Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Estrategia-kontua

Estrategia-kontua

Amatiño 2012/03/04 11:00
“Pilotari onaren antza du hizkuntza-erabiltzaile onak. Pilotari onak frontoi osoa du bere. Arau gutxi batzuk beteta, behin eta berriro hartzen ditu erabakiak: luze ala motz atera pilota, botera ala bolean sartu… Erabaki onak hartzen dituena da pilotari ona: pilotari estrategikoa. Berdin: behin gramatika betez gero, erabaki onak hartzen dituena da hizkuntza-erabiltzaile ona” (Pello Esnal. HITZ-ORDENA. ERABILERA ESTRATEGIKOA. Euskaltzaindia, 2011).

Umandiren gramatika galtzarbean hartuta, lauzpabost gazte bildu ohi ginen, 1965 urte inguruan, Imanol Laspiurren maisutzaren altzoan. Giro hartan, Seber Altube genuen jainkotzat eta funtsezko dogma sakratu bi, goiburu: galdegaia eta aditza. Galdegaia, aditzaren aurrean kokatu behar zena beti. Aditza, zer gerta ere, esaldiaren amaieran jarri beharrekoa.

Eta ondotik, nahiko surrealista dirudien arren, Basarriri esker ikasi genituen Azorinen beste bi arautxo: ahalik eta esaldirik laburrenak moldatu eta erlatibozkoak uxatu. Beti gogoan izanik, kazetaritzan behintzat, bertsotan bezala, aukera batto baino ez dagoela ulertarazteko.

Mitxeleneari zein Villasanteri (eta ondoko hainbati) jaramonik egiteke, oinarrizko legexka xume hauekin iraun dugu ia mende erdi, itxuraz idazten edo, txarrenean, inork ulertzeko moduan... Pello Esnalek hainbat estrategia bilbatu eta txirikordatu arte.

Esnalek burutu du lan txukuna, arlo konplexu eta aspergarri samarrak arin bezain argi laburbiltzen. Eta, pilotariaren adibidearen ildotik, betekizunak ezartzera baino aukerak eskaintzera dator: mugak haustera, kargak arintzera, baliabideak eskaintzera, aterabideak iradokitzera eta, betiere, hitz-ordenaren erabilera estrategikoa  proposatzera. Alegia: “gutako bakoitzak geure egitekoetan gaitasun estrategikoa landu dezagun” gonbidatzera.

Bapo.

Pello Esnal     hitz-ordena-erabilera-estrategikoa

Pello Esnal eta bere 'Hitz-ordena'

Pello Esnalen beste hainbat arlo honetaz:

Egokitasuna hizkuntzaren erabileran: oinarrizkoak

Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoa

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: