Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Formak onak dira, formetan ez galtzekotan

Formak onak dira, formetan ez galtzekotan

Amatiño 2014/04/13 00:10
Kritikariei jaramonik egingo badiegu, “El Gran Hotel Budapest” eta “Ida” dira, besteak beste, egunotako zine-eskaintzaren filmik onenak. Ez dut nik ezetzik esango baina bai, ordea, ezarriko, bata zein bestea elkarren antipodetan daudela. Bata formetan galtzen da eta bestea, ostera, ez, nahiz formak izugarri landu.

Sentipen sakona, sekulako miresmena, magia zoragarria, erakarpen emankorra, komedia irrigarria, aparteko inteligentzia, teknika eredugarria, maisutasun handia, estetika aberatsa, malenkonia eraginkorra eta auskalo zenbat gauza gehiago egokitu diote kritikariek koloretako El Gran Hotel Budapest filmari. Segurutik arrazoi izango dute, kritikariak ez garenok dohai horiek guztiez jabetzeko gauza ez izan arren.

Aldi berean, beltz-zuritan eta 4X3 klasikoan ekoiztutako Ida delakoa eder sumatu dute kritikariek, bikain, bakun, limur, hunkigarri, sentsual… eta baita ohiko zinezaleek ere, begi (eta bihotz) bistakoak baitira.  “No eres consciente del efecto que produces” diotsa mutilak neskari. Ez, neska ez da, beharbada,  ezustean sortarazten duen eraginaz konturatzen baina ikusentzule arrunta, bai. Filma hasi eta buka, gainera, batere etenik gabe.

Bai, segurutik, El Gan Hotel Budapest filmak irrigarria izan nahi du baina inork ez du inguruan barrerik egiten, sasi-irria baino ez da-eta. Inondik ere ez  Ida filmak pelikula guztian zehar eskaintzen dituen bizpahiru irribarre soil eta sotilak bezain benetakoak eta sinesgarriak.

El Gran Hotel Budapest amerikarra sekula itzuliko ez diren garaietako nostalgia galdua besterik ez da. Pastiche bat. 1960ko Ida poloniarrak, ostera, etorkizuna du kezka nagusitzat. “Y, luego?” galdetzen du protagonistak. "Y, luego?" errepikatzen du,  helduen gizartea ulertzen ez duen haurraren pareko. Eta, erantzun gisa, gure ohiko “gero gerokoak” formulak ez dio balio. Haratago joan nahi du.

Lertxundiren kantak dioen bezala, “formak onak dira, bai, formetan ez bazara galtzen”. Aldea da, hain zuzen, El Gran Hotel Budapest formetan galtzen dela eta Ida, ostera, ez, formak izugarri landu arren. Sekula aurretik ikusi gabeko enkoadreak, besteak beste.

IDA

Ida (Agata Trzebuchowska).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: