Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Tronpetaren soinua

gabiria 2005/02/11 10:42

Lehengoan Sorgintxulo zenaren azpitik pasatu nintzen. Horrelakoetan begirada joan egiten zait, bertan egon beharko lukeenaren bila beti. Egon beharko luketen baina ez dauden lekuetara begira ibiltzen naiz, eta ez ditut aurkitzen. Bada, begiratu nuen gora oraingoan ere, eta Sorgintxuloko atea zarratuta ikusi nuen. Aterik ere ez, egia esan: zemento kapa bat, gris-grisa.

Beheko kaletik nindoan ni, eta gogoratu nintzen zelan. Zelan hau eta zelan hura. Zelan dena.

Pentsamendu horietan nengoen, Sorgintxuloren azpian dagoen garaje bateko atea zabaltzen hasi zenean. Ate automatiko horietako bat. Zabaltzen hasi zen eta zarata egin zuen, olio faltan. Baina ez nion kasu handirik egin, hirian eta zaraten artean ibiltzen ohituta.

Aldiz, nire ondoan zihoan andre zahar batek bai, erreparatu egin zion zaratari. Hain zarata berezia ere ez zen, gñññek antzeko bat, luzeagoa akaso: gñññeeeñññek. Zarata desatsegina, esate baterako, Tahitiko hondartza batean bazaude. Zarata artistikoa, berriz, Guggenheimen bazaude. Edozelan ere, zarata bat, beste hainbesteren antzekoa, hirian izaten diren horietako bat besterik ez. Baina andreak erreparatu zion, eta bitxia iruditu zitzaion agian, eta inguruetara begira hasi zen, gorantz eta alboetarantz. Horrelakoetan gertatzen zaidan moduan, ilargiari baino, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begira geratu nintzen: zaratari baino, atsoari.

Eta unetxo batez biak geratu ginen geldi espaloian: nik zarata entzuten nuen, andreak auskalo zer. Nik garajea zabaltzen ikusten nuen; andrea inguruetara begira ari zen, zarata nondik zetorren asmatu ezinda.

Azkenean, begiratu eta esan zidan:

-Alguien está tocando la trompeta, pero no se donde.
-Ahí arriba -gezurra esan nion, Sorgintxulora seinalatuz.
-Ah! ¿Los del gaztetxe?
-Sí. Están ensayando para Semana Santa, para salir con una cofradía.
-¿Pero no lo habían cerrado? -galdetu zidan, harrituta, erosketako poltsak lurrean uzten zituen bitartean.

Egia esatea pasatu zitzaidan burutik. Pentsatu nuen esan behar niola zarata hura alboko garajetik zetorrela, ez zirela tronpetak. Are gutxiago Sorgintxuloko gazteenak. Eta uste dut denbora larregi geratu nintzela isilik, zer esan jakin barik. Izan ere, berak, poltsak lurretik hartu eta, alde egiteko keinua eginez, berriro galdetu zidan:

-Lo han cerrado, ¿no?

Baina azkenean, disimuluz, belarrira hurbildu, eta esan nion:

-No se lo diga a nadie: entran por la ventana.
-¿Los del gaztetxe?
-Sí.
-Pues me alegro -esan zidan, eta joaten hasi zen. Gero, burua jiratuta, aitortu zidan-: porque a mí el sonido de la trompeta me encanta.

Pau Dones

gabiria 2005/02/10 09:50

Jarabe de Palo taldeko Pau Dones kantariak elkarrizketa eman du gaur Garan, eta hauxe esan du, besteak beste:

Pirateoa konpontzeko moduaz

Ez da arinkeriaz jokatu behar kontu hauekin. Musikak prezio bat dauka, hortik bizi den jende asko dagoelako; beraz, konponbidea jendea kontzientziatzea izango litzateke. Hori zaila da, orain oso erraza delako musika doan jaistea. Konponbide drastikoak? Niri bat bururatzen zait: disko gehiago ez grabatzea, hau da, gure kantu berriak beti zuzenean aurkeztea, eta Jarabe de Palok egiten duena jakin nahi duena datorrela kontzertuetara. Gure kantuak ezin izango lirateke irratian jarri, ez internetetik jaitsi. Zer gertatuko litzateke? Ez dakit ondo, baina hori konponbide ona izango litzateke. Onena da jendeak musika entzuteagatik ordaintzea, eta Jarabe de Paloren disko bat oso garestia iruditzen bazaizu, ez erosi, ez da ezer gertatzen. Baina disko hori nahi baduzu, erosi, ez jaitsi internetetik.

---------------------------------------------------------------------------------

Betiko kontua da: jendea gaiztoa da, izatez. Eta denborarekin, gainera, gehiago gaiztotzen da. Horretarako baliabideak (internet) jartzen badizkiozu, zer esanik ez. Matraka horrekin dabiltza denak, internet gora eta internet behera, eta, jakina, jendea ze maltzurra eta kupidagabea den esateko ere aprobetxatzen dute, bide batez.

Pau Donesek proposatzen duen konponbidea ondo iruditzen zait, baldin eta taldeek (Jarabe de Palo izan beharko litzateke lehenengoa) hori egiteko ausardiarik izango balute: diskorik grabatu ez eta soilik kontzertuak ematea. Baina egin dezatela, ausartu daitezela hori egitera! Ea zenbat irauten duten. Irratirik gabe, internetik gabe, promoziorik gabe... bizirik iraun nahi dute musikariek?

Uste dut badela garaia konturatzeko errealitate baten barruan bizi garela, eta errealitate hori ez dela duela berrogei urtekoa, ez duela hamar urtekoa, guztiz bestelakoa baizik. Gaur egungo errealitatea internet da, eta alferrik da esatea jendea kontzientziatu egin behar dela, interneten diskoak dohainik baditu. Esku batean disko bat dohainik daukat, eta bestean disko bera, baina ordainduta. Zein hartzen duzu? Galdera hori egitea bezain gauza inozoa da ordaindutako diskoa aukeratzea, jendearentzat.

Beraz, ez eskatu jendeari kontzientziatzeko: kontzientziatu gaitezen gu, eta onar dezagun errealitate berri horretara egokitu behar dugula, irudimena erabiliz baina mugak jarri barik.

Artekale (I)

gabiria 2005/02/09 09:01

Badaezpadan, ez larregi fidatu taberna bi baino ez dituzten kaleekin. Taberna bi eta hogeita hamar arropa dendatik gora, holako kaleekin ez fidatu, badaezpadan. Egia esan, tabernak ere ez dira, baizik eta degustazioak. Gustura egingo nizueke berba degustazioei buruz, baina ez gaur: kale bat harago, Dendarikalen, izango dugu aukera hoberik.

Metro-zulotik irten eta, Unamuno plazan zaudela ez bazeneki, Montparnassen ere imajina dezakezu zure burua, metroaren ahoan akordeoia jotzen egoten den ijitoari esker. Begi bi hauek ikusitakoarekin fidatzen bazarete, kontatuko dizuet aurreko batean mutil itsu bat, hogeita bost urte ingurukoa, dantzan ikusi nuela ijito akordeoilariaren aurrean, bueltaka eta bueltaka ziba baten moduan, besoak airean solte. Begi zuriak zabal-zabalik zituen, beharbada hobeto entzuteko. Horrelakoak ikusten dira, Unamunon eta Montparnassen, edo igual bakarrik Unamunon, mitoek ere asko baitute gezurretik.

Gero, Montparnasserekin segituan ahazten zara, eta larregi ez fidatzen hasi behar duzu, taberna bi baino ez dituen kalera sartzean. Hau ez da Somera, hau konkistatuta dago, ez dago adin eta giro desberdinak lotzen dituen zubirik, eta eskaparateei begira konturatzen zara okerreko kalean zaudela, handiegi eta zaharregi geratzen zaizkizun arropa horiek ikusten dituzunean salgai.

Baina kale guztiek dute esperantza printza bat, eta albotik pasatu zaizu orain, zu koadernoan zerbait apuntatzera joan zarenean. Esperantza ilehori bat, kasu honetan. Ez dakizu gehiago: ilehoria dela eta, albotik pasatzean, haren adatsak masaila laztandu dizula. Gero ez dago gehiago: ez airean zintzilik geratutako perfumerik ez ezer. Bakarrik dakizu ilehoria dela. Aurpegia ere ez diozu ikusi, aurrean duzun arren. Eta, probabilitateen legearekin jolasean, pentsatu duzu degustazio bi horietako batera sartzen bada, zu ere sartuko zarela atzetik. Alferrik: arropa denda batean sartu da, jakina. Lehendik ere bazenekien ez zarela fidatu behar taberna bi baino ez dituzten kaleekin.

Arnasaren soinua duen komunikazioa

gabiria 2005/02/08 09:05

Honezkero ez da kontu berria. Ezin originala izan, beraz, hainbeste aipatutako blogei buruz. Norbaitek pentsatuko du teknologia berriei buruzko ataletan agertu beharko litzatekeela kontu hau, eta ez literatura gai duten orriotan. Baina ez: baliabide informatikoa izateaz gain, bloga etorkizuneko baliabide literariorik interesgarrienetakoa ere izango dela uste dut.

Ez zen blog bat, baina, bere garaian, horren antz handia hartu nion Koldo Izagirrek Susaren webgunean hasi zuen nobelari. Atalak idazten zihoan heinean, sarean jartzen zuen, eta jendeak komentarioak egiten zizkion, sortzaile eta irakurlearen arteko komunikazio bizian. Ordura arte Euskal Herrian ikusi gabeko formatua zen, eta atelierra izena jarri zioten bi aldeen arteko komunikazio-txokoari. Hori 2001ean izan zen, martxoan, eta jarri zioten izena da gutxienekoa, ideia blogarena baitzen gutxi gorabehera. Oraindik ere webgune horretan dago:, edonork bisitatzeko moduan. Merezi du: batetik, Izagirreren testuek beti merezi dutelako, eta bestetik, interesgarria delako esperimentu hark sortu zuen jakin-mina gogoratzea (Markos Zapiainen mezuak, adibidez, EuskaraZ posta-zerrendatik hartuta daude, gaia atelierretik kanpora ere ibili zen seinale). Euskal Herrian blogen fenomenoa indarra hartzen hasi zenean, 2004. urtearen erdialdean, Izagirreren atelierrarekin, bitakora aitzindari harekin, gogoratu nintzen.

Orain fenomenoa azkar eta sendo ari da zabaltzen, eta literaturari eskaintzen dizkion bideak imajinaezinak dira. Mass-media Tartaloaren begirada bakarrak ia irentsi gintuenean, gizarteak herri komunikabideetara jo zuen, handiarekin ase eta bertakoaren gosez. Orain bertakotik bertokora goaz, eta komunikazioaren begirada jendearen mailara heldu da, lurtxoaren parera, komunikabide erraldoiek sekula lortu ezin izango duten mailara txikira, arnasa eta arnasestua entzuten den mailara, izerdira. Azken batean, literaturara.

Marmotaren Urteak

gabiria 2005/02/07 11:38

Barikuan izan zen Santa Ageda bezpera, eta irten ziren taldeak abestera, eta dena beti bezala izan zen beste behin ere. Santa Ageda bezperako gaua hori da niretzako: etxeko patxadatik, etxepera abestera datozen taldeen kantuak eta eskeak entzutea. Nire herrian ere zenbait talde irteten da, hiru edo lau. Agertzen diren azkenak, eta niretzako onenak, beti dira Amnistiaren Aldeko Batzordeetakoak eta Andra Mari dantza taldekoak (aurten, egia esan, azkenak zapatuan irten ziren, konfundituta). Gainontzeko guztia, eszenatokia, kantuak, giroa... beti da berdina, eta, era berean, espeziala. Urteak baditu horrelako mugarri batzuk, espezialak, bereziak. Niretzat, denetan espezialena San Juan gaua da, baina badaude beste gutxi batzuk ere bai, eta Santa Ageda bezpera da horietako bat.

Eta otsailaren 4an beti izaten dut sentsazio txar bera ohera joatean. Egun osoan ez naiz gogoratzen, ez goizean, ez arrastian. Baina gauean, Amnistiaren Aldeko Batzordeetakoak kantuan agertzen direnean, orduantxe gogoratzen naiz egoera errepikatu egingo dela, eta txarto sentituko naizela. Beti da berdin, urtero. Gogoratzen Marmotaren Egunari buruzko pelikula hura? Gogoratzen zelan dena errepikatu egiten zen modu obsesiboan? Bada, niri ere antzera. Eta orduan gogoratzen naiz: "iaz ere gauza bera pentsatu nuen", eta denboraren zurrunbiloa sentitzen dut, iaz ere berdin pentsatu nuelako eta aurrekoan ere berdin eta aurrekoan. Eta denbora aurrera doalako eta Marmotaren Eguna beti errepikatzen delako Santa Ageda bezperan.

Izan ere, talde hori kantuan hasten da, bi edo hiru ahots egiten dituzte modu ederrean, eta gustura egoten naiz entzuten. Baina, orduan, pasarte hori heltzen da:

Lortuko dogu, nahi dogu
anaiak geuganatzea.
Dauden lekua ez da eurena,
badute euren etxea.

Eta bertso bera kantatzen dute aurten eta iaz eta aurrekoan eta aurrekoan, eta horrela beti. Eta Marmotaren Eguna. Eta sentsazio txarra etortzen zait, pentsatzen dudanean hurrengo urtean ere gauza bera kantatuko dutela, ez dutelako "anaia geuganatu", gauzek berdin segitzen dutelako. Eta "lortuko dogu, nahi dogu" hori urtero entzuten dut, beti "nahi dogu", beti "lortuko dogu", baina ez da ezer aldatzen.

Gero ahaztu egingo zait hau dena, eta hurrengo urtean berriro etorriko da Santa Ageda bezpera. Eta orduan konturatuko naiz Marmotaren beste Urte bat bizi izan dugula.

Urruzuno 2004

gabiria 2005/02/04 08:33

Iazko irailean Irlandan egon nintzen, Urruzuno literatura lehiaketako irabazleekin. Suerte hori izan nuen.

Ezagutzen ez duzuenontzat, Urruzuno da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero antolatzen duen lehiaketa literarioa, EAEn Bigarren Hezkuntza egiten ari diren ikasle guztiei zuzendutakoa. Iazkoarekin, 19 urte dira lehiaketa hori antolatzen ari direla, eta emaitzak hortxe daude, lehiaketa horretako irabazleen izenei erreparatzen badiegu:

Nagore Amondarain, Mikel Ayllon, Jon Benito, Gari Berasaluze, Harkaitz Cano, Igor Estankona, Arkaitz Estiballes, Jose Luis Padrón, Fredi eta Xabi Paia, edo Urtzi Urrutikoetxea, besteak beste. Irabazle guztien zerrenda, hemen duzue, excel orri batean.

Bada, irabazleek diru apur bat jasotzen dute sari gisa, eta, batez ere, benetako saria, hamar eguneko bidaia bat da, Europako txokoren batetik. Urtero leku batetik. Hori da benetako saria, ez leku berriak ezagutuko dituztelako, ez beste hizkuntzetara ohituko direlako... ez. Benetako saria bidaia izatearen arrazoia da irabazleetako bakoitzari aukera ematen diola hamar egunez bere moduko pertsonekin elkartzeko, eta konturatzeko bera ez dela literaturarekin maiteminduta dagoen "bitxo arraro" bakarra. Kontuan izan, gainera, ikasle hauetako bakoitza irla bat dela bere ikasgelan: beste denek burua nesketan (edo mutiletan) eta Athleticen (edo Errealean) dutenean, hauek nesketan (edo mutiletan) eta literaturan (edo literaturan) dute. Ez dira besteak bezalakoak, eta zail dute euren parekorik aurkitzen, zaila delako pertsona bi elkartu eta literaturaz edo enparauez berba egitea. Baina bidaia horrekin, hamar eguneko elkarbizitza horrekin, antzeko jendea aurkitzen dute, eta hamar eguneko eztanda izaten da: esate baterako, batak besteari esaten dio ze idazle gustatzen zaion, eta, berehala, autore hori ahotik belarrira dabil, eta deskubrimendu eta konpartitze prozesu itzela da. Gauza handia da, benetan. Kanpotik ikusteko ere ederra.

Hala bizi izan genuen guk, iazko 20 ikasleekin joandako hiru arduradunek: Fernando Morillo, Patxi Gaztelumendi eta hirurok. Inbidiaz eta pozez ibili ginen eurekin. Inbidiaz, guk halakorik ez genuelako ezagutu, eta irla izaten jarraitu genuelako askoz ere denbora luzeagoan. Eta pozez, ikusten genuelako zelan erlazionatzen ziren, zelan deskubritzen zituzten idazleak (Eduardo Galeano izan zen izarra), zelan interesatzen ziren eurek egindako lanekin, zelan zeukaten neurriz kanpoko sentsibilitatea.

Bidaia, guretzat ere, iniziatikoa izan zen alde horretatik. Ez soilik eurentzat.

Hauek izan ziren irabazleak, atalez atal (euretako batzuen azalpen eta guzti):

A maila (Batxilergoa)
Prosa:

1- Jon Fernandez (Ondarroa): "Spaghetti bihurriak tomatetan"
2- Juan Atxutegi (Zornotza): "Herdoildutako izkinek ez dute sentipenik"
Metroan otu zitzaidan 2004ean Urruzunora bidali nuen lana. Herri batetan bizi naiz, eta hirira noan bakoitzean, hango anonimatoak liluratu egiten nau. Jendea behatu eta bakoitzaren istorioa eraikitzen saiatu ahal izatea... Bestalde, New York dago. Ez da izango hiririk ederrena, ezta literarioena (agian bai, batek daki) baina han lehenengoz izan nintzanetik bere milaka alde ezberdinetako batzuk isladatzen saiatu naiz, eta, Moyuako Metro estazioan derrepentean aurkitutako begiradari jarraituz, hiria deskribatzera ekin nion, alde onak eta txarrak erakutsiz: kosmopolita alde batetik, inpertsonala eta basatia bestetik. NYC, besterik gabe.
3- Manex Berzosa (Ordizia): "Puritanical Euphoric Misanthropia"
4- Olatz Urkia (Donostia): "Saminaren gatibu"
5- Izarne Oiarzabal (Ondarroa): "Antipodetako bikia"
Nik bakarrik esan dezaket buruan milesima batez bi kablek kontaktu egingo balute bezala dela, korrontea pasatzean. Sekula eman dizu zerbaitek kalanbrea? ba horixe gertatzen denean bezala da, hasieran sustoaren antzera, derrepentekoa, eta gero milesima hori pasatu eta denbora baterako sentsazioarekin geratzen zarela, eta hortik jarraitzen du beste guztiak.
6- Leire Telletxea (Bera): "Ulertu ezinean"

Poesia:

1- Josu Martinez (Bilbo): "Bihotz urdinak kale grisetan"
Auzokide ex-urruzunotarrei entzuteaz aspertuta eta Urtzi Urrutik animatuta bidali nituen testu biok. Berak iritzi-aholku zenbait eman zizkidan gainera. "Bihotz Urdinak kale grisetan" oso oso arin idatzia da, egun bitan edo; eta Etiopiak eragin zidan zirrara pixka bat, (baina pixkatxo bat bakarrik e!) igartzen dela uste dut.
2- Jon Fernandez (Ondarroa): "Heriotzari ongietorria"
3- Josu Martinez (Bilbo): "Barrutik itxitako ateak"
"Barrutik itxitako ateak" lan landuagoa eta dispersoagoa, gai aldetik eta denbora aldetik. Txarragoa ere bai (niretzako). Halan da be danetik entzun dut. (batez ere, ez kezkatzeko; bestea hau bezain txarra dela).
4- Xabier Perez de Mendiola (Igorre): "Bakarrizketa"
5- Amaia Gezala (Hondarribia): "Zorionaren patua"
Andre batek zoriontsu egiten zuen guztia galdu du. Ez du bizitzeko arrazoirik. Izan denaz oroitzen hasten da. Eta azkenean, dituen sentimendu guztiak hiltzen zaizkio.
6- Olatz Ibarluzea (Mungia): "Hutsa"
7- Julene Sagarna (Bilbo): "Huts, min, urrun..."

B maila (DBH 3 eta 4)
Prosa:

1- Jon Iraola (Hernani): "Isiltasunaren bakardadean"
Esperimentatu egin nahi nun ta ondo atera zitzaidan. Nire nobelak maitasun txotxolo bat erabiltzen du aitzakia bezala bakarrizketak eta abar tartekatzeko.
2- Esti Vivanco (Bilbo): "Miranderen itzalpean"
3- Alots Arregi (Azkoitia): "Gaur, berandu sartu zait beltza hartzeko gogoa"
4- Oihane Zelaia (Ondarroa): "Zurekin eta zu gabe"
5- Olatz Mitxelena (Oiartzun): "Negar malkotan bihotza"
6- Garazi Ugalde (Lezo): "Malko gaziak"
7- Raquel Moreiro (Urretxu): "Soriako botijoa"

Poesia:
1- Olatz Mitxelena (Oiartzun): "Munduaren koadroa"
2- Alots Arregi (Azkoitia): "Gasolindegirik baldin bada"
3- Ainhoa Mendibil (Elgoibar): "Itsas eraso gaiztoa"
4- Garazi Etxeberria (Ataun): "Zurekin, baina zu gabe"

Bidaia

Irailaren 12ko gauean irten ginen Loiuko aireportutik, eta 22an bueltatu ginen. Tartean, Irlanda:

  1. eguna (13): Dublin
    2. eguna (14): Galway
    3. eguna (15): Connemara
    4. eguna (16): Donegal
    5. eguna (17): Donegaleko iparraldea
    6. eguna (18): Inishowen penintsula eta Derry
    7. eguna (19): Derry
    8. eguna (20): Ipar Irlandako kostaldea eta Belfast
    9. eguna (21): Belfast
    10. eguna (22): Buelta

Tartean, James Joyceren estatua, Galwayko kostaldea gauez, Connemarako bizikletak, Donegaleko taberna dantzan jarri genuenekoa, Derryko Bogside auzoa, Bloody Sunday pelikula, Erraldoiaren Galtzada, Belfasteko Falls auzoa, Là egunkaria... eta poesia errezitaldiak, eta autobuseko solasaldiak, eta Là egunkariko portadan agertu ginenekoa, eta guk baino gogoratuko ez ditugun beste mila une.

Taldeak izena ere hartu zuen: aldez aurretik Berriarekin hitzartuta geneukan egunero-egunero zutabetxo bat idaztea, Fernando Morillok eta nik, txandaka; bada, lehenengo egunean, Dublinen geundela, Joyceren estatuaren aurrean, Juan Luis Zabalak deitu zigun, galdetzeko ea ze izen jarriko genion zutabe horri. Eta zutabea guk idatzi arren, gazte hauei buruzkoa izango zenez, hasi ginen galdezka euren artean, ea euren "bandarako" ze izen nahi zuten. "Pog mo thoin", esan zuen norbaitek (apustu egingo nuke Olatz Ibarluzea eta Ainhoa Mendibil izan zirela), izan ere, justu apur bat lehenago postal batean ikusi zuten esaldi hori idatzita eta, dendariari galdetu ziotenean zer esan nahi zuen (gaelikoz baitago esaldia), dendariak erantzun zien "Kiss my ass". Horrela sortu zen "Pog mo thoin banda", nahiz eta, gero, izen hori Mungiako rok talde batek hartu zuen, eta, jakina: rokeroak ezagunagoak egin direnez (Euskadi Gaztea maketa lehiaketa irabazi dute), izen bereko idazle gazte hauen ipurdia orain ez du inork musukatzen, koitaduok. Baina gaur blog honetako protagonista dira, ondo merezita gainera!

Bide batez, eta blog kontuak aipatzen hasita, esan dezagun eurek ere badutela asmoa horrelako zerbaitetan hasteko, baina kosta egiten zaie, kosta! Hala ere, euretako batek, Jon Fernandez ondarrutarrak, badauka bere blog pertsonala, eta seguru nago etekin ederra aterako diola, irakurle izango gaituen guztion atseginerako. Ea banda ere animatzen den eurena sortzera.

Izan ere, gazte hauek behar dutena da akuilu on bat atzetik. Gauza bera gertatu zitzaigun Irlandan ere: egunero esaten zuten manifestu bat idatziko zutela, baina egunak bata bestearen atzetik joaten ziren, eta ezertxo ere ez. Azkenean, justu azken egunean, Belfasteko Culturlann zentroan bilduta, idatzi zuten manifestu dontsua, eta argitaratu ere bai, hurrengo eguneko Berrian. Gazte hauetako bakoitzak "tanta bat" idatzi zuen, eta Fernandok eta biok beste bana: guztira 22 tanta, nahaste borrastean, tanta bakoitza norena den jakiteko ere zail. Hona hemen:

Manifestua

Belfasten, euri berdea. Badator eta badoa; tanta batzuk, berriz, betiko geratzen dira oroimenaren estoldetan galduak.

1. tanta. Iluntasuna ikusteko, argia piztu nuen, eta armairu barruan ezkutatu zitzaidan, berriro.

2. tanta. Gizon ezezagun batek, «aitaren» egiteko esan zidan, Belfasteko eliza katoliko parean.

3. tanta. Liburuak Pub-etan idazten direlako, bizitzaren pasarteetan, ez urrezko kartzeletan, aparientziaren mundu nazkantean.

4. tanta. Idazle denak ez du soilik itsasoaz idatziko, ur tanta bakoitzaz idatziko du.

5. tanta. Parrandak kendu bagenizkio / banda bat izango zen / ta ez zen desegingo. / Baina horrela / ez zen gehiago Póg Mo Thóin izango / eta nik Pog Mo Thoin nuen maite.

6. tanta.

7. tanta. Hasten den guztia amaitzen da, hau, hasi bakarrik egin da...

8. tanta. Irlanda gure poesia ederrenen / hitza besterik ez da.

9. tanta. Passport sir, galdetu zidaten. No, erantzun nien. Hala ere, algara berdeetako lurra berdeetako lurra zapaltzera iritsi nintzen, maite ditudan hogeitalau irribarreekin batera.

10. tanta. Antzokian antzezleak antzezlanak antzezten: antzokia mundua / antzeztea izatea / antzezleak izakiak / antzezlanak bizitzak / IRLANDA GURE BIHOTZETAN / maite dut egunsentia / eta irlandar ilunabarra /maite dut guinnessa ta / maite dut kafe irlandarra / maite dut gure giroa / gure arteko indarra / maite ditut hotelak ta / baitabe juerga beharra / maite ditut irlandesak / eta euren irrifarra / maite dut paisaia hemen / itsaso zeru zein larra / maite dut hemengo historia / berria izan zein zaharra / Poesia ez da irlandara / lotzen gaituen bakarra.

11. tanta. Doinu irlandarren erritmo sarkorrak, bere paisaien edertasunak, bertako biztanleen irribarre samurrak, irlandaren bihotzeraino eramanarazi gaitu.

12. tanta. Hitzaren fereka sentitzean, artisten senak biziraunen du.

13. tanta. Errekak itsasoan hiltzen diren bezala / bidaia hau ere heldu da bere bukaerara. / Hala ere, bertan sortutako laguntasunek ez dute inoiz / itsasoaren amaierarik ezagutuko.

14. tanta. Oroimen zaharkitu eta higatuenak ere ahantzi ezin ditzakeen oroitzapenak melankolia jasangaitzenaren iturri.

15. tanta. Eta esnatu zenean, dena guzurra zen.

16. tanta. Zuhaitz hotzen karrikek berotu digute bihotza.

17. tanta. Bertigoa dute Paristik datozen haurrek.

18. tanta. Gaur Leireri ez diote ile-adatsek batere izorratuko, zinta gehi koleta jarri baititu. Hala, toma!! Bitartean, gainontzekoak isiltasunaren oinaze itsuetan galdurik daude La egunkari gaelikoa helburu dutela, ahazturik gure trip-aren amaiera iristear dagoela.

19. tanta. Che Guevararen kamiseta zeraman gazte iraultzaileari non erosi zuen galdetu nion. El Corte Ingles-en, erantzun zidan.

20. tanta. Atzo, giltza galdu genuen. Gaur, zerraila aurkitu dugu. Jada ez ditugu behar. Txoriak gara. Berriro.

21. tanta. Bidaia amaitzear dago / baina beti gogoratuko dugu.

22. tanta. Badoaz beleak, badoaz. / Badatoz kaioak, kaioak.

Azkenik, gauzarik inportanteenetakoa: gogoraratu idazle gazte hauen emaitza argitaratuta dagoela, eta pdf formatuan ere eskura dezakezuela, hemen klik eginda. Merezi du: jaitsi, irakurri eta gozatu etorkizuneko idazleekin.

Euskal Herriko 7 mirariak

gabiria 2005/02/03 08:14

Duela gutxi entzun nuen ekimen berri bat sortu dela interneten: munduko zazpi mirari berriak aukeratzea. Jendea bozkatzen hasi, eta zerrenda luzea irten da, baina, jakina: zazpirentzat baino ez dago lekurik, eta batzuek kontu pertsonal bezala hartu dute hau. Esate baterako, Espainiako telebistetako informatiboetan jo eta ke ari dira azkenaldion, Alhambraren alde bozkatzeko eta bozkatzeko esaten. Izan ere, Alhambra 13. postuan dago, eta zail dauka zazpi aukeratuen artean sartzen.

Zerrenda osoa hemen dago, baina aipatu dezagun zeintzuk diren lehenengo zazpiak une honetan:

1- Txinako harresia (Txina)
2- Potala Jauregia (Tibet)
3- Taj Mahal (India)
4- Koliseoa (Italia)
5- Chichen Itzako piramideak (Mexiko)
6- Bazko Uharteko estatuak (Txile)
7- Pisako dorrea (Italia)

Eta zerrenda berritu nahi dute, beti-betiko zazpi mirarietatik bat baino ez delako geratzen, Egiptoko piramideak. Zeintzuk ziren beste seiak? Gogora ditzagun, labur-labur: Halikarnasoren Mausoleoa, Rodako Erraldoia, Babiloniako Lorategi Zintzilikatuak, Alexandriako Faroa, Zeusen estatua, Artemisaren tenploa eta aipatutako piramideak.

Bada, kontu hauek entzunda, eta ikusita Euskal Herriko mirari bakarra, Guggenheim Museoa, 46. postuan dagoela, pentsatzen ibili naiz zeintzuk izango liratekeen Euskal Herriko zazpi mirariak, holakorik balego. Mila leku eta bazter bururatu zaizkit, baina kontuan hartu behar da gizakiak egina izan behar duela: ondare naturalek ez dute balio, eta herri osoak miraritzat hartzea ere (esate baterako, Hondarribi, Biasteri...) erraz samarra iruditzen zait.

Beraz, elementu isolatuak izan beharko lukete: eraikin jakin bat, nola edo halako osotasuna duen konjuntoa (asko jota, kale edo auzoren bat) eta abar.

Hasi naiz pentsatzen eta... aizue! edo laburregi geratu eta ez naiz zazpira heltzen, edo zazpitik gora noa eta ezin zerrenda mugatu. Baina tira: azkenean ausartu naiz zerrendatxo bat egiten, eta, badaezpadan, beste batzuk ere utzi ditut kanpoan.

Hauek dira nire aukeratuak, ordena alfabetikoan.

Euskal Herriko 7 mirariak

1) Añana-Gesaltzako gatz-plataformak
2) Arantzazuko santutegia
3) Gaztelugatxe
4) Loiolako basilika
5) Oliteko gaztelua
6) Orbaitzetako ola
7) Zumarragako Antiguako ermita

Denak ez ziren kabitzen, eta hauek kanpoan geratu zaizkit...

Abadia gaztelua
Igartubeiti baserria
Gorbeiako gurutzea
Lekeitioko Andra Mari eliza
Portugaleteko zubia
Urkuluko dorrea
eta beste mordotxoa...

Zazpitik, beraz, elizarekin erlazionatutako lau daude (Gaztelugatxekoa ere ermita da). Eta kontuan hartzeko moduko datu bat: Añana-Gesaltzako gatz-plataformaren kasuan eta, batez ere, Orbaitzetako olarenean, Gobernuetako Kultura Sailek ez dute oso jarrera eredugarria erakutsi. Erabateko utzikeria dago Euskal Herriko hainbat monumenturen inguruan, esate baterako Orbaitzetako ola eder horretan.

Askotan pentsatu izan dut honetan, eta gaur berriro: adibidez, monumentu hauek Frantzian egongo balira, zer? Zenbat folletotan ikusiko genuke eurei buruzko propaganda? Ez ote lituzkete bertara heltzeko errepideak asfaltatuko? Ez ote lukete euren ondarea guk baino mila bider hobeto salduko? Noiz espabilatuko gara?

Ondare artistiko interesgarria dugu Euskal Herrian, baina ez dugu saltzen. Ez dakigu edo ez dugu nahi. Baina ez naiz ari kanpokoei saltzea, turista madrildarrez betetzeko Olite edo Igartubeiti, ez: ari naiz esaten ez dakigula saltzen geure artean ere, eta ez dakigula hortxe bertan ditugula Mirandaola, Agorregi eta gizakiaren eskutik sortutako beste ehun monumentu eder. Zer esanik ez naturak sortutako monumentuei buruz. Ez dakigu ezertxo ere. Ez dakigu saltzen edo ez dugu nahi. Utzikeria galanta dago gure kulturaren inguruan.

Enrique Morente

gabiria 2005/02/03 08:11

Enrique Morente (Granada, 1942) flamenko kantari handiak elkarrizketa eman dio gaur Berriari, eta gauza interesgarriak esan ditu:

Errealitatea eta artea

Ez dut ulertzen errealitatetik urruntzen den musika. Lan artistikoki polita baino, nahiago dut panfleto bat egin, maitasuna, adiskidetasuna eta gizatasuna artearen aurretik daudelako.

Mendeurrenak eta omenaldiak

Beldur hori bera dut orain Cervantesekin; hau da, ez ote garen nazkatuko mendeurrenarekin. Orain dela hiru urte inor ez zen oroitzen hartaz, eta orain egunero izango dugu platerean. Duela hamalau urte, El Quijote-ren egokitzapen bat egin nuen, baina diru faltagatik ezin izan nuen aurrera eraman; ez nuen laguntzarik izan. Aurten, aldiz, Grec-ek eta Teatro Españolek berriro egiteko eskatu didate. Ziur aski egingo dut. Baina ikusiko dugu ez ote dugun Cervantes denon artean akabatuko.

Somera (eta III)

gabiria 2005/02/02 08:00

Eta holako batean pentsatzen duzu errealitatea kalean bizi dela, Euskaldunako langilea tabernatik irten denean eta musika-aparatuan Serrat abesteko puntuan dagoenean. Edo agian tabernan bertan bizi da, telebistan arratsaldeetako talk-show bat daukatelako jarrita, eta ugazabandreak ez dizulako aurpegira begiratzen kafea ateratzean.

Baina kalera irten naiz. Eta abiatu, eta hiru bider paseatu naiz Someratik atzera eta aurrera, ez baita erraza lehenengo begiratuan dena harrapatzea Zazpi Kaleetako kalerik luzeenean. Eta errealitatea zenbatu dut, eta apuntatuta geratu da nire koadernoan: hamasei taberna, mota eta estilo guztietakoak. Arropa, zapatak eta osagarriak saltzen dituzten hogeita bost denda: arropa klasikoa, informala, hip-hoperoa, baserri girokoa, gotikoa, modernoa, hippya edo mendikoa. Eta tatuajeak egiteko denda bi, eta bazar txinatarra, disko-dendak, fruta-denda bat kalearen erdi-erdian, burdindegi bi elkarren parean eta, zelan ez, Harino Panadera ogitegi bat, Egunkaria, Korrika eta presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzen duten kartelekin. Errealitatea, bai, kalean bizi da. Esate baterako, ia parez pare dauden beste bi dendatan ikusten den moduan: alde batean, Semillas Antuñano, ortuaren mundua, bere hazi eta landareekin. Bestean, Kalamundua, kalamuaren mundua, bere hazi eta landareekin. Antzeko munduak baina errealitate desberdinak. Eta gero altzari dendak, eta antzinako garaietara garamatzan Meltxora, hango kaiku eta pololoekin, txapel eta mahoizko prakekin.

Somera inork guztiz konkistatu gabeko kalea da. Adin eta giroen arteko nahasketa inon sumatzen bada, hementxe da batez ere, eta fruta-dendako bezeroen artean inor ez da harritzen alboko tatoo-dendatik piercing batekin irten berri den neskarekin, edo K2 tabernako bezeroek Bikandin hartzen dute gero trago bat, giro modernotik zerrautsez estalitako zorura pasatuz.

Harantzago, kale gehiago, errealitate gehiago. Harantzago erreka, harantzago Bilbo Zaharra, harantzago askoz ere errealitate gehiago. Askoz ere beltzagoa eta ijitoagoa, hango errealitatea. Baina errealitate.

Metroko irakurrienak

gabiria 2005/02/01 09:33

Egunkariek ematen dituzten liburu salduenen zerrendekin ez naizenez larregi fidatzen, neure zerrendatxoa egitea erabaki dut. Ez salduenena, baina bai metroan eta trenean jendeak irakurtzen dituenena. Modu horretan, bide batez, metroan eta trenean noanean ez naiz aspertzen, sekulako ekilibrioak egin behar izaten baititut liburuen izenburuak irakurtzeko. Dagoeneko ikasi dut letrak alderantziz irakurtzen, eta trebezia handia lortu dut leihoetan islatutako portadak identifikatzen.

Horrela, bada, urtarrilaren 1ean hasi eta atzo arte, begiak ondo zabalik joan naiz, ikusteko zer den jendeak irakurtzen duena. Konturatuko zaretenez, zerrenda laburra da. Izan ere, jende mordoa ikusten da liburuak irakurtzen, baina, ulertuko duzuenez, batzuetan lotsabako samar geratuko nintzateke liburu baten izenburua zein den deskubritzeko ahaleginean, esate baterako burua irakurlearen belaunetan jarri eta gora begira geratuko banintz, portada pare-parean izateko. Ez. Oraindik ez naiz heldu holako mailara. Egunen batean.

Zerrenda honek ez du ezertarako balio, baina ez dakizue ze ondo pasatu dudan nik. Beraz, kontortsionismo literarioarekin jarraituko dut, hurrengo hilean ere zerrenda ateratzeko.

Urtarrileko liderra Dan Brown izan da, baina Bernardo Atxaga izan da liburu birekin agertu den bakarra.

Hauek izan dira urtarrileko liburuak: (bestelakorik aipatzen ez den bitartean, liburu bakoitzak irakurle bakarra izan du)

_Euskaraz_:
"Obabakoak", Bernardo Atxaga
"Kolosala izango da", Joseba Sarrionandia

Gaztelaniaz
"El código Da Vinci", Dan Brown (3 irakurle)
"El hijo del acordeonista", Bernardo Atxaga
"Los hijos de Ogaiz", Toti Martinez de Lezea
"Levando anclas", Roge Blasco
"La tempestad", Juan Manuel de Prada
"El amor y la nada", José Luis Ferris
"Desgracia", J.M. Coetzee
"2666", Roberto Bolaño
"Assassini", Thomas Gifford
"Tuareg", Alberto Vazquez Figueroa
"La reina del sur", Arturo Perez Reverte
"El crimen del Padre Amaro", Jose María Eça de Queiroz

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.