Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zein españolak garen!

Zein españolak garen!

Amatiño 2024/06/14 08:00
Bizi dugu egoera non, bi emakume, kalean topo egin eta euskaraz agurtze aldera, gauza diren elkarri “hombre!” esateko. Hau gertatzen da sekula izan den euskal gizarterik “ikastolatuenean” eta feminismoaren aldeko unerik aldarrikatsuenean. Halakorik, ezta Avilako gaztelarrik zaharrenek ere!

Euskadi Irratian bada lantzean behin zenbait jardun-programa, Hego nahiz Ipar Euskal Herriko solaskide gazteak elkarrekin bildu ohi dituena. Lurralde bakoitzeko euskalkien aireak, erak eta tankerak agerian azaltzeaz gainera, nabarmen sumatu ahal izaten dira azpimarragarri diren bi jokamolde nagusi desberdin.

Batetik, ez da belarri onegirik behar igartzeko, iparreko euskaldunek, oro har, hegokoek baino hobeto hitz egin izaten dutela. Eta ez hango euskalkiak hemengoak baino hobeak direlako, baizik eta, zer nahi gisaz hitz egin, Bidasoaz haraindiko hiztunek honaindikoek baino txukunago-edo hitz egiten asmatzen dutelako.

Bestetik, ageri-agerikoa da hangoak askoz ere gutxiago direla frantsesaren morroi, hemengoak espainiarraren baldintzapeko baino. Alegia, harandikoak gauza dira luze-zabal jarduteko, honaindian ezinbestekotzat jotzen ditugun erdal makulurik (1) gabe, “bueno”, “vale”, “pues”, “igual”, “precisamente”, “a ver” , "claro" eta beste hamaikatxo gehiago kasu.

Bestetik, batzuon eta besteon erak alderatuz gero, nabarmena da hegoaldeko hiztunok zein erraz tiratu ohi dugun erdal moldeetatik, euskara bera nahiko ez balitz bezala guk gogoan duguna zehatz edo indartsu adierazteko: “por si acaso”, “sartu a saco”, “bizi a tope”, “de hecho”, “es decir”, “qué se yo”, “vete a saber”, “a que bai“, “desde luego”, "porque", "sin más", "joder”, “hombre!” (2) etab. 

Baten batek esango du funtsezko ez diren lizentziak baino ez direla,  beste hainbatek bueltarik gabeko marra gorria gurutzatzen ari garela uste izan arren. Baina, edozein modutan, zer esango ote genuke hemengook, mugaz haraindikoek etengabe esango balute “au cas oú”, “aprofundir”, “bizi à fond”, “en effet”, “c´est-à-dire”, “qu´est ce que j`en sais”, “va savoir”, “n´est ce pas”, “bien sûr”, "parce que", "sans plus", “putain” edo “homme!” (2)?

Hegoaldekook (ustezko asmo jator eta aurrerakoiaz) premiarik gabeko gaztelerakadak onartzeko dugun zabarkeriaz gainera, egia ere bada, kaleko hizkera arruntean zein hedabideetan hitz egiteko ohitura (edo kultura) frantsesa ez dela espainiarra bezain zakarra, narrasa eta baldarra. Belarria jarri eta entzun besterik ez dago, hegoaldekook zein españolak garen jabetzeko.

1) Ez, gero, ahaztu, elbarriek zergatik eta zertarako erabiltzen dituzten makuluak. Bestela ezin izango luketelako jarraitu. Gureak gehiago du ezinetik eta ahultasunetik,  jatortasunetik baino. Zertaz harrotu gutxi, beraz.

2) Baita emakumeen artean ere. 

Lazkao Txikiren bertsoa
Lazkao Txiki eta guztiko horma-irudia, Aginagako ikastolaren jolastokian.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: