Praktikotasuna
Hirurehun mila euro inbertituko ditu Udalak herriko jolasparkeak berritzeko (...) Hirigintza Saileko zinegotzi Juanjo Arrietak kontatu digu herrirako aparailu egokiak aukeratze aldera leku askotan ibili direla begira: "Azoka handiena ikusi genuen Italian" (...) Donostian udaletxe aurrean badirela azkoetan ikusten ibili diren zabuen antzekoak. Goienkaria, 06-5-19
Ez naiz emakumeak agintean baleude mundua ezberdina izango litzatekela uste duten horietakoa. Ostera, bai iruditzen zait agintariek emakumeek oro har mendeetako etxekoandretzaren ondorioz edo garatu dugun praktikotasuna erabiliko balute, mundua errezagoa izango zela.
Bergaran jolasparkeek aspaldi zeukaten berritzeko premia. Ulertzen dut Udalak ezin diola edozein arazori berehalako irtenbiderik eman, arazoak asko direla eta dirua beti eskas, agintarien lanaren zati handi bat lehentasunak finkatzean datzala. Orain iritxi zaie jolaslekuei txanda. Eta hasi zaizkigu agintariak ziburu egokienak ipintzeko moduaren bila. Albisteak dionez, joan dira Europara, leku askotara, baita Italiara ere. Azkenean zein marabilla topatu, eta Donostiako udaletxe aurrean daudenak bezalakotxeak ipiniko dituztela.
Ziburu onak eta modernoak aukeratzeko orduan, ez zen nahikoa Donostiako Alderdi-ederretik edo Araba plazatik, Bilboko Guggenheim ondotik osteratxo bat egitea, gertu-gertuko hiru jolasparke egokiak aipatzearren. Edozein guraso koadrillak eman ditzake bostpasei jolasleku onen izenak, guztiak ehun kilometroko gorabeheran.
Bidaian erabilitako udal sosak alde batera lagata (gogoan izan lehentasunen kontua), benetan beharrezkoa zen Bergarako Udaleko ordezkariak Europan zehar paseatzea ziburu aukeran, Euskal Herrian ziburuak ipintzen lehenak izango balira moduan?
Badakit praktikotasuna ez dagoela udal kudeaketa zuzentzen duten irizpideen artean.Ziburuak aukeratzeko bidaiaren erabakia ez da agintari praktiko batena, gizon zein emakume.
Sirenia eta Don Pedro
Guraso ezperfektuok ondo dakigu: umiak gogaitkarrixak izan leizke batzuetan. Esate baterako, kasketoso ipintzen diranian. Edo arratsalde oso bat eten bariko eskian txaplatadia emoten dihardutenian. Horrelako bi kasuotan atera jataz neri, filmeko Belindari moduan, barruan neramanik ez nekixan bi esamolde eibartar. Ikusi:
Hiru urteko umia orroka, txillixoka, amaren pazientzia gutxixa probatzeko laineko kasketiakin. Jesus ume, isildu zaitez behingoz, Alfako sirenia emoten dozu-ta!. Jakina, umiak ez daki zer dan Alfa, sirenia edo enparaua, ezta inporta be, eta bere horretan segitzen dau. Ostera amak, harrituta bere barruari: zenbat urte Alfako sireniaz ezer be entzuten ez nebala!
Bigarrena: zortzi urteko umia arratsalde osuan eskian: erosi hau, bestia nahi dot, emon, erosi Umia, Don Pedrok baino gehixao eskatzen dozu!. Honek be ez daki zein dan Don Pedro edo zer dan Don Pedrok baino gehixao eskatzia. Eta amak berriro: zenbat urte hori esaeria entzuten ez nebala!
Txikixak ginala ume eta gurasoen artian takian potian erabiltzen ziran bi esaerok: bat zarataka hasten zanian, Alfako sirenia emoten zebala esaten zetsen. Eta eskian zebilenian, Don Pedrok baino gehixao eskatzen zebala. Baina orduan ume bai gurasoek, denok, bagenkien bata zein bestia zer ziran. Alfako sireniak hamabixetan jotzen zeban eta herri ixa osuan entzuten zan. Alfako biharginendako eta haien familixendako balixo zeban, bazkaltzeko ordua markatzeko, baina baita be beste eibartar askori erreferentzia emoteko, herriko erloju bat izango balitz moduan. Bazeguan be sirenia entzuteko moduarengaitik eguraldixa iragartzen zeban sasi-jakintzurik.
Ez naiz akordatzen noiz isildu zan sirenia, makinatxo bat urte izango da, eta ez dakit oraindik guraso eibartarren batek konparazioa erabiltzen daben ala ez.
Don Pedroren esaeriakin berdin. Txikixak ginala bagenkien zein zan Amañako abadia, gabardiña urdinakin Mobbiletian pasatzetik ezagutzen genduan. Don Pedrok eskatzaile famia zeukan herrixan. Misiñoetarako, pobriendako eskatzen zeban, alde honetatik lan haundixa egin zeban. Baina ezin ukatu herrixan esaeria zabalduta zeguala: baten bat gehixegizko eskariakin etortzen zanian, segituan esaten zetsen Don Pedrok baino gehixao eskatzen jok/n!.
Don Pedro hil zala be badira urte batzuk, eta ez dago haren arrastorik segitu daben abaderik Eibarren. Hortaz, esaeria be galtzen joango da.
Kontua da bi esaerok eibartar-eibartarrak direla, euskeraz zein erderaz, eibartarrek zein etorkinek erabiltzen genduzela. Beste inon ez daukate zentzurik, eta seguru asko gaur egun be gutxi batzuendako baino ez daukate esanahirik.
Kuriosoa da baina oroimenak zelan dauzkagun barneratuta, dauzkagunik be ez dakigunian, eta une egokixan zelan urtetzen jakuzen, pentsatu barik. Ez jaku ba lana falta: umien kasketaldixak eta eskaldixak jasatia, eta umiei esaeron esanahixa azaltzia.
Dena ondo dago
Urte bete joan da Oierri retinoblastoma hura ikus ziotenetik. Apirilaren 19an izan zen, Aita Santu berria aukeratu zuten arratsaldean. Gogoan daukat okulistak esan zigunean bururatu zitzaidana: hau da medikuak zure semeak minbizia duela esaten dizunean. Sentsazio arraroa, egoeratik kanpo ikusiko bazenu bezala.
Tira, kontua da gauzak abiada handian joan zirela orduz geroztik: gaixotasunaz jabetzea, La Pazeko kontsultak, kimioterapia saioak Dena joan zen oso azkar.
Kimioterapiak ez zuen lortu tumorea sendatzea, eta abuztuan operatu egin zuten Oier. Retinoblastoma eta begia. Ondo joan zen operazioa. Ostiral arratsaldean egin zioten eta astelehen goizean Debako hondartzan zebilen umea jolasean. Gaitza errotik kentzea lortu zuten.
Irailaren hasieran, Arrate egunez, Bilboko okularistak bere lana egin zuen, eta Oierrek ondo eta guapo hasi zuen ikasturtea.
Harrez geroko errebisioetan, irailean, abenduan eta apirilean, gaitzaren zantzurik ez da ageri. Hemendik aurrera errebisioak bost hilabetez behin izango dira. Oier primeran dago, berritsu, guapo eta alai. Dena ondo dago, pasa da ufala
Narrutsik
Mila eta berrehun lagunek hartu dute parte Spencer Tunick argazkilariak Donostian antolatu duen instalazioan; New Yorkeko artistak bost argazki atera ditu jardunaldi arrakastatsu batean ( ) Parte hartzaileak pozik dira. Gehienak errepikatzeko prest. Spencer Tunickek ere espero baino lan beteago egin du. Berria, 06-4-23
Ez eidazue esan herri hau ezusteko galanta ez denik. Pentsatu hirurehun morroi elkartuko direla zapatu bateko goizeko zortzietan, bilutsik, artalde moduan gobernatuak izateko, eta hara! mila eta berrehun lagun arte-lan batean azala airean agertzeko gertu. Topikoak eraisten? Ez al ginen euskaldunok tradizioz itxiak eta lotsatiak? Zapatuan niregandik gertu kafea hartzen ziharduen atso taldeak ez zion ondo irizten Tunicken instalazioari. Gizonik egon ez balitz, ba tira, behar bada bai, zioten. Baina emakumeak eta gizonak, guztiak bilutsik, eta umeak! denak nahastuta, onartezina.
Ordea, andreok, herri honetan gizonak eta emakumeak bizi gara, fifty-fifty gutxi gorabehera. Eta gauzak guztien artekoak izan beharko dute, diot nik, zeren jakina da gero eta gaizkiago ikusita daudela sexu bateko pertsonek bakarrik parte hartzen duten ekimenak. Gogoan izan Gaztelubideko danborrada, Berdinatasunaren Legea.
Tira, ala agian ez, ikus Ahotsak ekimena. Guztiak emakumeak, guztiak ados, biluztasun puntutxo batekin, bai. Lan handiz, asmo ezin hobez. Baina andreoak, hemen ere gogoratu herri honetan fifty-fifty bizi garela, eta ados ipini beharrekoetan gizonek (ere) hartu behar dutela parte. Batez ere, huskeria bat, zartagina kirtenetik daukatelako. Bestela, putza.
Beraz, Tunicken instalazioaren ondorengo aroko lelo berria, biluztu, nahastu eta artzainari kasu, arte lanaren hobe beharrez. Eta topikoak suntsitzen dihardugun honetan, hurrengo instalazioa, Debagoienan.
Non zeunden jakin zenuenean?
Su-eten iraunkorra iragartzear zegoen eguneko goiz honetan euria ari zuen, udaberriko euri argia. Goiz askotan legez, Paulorekin demanda izan dut bederatziak laurden gutxitan ingeleseko liburua aurkitzen ez zuelako. Ate ondoan tregua, eta musuarekin joan da. Oier, betiko moduan, kexu ikastolara joan nahi bai, baina lehenago Peter Panen barkuarekin jolastu nahi zuelako. Azkenean konbentzituta eraman dut ikastolara, esku batean laranja bat eta bestean buruz dakien Popotka siouxaren ipuina zeramala.
Gladys ekuatoriarrak gaur zeukan paperak ukatzearen aurkako epaiketa, Donostiara joan da. Nola ote zioakion.
Kotxean sartu, irratia entzun, aparkatu eta bulegora sartutakoan kafeak eman dit lanerako lasaitasuna. Kafea eskuan, eguneko agenda begiratu, korreoa irakurri. Hamarretan bezero bat. Hamaika terdiak arte neu berbetan. Beste kafe bat mingaina bustitzeko, bitartean deiak. Iñakirekin hogei minutu telefonoan. Aldi berean SMS baten seinalea, Xabierrena, Gladysen epaiketa ondo joan dela dirudiela. Tira. Laneko gaia bukatu ondoren, Iñakirekin hurrengo hauteskundeez dihardut, treguak nola baldintzatuko ote dituen. Zein tregua, diogu, horren beste denbora anuntziatzen eta sekula deklaratzen ez den hori? Hainbeste gauza ari da gertatzen bitartean, ezkorrak gara.
Telefonoa eskegi. Pantailari begiratu, 12,22ak, mezu bat eibar.orgera "Amatiñok bidalitakoa":http://news.gmane.org/gmane.culture.language.basque.eibartarrak/: SUETENA. Zer? Beste mezu bat, Xabier Mendigurenena ETAk su-eten iraunkorra hasiko du ostiral honetan. Susanaaaaaa, dihar egin diot lankideari, tregua, que temenos treguaaaa!!. Momentuan telefonoa, Iñigo: ikusi duzu? entzun duzu? Sartu egunkarietan, ETAk komunikatua bidali du su-etena deklaratuz. Ilusioa, poza, irrifarrea, urduritasuna. Irratia, internet, eta eguerdian ardoa eta pintxoa. Merezi zuen. Izango ei da.
Buelta unibertsala
Puertollanon Almodovarren azken filmea estrenatu zen, Volver. Bertan zinegileak La Manchako bere oroitzapenak kontatzen ditu ( ) Castilla-La Manchako presidenteak adierazi zion: "Zenbat eta mantxegoagoa izan, gero eta unibertsalako zarela erakusten duzu". ( ) Beti daramazu La Mancha zeure bihotzean eta zuere zinean. El Pais, 06-3-11
Almodovarrek, zalantza barik, festa eta marketina antolatzeko gaitasun aparta du. Egozten zaizkion alabantza artistiko guztiak ordea, eztabaidagarriagoak iruditzen zaizkit. Almodovar, nire ustez, ez da artista handia, baizik eta guztiek artista handia esaten dioten norbait. Usteak uste, Qué he hecho yo para merecer esto eta Mujeres al bode de un ataque de nervios asko estimatu nizkion. La flor de mi secreto ere, tira, ondo. Ostera Atame, Kika eta Todo sobre mi madre, ba, ene ustez, polito esateagaitik, ez ziren izan, inondik ere genio-lanak. Aitortzen dut Hable con ella eta La mala educaciónera sartzeko nahikoa ausardi izan ez nuela.
Talentu zinegilea hortan lagata, Almodovar artista da zirkua eta zalaparta sorrerazten. Bera eta bere ingurua ikuskizun bilakatzen du. Inork ez bezala kontrolatzen ditu bere lanen inguruko ikusminak, albisteak, medioetako agerraldiak. Ikus bestela azken egunotan, filmea bukatuta duela, komunikabideetan agertzeko gaitasuna eta ugaritasuna. Beti goraipatua. Ikutu du zerua, eta orain, dena dela egiten duela, guztia dago bedeinkatuta. Puertollanoko ikuskizuna, horren adibide.
Tarteak tarte, imajina al dezake inork Obaba filmea Asteasun egingo den kulturgunean estreinatuz, kultura ministroa eta lehendakaria bertan direla, filmari buruz esanez zenbat eta euskaldunago, gero eta unibertsalagoa da?. Ez ba. Almodovar, lilura bereziduna, bat eta bakarra. Obaba unibertsala ostera, gazteleraz.
Talibana, ama eta mundua
Talibanaren antenarik gabe, atsedenik ez. Hara antenak Oierri antzemandakoa atzo:
- Tú video poner quieres?
Utikan talibana! Irrifarrea: gure umeen abia-hizkuntza (bai, abia-hizkuntza, ze Jainkoari ama dei badiezaiokegu, eta horrela entzun nuen behintzat Bergarako Santa Marinako mezetan egiten zuela Xabierrek (hau ere bi bider hogei taldekoa), zergaitik esan behar diogu oinarrizko hizkuntzari ama hizkuntza, aitaren hizkuntza ere izan baldin badaiteke, edo etxeko hizkuntza ere bai, eta Erregistro Zibilaren erreformaren ondoren baldin badirudi guraso hizkuntza esatea izango litzatekela egokia?), alegia, esaten niharduela, gure umeen abia hizkuntza badakigula zein izango den.
Horrelako sintaxia entzun ondoren, zalantzarik ez, Oier euskaratik abiatuako da mundura.
Talibana erne
Afaria gertatzen dihardugun bitartean, pegorako tinbreak jo du. Telefonoa hartu dut eta:
- Bajau leikeda Paulo?
Pauloren auzoko lagunak, zortzi-hamar urteko bizpahiru mutilkoskor.
Ostikoa sabelean sentitu, eta talibana esnatzen zait. Zer erantzungo?
- Bai, bajau leikeda
- Bai, jetxi daiteke
- Bai, jetxi leike
- Bai, bajau leike
- Ez, kutsatu bariko ume baten ama izan nahi dot.
Talibanak makilajearekin laguntzen dit: Paulo!, dinotsat, zure lagunak, jolasera joan nahi dozun. Joan da.
Sua dario talibanari. Ume hauek ez daukate lau aiton-amon, bi guraso euskaldun? Ez doaz euskarazko ikastetxe batera? Ez dira ba herri euskaldun batean bizi? Erderaz ere gaizki dabiltza, barren! Inork ez die ezer esaten? Bai, eta ez dute kasu egiten? Zer ikasiko ote dute?
Hurrengo egunean Oier txiki-parkean dabil, plastikozko zalditxo batekin jolasean.
- Ama, balindot ibili zaldixan!
Ostikoa urdailean, oraingoan ez dira auzokoak, neurea izan da! Ume honek ez dauka guraso euskaldunik gauzak ondo erakutsiko dizkiotenik?
Ahalegintxo bat talibanaren ezpata sutsua atera ez dakidan.
- Bai maittia, zaldixan ibili zeinke.
Hurrengorarte. Talibana lozorroan baino ez dago.
183 (ustez azkenengoz)
Hor genbiltzan, frankismopean 183 eguneko gartzelaldia pairatu zuen eibartarraren erreklamazioarekin.
Gogora dezagun Gizarte Gaietako Sailak lehenengo kalteordaina ukatu egin ziola, ez zituelako sei hilabete preso eman, nahiz eta 183 egun bete. Eskaera 2005eko apirilean gaitzetsi zioten. Arartekoarengana jo genuen (ez ziguten hark egindako tramiteen berririk bat ere eman), eta 2005eko maiatzean, Administrazioak, bere kabuz, egintzak ofizioz berrikusteko duen ahalmena balioarazi egingo zuela jakinerazi zigun. Pasa ziren hilabeteak, eta berrikuspena ez zetorren. Auzitegietara jotzeko epea galtzeko eta beraz inolako defentsarik barik geratzeko arriskuan, auzitegi kontentzioso-administratibora jo genuen.
Bitartean, Sailean ziozkuten ez zekitela ezer, ez zegoela dirurik, ez zela ezer mugitzen ari.
Orain, 2006ko otsailean, halako batean, inolako aurrerapenik gabe, Sailaren erabaki berri bat etorri da. Aurreko agindua errebokatzen duena, eta ondorioz, 183 egun sei hilabete baino gehiago direnez, preso ohiaren alargunari kalteordaina jasotzeko eskubidea aitortzen diona.
Berandu baina seguru! Aitortu dute azkenean biktimaren eskubidea. Oraindik ebazteke zegoen auzibidea itxi eta ordaindu (ez zeukan Administrazioak ganoraz eta azkarrago jokatzerik eta alargunak auzibidean ordaindu beharrekoa sahiestea?)
Zer dela eta Sailaren itxuraz halako bateko aldaketa? Kontsignazio berriak? Aurrekontu berriak? Dekretu berriari lotutako propaganda kanpaina berria? Administrazioaren bidezidorrak beti ezezagunak jentilondako.
Bi bider hogei
Lehenengoa Garbiñe izan zen, San Blas egunean. Gero Iñaki, Santa Agedan. Egun gutxiko aldearekin, denak hil berean, tokatu zitzaien Maite, Kontxi, Belen eta beste Garbiñeri. Otsaileko txanda nik bukatuko dut, 23an. Etorriko dira gero apirilekoak, ekainekoak, abuztuan Iñigo bera, Arrate egunean Bea, Blanca, Mitxel, Jon Ander, Tere, Maria, Ernesto.
Guztiak 1966an jaioak, aurten 40 urte betetzen ditugu. Hogei urte hogei urte geneuzkala. Borobil.
Ematen digu zer esana, bai guri bai berrogeitik goitik eta behetik gertu dabiltzan lagunei: balantzeak, atzera begiradak, aurrerako prebisioak, nola gauden, zer nahi genuen, non gauden, nola gauden, zergaitik gauden, zer egiten dugun, nola sentitzen garen, zer daukagun egiteko, zer laga dugun egiteke, berrogeiak mugarri diren ala ez.
Erantzunak, denetarako. Badago inporta ez zaionik, beste edozein urtehurrentzat duenik, halako batean presa sartu zaionik, bizi-nekea sentitzen duenik, erabat ilusionatuta dagoenik, bere buruarekin konforme bizi denik, guztiarekin kritiko agertzen denik, nahi zuen tokian dagoela-eta pozik dagoenik, frustrazio puntu bat duenik, heldutasunean dagoela uste duenik, hogei urteetako inseguritate berak dituela uste duenik, gorputzaren hasierako deklibeaz kezkatuta dagoenik.
Eta badaude ezaugarri hauek guztiak eta oraindik gehiago, guztiak batera, betetzen dituztenik. Ez dakit esan ote daiteken ezaugarri komunik dugunik. Ni behintzat ez naiz ausartzen horrelakorik esaten, behar bada kanpotik begiratuta beste konklusio bat atera daiteke. Bakoitzak bere bidea egin du, nahi zuen bezala, ahal zuen bezala, laga dioten bezala, tokatu zaionarekin. Eta horren guztiaren ondorio dira lehen berrogei urteak gutaz jabetu direnean aurkitu gaituzten lekuak.
Nire kasuan, berrogei urteek harrapatu nauten leku horietako bat, beste askoren artean, blog apal eta kasu-gehiegirik-eginbako hau da. Seguruasko berrogei urteko (edo gehiagoko) neska batek euskal blogosferan egiten duen bakarra. Horrexegaitik bada ere.
