tabernariari, eta beste denak, palentziar bat, planta eskaseko atso bat eta aljeriar bi, entzuten. Ugazabandreak kontatu du bere semeak entrenamendua zuela, eta beltzak erantzun dio ondo dagoela hori, gauza handia dela lana izatea. Ugazabandreak erantzun dio semea oso gaztea dela, eta futbola jolasa baino ez dela berarentzat. Ez galdu esperantza, esan dio beltzak: ikusi noraino heldu diren Ronaldinho eta EtoŽo. Andreak barreka erantzun du, baina beltza serio zebilen: Imajinatu zeure burua Skip-en iragarkia egiten, Ronaldinhoren amaren antzera. Irribarreak. Behingoagatik esan ahal izango nuke famatu bat ezagutzen dudala, ondorioztatu du beltzak, oso serio, amets betean.
San Frantzisko (I)
Zeri barre, Meirelle? Zer aurkitu duzu egunkari horretan, hain barregarria? Ez zara konturatu tabernara sartu naizenik ere, zure atzean jarrita nagoenik ere ez. Mutil guapoei baino ez diezu begiratzen, eta musulmanei, guapoak izan ez arren. Desiratzen nago nigana jiratu eta galde diezadazun nire mahaian jar ote zaitezkeen. Erantzuna baiezkoa izango litzateke. Galdetuko nizuke zeri egiten diozun barre, zer den politikako orrialdeetan hain barregarria, hain zaratatsu algara egiteko, tabernako jende guztia zuri begira dagoen honetan. Desiratzen nago edaten ari zaren tea niri eskaintzeko edo zigarro bat opatzeko, ez dudala erretzen erantzun ahal izateko sikiera. Keinu minimo bat, Meirelle.
Aurreko mahaiko zaharrek partidaren erdian abandonatu dute tutea, zuri begira jartzeko. Tabernariak ere begiratu dizu, musulmanek begiratu dizute. Ni hasieratik nago begira, zure perfilari eta bakeroen azpitik igartzen zaizkizun kulero zuriei. Inork ez dizu esan polita zarela, Kim Dealen antza duzula. Mozkortuta zaude, edo kolokatuta edo burutik jota; edozer dela ere, maitemindu egin nauzu seko, konbinazio gehiegi direlako ni bezalako batentzat: neska polita, kolokatuta edo zoratuta, eta kulero zuriekin. Bat-batean bakarrik berbetan hasi zara, zure sudurra ere asko gustatu zait, eta gailegoa zara, azentuagatik jakin dut.
Zergatik ez didazu begiratzen? Jiratu burua, neska, hemen atzean nago. Bizitza aldatu egingo litzateke begiratuko baninduzu: ez zinateke kabalduko agian, ni zoratuko nintzateke agian. Me callo si me sale de la bola, erantzun diozu musulman bati ozen, eta ni ere ozen hasi naiz barreka zure atentzioa pizteko, baina ez: irribarre egin diozu musulmanari, eta badakit berarekin joango zarela gero. Musulman bat eta zoro bat txortan. Non egingo duzue, Meirelle? Bere etxean ala zurean?
Beharbada kolokatuta zaude, beharbada zoroa zara: ez dakit zer den hobea, baina soineko biak geratzen zaizkizu ondo. Zeri barre, Meirelle?
Cantalojas (eta II)
Auzoak haserre daude. Nork babestuko dituen galdetzen dute. Duela aste batzuk, gizon batek bere burua Cantalojas zubitik botatzeko ahalegina egin zuen. Ez zen lar berandu: goizeko ordu biak edo, zapatuz. Barandillara igo eta behera begiratuta, han urrunean, Abandoko geltokira doazen trenbideen korapiloak ikusi zituen, luze-luze jarritako koka-marrak balira bezala. Barandillaren alde arriskutsura pasatu zen gero, amildegira, eta esku biekin oratuta, zain geratu zen, norbaitek salbatuko, norbaitek babestuko ote zuen.
Batzuek mozkortzat hartu zuten, arrazoiz. Gizonak, 43 urte, Iralabarriko zuloetan pasatu zuen gaua, izan daitezkeen barrarik tristeenetan, inguruan zituela Gobernu Militarreko txanda amaitu berri zuten ezgizonak eta DaddyŽs tabernako txanda hasi berri zuten ezandreak.
Eta auzoak haserre daude. 2004ko azaroan eskultura bat inauguratu zuten Cantalojas zubiaren gaineko plaza berrian; izenburua, La exorcista. Kale hauetan deabrua bizi dela esateko modu lausoa. Manolo Valdés eskultore valentziarrak egin zuen, eta Mario Vargas Llosaren poema bat du zizelkatuta: Gracias a mí, en esta ciudad todavía es posible la felicidad dio poemak. Eskultoreak esan zuen obra hori ukitu egin behar dela, brontzezko azala gastatu egin behar zaiola, baina bertakoek, laztandu beharrean, txu egiten diote oraindik posible omen den zoriontasun horri, biriken sakonenetik. Vargas Llosak esan zuen: "hiri guztiek dute santuren baten babesa, eta estatua honek funtzio hori beteko du: babestu eta inspiratu egingo ditu bertakoak". Agintariak pozik geratu ziren hori entzunda: geroztik, are gutxiago babesten dute auzoa, badute-eta lan hori euren ordez egingo duen exorzista bat. Auzo paranormal honek erremedio paranormalak behar dituela esateko modu lausoa.
Hiru ordu laurden eman zituen gizonak zubiaren alde arriskutsuan, nork salbatuko, nork babestuko. Azkenean, etsita, jendeak begiratu ere egiten ez ziola ikusita, etxera erretiratu zen, maldizioka, eskulturari deabruaren txu berdea bota ostean.
Cantalojas (I)
Badakizu ez zoazela paradisura, hori hasieratik dakizu. Baina seinaleak ikusten dituzu han eta hemen, eta alerta jartzen zaituzte, ohartarazi egiten zaituzte, "kontuz: paradisua". Bila ari zarenean, seinaleak nonahi agertzen dira. Ikusi nahi direnean, ikusten dira. Zabalburu plazatik hasita, lehenengo seinalea segituan agertzen da: El Paraíso izeneko arropa-denda handi eta zahar bat. Baina ez dakizu ze klasetako seinalea den: ez dakizu dendako kartela serio ari zaizun, ez dakizu gizakien koloreak nahastu eta errealitatea aurpegira botatzen dizun auzoa benetako paradisutzat daukan kartelak; ala broma beltza ote den, eta kartel horrek gorpuztu nahi ote duen sekula ezagutu ez duen zerbait, kobazuloetan mamutak pintatzen zituzten moduan, horrela erakarri egingo zituztelakoan. Ez dakizu erantzuna zein den, baina gaur broma beltzaren alde egingo zenuke.
Laster agertuko zaizu lehenengo denda afrikarra, Cantalojas zubira heldu baino lehen. Sustraituta bezala daude beltzak barruan, emakume bat aulkian jarrita eta neskato bat lurrean jolasten; haraxeago gizon bat, lurrean hura ere. Hirurak hantxe, hogei metro karratuko Afrika batean, kakahuete-zakuz inguratuta, izena jartzen ere asmatuko ez zenukeen fruten artean. Barruan usain bustia dago, euria lurraren arrakaletatik ihesean doanean bezalakoa, usain etsia. Egizu alde Afrikatik, gero Afrika txikiago batean eta lurrean jarrita amaitzeko. Etsipen horrek usainen bat sortu behar du derrigorrez: besapeena edo hankena, baina usainen bat derrigor. Nonbaiten irakurri nuen sustraietatik hurbilago sentitzearren jartzen direla afrikarrak lurrean, atzerrian daudenean.
Gero Cantalojas zubia dator, eta apur bat harago Linaje taberna izandakoa: izenak dioen moduan, garai batean etorritako langile espainiarren leinua, familia, askazia, sustraiak gogoratzeko sortu zen taberna hori. Metro batzuk harago, berriz, The roots taberna beltza, sustraiak berriz ere. Ez dira horiek izango herriminaren seinale bakarrak, seguru nago. Izan ere, sustraiak ez ahazteko inbentatu ziren emigranteak.