Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Zenbait arazo filosofikoren oinarri mitologikoa (hitzaldiaren egitura)

Markos Zapiain 2013/09/27 15:05

 

 

0-ILIADA, ODISEA, LANAK ETA EGUNAK; Homeroren auzia; Musijé; Odiseo, Kalipso jainkosa zoragarriak maitatua, hala ere herri eta Penelopeminez; kosmos ordenatuan dagokizun lekua bete behar

 

1-KAOSETIK KOSMOSERA; hybrisak oreka hausten du eta mitoak harmoniaren berreskuratzea erakusten du; heroiak harmonia berrezarriko du, esaterako Heraklesek

 

2-KAOSETIK, URANO ETA GAIA, zerua eta lurra; etengabeko larru jotzea; ondoriozko kumeak (Titanak, Ziklopeak), Uranok, ez baitu lehiakiderik nahi, Gaiaren altzora bidaltzen ditu, Tartarora

 

3-KRONOS SEMEAK URANO ZIKIRATU; oinzeagatik, zerua lurretik bereizi, aldendu eta urrutiratu: espazioa sortu da, mundua; eta, esker onez, Tartaroan zarratuta zeudenak askatzen dituztenez gero, baita DENBORA ere, BELAUNALDIAK

 

4-ESKULAPIO

-Apolok Eskulapioren gurasoak hil, hiliko ama batengandik jaioa, medikuen printzea, hildakoak berpizten ditu, desordena, hybris: gizakiari ez dagokio hilezkortasuna, gehiegizko pilatzea

 

5-MIDAS ERREGEA

-batetik tentela, berehala geldituko da erdi hilik gosez zein egarriz, pikua zein ura bere ezpainak ukitu bezain laster urrezko bilakatuko baitira

-bestetik, biziduna ere urre bilakarazten du, bizigabeen, landareen, animalien arteko mugak hausten ditu, hybris

 

6-EDIPO

-Tiresias emakume izana da; Zeusen eta Heraren arteko eztabaida, nork gozamen handiagoa sexuan, gizonak ala emakumeak, suge-bikotea, Herak Tiresiasen begiak erauzi, itsutu, Zeusek konpentsatzeko etorkizuna ikusteko ahalmena eman, igarle

-Sofoklesen tragedia kontatu

-Arbaso baten errua askoz ere geroagoko belaunaldiek ordaindu behar (Laiok Krisipo biolatu, Krisiporen aitaren madarikazioa)

-Patua saihesteko mugimenduak mamitzen du hain zuzen patua (Bagdadeko morroia)

-Intzestuaren debekua, gizakien artean, beti eta nonahi?

-Giza izaera sakona, aldaketa historikoen gainetik? (Marx, Freud eta Lévi-Strauss)

-Freud: Edipo aroa, umearen garapen psikosexuala

 

7-SOFOKLESEN ANTIGONA KONTATU

-bihotza, odola eta familia adimenaren, legearen eta estatuaren aurka, Antigona Kreonteren aurka;

-lurperatzearen izaera sakratua: arrantzale galdua, Lasa eta Zabala, ETAren bonba Zarauzko hilerrian Iruretagoiena lurperatzen ari zirela, Marta del Castillo

 

8-PROMETEO

-Epimeteo eta Prometeo, Japeto Titanaren semeak; “Epi” ostean da, Epimeteok egin ondoren pentsatzen du; “Pro” berriz aldez aurretik, Epimeteo txoriburu bezain zuhur da Prometeo, anaiaren hanka-sartzeak konpontzen ohitua; bizidunak sortzeko orduan Epimeteok gizakia senez ondo programatu eta gorputzez ondo hornitzea ahaztu eta Prometeok, Olinpotik sua ostu eta gizakiei oparituko die ezereza nolabait janztearren (suaren bidez teknika, arteak, historia: giza protesiak, larru lodiaren, atzaparren, oskolaren ordezko); gabezia eta askatasuna (Sofistak, Pico, Heidegger, Sartre)

-Zeusen zigorra: Tartaroko arroka batean lotu eta putre batek etengabe jango dio gibela

-Azkenik Heraklesek askatuko du; ordea, Zeusek hitza emana zuen, zigorra betirako izango zela; konponbidea: katea zati bat jarriko du hatz batean, arrokako harri zati bat itsatsirik daramala; mitoaren arabera, hortik datorkigu eraztuna janzteko ohitura, harri bitxi bat gainean duela

-Prometeoren mitoaren Freuden interpretazioa: sugarra zakila da; sugarra pixaz itzali nahi izatea, berriz, lehia homosexuala; Prometeo sua pixaz itzaltzeari uko egin ziona da, instintuzko beharrari eutsi eta gizatasunari bidea zabaldu ziona

-Zeus konforme ez, gizakia ez dago behar bezala zigorturik, eta Pandora bidaliko die, lehen emakumea, gizonak liluratu, erakarri eta suntsitzeko bidalia; Pandora txakur-emea da, bere desira asegaitzek gizona hustu eta akitzen dute; Pandoraren kutxa: Zeusek ez zabaltzeko agindu eta, emakumearen berezko jakin-minak derrigortuta, ireki: gaitz guztiak zabaldu ziren munduan: tristura, amorrua, beldurra… ; itxaropena izan ezik, kutxaren hondoan gelditu baitzen; mitologiak emakumeez transmititu duena (Pandora, Eva, Mila eta bat gau-eko errege ehiztariaren emaztea), eta horren eragina ohituretan eta historian

 

 

-Marcuse, Eros eta Zibilizazioa: soilik Prometeoren munduan ageri da Pandora madarikazio gisa; Prometeo instintuak zapalduz gauzatzen den lanaren eta aurrerapenaren heroia da; Prometeoren aurrez aurre, Orfeo eta Narziso, kantuaren eta kontenplazioaren jainkoak, gozamen estetiko lasaia, edertasun musikalaren eta etekinik bilatzen ez duen maitasunaren hastapena

 

9-DIONISOS

-Dionisosen jaiotza: Semele gizatiarrak, Hera jeloskorrak zirikatuta, Zeusen itxura jainkotiarra ikusi nahi, eta Zeusek, oinaztua eta trumoia denez berez, Semele kixkali; bien bitartean, Zeusek semea izterrean gorde zuen eta hortik jaio zen, aitaren izterretik

-Dionisosen mendeku-gosea izeko Agaveren aurka (honek ahizpa Semeleri iseka egiten zion Semelek zioelako Jainkoen Jainkoarekin enroilatzen zela)

-Euripidesen Bakanteak kontatu: Penteo txintxoa Dionisosek antolatu jai batera doa bakantez mozorroturik, Urkullu emo joango balitz bezain harrigarria grekoentzat, eta, Dionisosen eraginez, ama Agavek eldarnio betean Penteo zatitu egingo du eta burua makila batean inkatu

-Dionisos: giza ama batengandik jaiotako olinpiar bakarra, arrotza (ekialdekoa -asiarren begiak-, ez autoktonoa, gure lurrean jaioa, gutarra, gainerako olinpiarrak bezala), mozkorra, drogadiktoa, beti alderrai, eroa, gaizkilea, animalia (aker, zezen), neskatxa, trabesti, bestelakoa, eta hala ere Olinpoan integratua: grekoen jeinua, estilo handia: desoreka, eromena, itzala, bestelakoa bere baitan hartu eta indar ilun arriskutsu horien bidez bizitzaren edertasuna sakontzeko ausardia

 

10-PLATONEN KRITIKA MITOLOGIAN OINARRITURIKO HEZIKETARI

Zigor bide desberdinak?

Markos Zapiain 2013/09/25 10:50

Stehen Jay Gould-ek erakutsi du txiripa arraro bat zein erabakigarri izan daitekeen biziaren bilakaeran, zein desberdina zatekeen gure izaera behinola biziak oso gertu zeuden aukeretatik bestea hobetsi izan balu, gure artean nagusi den ezagumenari zein ulergaitza litzaiokeen.

Orobat, giza historian, ohituretan, esaterako zigorgintzan, ulergarriak zaizkigu begia begi truk, heriotza zigorra, tortura, espetxea, isuna; baita beste masaila ipintzea ere, ezaguna zaigu mintzamolde hori, barkatzea eta etsaia maitatzea. Normalak zaizkigu jarrera horiek, naturaltasun gisako batez hornitzen ditugu ohartzeke, gure kulturari baitagozkio. Samuel Butler-en Erewhon-en eritasun fisikoa delitutzat jotzen zuten, baina zientzia fikzioa zen. (Errealitatean ere hasiak dira eritasuna zigortzen: gero eta nekezago ordaintzen dira bajak.)

Ordea, txiripa arraroren batek erabakiko zuen beharbada zigor molde horien hedatzea eta gailentzea, eta txiripak bestelako bide bat hartu izan balu zeharo desberdinak lirateke gure gaur egungo burubide eta jokabideak kaltegileari eman beharreko erantzunari dagokionez.

Juliaz ari dela, Saizarbitoriak dio ezen “batzuetan, Martinek eskatu gabe, ahuspez jartzen da ohean eta, belaunikatuz, ipurdia eskaintzen dio, nonbaiten irakurri duelako, Horneyri uste du –The Neurotic personality of our Time-n beharbada?– neurotikoei atzetik egitea gustatzen zaiela, eta beharbada bulkada hori erreprimitu egiten duela pentsatuz.” (415 or.) Zer esan nahi du, uzkia eskaintzen diola, ala alutik baina zakur-jarreran?

Gaztelaniaz: “A veces, sin que Martin se lo pida, se pone boca abajo en la cama y se incorpora ofreciéndole las nalgas, porque en algún sitio ha leído, cree que a Horney –¿en La personalidad neurótica de nuestro tiempo?–, que a los neuróticos les gusta hacerlo por detrás y quizá reprime ese impulso.”

Nalgas… bigarren aukeraren alde, itxuraz.

Erabateko zehaztasuna helburu, Horneyren liburua goitik behera irakurri dut, aipamen hori aurkitu barik, ihes egingo zidan. Aldiz, biziki interesgarriak diren beste zenbait ideia topatu ditut; besteak beste, datu hauxe: inuitei ez zaie iruditzen hiltzailea zigortu behar denik; eta, beste herri batean, ama bati semea hiltzen bazioten, orduan hiltzailea adoptatu egiten zuen, familian txertatu, asasinatutako semearen ordezko edo.

Nolatan irits daiteke da giza talde bat burubide eta jokabide horretara? Zeinen ulergaitzak zaizkigun historiaren bideak. Edonola ere, ez ote da hainbat aldetatik jakintsuagoa gure espetxea, amorru etengabea eta begia begi truk baino, ez ote estrategia azkarragoa biziraun duten senideen oinazea baretzeko orduan? Ez da mina errazago gainditzen eta ahazten kriminala, patu ankerraren mamitzea, egunerokoan alboan duzula? Norbera hobeto bizi dadin ez da gorrotoa eta mendekua baino egokiagoa deabrua onartzea eta itzala argitzea, ahalegintzea bederen?

Dena den, pentsa liteke, halaber, kriminala etxera ekartze horren bidez amak tai gabeko mendeku mantso bati ekingo ziola, erruduna behin eta berriro irainduz, gosari nazkagarriak zerbitzatuz eta txerri-kortan lo eginaraziz. Egiantzekoagoa da, hobeki dagokio giza arrazaz dakigunari, gizaki gehienek garbi sentitu izan baitute sufrimendua apaltzeko biderik bizkorrena eragin digun morroia zehatzea dela.

Adimen arriskutsu baten aitorpenak

Markos Zapiain 2013/09/24 10:40

1-Hainbat aldetatik da arriskutsua Chuck Barrisen adimena. CIA-k eta, oro har, zerbitzu sekretuek, ezaugarri psikologiko bereziak dituzten pertsonak kontratatzen dituzte, eginbehar bakoitzaren arabera. Barrisi hilketak agintzen dizkiote. Barrisen zein ezaugarri psikologikok erakartzen du CIA?

 

2-Arrazoi dute CIAkoek erabakitzen dutelarik Chucki benetan gustatzen zaiola jendea garbitzea? Lotuta egon daiteke, George Clooney agenteak  iradoki bezala, bere benetako aita ez Chuckek uste duen haginlaria baizik eta hiltzaile bat izatearekin, bere arreba hilik jaio izanarekin, Chucken zilbor hesteak itota, eta, amak neska nahi zuenez, Chucki arrebaren heriotza leporatu eta hurrengo arreba jaio arte Chuck neska-arropaz jantzi izanarekin?

 

3-CIAk jendea ezkutuan hiltzeko agintzen dio Barrisi, CIAk berak gaiztoa dela erabakitzen duen jendea, baina legearen arabera hil ez dezakeena. Zer deritzozu agintariek legeari ezikusia egiteari, nahiz zitala omen den jendea hiltzeko izan? Eta agintari ez direnek egiten badute?

 

4-Chuck Barrisek berak eskatuko dizkio halako batean ekintzak CIAri, lasaitu ahal izateko: hiltzeak dakarkio arimako batea. Bestalde, Lou Reeden abesti batek dio zirraragarriagoa dela hilketa orgasmoa baino. Bada hiltzea atsegin duen jendea. Rutger Hauer-ek filmean bertan dio hiltzeko plazera pizgarria dela. Zenbait hiltzailerentzat, kausa heroikoak, lapurtu beharra, gerra zuzenak, aitzakiak izaten dira: benetako bultzatzailea odolaren usaina sentitzea ei da. Zuzena iruditzen zaizu Nietzscheren diagnostiko hori?

 

5-Zer harreman izan daiteke frustrazio sexualaren eta tabernetan liskarra bilatzearen eta are hiltzeko grinaren artean?

 

6-Chuck Barrisen garaian, ABC telebista kateak printzipio etiko eta erlijiosoak audientzien eta arrakastaren gainetik jartzen zituen. Egoera aldatu ote da? Erabat?

 

7-Zer iruditzen zaizu telebistan intimitaterik gordinenak aitortzeko joera, Chuckek asmatutako programek abiarazia eta gaur egun gailurra jotzen ari dena? Non jarriko zenuke lotsa onargarriaren eta irekitasunaren arteko muga?

 

8-Realityetan eta, oro har, hedabideetan, batez ere diru truke saltzen du jendeak bere intimitatea. Gran Hermano-n eta Gandia Shore-n agertzen den jendeak ia inoiz ez du ez dirurik ez kulturarik izaten. Ordea, bada salbuespenen bat, diruari dagokionez bai, bederen, hala nola Tamara Falcó. Proselitista bide da honen xede nagusia, ikus-entzuleak kristautzeko darabil telebista. Eta Paris Hilton? Exhibizionismo hutsa?

 

9- Umiliazioak eta krudelkeriak ondo saltzen du telebistan, eta Chuckek hautagairik tentel eta barregarrienak nahi ditu bere programarako, epaileek eta ikus-entzuleek suntsi ditzaten. Bat ote datoz CIAko agente gisa jendea garbitzeko lana eta telebistara doazen koitaduak suntsitzeak eragiten dion zirrara? 

 

10-Zergatik jotzen du depresioak Chuck? Haurtzaroko eta oro har iraganeko zama ezin duelako eraman? Izan lezake erlaziorik, halaber, egunez telebista-ekoizle eta gauez CIAko agente hiltzaile izan behar bipolarrarekin? Bipolartasunaren soluzioa ote da depresioa, Nietzscheren azken urteetako eromenak lehenagoko eritasunaren sintomak desagerrarazi zituen bezala?

 

11- Chuckek eta Drew Barrymore-k elkar maite dute, harreman libre baten baitan. Zergatik da ordea hain zaila Chucken eta Drew Barrymore-ren artekoa? Garrantzitsua deritzozu Chuckek adierazitako arrazoiari, alegia, ez duela errepikatu nahi bere gurasoen arteko harreman goibela? Hain da saihestezina, arbasoena errepikatzeko joera?

 

12-Zerk egiten du erakargarri Chuck Drew Barrymore bezalako neska batentzat? Zergatik barkatzen dio horrenbeste?

 

13-Julia Robertsek dio CIAko agenteak talde bakezaleetan infiltratu eta biolentzia erabiltzera bultzatzen zituztela, pazifismoa desakreditatzearren. Antzekoak entzuten dira ezker abertzalean infiltratutako satorrei buruz. Hala ote da?

Baten bat kukuaren habiaren gainetik hegaldatu zen

Markos Zapiain 2013/09/20 10:55

Euskal-Encodings-i esker, euskaraz daukagu filma, bikoizturik.

 

1-Gurean entzerramendua, ixtea, erabiltzen dugu batez ere eroekin. Bururatzen zaizu beste jarreraren bat? Agintaria bazina, zer egingo zenuke eroekin?

2-Eroa iruditzen al zaizu Jack Nicholson? Nola definituko zenuke eromena?

3-Eroetxean sartzean, nesketako batek dio: “Honek Institutua oroitarazten dit”. Ados zaude?

4-Bizitzaren zapaltzaile ageri da filmean psikiatrikoa. Eroetxe baten barruan, balegoke oreka biofiloagorik lortzea diziplina-beharraren eta emozioen eta sentimenduen adierazpen librearen artean?

5-Zilegi da eroak pilulak hartzera derrigortzea? Eta elektroxoka eta lobotomia, zer iruditzen zaizkizu?

6-Zein da emakumearen zeregina filman? Erizain buruzagi estu lehor zorrotza ageri da, edo bestela Candyren berotasun amorfoa, putatasuna. Zentzu horretan, filma ez al da herren gelditzen?

7-Iruditzen zaizu hitz-toteltasuna sexu eta emozio-errepresioaren erruz sor daitekeela? Eta larrua gozoro joz senda litekeela, Billyren kasuan bezala? Emakume goxoaren bidez, hizkera-arazoa sendatzen zaio; baina ama zapaltzailea hizpidera etorri bezain laster, toteltasuna berpiztu egiten zaio. Bilatu sarean zer lotura izan ote dezakeen gizonaren toteltasunak amarekiko harremanarekin.

8-Erlazionatu Ratched erizainaren eta McMurphyren arteko harremanak Antigonaren eta Kreonteren artekoekin.

9-Halako batean, ematen du McMurphyrenganako zerbait sentitzen duela Ratched andereak, baina ziplo itotzen du, zapaltzen du; zorroztasunak bizipoza erreprimitzen du. Egia ote da zapaltzailerik gogorrenak beren burua erreprimitzen dutenak direla?

Zorionak Raffaella!

Markos Zapiain 2013/07/18 13:34

Rafaella Carrà-k 70 urte bete ditu ekainaren 18an, baina ez dugu merezi bezala zoriondu.

Konpañero on bat izan du luzaro bikotekide, Gianni Boncompagni hain zuzen.

“Amodioa ondo egiteko hegoaldera etorri behar” ospetsua zentsuratu egin zioten, eta horren ordez “Ondo maitemintzeko hegoaldera etorri behar” kantarazi zioten. Famatuak dira Carraren beste zenbait abesti ere: “Amatxo, eman ehun pezeta”, “Zurrumurru-zurrumurru” edota “Maitasunari dagokionez, hastea da kontua”.

1997an, Rafaella Carrak, Ana Obregonen azken orduko baja baten ondorioz, Urtezaharreko hamabi kanpai jotzeak aurkeztu zituen, Ramon Garcia jatorrarekin batera.

Orobat, arrakasta handiz aurkeztu zituen Italian “Buona sera Raffaella” eta “Carramba, che sospresa!” programak; baita “Carramba, che fortuna!” ere, aurrekoaren olatu aparra aprobetxaturik.

Duintasun handiko emakumea, Gemini izaki, uko egin zion Berlusconiren bunga-bungetan popa ipintzeari, eta horrek ekarri zuen artista ilehoriaren gainbeheraren hasiera.

Bertsolariak eta idazleak

Markos Zapiain 2013/06/17 17:47

Aurreko batean esan bezala, Saizarbitoriak bere buruaz edozer eta kontrakoa adierazteak hainbat interpretaziori zabal diezaioke bidea: ez naiz gai istorio bat hasi eta buka kontatzeko, hau arazoa, horregatik ateratzen zaizkit hain arraro egituraturiko nobela horiek…; eta gero ezustean Gorde nazazu lurpean, Kandinsky…

Soilik interesatzen zait trauma erakusten duen literatura; eta Gorka Bereziartuak Argia-n egin zion elkarrizketan: ez dut apaizei buruzko libururik idatzi traumatikoa izan zaidalako.

Azkena: sarritan esan izan du oso oroimen txarra duela, horregatik idazten duela, gogoratutakoa ahaztu ahal izateko…

Lehengoan Bakioko batzokian bazkaldu nuen (bazkaltzen ari nintzela gizon heldu batek zerbitzariari: ‘no es por nada pero tenéis mal escrito en el menú: no es albóndigas, con be, ez almóndigas, con eme’; ‘gracias, en seguida lo corregimos’).

El Correo-n, Idoia Estornés-i elkarrizketa. Saizarbitoriaz dio: “además de literato excepcional es otro memorión que guarda un arcano en sus mientes”.

Sinesgarria da, egiantzekoa.

Eta aldi berean ulergarria da bere burua erakusteaz batera ezkutatzeko Saizarbitoriaren joera, hurbiltzen zaion jendea despistatzekoa. Neurotiko obsesiboek ia inoiz ez dute beren arazoez hitz egiten, lotsagarriak zaizkie. Ez dago neurotiko obsesibo exhibizionistarik. Literatur fikzioaren disimulua gorabehera, alde patologiko horren berri ematera ausartzeak balio berezia ematen dio donostiarraren obrari.

Kalean aurkitu eta nekez sumatuko diozu neurotiko obsesiboari oinazea, ikaragarria izan litekeen arren. Oro har, komikotzat jotzen ditugu “Bihotz bi”ko entziklopedistaren arrazoibideak, eldarniozko logika hori, haren ezinegona. Neurotiko obsesibo batek irakurriko balu, ostera, arrazoibide, ezinegon eta logika horren azpian dagoen sufrikario itzelaren berri eman ahalko lizuke. Baina ez dizu emango, ez baitu nahiko bere eritasuna igar dakion. Dena den, terrore psikologikoko nobela gisa ere irakur liteke “Bihotz bi”, nola Floraren azalean jarrita, hala entziklopedistaren antsietatean.

Idazle franko da neurotiko obsesibo. Saizarbitoriak dio idazle askok neurosiak eragin oinazetik ihesi idazten duela (Martin). Beti horrela balitz, primeran. Zoritxarrez, berez zoriontsu samarra izateko jaio den jendea arrazoi ergelengatik idazketaren eta argitaratzearen atzaparretan erori eta neurotizatu egiten da. Hainbat eta hainbat lagunen bizitza izorratu du idatzi behar aizun horrek. Erantsi irakurleen eta adituen arretaz jabetzeko idazleen arteko lehia estresagarria.

Neurotiko obsesiboak, maitale gisa, maitearen arreta etengabe nahi du bereganatu, maitearen eskaera hori du benetako desiragai. Maitatu baino nahiago du maitatua izan. Eta idazle gisa, berdintsu: adituen eta irakurleen arreta bereganatu nahi du, irakurleen eskaera hori irrikatzen du. Korapilo horietan harrapaturik, idazlea kexu izaten da bere obraz mintzatzeko eskatzen diotelarik, horrela ezin baitu benetakotasunean behar bezala kontzentratu. Eta benetakotasuna ez ei du barnebiltzen eta adierazten obrak baizik. Hala ere, idazlea garrazkiago da kexu inork ez badio deus eskatzen. Eta berari beharrean besteren bati eskatzea zaio jasangaitzena. Halatan, idazleek umore krudela darabilte elkarren aurka atzetik dihardutelarik. “La abuelita” da Atxagaren ezizena Madrilgo zirkulu literarioetan.

 

Idazleena baino patetikoagoa da, edozein gisaz, bertsolarien kasua, barne gatazkak ezkutatzeko urduritasuna dela eta, ikastetxe pribatuen ildotik. Tamal handia, herriak gustura entzungo bailituzke, besteak beste, Sarasuaren mesianismoaz han-hemenka botatzen dituztenak.

 

Idazleek badute, halaber, bertsolarienean ageri ez den ezaugarri bat: ospea eta sariak elkarri eskaintzeko joera, soilik biologiak eraginiko kalteren baten eztigarri izan daitezkeen heinean. Aukera handiagoa duzu kolegen begirunea zeureganatzeko herrena baldin bazara, epileptikoa, konkorduna, betokerra, Asperger, tuberkulosoa, potrobakarra, oso txikia, oso asimetrikoa, antzua, edo alkoholikoa bederen, edo emakumea. Pena ematea da kontua.

 

Bestela, sarkintzat joko zaituzte. Idazle epaileek kanpotik begiratu eta “hau ez duk gutarra, ez dik aski sufritzen” erabakiko dute, “ez dik ezer konpentsatu beharrik, inpostore alaena”. Jesukristoren Mendiko Hitzaldietan bezalaxe: “zoriontsuak zuek, tararen baten jabeak, zuena izango baita zeruko erresuma. Eta zoritxarrekoak zuek, osasuntsuak, amaigabeko eternitatea igaroko baituzue putzuan”. Dramarik larriena, literatoen estima lortu nahi baina ikusgaitza izatea zure eritasuna, eta pudoreak jendaurrean aitortzeko kemena itotzea. Odoluzki permanenteekin gertatu izan da euskal sistema literarioan. Eternitatea putzuan eta gainera ezin eseri.

 

Garai batean, ospe bila zebilen idazle osasuntsuak pneumonia hilgarria zuela zabaltzen zuen, katarro soila izanagatik; bolada batez arrakastatsu gertatu zen trikimailua, hiruzpalau sari potolo erabaki zituen, baina ospe partitzaileek antzeman diote eta orain zorrotzago dabiltza. Berrikiago, poeta metafisiko batek burua ezker-eskuin eta begi-ahoak tik arraroz mugitzeari ekin dio, atzeratua bailitzan, baina dagoeneko desmaskaratu dute.

Ilustratzailearen copypasta

Markos Zapiain 2013/05/26 11:45

Lanbideak badu eragina langilearen nortasunean. Behin baino gehiagotan esan didate irakasleoi zerbait desorekatua sumatzen zaigula, nerabe taldeen aurrean luzaroegi mintzatu behar antinaturalak markatu egiten gaituela. Zergatik dirudi idazleak gainerako hilkorrak baino ergelagoa, astunagoa, harroagoa? Zenbait idazle euskal kulturaren ordezkari izatera artifizialki goratzeak Espainiako zerbitzu sekretuen operazioa ematen du, euskal mundua desakreditatu eta barregarri uzteko.

 

Epikurok ederki finkatu zituen zoriontsu bizitzeko arauak orain dela 2.500 urte. Horietako bat, diruari, ospeari eta botereari ukoa. Idaztea hasieratik egon da askotariko botere moldeei lotua, eta halaxe jarraitzen du. Boterea maskulinoa izan da ia beti eta orobat idazmena, berriki arte. Gizonok ez gaude ondo prestatuta emakumeek idatziz lor dezaketen boteretxoa artez kudeatzeko.

 

Atzo bazkaria izan genuen UEUko filosofiakook. Literatoen artean ez bezalakoa da giroa filosofian, hotzagoa, dotoreagoa. Zenbaitetan gogora zekarren 50. hamarraldiko batzarra Bukaresteko Polit-Buroan; literatoen elkarketek, ostera, DBHko laugarren mailako ikasketa-bidaia ematen dute: bullynga etengabe egiten diotela sentitzen duen jeremiasa, itxura supermatxinoa duen gaztea erdi biolatzen duen andereño progre amamatua, pribatuan ezin adeitsuago baina jendaurrean gogor eta zitalki zuzentzen zaizun poeta lirikoa, bizitzaren zentzurik eza txarto daraman pajillero melankoliatsua...

 

Filosofoen artean txutxu-mutxuak bai, baina izenik ez. Bazkarian kontatu zuten badela ipuin ilustratzaile gizonezko bat, atzerrian bizi dena eta bereziki andreen ipuinak ilustratu nahi izaten dituena. Dirudienez, bere fantasian haren bateko matxo nagusia da bera, eta idazleak bere huriak. Email beroak idazten dizkie, sentimentalak edo sexualki sutsuak, aldartearen arabera. Euskal Herrira datorrenean bere idazleak bazkaltzera konbokatzen ditu: neskak, bil zaitezte ene zakil itzelaren inguruan, irri karkailaz leherraraziko zaituztet nire txiste berdeekin!

 

Ziur aski jakingo ez duena da gurean ere, mairuen harenetan bezala, konplizitate handia dagoela huri batzuen artean. Margolariaren emailak elkarri birbidaltzen dizkiote, eta horrela ohartu dira artistak mezuak kopiatu eta itsatsi egiten dituela. Zaila zaio, nekeza, maite bakoitzari egokituriko amodio eta beroaldi aitorpenak asmatzea, eta hareneko kide guztiei berdin-berdinak igortzen dizkie. Antzera jokatzen omen zuen Jean-Paul Sartrek ere bere amoranteekin, baina artean copypastik ez eta hitzez hitz kopiatu behar izaten zituen gutunez gutun bere arpoiak.

 

Margolariari emakume idazlez inguraturik egitea gustatzen zaion bazkari horiek, bera ar bakar, horrelaxe antolatzen baititu, interesgarriak izaten dira idazleentzat, beraiek bai baitakite ilustratzaileak ez dakien zerbait; halatan, kasu bitxi bat bailitzan aztertzen dute, bere delirioan bere burua hareneko alfa artzat jotzen duen gizajo gisa, idatzizko lerde-jarioa berritzeko ere ezgai.

Txakur galduaren begitik

Markos Zapiain 2013/04/26 09:15
haize, lizar eta izar. txakur galdu baten xenda Leopoldo Ferranen instalazioa Getariako museoan

Berezia da txakur galdu baten ibilera eta portaera. Edonork bereiz ditzake, pittin bat aztertuz gero, txakur galduaren eta galdurik ez denaren ibilerak. Biziki bitxia da mundua korritzeko txakur galduarena, txakur galduak ez baitu egiten bilatu baizik. Leopoldo Ferranen erakusketa, zentzu batean, bilatze horren paisaia duzu.

Bere ibilian txakur galduak ikus ditzakeenen artean daude hiru gelak, haizea, izarra eta lizarra. Hainbat oihartzun suma daitezke: besteak beste, Poussinen Et in arcadia ego, Hölderlin, Walt Whitman, Thoreau, Heidegger eta Dersu Uzalarenak.

Hala ere, ez dago erudiziorik, ez barne tolesik, ez psikologiarik. Historiatik eta gizartetik at gabiltza. Ez dugu kortesiarik, ez itxaropenik. Bortxa da oihanean nagusi, belarraren, haizearen eta isiltasunaren bortxa.

Galdu ondoren txakurrak bere egin duen xendak oihanera baitarama, eta oihaneko muina bustitzea da eta umatzea, arauaren azpitik, gizalegetik libre. Gizakiak umatzea, bai: maite zein etsai, izeba edo arreba, ama eta amona. Baina baita gorbela umatzea ere eta erreka, basoa eta gailurra, arrano, orkatz eta katagorria, euria eta beroa, eta larrua, izterrak eta hainbat haiku.

Ez dago oihanean osotoro murgildu eta larrua jotzea baizik, oihaneko jainko ugariak euripean dantzan, denak bustirik eta denak kontent. Oihanak zabalik ditu izterrak, agerian bularrak, bero, laztandu behar. Bien bitartean, lurreko lurrina pagadiko izarrekin biltzen ari da. Orkatzak erreka bazterrean lohia usaintzen duen bezala bilatzen du katagorriak nobia bat, txakur galduak ez baitu egiten bilatu baizik. Ferranen ardura xendari eustea da.

Ez dago epaiketarik. Guztiaren onarpenak amodioaren bortxa ere barnebiltzen du, amor fati: epaitu gabe oroitu eta onartu, begiratu eta onartu, ukitu eta onartu, lurra usaindu eta onartu. Ur freskoa onartzen den bezalaxe onartu hontz bustiaren buztan gogorra ere.

Azkenik, loak hartu du txakurra eta Ferranek garraio kutxa batean sartu du goxo-goxo har dezan atseden. Utzi bakean, mesedez.

Erlijioaren izua

Markos Zapiain 2013/03/15 16:41

Lehen begiratuan ematen du Saizarbitoriak jakin duela gainetik kentzen iraganetik amildu zaion zametako bat, bederen: Jainkoaren zama, Jainkoak ez baitu garrantzirik haren protagonisten barne bizitzan, ez dago pertsonaien barne-gatazka erlijiosorik, Jainkoa ez zaie arazo. Kristau-zapalketa pairatu arren ateismo lasai batean bizi den horietakoa dirudi Saizarbitoriak.

Ageri bai, bere nobeletan ageri da Jainkoa, baina protagonisten gogotik at, gizartean. Eta etsaia da, gizarteko alderik makurrenak erabiltzen baitu, zapaltzea helburu: bere izenean eragozten diote Gisèleri abortua, frankismoko fraideen Jainko zapaltzailea da Ehun metro-koa, Hamaika Pauso-n Daniel Zabalegik uko egiten dio hil baino lehen Jainko frankista aintzat hartzeari, Martuteneko Abaitua “menostua, mehatxatua, umiliatua, zigortua, ikaratua, abusu sexual eta tratu txarren biktima izan da fraideen aldetik”...

Erlijio katolikoak luzaro eduki zuen zeharo izututa Saizarbitoria. Gorka Bereziartuak Argia-n egin dion elkarrizketa erabakigarri batean kontatu du: “Sexuaren aurreko jarrera, infernuaren beldurra… Ze eszenfikazioak… Garizumak zer ziren, sentsibilitate pixka bat zuen mutiko edo neskato batentzat Kristo haiek zapi ubel haiekin estaliak…”.

Ez sinesteko moduko jipoiak eman zizkioten fraideek. Esaterako, ez zen ezohikoa arrazoi argirik gabe Saizarbitoria zartako batez lurrera botatzea eta, belauniko eta dandarrez, fraideen ostikoek eta garrasiek korridore luze oso bat zeharkaraztea. Susmoa du bere izaerak berak amorrarazten ote zituen. “14 urte nituenerako boxeolari profesional batek jasotzen ez dituenak jasoak nituen.”

Uste du zoriontsuagoa litzatekeela heziketa eta giro katoliko hura pairatu izan ez balu, eta hori ez dio barkatzen. Deigarria zaio gaur egungo jende askori ez iruditzea hain kontu larria. Bitxia, orain aurrerakoiarena jotzen duten fraide ohiek zeinen arin ahaztu dituzten eraso fisiko beldurgarri haiek  Gazteek ez omen dute merezi bezala estimatzen zertaz libratu diren, eta Saizarbitoriaren ustez jakinarazi beharko litzaieke. Hala ere, ez dio oroitzapen mingarri horri liburu oso bat eskaini.

Zergatik? Gorka Bereziartuari aitortu dionez, “beharbada traumarengatik.” Ordea, ez al dio Saizarbitoriak berak bere literaturako bultzatzaile garrantzitsuenetako bat dela iraganetik sendatu gabe heldu zaizkion zaurietan ozpina bota, hatza sartu eta bueltak ematea? Martutenen dio trauma erakustea behar duela literaturak helburu; Argiako elkarrizketan, berriz, traumatikoak zaizkiolako ez diela libururik eskaini fraideei lotutako oroitzapen mingarriei. Maiz adierazten ditu Saizarbitoriak ikuspuntu bat eta bere kontrakoa, biak onarturik. Aise egiten ditu bere kontraesanezko esaldi bi, eszeptikoa baita egia osoaren ertz ugariak koherentziaz adierazteko hizkuntzaren ahalmenari dagokionez. Ez du koherentzia kosta ahala kosta bilatzen; koherentziaren gainetik ikusten du egia. Halatan, badira Saizarbitoriarenean egia inkoherente eder askoak.

Autoa gidatzen ikasteko aholkuak

Markos Zapiain 2013/03/06 09:35

Bost dira funtsezko maniobrak:

1-Trafikoan sartzea

2-Desplazamendua aldamenera, karril aldaketa

3-Ezkerrera zein eskuinera biratzea, zentzu aldaketa

4-Aurreratzea

5-Geldialdia eta aparkatzea (atzera martxa aparkatzearen osagaitzat hartzen da, ez berezko maniobratzat)

AHOLKU OROKORRAK

-Norberak eduki behar du beti autoa kontrolpean. Enbragea beti kontrolpean. Sekula ez galdu pedalen kontrola

-Abiatzeko lehenbiziko martxa ipini, enbragea dardaraka, eta, aldi berean, azeleragailua gero eta sakonago zapaldu, beldur barik, eta enbragea araberan askatu, astiro eta leunki

-Enbragea zapaltze erditik gora egundo ez askatu kolpez, baizik astiro eta leunki

-Bide talo konplikatu batera edo zebra bide arriskutsu batera oso astiro iristean, lehenbiziko martxa sartu, gelditu barik, eta enbragearekin jokatu, Bermeon autoeskolatik irtetean egiten dugun legez; baina normal ibili ahal izan bezain laster azeleratu eta bigarrena jarri

-Lehenbiziko martxa gelditzean ipini, edo oso-oso poliki zoazelarik. Ez da zirkulatzeko

-Parkingetan, oro har, beti lehenbizikoan, eta enbragearekin jokatu. Edonor ager lekizuke edonondik ezustean

-Ez ahaztu, gelditzean beti lehenbizikoa jarri

-Bigarrena: abiatu eta berehala. Errepidean 30 kilometro orduko seinalea ikustean bigarrenera jaitsi. Bide talora beti bigarrenean iritsi

-Hirugarrena: 50 kilometro orduko ikustean

-Laugarrena: 80

-Bosgarrena: 100

-Maldan behera balazta zapalduta aldatu martxa, ez dezagun autoaren kontrola galdu

-Ahal izatean beti eskuineko karriletik ibili, eta galduz gero saiatu lehenbailehen berreskuratzen

-Eskuinetik datorrenak dauka beti lehentasuna

-Stop: gelditu, bat, bi eta hiru zenbatu, eta soilik ondoren abiatu

-Aurreratu baino lehen ispiluetatik begiratu ea baten bat datorren, eta ondoren seinalatu

-Edozein desplazamendutan: seinalatu eta erretrobisoretik begiratu, seinalatu eta begiratu, bata besteari lotuta, lepoa, begiak eta burua erresorte batek mugiaraziko balizkizu bezala

-Aurreratu dugula, oraindik ezkerreko karrilean, begiratu goiko erretrobisoretik ea aurreratu dugun autoaren muturra agertzen den; agertzeak aski tarte dugula adierazten du eta orduan intermitenteaz eskuinera seinalatu eta eskuineko karrila berreskuratu

-Marra jarraitua eta aurrean autoa edo autobusa mugitzen ari dela: gelditu. Marra jarraitua eta aurrean autoa edo autobusa edo edozer geldi-geldirik: ezkerreko erretrobisoretik norbait ote datorren begiratu, seinalatu eta aurreratu

-Marra etena eta aurrean autoa edo autobusa martxan: aurreratu dezakegu. Geldirik dagoenean ere, jakina, aurreratu dezakegu

-Kontuz, marra jarraitua bada ez karrilez aldatu

-Bide taloan sartzerakoan autoren bat badoa barruan, nahiz eta urrutiko karriletik ibili, gelditu eta ez sartu

-Bide taloan, ez zabaletik baizik eta barruko karril batetik sartuz gero, ondoren, irteteko, astiro-astiro joan, seinalatuz, irteteko bide egokiaren bila; baina zabaleko karriletik irteera eragotziz autoren bat baletor, inolaz ere ez gelditu; aldiz, beste bira bat eman taloari, eta hurrengoan ere ezin bazara irten beste bira bat, irtenbidea libre topatu arte

-Semaforoa anbar intermitente badago, aurreko stopak eta bide emateak kontuan hartu

-Balaztatzeko, lehenbizikoan bazoaz, enbragea sakon eta balaztatu

-Bigarrenean bazoaz, orduan balazta, enbrage, balazta

-Bigarrenetik gora, balazta, enbragatu barik

-Biribilgunerik gabeko gurutzeetan, bira egitean, irudikatu errepide erdian behinolako munizipala dagoela trafikoa gidatzen, eta bere atzetik egin bira

-Distantzia egokia: aurreko autoaren gurpilak eta errepide zati bat ikusgai

-Aldats behera edo bigarren martxatik gora, sarrienik aski izaten da balaztatzea, ez tematu aldi berean enbragatzen eta balaztatzen

 

LERROAN APARKATZEKO

1-Seinalatu eta gelditu

2-Atzera jo, zuzen, gure autoko atzealdea aparkatuta dagoena baino apur bat atzerago kokatu arte

3-Bolanteari eman eskuinera tope eta atzera jo, ezkerreko erretrobisoretik espaloi zati txiki bat agertu arte

4-Bolantea zuzendu (bira bi ezkerrera) eta atzera egin, astiro-astiro, espaloia ukitu arte

5-Lehenbizikoa sartu, bolantea tope eskuinera eta metro bat aurrera

6-Atzera martxa ipini, bolantea tope ezkerrera eta atzera egin, erretrobisoreetatik begiratuz, ahalik eta gehien, atzeko autoa ukitu barik

7-Berriro lehenbizikoan eta metro bat aurrera

8-Dantza atzez eta aurrez, autoa zuzen kokatu arte. Aurrez laburrago atzez baino. Atzez eginik amaitu. Gurpilak zuzen utzi

LERROTIK IRTETEKO

1-Begiratu norbait datorren eta seinalatu

2-Lehenbizikoan ipini, bolantea ezkerrera tope, eta, aurreko autoa ukitzera badoa, gelditu, bolantea eskuinera tope, atzera martxa jarri, atzera egin, gelditu, lehenbizikoan ipini, bolantea tope ezkerrera, begiratu eta irten

BATERIAN APARKATZEKO

1-Seinalatu eta gelditu

2-Atzera martxa sartu eta atzera egin, gure autoaren atzealdea lehenbiziko autoaren matrikula erdiaren parean kokatu arte

3-Bolantea tope eskuinera eta atzera jo, bigarren autoa baino apur bat aurrerago kokatu arte. Ez ahalegindu gure autoa gehiago sartzen

4-Lehenbizikoan ipini, bolantea tope ezkerrera eta aurrera, gure eskuinean aparkatuta dagoen autoarekin ireki dugun zabalera galdu barik. Gelditu

5-Bi autoekiko tartea berdintsua denean, bolanteari bira bi, gurpilak zuzen ipintzeko

6-Erretrobisoreetatik begiratuta, aparkatuta dauden bi autoen artean atzera egin eta gurea parean dagoenean gelditu

BATERIATIK IRTETEKO

-Seinalatu, lehenbizikoan ipini eta zuzen irten, gure besoa eskuineko autoko aurrealdearen parean kokatu arte, jo nahi ez duzun zatiaren parean, eta, gelditu barik, jarraian, bolantea tope eskuinera eta eskuineko autoa ukitu barik aurrera jo, erabakitasunez

APARKATZEKO ORDUAN

-aurrez jausten bada autoa, atzeko martxa utzi jarririk

-atzez jausten bada autoa, lehenbiziko martxa utzi

Barri autoeskolan bizkor aparkatzen ikasten dugu

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.