Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Edipo

Edipo

Markos Zapiain 2015/10/10 09:05

Ediporen mitoa bezain ezagunak dira Ediporen inguruko interpretazioak, eta Lévi-Straussen ustez mitoa bera bezain mitikoak dira interpretazio horiek. Ediporen tragedia zuzen ulertzeko ezinbestekoa da bere aita Laiosena jakitea. Laios gaztea zela, Pelope izeneko gizon batek bere etxean ostatatu eta urte luzez zaindu zuen, baina halako batean Laios Peloperen seme kuttun Krisipoz amorostu eta bahitu eta biolatu egin zuen. Krisipok bere burua hil zuen. Orduan Pelopek madarikazio hau bota zion Laiosi: baldin inoiz semerik bazenu, hil zaitzala, eta daramala hondamendira zure herria. Ediporen patuak erakusten digu arbaso baten errua hurrengo belaunaldiek ere ordaindu behar izaten dutela. Arbasoen hybrisa, gehiegikeria erruduna, errugabe bezain zintzo eta argiak diren Edipo eta Antigona bezalako oinordekoek ordaindu behar izaten dute. Era berean herriek: bigarren mundu gerra edo gerra zibila bezalako katastrofeen ondorioak ordaintzen ari gara oraindik, gure zoritxarra erabaki zuten gertakizunetan inongo esku hartze edo hanka sartzerik izan ez arren.

Edipo Tebasen jaio zen, aita Laios eta ama Jokastarengandik. Itxuraz, Laiosek nahiago zituen mutilak, eta mozkorturik kontzebitu zuen Edipo. Delfoseko orakuluak gurasoei jakinarazi zien Edipok aita hil eta amarekin oheratuko zela. Gurasoek orduan Edipo oihanean uztea erabaki zuten, agerian, ikusgai, garai hartan horrela jokatzen baitzuten Grezian abandonatu nahi zuten umearekin: oineko tendoi batetik lokarria pasa, adar batetik eskegi eta basoan uzten zuten. Hain zuzen, “Edipo”k oin hanpatu esan nahi du; “edema” hitza, hanpadura, erro berekoa da.

Kontua da aldi berean Korintoko errege-erregina Polibo eta Meropek ezin zutela umerik izan. Eta beren zerbitzariek “kasualitatez” Edipo txikia oihanean abandonatuta aurkitu zutelarik, askatu eta Korintoko errege jauregira eraman zuten.

(“Kasualitatez”, hots, Jainkoek harilkatutako patuak erabakirik, gizakiei eta gure kasuan Edipori ulergaitz eta beraz zorizkoa zaien halabeharra. Apolo da gertaera tragikoen atzean dagoena. Ez zien tebastarrei barkatzen Laios errege egin izana. Pitia, edo Pitonisa, Delfoseko tenpluan orakulua enigmen bidez adierazten duena, Apolori emana zaio, Apoloren eta gizakien arteko bitartekaria da. Pitia edo Pitonisa deitzen zitzaion Pito eskualdekoa zelako: Delfos edo Pito eskualde bera da. Pito izena inguru hartako leizezulo batean bizi zen Piton sugetik dator. Apolok hil zuen Piton sugea.)

Harira. Edipok uste zuen Korintoko errege-erreginen seme biologikoa zela, gurasoek ez zioten-eta bere jatorriaren berri eman. Behin batean, nerabe zela, Edipo bastartzat jo zuten bere adinkideek, ziur aski oin hanpatuak ikusita, iseka egin zioten. Edipok ustezko aita Polibori bere jatorriaz galdetu eta, ez zituenez erantzun garbiak jasotzen, Delsfoseko tenplura jo zuen, orakuluarekin mintzatzera. Pitiak jakinarazi zion aita hil eta amarekin oheratuko zela.

Edipok, zalantzak zalantza, uste izaten jarraitzen zuenez Korintoko errege-erreginak zituela guraso, ihes egin zuen, patuari iskin egin nahian.

Aldi berean, Esfingeak Tebas itota zeukan beste izurrite baten bidez. Enigma bat adierazia zuen eta inork ez zuen asmatzen. Enigma: zein da goizez lau hankatan, eguerdiz hanka bitan eta iluntzean hiru hankatan dabilen animalia? Inork igartzen ez eta izurritea ez zen desagertzen. Laiosek Delfosera jo zuen bere herriko arazoa konpontzeko asmoz, baina gurutze-bide batean Korintotik ihesi zetorren Ediporekin talka egin, haserrea gailendu, Edipok Laiosi kolpe txar bat eman eta hil egin zuen, aita zuela jakiteke noski. Hara beste bultzada tragiko bat: patua saihesten ahalegintzeko mugimenduak berak gauzatzen du hain zuzen patua. Ustezko gurasoak ez hiltzeko ihesak eraman zuen Edipo bere benetako aita hiltzera, Delfoseko orakulua betez. Berdin gertatzen da “Bagdadeko morroia” izeneko ipuin ospetsuan.

Aita hil ostean, eta betiere Korintotik ihesi, egun batean Edipo Tebasera iritsi eta Esfingearen enigma asmatu zuen. Gizakia da umetan lau hankatan, helduaroan bi zangoen gainean eta zahartzaroan makilak lagunduta ibiltzen dena. Zenbat ahulago, hainbat hanka gehiago behar. Igarkizuna asmatuta, Edipok izurritea desagerrarazi zuen, eta, sari gisa, Kreontek, Laiosen ordezko agintariak, Jokasta alargun gaztearekin ezkon zedin eskaini zion, alegia, bere amarekin. Halaxe egin zuten eta errege-erregina bilakatu ziren ama-semeak.

Hogei urteren buruan, ostera ere izurritea. Delfosera bidalitako mezulari baten bidez Edipok jakingo du ez dela desagertuko harik eta Laiosen hiltzailea nor den argituko den arte. Edipok hiltzailea bilatzeko ikerketei ekingo die. Literatura gaurkotasun handikoa da planteamendua, ikertzailea bera baita erruduna, detektibea bera hiltzailea, baina oraindik ez daki. Tentsioak gora egingo du parrizida intzestugileak bere burua ispiluan ezagutzera hurbildu ahala. Tiresias igarle itsuak jakinaraziko dio egia. Eta Edipok aita hil eta amarekin larrua jo duela jakin bezain laster, bere begi biak erauzi eta erbestera abiatuko da, itsu eta zahar, alaba biekin. Antigona du alabetako bat.

Freudena da Ediporen interpretaziorik ezagunena. Sofoklesen tragediak gizakia indar handiz erakartzen du oraindik, idatzia izan eta 2.500 urte igarota, egoera ekonomiko-soziala goitik behera aldatu den arren. Marxentzat ez bezala, Freudentzat, mudantza historikoen gainetik dago giza izaeraren muin psikologikoa, eternala bailitzan gizatasunaren funtsa, eta muin horixe berorixe gauzatzen du Edipok agertokian: haurtzaroan guztiok amarekin oheratu eta aita hil nahi izan dugu, baina desira errudun hori erreprimitu eta inkontzientera bota behar izan dugu, eta han estalirik atxiki. Edozein umeren garapen psikosexualean da erabakigarria Edipo aroa. Hori dela-eta zaigu hain deigarria eta liluragarria mitoa, azpiegitura ekonomikoaren aldaketen despit: gure inkontzienteko desira nagusia Edipok jendaurrean mamitzen du, ezkutukeriarik gabe.

Bestalde, desira edipiko hori zapaldu behar izatetik eratorri omen da intzestuaren debekua, eta gainerako debeku oro. Desiratzen ez dena ez dago zertan debekatu. Hala ere, hainbat antropologoren iritziz intzestuaren debekua ez da Freudek uste bezain unibertsala, besteak beste familia-egitura ez delako beti aita/ama eta umea: zenbait herritan, esaterako, umearen erreferentzia heldu maskulinoa ez da aita biologikoa, baizik eta amaren neba, osaba. Hain zuzen, ba ei da lotura etimologikoren bat ugazaba eta osaba hitzen artean.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.