Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kalipsok Odiseo bahitu

Kalipsok Odiseo bahitu

Markos Zapiain 2015/12/23 12:55

Nola mitologian hala filosofia nagusian, bereziki estoikoenean, grekoek mundua kosmos gisa zekusaten, kaosetik eratorritako ordena gisa. Mundu koherente horretan, nork bere tokia dauka. Bizimodu ona, justizia, bakoitza dagokion gunean bizitzea da.

Bi mito iturri nagusiek, Hesiodoren eta Homeroren obrek, kaosetik kosmosera igarotzea darakutsate. Irailean ikusi genuen nola sortzen den Hesiodoren Teogonian harmonia kosmikoa kaosetik. Odiseak Troiako gerra kaotikoa du abiaburu, eta, hamar urteko itsasaldi baten ostean Odiseo/Ulises bere Ithakara heldu eta Penelope emaztea berreskuratutakoan amaituko da. Ithaka baita Odiseori dagokion tokia, Peneloperen alboan.

Odiseoren kasuak erlijioaren eta gizatasun soilaren arteko desberdintasuna ikusten laguntzen du. Erlijioentzat, oro har, benetako bizitza hil ostean hasten da. Hilezkortasuna dago jokoan. Odiseok, berriz, eta, halaber, ikusiko dugunez, Filosofiaren zati handi batek, giza bizialdi mugatu honetan ardazteko joera erakutsiko du.

Odiseo, Ithakara itzuleran, Kalipsoren uhartean gelditu da, Ogigian.

Kalipso izena “kaliptein”-etik dator, ezkutatu edo bahitu esan nahi baitu, eta halaxe du Odiseo, bahiturik. Jainkosa bat da, ezin ederragoa, eta Odiseoz maitemindu da. Bere uhartea paradisua da, beti eguraldi ona, janari bikaina, otarrainak, sagarrak, tigretoiak. Are gehiago, Kalipsok Odiseori hilezkortasuna agindu dio berekin geldituz gero. Hilezkortasuna paradisuan, maite ezin ederragoarekin. Gainera, Kalipso tentuz ibili da, aurreko batean Jainkosa batek hilkor bat hilezkortu eta ohartu gabe azken zahardadeko gogoz eta itxuraz hilezkortu baitzuen. Ez du berriz ere hanka sartu nahiko. Arazo hori kristauei ere sortu zitzaien, alegia, dogmaren arabera denboraren azkentzean gorputzak berpiztuko dira, ez soilik arimak, ados, baina gure bizialdiko zein gorputz? Kalipsok Odiseori aginduko dio gorputz-arimen aldetik orekarik sakon eta ederrena duen unean hilezkortuko duela, 52 urte inguru.

Hala ere, Odiseo egunero arratsaldez Kalipsoren uharteko ertz batera joaten da, Ithakara ematen duena, eta negar egiten du. Penelope ez da Kalipso bezain ederra, Ithaka askoz ere txiroagoa da Ogigia baino, baina horiexek dira Odiseoren erresuma eta Odiseoren emaztea. Odiseoren ildotik filosofo askok nahiagoko dute hilkortasuna, dagokien tokian izanez gero, ezen ez hilezkortasuna deslekuan.

Nori berea, hori da zuzenbidea, diogu euskaldunok. Grekoek ere horrela ikusten zuten kontua: mundua ordenatua da, pertsona eta ekintza bakoitzari toki bat dagokio, eta bidegabekeria, injustizia, toki horretatik ateratzea da. Horri deritzote hybris, gehiegikeria, harrokeria: dagokizunetik bereizteari, zurea ez den toki bat betetzeari. Hori gogor zigortzen dute, Jainkoek mitologian eta epaileek gure mundu arrano honetan.



 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.