Hemen zaude: Hasiera Blogak Lagun batek esan dit... Belarriak erne

Lagun batek esan dit...

Belarriak erne

Bagoaz ba

Trena gainezka gaur. Joan zen maiatzetik lehen aldiz, zutik etorri naiz lanera. Ikasle kopuruaren arabera joaten naiz zutik edo jarrita, Euskotrenek ez baitu asmorik goizeko tren horretan laugarren bagoirik jartzeko, sardinak latan bezala bagoaz ere. Gero etor daitezen esaten abiadura handiagoa dela behar duguna.

Eguneroko langileei neguko ikasleak batu zaizkie gaur. Batzuk ozen zetozen berbetan, beteranoak. Beste batzuk harrituago, isilago, nobatoak. Disimuloz begiratzen nien azken horiei, gogoratu nahian zelakoa izan ote zen nire lehenengo eguna unibertsitatean.

Atearen ondoan, kanpora irteteko geundela, beteranoak nobatoari galdetu dio: "zer egin behar duzu, ba?", ozen, beteranoen bolumenean. Nobatoak apalago, "magisteritza". Barreka hasi da bestea, eta kolpetxo bat eman dio bizkarrean.

Gero atea zabaldu egin da, eta denok hasi gara apurka-apurka irteten. "Bagoaz ba", esan du nobatoak, eta hanka trenetik atera du eta lurrean jarri du eta oinez hasi da, jendetzaren hanken erritmoan galduta.

Zain egon naiz, ea beteranoak esaten zion "bagoaz bai, baina ez dakigu nora" edo horrelako zerbait, baina ez dio ezer esan. Antza, beteranoak ere ez zekien nora.

gabiria 2005/09/27

Babel

Babes ofizialeko etxebizitza eman diote lagun bati, eta bertara joan da bizitzera.

Duela gutxi etorri zitzaidan, esanez beste zerbait espero zuela. Bazekiela absurdoa zela, garaiak ere aldatu egin direlako, baina beste giro bat espero zuela. Batuagoa edo. "Gure gurasoek etxea erosi zutenean bezala", esan zidan: "denak herrikoak izaten ziren, edo, bestela, denak maila ekonomiko edo sozial berekoak, edo zer dakit nik...", etsita igarri nuen laguna.

Esan zidan gustura dagoela etxe berrian, baina batasuna-edo falta duela. Ez zekiela zertan, baina batasunen bat. Eta etxe hark (eta, akaso, babes ofizialeko etxe batek ere ez) ez daukala batasunik.

Duela egun bi, Euskadi Irratiko Mezularia saioa entzuten nengoela, Parisko etorkin afrikarren etxeen baldintza kaskarrei buruz hasi ziren berbetan, azken asteetan izan diren suteak direla eta. Vanessa Sanchez kazetaria aritu zen horretan. Holako batean, hasi zenean esaten afrikarrei ez dietela babes ofizialeko etxebizitzarik ematen, lapsus batean "babel ofizialeko etxebizitzak" irten zitzaion.

Orduan ulertu nuen, egia osoa argitzen duten lapsus horietako bati esker, lagunaren kezka. Babel ofizial batean bizi da.

gabiria 2005/09/01

Portaleko giltza

Gernikako Bgbiz aldizkarian irakurria, kaleko inkestan:

Galdera: Udabarrian odola berotzen jatzu?

Dolores Ruiz Sagasti, 83 urte, aspaldiko garaiak gogoratuz:

Orduen domekatan pasilekuen eitten gendun jantzan, musika bandie egoten zan eta. Praka zuridun beraniantiek gustetan jakuzen, trenien Busturittik etorten zien mutil elegantiek. Akordetan naz, hareetako bategaz agarraue jantzan ibili nintzela behin, eta zeozer igerri neban hanka artien. Pregunteu ein notson, "zer dekozu hor ba"?, "Portaleko giltze" esaban, eta nik pregunteu notson "ene! Artieko kastiloan bizi zara ala?".

gabiria 2005/05/06

Lur bat haratago

Ilusio zaharrez, indar berriz, mexikar beltzaranak muga pasatu du gauez eta isilpean, inork ikusi barik.

Alanbre-hesi baten azpitik pasatu da lehenengo. Gero erreka batean busti du bizkarra. Ilea ere busti zaio bide batez, eta beltzaranago geratu da, lokaztuago, lupeztuago. Horma bat igo du gero eta, berriro, alanbre-hesi bat aurkitu du azkenean, ia goizaldea zenean jada.

Momentu batez pentsatu du hasierako hesia zela, alferrik egin duela ihes, berriro Mexikora sartzeko, AEBetara sartu beharrean.

Baina ez. Ez da alanbre-hesi bera izan: oraingoa gainetik pasatu behar izan du.

Goizaldean, askatasunaren lurraldean, poliziek harrapatu egin dute. Urrunean hiri bat ikus zezakeen, baina badaki laster bidaliko dutela atzera Mexikora.

Telebista bateko kamera ere han zegoela ikusi du orduan. Etorkina, joankina, gizaki baino gizakina zen hark zuzen begiratu du kamerara, eta irribarre egin du. Gero, patxada galdu barik, galdetu du:

-Eta hau... ze kanaletan irtengo da?

gabiria 2005/02/15

Tronpetaren soinua

Lehengoan Sorgintxulo zenaren azpitik pasatu nintzen. Horrelakoetan begirada joan egiten zait, bertan egon beharko lukeenaren bila beti. Egon beharko luketen baina ez dauden lekuetara begira ibiltzen naiz, eta ez ditut aurkitzen. Bada, begiratu nuen gora oraingoan ere, eta Sorgintxuloko atea zarratuta ikusi nuen. Aterik ere ez, egia esan: zemento kapa bat, gris-grisa.

Beheko kaletik nindoan ni, eta gogoratu nintzen zelan. Zelan hau eta zelan hura. Zelan dena.

Pentsamendu horietan nengoen, Sorgintxuloren azpian dagoen garaje bateko atea zabaltzen hasi zenean. Ate automatiko horietako bat. Zabaltzen hasi zen eta zarata egin zuen, olio faltan. Baina ez nion kasu handirik egin, hirian eta zaraten artean ibiltzen ohituta.

Aldiz, nire ondoan zihoan andre zahar batek bai, erreparatu egin zion zaratari. Hain zarata berezia ere ez zen, gñññek antzeko bat, luzeagoa akaso: gñññeeeñññek. Zarata desatsegina, esate baterako, Tahitiko hondartza batean bazaude. Zarata artistikoa, berriz, Guggenheimen bazaude. Edozelan ere, zarata bat, beste hainbesteren antzekoa, hirian izaten diren horietako bat besterik ez. Baina andreak erreparatu zion, eta bitxia iruditu zitzaion agian, eta inguruetara begira hasi zen, gorantz eta alboetarantz. Horrelakoetan gertatzen zaidan moduan, ilargiari baino, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begira geratu nintzen: zaratari baino, atsoari.

Eta unetxo batez biak geratu ginen geldi espaloian: nik zarata entzuten nuen, andreak auskalo zer. Nik garajea zabaltzen ikusten nuen; andrea inguruetara begira ari zen, zarata nondik zetorren asmatu ezinda.

Azkenean, begiratu eta esan zidan:

-Alguien está tocando la trompeta, pero no se donde.
-Ahí arriba -gezurra esan nion, Sorgintxulora seinalatuz.
-Ah! ¿Los del gaztetxe?
-Sí. Están ensayando para Semana Santa, para salir con una cofradía.
-¿Pero no lo habían cerrado? -galdetu zidan, harrituta, erosketako poltsak lurrean uzten zituen bitartean.

Egia esatea pasatu zitzaidan burutik. Pentsatu nuen esan behar niola zarata hura alboko garajetik zetorrela, ez zirela tronpetak. Are gutxiago Sorgintxuloko gazteenak. Eta uste dut denbora larregi geratu nintzela isilik, zer esan jakin barik. Izan ere, berak, poltsak lurretik hartu eta, alde egiteko keinua eginez, berriro galdetu zidan:

-Lo han cerrado, ¿no?

Baina azkenean, disimuluz, belarrira hurbildu, eta esan nion:

-No se lo diga a nadie: entran por la ventana.
-¿Los del gaztetxe?
-Sí.
-Pues me alegro -esan zidan, eta joaten hasi zen. Gero, burua jiratuta, aitortu zidan-: porque a mí el sonido de la trompeta me encanta.

gabiria 2005/02/11

Errege arratsaldeko ipuina

Urtarrilaren 5ean, arratsaldean, Bizkaiko herri txiki batean egon nintzen, justu Erregeen Kabalgata pasatzera zihoan unean.

Plaza jendez beteta, umeak urduri gurasoen lepoen gainean, buruak altxatuz, ea urrunetik gameluren bat etortzen ikusten zuten.

-Noz datoz? -amaren sorbalden gainean, neskato bat-: noz datoz, ama?

Gero, eurentzat luzea izango zen tarte labur baten ostean, umeen urduritasun-marmarra txilio bihurtuz joan zen, eta lepoa asko luzatu barik ere aise igartzen zen bazetozela Erregeak, usaindu egiten zelako giroan. Usaindu daitekeen girorik existitzen bada, arratsalde horretan existitzen da. Eta agertu ziren. Baina ez gameluetan, ez dromedarioetan, ezta zaldietan ere. Agertu ziren gurdian. Meltxor, Gaspar eta Baltasar, hirurak gurdian.

Herri txikia zen, lehen ere esan dut, eta benetako Baltasar gutxi egoten da herri txikietan. Herri txiki honetan, esate baterako, ekuadortarrak daude, peruarren bat ere bai, eta neskato errumaniar bat, baina benetako Baltasarrik ez. Eta herriko gizon bat margotu zuten kortxo errearekin, eta Baltasar agertu zen kolpean. Hain zuzen ere, amaren sorbaldetan zegoen neskatoaren aitite zen Baltasar, kortxo erreko azala zuen erregea.

-Badatoz, ama! -esan zuen neskatoak, amaren ileetatik tiraka.

Eta Erregeak hurbilduz joan ziren umeak zeuden lekurantz, eta karameluak bota zituzten, eta jakin nahi nuke zenbat ume egon ote zen arnasa lasai hartu ezinik, eta zenbatek zuten pultsua ehunetik gora.

Amaren sorbaldetan zegoen neskatoak, baina, ez zuen karamelurik nahi. Adi-adi zegoen Erregeei. Ez zen lehen aldia ikusten zituena, baina ilusioa beti da bera. Ilusioa. Gehiegitan aipatzen da egun horretan, baina ez dago beste hitzik: gogoratzen ez duenak memoria txarra dauka. Neskatoaren Errege gogokoena beltza zen. Errege beltzaren ume gogokoena neskato hori zen, eta une batez begira geratu ziren.

-Ama -esan zion neskatoak, aurpegia amaren belarriraino jaitsiz-. Ama, ez nago seguru, baina uste dot Errege baltza aitite dala.

Komentario zoragarri horrek zorabiatu egin ninduen apurtxo batean, eta ez nintzen konturatu zer erantzun zion amak. Edozelan ere, apur bat lasai hartu nuen arnasa gero, konturatu nintzenean egunen batean neskato horri beste umeek esango diotela:

-Erregeak gurasoak dira.

Eta neskato horrek, arrazoi osoz, erantzungo duela:

-Ez. Erregeak aititeak dira.

gabiria 2005/01/10

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.

Azken erantzunak
bideoklipa 38gradu@gmail.com, 2008/11/02
Angel Zalaieta mirentz, 2008/02/28
Vanessa ANE, 2008/02/05
Etiketa lainoa
Akordatzen Belarriak erne Berbak Bertan Bilbo Deialdiak Hara-honakoak Hitz-korapiloak Lurrekoak Musika Paperetik birziklatuta Ziklismoa eibar zinema