Dioniso
Nondik nora dago Olinpoko Jainkoen artean Dioniso, gainerako olinpiarren hain desberdina izaki? Antigrekoa da, gehiegikeria hutsa, kaosa. Lehen begiratuan, Tartaroan behar luke, infernuan, Titanekin eta Tifonekin batera. Dioniso ez da-eta festa alaiaren eta mozkorraren Jainkoa soilik, ardoaren eta antzerkiaren asmatzailea; aitzitik, eldarniorik mingarriena ere sustatzen du, tortura eta hilketa. Hala ere, Olinpoan? Ausardia horixe da ziur aski herri grekoaren jenialtasunaren adierazpenik esanguratsuenetakoa.
Dioniso beste Olinpiarrengandik bereizten dituen zenbait ezaugarri: alde batetik, giza ama duen Olinpiar bakarra da; gainerako guztiek Jainkoak dituzte guraso (Jainko mestizoa).
Anabasa izan zen Dionisoren jaiotza. Hara bertsioetako bat: Dionisoren aitak, Zeusek, giza itxura hartzen zuen Dionisoren ama Semelerekin larrua jotzeko. Zeusen emazte Herak, jelosiak bultzatuta, Semele xirikatu zuen Zeusi eskatzeko bere berezko itxura jainkotiarra erakuts ziezaion. Zeusek amore eman eta trumoi, oinaztargi eta oinaztu gisa agertu zitzaion, eta Semele kixkali, Herak aurreikusi legez. Erre bitartean, Zeusek Dioniso amaren sabeletik erauzi eta bere izterrean gorde zuen. Aitaren izterretik jaio zen beraz Dioniso (sorkura katastrofikoa).
Sufrimendu horrek ez zuen ordea Heraren mendeku gosea asetu, eta Dioniso hil nahian aritu zen jo eta su. Semea babestearren, Zeusek neskatxa itxura eman zion Dionisori; honi gustatu eta aurrerantzean ere, inongo beharrik gabe, erabiltzen jarraitu zuen (Jainko trabestia).
Hera berriro larregi hurbildu eta Zeusek, Hera despistatzearren, aker bilakarazi zuen semea, eta gero zezen (Jainko piztia).
Dena den, Herak detektatu eta Dioniso erotu egin zuen, baina seko erotu. Eldarniotan ibili zen bolada luze batez (Jainko eroa).
Alderrai zebilen beti, bere satiro, sileno eta bakanteekin atzera eta aurrera, herririk herri, mozkorrik mozkor. Grekoek ez zuten grekotzat, nabarmena baitzuen Ekialdeko kutsua; asiarra omen zen, bere begi urratuekin, etorkin bat, metekoa, mantxurrianoa, koreanue (Jainko arrotza, etorkina).
Grekoek biziki estimatzen zuten ordea izaera autoktonoa, gutartasuna, gizontasuna, gizatasuna, zentzuna, ordena, legea, kosmosa. Guztiz arrotza zitzaien horrenbestez Dioniso: guraso nahasiak, kaotikoa, trabestia, piztia, eroa, kanpotarra, mozkorra, drogadiktoa. Alegia, edozein gurasok alabarentzat nahi lukeen senarra. Guztiarekin ere, Olinpoan, Apoloren eta Atenearen alboan.
Bestalde, izugarria bada ere Dioniso beti, izugarriagoa du izeko Agaveren aurkako mendeku-gosea. Agavek iseka egiten zion bere ahizpa Semeleri, Dionisoren amari, honek zioelarik Jainkoen Jainko Zeusekin harremanak zituela. Hori guztia asmakeria hutsa zela zabaldu zuen Tebasen eta barregarri utzi zuen ahizpa.
Euripidesen Bakanteak-en Dionisoren mendekuaren berri ematen zaigu. Agaveren seme Penteo dugu Tebasen errege. Dionisoren kontrafigura da: greko-grekoa, jator-jatorra, txintxo-txintxoa, gurasoak harro egoteko modukoa.
Halako batean, Dioniso eta bere jarraitzaileak Tebasera etorri dira, karrika eta plazez jabetu dira, erdi biluzik edan eta edan. Dionisok herriko jendea bakanal batera gonbidatuko du mendi aldera. Bizitza publikoa gizonen esku dagoenez zeharo, aspertuta bizi diren emakumeak erakarriko ditu batez ere Dionisok. Penteo ere jakin-minak jota sumatu eta mendiko jaira bideratzen du. Bakantez mozorrotuta igoko da buruzagia. Barre eragiten zien horrek ikus-entzuleei, gurean agertokian Urkullu berez hieratikoa emo edo punkiz ikustea bezalako zerbait. Penteok zuhaitz baten adarrean erdi ezkutatuta ikusten du Dionisoren festa basatia: leunki hasi dira, edan, sexu harremanak andreen artean, baina berehala ekingo diote animaliak torturatu, bizirik zatitu eta hiltzeari; gero eta mozkor eta eldarniozkoagoa eta biolentoagoa da giroa, harik eta bakanteek Penteo begiluzea seinalatu eta, Agavek gidatuta, bere eldarnioan piztia gisa ikusten baitu semea, harrapatu, lurrera bota eta bere gorputza zatikatu eta hilko duten arte. Ostean, Agavek berak semearen burua gorputik bereizi eta pika batean inkatuko du. Oraindik mozkor eta eldarniotan, bere aitari, Tebasen fundatzaile Kadmori, semearen buru odoltsua trofeo gisa eramango dio, harro.
Bete da horrenbestez Agaveren aurkako Dionisoren mendekua.
Horrelakoak bultzatzen dituena da grekoek Jainko beneratuenen artean kokatu zuten indarra. Nolatan uler?
Kristauek Jainkoa eta zerua irudikatu zutenean Platonen ideien mundua izan zuten eredu. Platonen ideien munduan ederra, zuzena, egia eta ongia daude. Ez dago zikinkeriarik, ez gaizkirik. Era berean, kristauen zeruan. Antzinako grekoek Dioniso Olinpoan kokatuta lortu zuten mundu idealean arrotza, diferentzia, txarra integratzea, kristauen zeruan Jainkoaren alboan Luzifer balego bezala. Hots, sakontasun, errealismo eta ausardia psikologikoari dagokionez, askoz ere gehiago izan ziren politeista haiek Platon eta kristauak bezalako Platonen jarraitzaileak baino.
Grekoen jeinu eta estilo handiak desoreka, bestelakoa, eromena, oinazea eta itzala onartzeko ausardia izan zuen, eta indar dionisiako ilun arriskutsu horien bidez bizitzaren edertasuna sakontzekoa.