Eztabaida kezkagarria
Jon Abaitua ikasle ohiak jakinarazi dit nire oraingo ikasleen artean eztabaida bat dabilela: ea tentela naizen barrutik eta neurez ala nahita egiten ote dudan tentelarena. Azken hau nire aldekoek omen diote: “Babalore itxurak egiten dabil gu engainatzearren, baina berez ez da hain babalorea”.
Ez aurkakoek ez aldekoek ez dute zalantzan jartzen ergela ematen dudala; baina, egia aitortzeko, ni ez naiz bereziki saiatzen ergel itxura erakusten.
Jon Abaituarekin mintzatu arte ohartu ere ez naiz egin hainbeste jende sentibera eta adimentsurentzat ebidentzia hutsa dirudien horretaz. Ez ohartze hori, jakina, nire izaera sinple eta inozoaren beste froga bat litzateke.
Kontsola ninteke gogoetatuz badela jendea ez dena bizirik sentitzen hurkoa umiliatuz eta albiste txarrak zabalduz baizik, eta, plazer mota hori xede, errukirik gabe hanpatzen dutela edozer, are gezurra asmatzen. Jon Abaitua ez da horrelakoa ordea.
Bestalde, eskuzabal karitatetsuren batek pentsa lezake hau guztia neronek azaltzeak frogatuko lukeela hain tontoa ere ez naizela, neure egin baitut hein batean, edo jendaurrean aitortzera ausartzeak neure buruarengan dukedan ziurtasuna erakutsiko lukeela, baina, guztia esateko, Jon Abaituak behartu nau ideia hauek interneten adieraztera, eta trukean bi elastiko emango dizkit, Mondragon Unibertsitatean sortuak, “I don’t like to drink alone” dakartenak idatzita.
Giza kaka kontuak
Sir Robert Burtonen “Malenkoniaren Anatomia” liburuak apaiz predikatzaile ospetsu baten kasua dakar. Alkmaar-en bizi zen, Herbeheretan, eta mendi buelta egiten ari zela sabelminak jo, eliztar batzuek kaka egiten ikusi, eta lotsaren lotsaz apaizak meza emateari utzi eta azkenik etxetik ateratzeari ere utzi omen zion.
Zorionez zein zoritxarrez, gainditzen ari gara kakaren aurreko lotsa hura. Gure ikasleen gai gogokoenetakoa da. Tabernetan beren azken mokordoak zein pintxoren antza duen zehazten dizute (ia beti bakailao iluna tipulaz estalia, ez dute bat ere osasuntsu jaten).
Zurrumurruek ez dute gizakia Berpizkundeko humanistek bezala ikusten, hots, kreazioaren gailurra, munduko ginga, ez; hurbilago dute Luther, zeinarentzat gizakia Jainkoaren ipurtzulotik eroritako gorotza baita. Hain zuzen, kaka egiten ari zela jo zuen Luther bere inspirazio gorenak, fedearen bidezko salbazioaren argitasunak.
Norman O. Brownek dioenez, aurrerapauso hauxe egin zuen Lutherrek: mendebaldeko gizakiaren salbabide tradizionalari mozorroa erantzi zion, hots, sublimazioa arbuiatu zuen. Lutherrek hainbeste azpimarratzeak jatorrizko bekatua, zera adierazi nahi omen du: berdin dio uzkitasuna zenbat sublimatzen den; azken batean, gizakia beti izango baita kakatsu. Lutherrek tenteltzat jo zuen mundualdi honetan gorputza gainditu nahia.
Esan bezala, bestalde, Lutherren argitzapena komunean jazo zen. Lutherren Deabrua, gainera, uzkitasuna duzu oroz lehen. Arrazoibidea biribiltzeko, Max Weber oso ondo ezagutzen duen Norman O. Brownen ustetan, Lutherren teologian kapitalismoa Deabruaren mamitzea da.
Tirrit-hari honi tiraka, ekar dezagun hona hiri-kondaira nabarmen bat: senar-emazteak dauzkagu, arruntak. Emaztea garbizale amorratua, etxea goitik behera eta sakonki garbitzen du etengabe, nonahi sumatzen baitu mikrobioen arriskua. Presio handia egin zion senarrari tabakoa utz zezan, etxea zikintzeaz gain bihotzekoak jo baitzion. Eta senarrak utzia du ofizialki. Noizbehinka hala ere komunean kisketaz itxi, leihoa zabaldu eta kirol egunkaria irakurri bitartean zigarroa pipatzen du, gozamen handiz.
Emazteak gaur bereziki ongi garbitu du dena, eta errematerako garbikari txorrotada oparo bat isuri du komun zuloan, erdi amoniako erdi alkohol erretzaile, osagai kimiko kiskalgarri bat duena, edozein bakteria behin betiko akabatzeko modukoa.
Bukatu du senarrak kirol egunkariaren irakurtzea, bota du zigarrokina izter artetik eta… komuneko urak su hartu du. Senarrari infernua igo zaio komun zuri ikaragarri garbiaren azpitik. Sugarrak beheko ileak kiskali dizkio, ipurdia, barrabilak, inguru delikatu hori guztia erre dio. Auzo osoan entzun dituzte izuzko garrasiak.
Emazteak zezenaren indarraz komuneko atea bota eta ez du tutik ere ulertzen: senarra lurrean oihuka, toaila busti bat izter artean, dardaraka eta bihurrikatuz.
Ez al zuen senar biziotsuak horrelako zigorra merezi? Infernuko sua, bekatari askok ez dute beste hizkuntzarik ulertzen...
---
Orain datorren pasadizo hau egia balitz bezala kontatzen da oraingoz, baina hiri-kondairaren ezaugarri guztiak dauzka: badira Interneten bikotekidea bilatzeko webgune arras arrakastatsuak, Meetic eta beste batzuk. Gizon heldu seduzitzaile batek Meeticen bidez hainbat emakumerekin ligatu du. Bilbon eta inguruan ibiltzen da. Oso erakargarria da, garaia, dotorea. Lehenbiziko elkarketak hoteletan egiten ditu. Ondoren, gizonaren beraren etxean. Azkenik, emakumearen etxean.
Orduan, sexu-jolas gisa, ohe gainean datzan andrea lotu egiten du, eskumuturrak eta batzuetan orkatilak ere bai. Behin andrea lotuta, kaka egiten dio gainean eta mokordoa bertan utzirik alde egiten du. Batzuetan andrea ez da bakarrik bizi, ezkondua izaten da eta ordu erdi barru itzuliko dira seme-alabak eskolatik...
---
Azken-aurreko, literatura: “Ipuin izugarriak” bilduman, Xabier Mendigurenek apailatua, azkeneko ipuina Harkaitz Canok idatzia da, eta film batetik jasoriko pasadizoa kontatzen du. Neska gazte bat kanpadenda edo oihal-etxolarekin dabil alderrai, gaur hemen bihar auskalo non lo egiten. Arratsalde batez lorategi batean jartzen du. Lorategiaren jabeak, emakume heldu batek, etxean sartzera gonbidatzen du, dutxa bat hartzera eta abar, eta neskak onartu. Aurretik ordea kaka egingo du eta emakume helduaren hortzetako eskuila hartu eta buelta batzuk emango dizkio zorongoaren barruan, koilaratxoa kafesnean bezala azukrea zabaltzeko. Ondoren, eskuila bere tokian utziko du, dutxa hartu eta alde.
Canoren Ipuina gonbidapen bat da, oroimena abian jartzera, azken aldian zein lagun igaro den zure etxetik, eta usain edo zapore arrarorik sumatu ote duzun etxeko tresnaren batean...
---
Eta bukatzeko benetako gertaera bat, egia osoa, lekuko zuzena ez baina oso hurbila izan bainintzen: irundar bat Aiako Harrian, oilategi baten ondoan tripako minak jo, oilategian egin eta ipurdia garbitzeko oilo bat erabili zuen, bizia, kokoriko-garrasi larriak egin arren ezin izan zuena patu petrala saihestu. Ez dut uste bat etorriko litzatekeenik Zaratustraren esakune ospetsuarekin: "Oi ene senideok, jakituria handia dago munduan kaka asko egotean!"
Freud eta Onfray masturbazioaz 2
Masturbazioaren inguruan Onfray ez dator bat Freudekin.
Onfrayren liburuak Freuden obra ondo samar ezagutzen duena ere pasadizo eta datu berriz aberasten du. Esaterako, Freudek 11 saio eskaini zizkion masturbazioari Vienako Psikoanalisi Elkarteko asteazkenetako bilera ospetsuetan, 1910eko maiatzaren 25etik 1912ko apirilaren 24a arte. Onfrayrentzat ez bezala, Freudentzat, masturbazioa, alde onak baditu ere, kaltegarria da funtsean. Freudek argitaratutako liburuetan masturbazioaren inguruan esanikoak ezagunagoak direnez, hamaika saio horietara mugatuko gara oraingoan.
Laudagarritzat jo litezkeen jarreren artean, maiz masturbatzeak zintzotasunera bidera lezake Freuden ustez, perfekzio moral berezi batera; baita datak ezartzeko pasiora ere, eta zientzia puruetan bilatzera ogibidea; halaber garbizale izatera hizkuntza kontuetan, Sabino Arana eta hainbat apaiz legez; eta zinismoa gorrotatzera, Sabino Arana, apaizak eta ia jende orok bezalaxe, nahiz eta hitzez sutsuago eginez baino.
Beste ondorio batzuk ez dira hain onak: onanistari naturaltasuna falta zaio, beldur da ez ote duen jende guztia begira; larregizko mesfidantza erakusten du, bakardaderako joera, izua die batzarrei; nerabezaroan egiaren aldeko irrika gaixotia erakusten du, adiskidetasun ideala bilatzen du, bere burua zerbaiten alde sakrifikatzeko mania izaten du; aldiz berekoi izaten da, aldiz hiperraltruista; eta familia baten sortzea gainpreziatu egiten du, gehiegi balioetsi.
Edonola ere, Freudentzat masturbatzearen ondorio gehienak biziki kaltegarriak dira: masturbatzea homosexualtasunari, perbertsioari eta intzestuari lotzen dio, hots, osotoro garatu gabeko sexualitateari. Amarekin sexuz elkartzeko fantasiari omen dagokio masturbazioa, edo bestela sexu berekoarekiko txortaldiari; haatik, Freudek heterosexualtasun genitala du sexu joera normal bakartzat, eta horrekin bat ez datorren guztia perbertsiotzat: perbertsioa litzateke horrenbestez fusila garbitzea eta neurastenia eragingo luke. Onanista sexu ezintasunaren beldur izaten da; eta neska masturbalarien artean birjintasuna galdu izanaren ustea eta irudipena nagusitzen da, eta umeak ezin ekartzearena.
Onfrayk ez dio Freudi buruzko bere liburua Diogenes zinikoari alferrik eskaini: Diogenesen eta Lukrezioren ikuspuntua bere eginez ihardetsiko dio Freudi. Ideia zehatz hauei erantzungo die: Freudentzat masturbazioa gizartearen aurkakoa eta sinplista da, errealitatetik urrutiratzen gaitu, hedonista da eta erregresiboa, eta naturaren aurkakoa. Onfrayren galdera: zergatik beharko luke sexu plazerak gizartekoi, konplikatu, erreal, goibel, heldu eta natural?
Ñabartu dezagun.
Freudek dio gizabanakoak masturbatzean gizartearen aurka jotzen duela, erakusten baitu ez duela gizartearen beharrik. Onfrayk zehazten du ez dela gizartearen aurka masturbatzen, baizik gizarterik gabe, eta ez da gauza bera.
Freudentzat, masturbatzea ekintza sinpleegia da, errazegia; atsegina izateko eta seduzitzeko ahaleginik ez egiteko ohitura hartzen baituzu. Eta Onfrayk galdetzen du ea zergatik arraio nahiago beharko genituzkeen konplikazioak. Ea nondik nora zenbat aiseago, hainbat gaitzesgarriago.
Freudek dioenez, onanistak errealitatea bigarren mailara jaitsarazten du eta irudimena eta mamua askiesten ditu. Onfrayk jakin nahi du ea zerk frogatzen duen sarketa heterosexual klasikoan irudimen eta mamu gutxiago dabilela, eta, hala balitz ere, ea zergatik beharko genukeen nahiago errealitate deprimigarria irudipen gozagarria baino.
Freuden ustez, masturbazioa ekintza hedonista da, eta, masturbaziora ohituz gero, onartzen zailak gertatzen dira gizarteak bikote bizitzari ezartzen dizkion arauak eta mugak. Onfray: hedonismo zibilizatu kaltegabeak ez du inongo debekurik behar.
Jarduera erregresiboa da Freuden iritziz masturbazioa, haurtzaroko sexu arora itzularazten gaitu, neurosien oinarrian dagoen oinaze psikikora hurbiltzen gaitu. Neskengan zehazki, Freudek uste du txikitan denek bizi izan dutela aitak seduzitzen zituelako fantasia. Eta neskak txipiroia garbitzean fantasia hura berpiztuko luke: erregresio arriskutsua. Onfrayrentzat, berriz, erregresio bat baino gehiago ordezko sexu ariketa bat da, merke bezain atsegina. Edozein gisaz, zergatik eragotzi gozamen mota hori, erregresiboa izan arren? Auskalo, onanistak plazer erregresiboa bila lezake ezin duelako erdietsi erregresiboa ez litzatekeen plazerik. Zergatik emendatu frustrazioa, gozamen samur horri ere uko egitera behartuz?
Freuden esanetan, azkenik, naturaren aurkako ekintza bat da masturbazioa, emakumeengan adibidez izaera maskulinoa baitu. Onfrayk harrituta: nolatan ukatzen dio Freudek emakumeari ezein jarduera ustez maskulino, edo alderantziz, guztion sexu anbibalentzia eta oinarri bisexuala behin eta berriz azpimarratu baitu?
Freud eta Onfray masturbazioaz 1
Masturbazioaren inguruko auzia berritu du MIchel Onfrayren azken liburuak, “Freuden afabulazioa, Idolo baten gainbehera”. Egundoko zalaparta eragin du, Frantziako kultura-azpiegiturako hainbat muin jo baititu, besteak beste Paris-zentrismoa. Frantzian batetik Paris dago eta bestetik gainerako guztia, probintzia, eremua. Boterearen zaina Parisen dago: argitaletxeak, unibertsitate eta goi mailako eskolarik ospetsuenak, telebistak, psikoanalisiaren popeak. Jakobinoek garbi irabazi zuten.
Onfray berriz normandiarra da, eta girondinoa, hitzez eta egitez. Bere lana Parisen kokatzeko eskaintza potolo ugari izan duen arren, bere lurraldean gelditu da eta bertan mamitu ditu beraren bi proiekturik ezagunenak, Unibertsitate popularra eta Gustuaren unibertsitatea.
Frantziako psikoanalisia Paris izan da beti, aginte psikoanalitikoaren hariak Parisek mugitzen ditu, Marie Bonaparterengandik hasi, Lacanengandik igaro eta oraingo Jacques-Alain Miller eta Elisabeth Roudinescoganaino.
Eta Onfrayk Freudi buruzko obra mardul eta kritiko bat argitaratu du, historialari lan serioa, Freudi buruz dabiltzan hainbat legenda deseraikiz, hagiografia desegin eta datu historikoak erakutsiz (Freudek hainbat eriren berri xehea eman zuen idatziz, sendatutzat jo zituen, baina ez da egia; liberal progresistatzat saldu digute baina kontserbatzaile ezkorra zen; sexuaren askatzailea izan barik katea berriak ezarri zizkion; inolaz ere ez zen bakezalea; Mussolini faxistari dedikatoria adeitsu bat idatzi zion; eta abar).
Paristarren erasoa ikaragarria izan da. Roudinescok modu histerikoan zabaldu du sarean Onfrayren aurkako panfleto sektario bat, Basse-Normandiako presidenteari eskatu dio Unibertsitate Popularrari diru-laguntzak kentzeko…
Eraso bortitz hauek erakutsi dute psikoanalisiak ez duela balio eztabaida batean lasai egoten ikasteko. Onfrayk pairatu behar izan duenak maila ugari dauzka; batetik, klase mespretxua: Bernard-Henri Levyk, Mayor Orejaren eta Redondo Terrerosen arteko aliantza bedeinkatu zuenak Ibarretxeren aurka, “nagusiari buruz zerbitzariaren ikuspuntutik” idatzi izana leporatu dio (oso familia pobrean jaio zen Onfray); bestetik, erdigunekoen mespretxua probintziakoei (Roudinescok “normandiar txabola batetik” aritzea leporatu dio); azkenik, eta arrazoirik ezean, irain parrasta: gezurti deitu diote, antisemita, faxista, kabroi, putakume, asmazio harrigarriak sareratu dituzte: Freuden liburuak irakurriz masturbatzen omen da Onfray…
Nerbioak airean
Gure gazte batzuk oso aktiboak dira sexu kontuetan eta primeran, osasuna ederto dabilela adierazten baitu. Esaterako, beheko institutuan dudan nobia mutilagun ofizialarekin dabil eta toleratu ez ezik ondo deritzot, behar handiak dituzte gazteek. (Beheko instiko nire nobiak dio zakila balu egun osoa pasako lukeela masturbatzen.)
Gainera, lesbiar harreman bat du Durangon, eta behin baino gehiagotan lagundu ere egin diogu: bere gurasoei esaten die gure etxera datorrela ikastera. Gero berandutu zaiola eta gurean lotan ere geldituko dela esateko deitzen die, eta jo eta su jarraitzen du Lesboseko lorategian. Gurasoak ezagutzen ditugunez, eta gure alaben laguna ere badenez, aurrera bolie. (Amets pornoak egiten ditu bere aitarekin; oraingoz sexu orala besterik ez.)
Ordea, atzo bere ikasgelan sartu eta azterketen data-aldaketa bat dela-eta esaldi bat hasi nuen: “Goiko instiko neure nobidxiek esan dost…” eta beheko instikoak zakarki eten zidan: “Zelan goiko instiko nobidxie! Nor da urdanga hori! Zureak egin du, Suneo! Besuek apurtuko tzates! Neu nai bakarra!”
Bale, neska. Agian simetria eta berdintasun pixka bat ez letorkiguke gaizki. Gainera, ondo daki harreman horrek ez duela platoniko deitzen zaion maila gaindituko, etikagatik uko egin baitiot ikasgelako alfa-arra izateak ematen didan eskubideari. Ziur aski ez da izango azterketek eraginiko urduritasuna baino.
Zizek eta tentsio etnikoak
Nondik nora bultzatu zuen Slavoj Zizekek Arnaldo Otegi eta Alfonso Sastreren Iniziatiba Internazionalistaren aliatu Izquierda Anticapitalista, Europako azken hauteskundeetan?
Zizeken iritziz, borroka askatzaileen artean komunismoaren aldekoari eman behar zaio lehentasuna, kapitalismoaren eta demokrazia liberalaren aurkakoari, multikulturalismoaren, feminismoaren eta giza eskubideen aldekoen gainetik. Gurean orain dela zenbait urte esango genuen klase borrokak nazio borrokaren gainetik behar lukeela. Multikulturalismo postmodernoa globalizazio kapitalistaren osagarritzat du Zizekek. Ez da egia hanburgerrak eta Coca-Cola etengabe irenstera behartzen gaituela. Globalizazioaren funtsa hobeki azaltzen du New Yorken bezala Parisen ere aurki ditzakezun afganistandar eta euskal jatetxe mordoak. Globalizazioak primeran kudeatzen du kultura diferentzia, aitzakiatzat baitarabil benetako gatazka geroratzeko, alegia, kapitalismoak eragiten duen milioika lagunen bazterketa eta heriotza.
Alta, politika ekonomikoa irauli eta razionalizatzeko bidean globalizazioa berez ez da txarra, aldaketa sakonak erraz baitizake. Globalizazioak Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua bezalako estatuei erasango die; nazio estatu orain arte larderiatsu horiek Esloveniaren edota Estoniaren pare utziko ditu, eta horregatik dabiltza hain uzkur aspaldion, globalizazioaren aurrean trikuarena egiten (testuinguru honetan, beti bezain martinbero dabil frantses aunitz: euskaldunari elkartasuna eskatzera ausartu dira ingelesaren inperialismoari era eragingarrian aurre egiteko, hots, euskara ahantzirik eta frantsesez mintzo).
Esloveniarra da Zizek. Inguruko herrietako zurrumurruen arabera, berekoia eta bekaiztia da esloveniarra. Behin batean, maitagarri batek baserritar esloveniar tipiko bati esan omen zion eskatzeko nahi zuena, ase egingo zuela; hori bai, auzoko baserritarrari aurrenekoari halako bi egingo zion, mesede berdina baina bikoiztuta. Orduan aurrenekoak maitagarriari: “Ken iezadazu begi bat”.
Montenegro maiz astintzen dute lurrikarek, eta, esloveniarren esanetan, alfer galantak dira montenegroarrak; hainbeste non mutilek, masturbatzeko, lurrean zulotxo bat egin, zakila bertan sartu eta hurrengo lurrikararen zain gelditzen baitira.
Titoren garaian Jugoslavia barruko herri desberdinek barra-barra zerabiltzaten auzokoen aurka arrazakeriazko txiste gaizto eta lizunak. Zizekek ez du gutxiesten umore populista kutre hori. Tentsio etnikoak puztu egiten ditu autokontrol politikoki zuzenak eta aldiz bideratu eta baretu txiste gordinak eta esamesa maleziatsuak. Etnia desberdinen artean ezinbestean pizten diren tira-birak maltzurkeria horiek maiz kontatuta bilakatzen dira eramangarri. Itxura erasokorraren despit, gainera, normalean ez dira erabiltzen auzokoa benetan iraintzeko, baizik etor litekeen adiskidetasunaren oinarri eta akuilu gisa. Elkarbizitza helburu, halatan, kontua ez da txiste horien arrazakeria dela-eta sumintzea, baizik ironiaz zure gain hartzea txisteak adierazten duen klixea. Balkanetako gerra piztu bezain laster txisteak desagertu ziren.
1991n, Esloveniak, ordu arte Jugoslavian kokatua, serbiar gehiengoaren pean, independentzia aldarrikatu eta Jugoslaviatik alde egin zuen. Tariq Ali-k eta beste analista ezkertiar batzuek egoismoa leporatu zioten Esloveniari.
Lehentxeago, 1990ean, Habermasek esan zuen Eslovenia edo Kroazia bezalako errepublika ‘separatistek’ (komatxo artean beti Zizekenean separatistak, euskaldun zein balkandar) ez zutela aski mami demokratiko estatu moderno subirano gisa irauteko. Topiko horren arabera, Jugoslaviako etnia guztien artean serbiarrena zen bere estatu propioa egikaritzeko gai zen bakarra.
Gero, 90eko hamarraldian aurrera, are Milosevicen kritikari demokratek ere, serbiar nazionalismoa arbuiatzen zutenek, ustekizun horren berorren arabera jokatu zuten, alegia, Jugoslaviako errepublika ohi guztien artean Serbiak baizik ez zuela aski ganora demokratiko: Milosevic eraitsi ostean, Serbia independentea loratu eta estatu moderno bilakatuko zen; gainerako errepublika ohiak probintziakoegiak ei ziren beren estatu demokratiko bereiziei eutsi ahal izateko.
Zizekek dioenez, uste ustel horren azpian ezkertiarren artean bolo-bolo dabiltzan aurreiritzi eta dogma arriskutsuak ezkutatzen dira: nazio txikiek ezin dutela benetako demokrazia moderno legez funtzionatu, eta, beren kabuz ibiltzen utziz gero, ezinbestean itzultzen direla komunitate itxi protofaxista izatera.
Ideia hauetan Zizekek Friedrich Engelsen ohar ospetsu baten oihartzuna ikusten du: nazio txikiak erreakzionarioak dira politikan, beren existentzia bera erreakzio hutsa baita, iraganeko hondakina. Aurreiritzi horiek “arrazakeria bihurkaritzat” jotzen ditu Zizekek: bere burua moderno eta aurrerakoi ikusi ahal izateko bestea arrazista eta intolerantetzat jo beharra duen arrazakeria mota.
Zizekek Habermasi abertzaletasun konstituzionalaren kontzeptua asmatu izana egotzi dio, besteak beste. Ekarpen hori dela-eta, Aznarrek Habermas Espainiako filosofo ofizial izendatzea proposatu zuen. Hitzaldia egin zuen Madrilgo Parlamentuan eta Asturiasko Printzea saria eman zioten.
Zizekek dio: “Ez gaitu harritzen euskaldun ‘separatistek’ mesfidantzaz erreakzionatu izana, Habermasi ‘alemaniar nazionalista’ izengoitia jartzera heldu baitziren, aspaldiko argumentu ‘leninista’ berreskuratuz, hots, tentsio etnikoa bizi duen Estatu batean, identitate etnikoaren aurreko jarrera indiferenteak, itxuraz ‘neutroak’, estatuko kide guztiak hiritar abstraktu huts izatera mugatzeak, talde etniko ugarienari egiten diola praktikan mesede”.
Zentzu horretan, goitik behera egiten du bat Zizekek euskaldun separatistekin. Eta separatista hitza beti komatxo artean kokatuz apika aditzera eman nahi luke “separatista” izenak dirauen bitartean irudi lukeela bereizten den herriak lotura ikusgaitzak gorde behar dituela herri ordu arte menperatzailearekin; eta Zizekek ez lioke etnia agintari ohiari zentraltasun semantikoak adierazten ohi duen nagusitasun enpirikoa aitortu nahi. Independizatzen den herria ugazabarengandik bereizten bada ere, azpimarragarriagoa da bere baitara datorrela bizitzera, hein batean noski.
Estatu nazio handiek herri txikiak biktima gisa baino ez dituzte maite izaten, errukigintzaren sustatzaile: lagun diezaiegun koitaduei bizirik irauten, baina beti ere gure gidaritzapean, beren kabuz ezingo dute asmatu; edo bestela apaingarri folkloriko gisa, beren dantza eta hizkuntza zahar liluragarri eta ama-lurrari loturiko jakinduria holografikoarengatik. Ordea, ekimen politikoa beren gain hartu nahi dutenean berehala laidotzen dituzte: egoista, terrorista. Haatik, ekimen politikoa bere gain hartzea, horixe izaki Zizekentzat herri txikiaren aurreneko betebehar etikoa.
Zizek ez da nazionalista; hain zuzen, Esloveniako politikan engaiatu zen Titoren osteko aroan hango botere osoa gera ez zedin nazionalisten esku. Hala ere, bere kabuz pentsatzen duen marxista kritikoa den neurrian, gogor kritikatu die mendebaldeko hainbat ezkertiarri, Kosovoko ezkerrari aurpegiratu izana independentzia lortzeko lanetan bere bihotz kolektibista traizionatu eta AEBen esku jartzea; Esloveniaren eta Kosovoren independentziaren alde egon da Zizek. Edozein gisaz, Slavojen aholkua: behin independentzia erdietsirik, euskaldunok gehiengoa izatean, ez dugu Euskal Herriko gutxiengo espainola erabili behar haiek gu erabili gaituzten bezala. Aintzat hartuko dugu, lagun: ez zaigu nekeza egingo gizabidetsu eta zibilizatuagoki jokatzea.
Tolo Calafat, Annapurnan hilik
Heriotza ez dut maite, ezta heriotza ekar dezakeena ere. Goi mailako mendia ikaragarria iruditzen zait, errusiar erruleta antzeko bat. Heriotza hain hurbil sentitzeak emango dio apika sakontasuna mendiko zirrarari. Gaur hil da Tolo Calafat. Annapurnara igotzen 10 lagunetik 4 hil egin da; baina iritsi direnen artean 10etik zazpi dago hilik.
Pasio guztiak zaizkio absurdo bizi ez dituenari. Baina mendiak absurdoari heriotza-kopuru beldurgarria eransten dio. Himalaiara joateak zeharkako suizidioa dirudi.
Kontrajarri egiten dira mendiko haize garbia eta tabernetako tabako-kiratsa, baina mendizaleak eta erretzaileak ezinegon berdina eragiten digute: lagun hurkoaren gozamen heriotzaz zipriztinduak begirada eta adimena erakarri eta blokeatzen dizkizu. Gainera, arbuio puritano bat eragiten du gure baitan hurkoa bere burua suntsituz gozatzen ikusteak.
Lehengoan Juan Mari Juaristik esan zuen burutik pasatu ere ez zaiola egiten mendira igotzea gailurrera kosta ahala kosta iristen ahalegindu gabe.
Ordea, sarritan ez ote dira maitagarriagoak prestalanak lanak berak baino? Ez al dira fidagarriagoak atarian gelditzen direnak beti barruraino sartu nahi izaten dutenak baino?
Bermeon bolo-bolo dabil mundakar bikote baten inguruko pasadizo bat. Bermeon kontatzen denez mundakarrei buruz, ez da hitzez hitz hartu behar. Peru eta Maria deituko diegu. Egun batean, Mariak Peruri: “Gaur seme-alabak kanpoan ibiliko dira. Egundoko txortaldi bikaina izango dugu, ikusiko duzu, inoiz ez bezala jango dizut txitxilinoa, goitik behera zurrupatuko dizut. Etzan zaitez hor.” Mariak esnegaina eta Chantilly-krema ekarri eta zakilaldea estali dio Peruri. Gailurrean marrubi-ale eder askoa ipini dio. Mariak bere burua prestatu eta gogoz jaten hasi behar zaionean Peruk eten egiten dio: “Ez, ez, otoi arren, hain dago polita!! Utzi horrela, atera argazki batzuk; egin nahi duzuna, baina ez ukitu!”
Goi mailako kirolariek Peru hori behar lukete eredu, bidean bertan goxo gelditzen baitaki, aldez aurretik uko eginik tontorra konkistatu, gola sartu eta norgehiagoka irabazteari, behinolako helburua ahaztuta.
Amamaren eta hungariar misteriotsu baten arteko amodio eragotzia
Sendi guztietan gogoratzen dira beti istorio jakin zenbait, sarritan oso politak, behin eta berriro errepikatzeagatik ere gustagarri gertatzen direnak. Gurean kontatzen direnen artean bat aukeratu behar izanez gero, hauxe litzateke ziur aski:
Amama gerra zibilaren ostean erbestetik Irunera itzuli zen, ordurako alargun, gure amak hiru hilabete zeuzkala alargundu baitzen, 1940an. Denda txiki bat zabaldu zuen. Behin batean, 1945 edo 46an, gizon handi bitxi bat denda aurrean gelditu zen, galdurik bezala. Bibotea zeraman, Nietzscherenaren edota Ramon Etxezarretarenaren gisakoa. Amama errukitsua genuen, laguntzera emana. Gizonak azentu arraro bat zeukan. Urantzu karrikan igaro zuen gaua, bertan bizi baitziren amama, ama eta izeba batzuk; arropa eta hazkurria eman zioten. Frantziara igaro nahi zuen, bertan omen baitzuen AEBera eramango zuen kontaktua.
Gizonaren gutun bat iritsi zen handik pixka batera, Ondarretako espetxetik; mugan atzeman eta bertan sartu eta itxi zuten. Orduz geroztik, Ondarretan atxiki zuten bitartean, maiz joaten zitzaizkion amama, izeba Kontxi eta ama janaria eramatera, arropa ere bai. Gure amak bost-sei urte izango zituen.
Hungariarrarekiko elkarrizketetarik Budapesten deskribapenak oroitzen ditu amak, nola garai batean batetik Buda zegoen, aberatsagoa, eta bestetik Pest, txiroagoa, eta biak elkartuta sortu zuten Budapest.
Halako batean hungariarra askatu egin zuten.
Zenbait hilabeteren buruan, hungariar misteriotsuaren gutun bat jaso zuen amamak AEBetik: hara joateko berekin ezkontzera eskatzen zion.
Amamak ordea buruhauste franko zuen Irunen: gurasoak eta ahizpak, bera baino gazteagoak guztiak, erreklamatu behar zituen, Frantzian baitziren artean, Poitiersen; alaba txikia aurrera atera; denda…
Frankismo bete-beteko katolikotasun itogarriak, gainera, emakume alargunari ez zekarkion oztopoa baizik bizimodu berri bati ekiteko orduan, bikote-maitasuna berpizten ahalegintzeko orduan. Senar hilari fideltasun erabatekoa zor zion alargun gazteak, hil artekoa. Giro ideologiko horrek ere izango zuen eragina maitasun-ernamuin hura eteteko orduan, amamaren eta hungariar ziur aski nazi haren artekoa.
Zergatik nazia? Aliatuak sartu zirenean alde egin bide zuen Hungariatik. Espainiatik Frantziara igaro nahiak bitxia eman lezake, nazi batek ez baitzukeen inongo arazorik izango Espainian, alderantziz, eta Frantzia berriz askatu berria zen. Kontaktua Frantzian zuen haatik. Eta nazia bazen AEBra kosta ahala kosta joan nahi izatea ere ulergarria da, beste nazi askok ere han aurkitu baitzuten lasaitasun babestua.
Georges Sorosen aitzindariren bat izango zen apika, eta testamentua egitean ez du gaztaroko bat-bateko maitemin hura ahaztuko.
Herriak hitza eta erabakia: hildako bat alkate
Lehen begiratuan ematen du alkate-lana hobeki bete dezakeela bizi batek hil batek baino. Dena den, jende argi frankok aldeztu izan du hobe dela ezer ez egitea zerbait egitea baino.
Olariagaren tira batean, neskalaguna badoa etxetik eta bertan gelditzen den Zakilixuti galdetu dio: “Eta zer egingo duzu gaur?” Zakilixutek: “Ezer ez.” Hurrengo egunean, berdin: “Zer egingo duzu gaur?” “Ezer ez.” Neskak: “Baina hori atzo ere egin zenuen.” “Bai, baina ez nuen bukatu.”
Ildo berean, Homer Simpsonen gogoeta: “Ez dut deus egiten eta horrela ezer ez da amaitu gabe geldituko.”
Kontua da AEBetako Tennesseeko herri txiki batean, Tracy Cityn, alkatea aukeratzeko hauteskundeak izan berri dituztela. Hildako batek irabazi ditu: Carl Robin Geary orain dela zenbait aste zendu zen; 268 boto jaso ditu hala ere. Hildakoak oraingo alkate andereari irabazi dio, Barbara Brock izenekoari, honek ez baititu jaso 85 boto baino. Lehia bi hautagai horietara mugatu da. Ez dira ezein alderdiko kide.
Barbara Brock galtzailea orain dela 16 hilabete izendatu zuten alkate, ordu arte alkate ibiliriko Carl Robin Geary supituki hil zenean. Hildakoaren aurka galdu duen Brockek berak adierazi du berak lan sendo bat egin duela asteotan hiriko gobernuburu gisa.
Hauteskundeen biharamunean Donna Basham funtzionarioak adierazi zuen ez zuela espekulatu nahi, zergatik irabazi ote duen gorpu batek. Dena den, ziurtatu zuen Tennessee hego-ekialdeko herrixkako jende guztiak zekiela hila hilik zela.
Yankien jenio politikoaren beste adierazpen bat dugu hemen, zalantza galdetzailearen bidez demokraziaren zerizana aberastera datorrena: guztiz ziurtzat jo al dezakegu hilak ezin dituela alkate-lanak behar bezala bete? Are, herriaren onurari begira sarritan ez ote da egokiagoa hiliko alkatea bizia baino? Jose Antonio Agirre edo Telesforo Monzon lehendakarigai aurkeztuz gero boto-parrasta ederra jasoko lukete, Coluche pailazoak bezala Frantziako presidentetzarako aurkeztu zelarik, lehendakariaren zereginak burutzeko ez baitu gehiegi axola bizirik ala hilik egon dadin; gaur egun bistan da pareko direla lehendakari bizia zein zendua zein Txiribiton.
Aliketak begian iltzaturik
Gure ikasle Mihnea errumaniarra da sorkuraz. Hirugarren mailan dabil. Duela soilik zazpi bat urte etorri zen arren Bermeora hirugarren maila osoko notarik onenak ateratzen ditu Euskaran; langilea da, zintzoa.
Haratusteetan lagunekin zegoen, lokalean. Mihnearen lagun batek aliketa batzuk bota zituen besaulki baten aurka. Aliketak errebotatu eta Mihnearen begian sartu ziren eta bertan inkatu. Hamaika mila bider nahita ahaleginduta ere inork ez zukeen halakorik lortuko.
Mihnea hasieran ez zen ohartzen aliketak begian sartuta zituela. Lagunek jakinarazi zioten. Aliketak bota zituena Mihnearen begitik ateratzen saiatu zen, baina besteek geldiarazi zuten: txarra da, nerbioak eta zainak kalte litzake eta heriotza ekarri. Anbulantziari deitu eta aliketa begian zuela eraman zuten ospitalera. Han atera zizkioten azkenik.
Begi horretako ikusmena galduko du.
Etika, bizitzak goibelaldia eta kexatzeko arrazoi ugari dakarkizunean, erabaki sendo batez inertzia ilunari aurre egitea da besteak beste, eta putzutik ateratzeko deliberamenduari eustea. Mihnea ikastetxean dugu berriro. Minutu bat ere ez du alferrik galdu aliketak bota zituenari bere zoritxarraren errua leporatzen. Miresgarria da gaztearen jarrera, eta bakana, gaizki jartzen zarenean lehenbiziko erantzuna errudun bat bilatzea izaten baita, zure malura husteko jopunturen bat. Zailagoa da, baina helduagoa, eta kasu honetan, behintzat, egiari lotuagoa, onartzea azken batean ez dagoela errudunik.
Inoiz ez du ikusmena berreskuratuko, baina begi bakarrarekin aurrera egingo du.
Mihneak badu lehengusu bat, Ionut, aurten ikasle daukadana. Mihnearen ifrentzu pikaroa da, alfer galanta, gezurti porrokatua. Tragediaren hasieran benetan hunkituta zegoen eta ez zen ikastetxera etortzen Mihnea koitadua kontsolatzearren. Ez etortze hori luzatu egin da ordea. Azkenik, Mihnea Institutura itzuli bada ere Ionutek zeozer kontsolatzen jarraitu du antza, bere burua apika, azkengabeko piran.
Gaur etorri da azkenik. Ikaskide taldetxo bat zuen inguruan eta kontatzen ari zitzaien: “Eta Bartzelona futbol taldekoek telefonoz deitu zidaten, beraiekin joka dezadan eskatzeko. Baina komunean nengoen ordea kaka eginean eta ez nintzen telefonoa hartzera heldu.” Ohar bedi kaka egiten ari zela, ez pixa; telefonoa hartzera ez altxatzeko motiboa horrela pisutsuagoa baita, sinesgarriagoa. Xehetasunak zaintze horretan nabarmentzen da kontalari ona.
(Behin batean, Zizek-ek, frantsesez mintzo zela, lapsus bat izan zuen: “Alferrik da, bueltan datorkizu, haizearen aurka kaka egitean bezalaxe” bota zuen. “Haize sendoa, alajaina” erantzun zion Jacques-Alain Miller-ek.)
“Eta zergatik ez zenien zuk gero deitu, zeure telefonoan agertuko zen Barçakoen zenbakia.” “Ez ba, llamada oculta zekarren.”
Entzule bakar bati ere ez zaio kaskotik pasatu galdetzea nola arraio dakien orduan Barçakoak zirela, baina kontakizunaren beroan horrek ez du garrantzirik.
“Hori zorte txarra, Ionut. Munduko futbol klubik onena hire atzetik eta ezin kontaktatu”.
“Bai ba, motel; baina iritsiko duk egun handia.”
Denbora aurrera, Ionut ohartu da bere istorioan zerbaitek kirrinka egiten duela, eta biribildu egin du: ba omen zekien Barça zela, doi-doi 19:00etan deituko ziotela jakinarazi ziotelako.
“Eta zergatik ez zeunden 19:00etan prest?”
“Zazpiak hogei segundo gutxiagotan jo zidalako kakalarri-apretoiak.”